www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Josetxo
Jose Manuel Etxeita
1909

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Josecho (Bizkaiko euskeraz), Jose Manuel Etxeita. Florentino Elosu, 1909

 

aurrekoa hurrengoa

XX
JOSETXO ETXAGUNTZAN, OSTERAN DA ETXEAN

 

        Darik etxaguntzatik alde egiebanean, zerbait itzaldurik edo gogo motelaz ebillen Josetxo egun batzuetan, baña gero egitten ebazan alegiñak etxaguntzako lan guztiak egin eittezan gogoz: ondo artuten ebazan bere menpekoak, eta orregaittik, alperkeri baga egitten ebezan lan guztiak.

        Dari joan zan urtean, ogetazortzimilla ogerleko irabazi ebazan Josetxok; onetarik bosmilla, etxaguntzearen saria Dariri biraldu ezkero, lotu jakazan garbi beretzat ogetairumilla ogerleko, ta ganera abere geituak.

        Urrengo urtean irabazi ebazan ogetamaikamilla ogerleko. Orduan biraldu eutsen irazki bat aittamari, esaten eutsela, zelan uste eban, beste iru urtean irabaztea biziteko bear eban beste diru, ta orduan etxeratuko zala. Arik lau illebetegarrenean, aittamak artu eben beste irazki bat, esaten eutsela zelan ondo egoan, baña bertako errittarrak aserre zireala euren askatasuna gurarik, eta ezbaian egozala gudu arazoetan asiko ete zirean Españarrakaz.

        Josetxo, gau ta egun egoten zan buru-austen etorkazan gogamenakaz, jakin gurarik zer jazoko ete zan beragaz da bere ondasunakaz an basamortuan guduak inddarrak artuten bebazan.

        Ogei menpeko, danak bertako errittarrak eukazan etxaguntzan: alkar-artu ezkero, nai ebenean ilgo eben, da geratu leittekezan etxaguntza ta abere guztiakaz. Gisa onetako gogamen itzalakaz ebillen gizajoa, gudu asmoak usmau ebazanean; uste eban, gudulariak joan ezkero bere etxaguntzara, kalte andiak egingo ebezala, ta bilddur onegaittik, artu eban burubidea, etxaguntza ta abere guztiak salduteko, eroslarik agertuten bazan.

        Ain zuzen-be, Buenos Airesko aberats, diru asko irabazteko eretiak billatuten ibilten zan batek, jakinik Josetxo egoan etxaguntzan asko irabazten zala, ta gogoraturik, guduaren bilddurrez diru gitxigaittik saldu nai izango ebala, joan zan Josetxogana beste gizon batzukaz, ta ittandu eutsan:

        —Nai dozuz saldu etxaguntza ta abere guztiok?

        —Ondo ordaindduten bozuz bai.

        —Zeinbat ogerleko nai dozuz guztiakaittik?

        —Etxaguntza andia da; an alde atan agiri dan zurirarte; ta an dagoan artzain txabolatik an beste aldeko mendi bizkarrerarte. Gitxienez eun da ogetamarmilla ogerleko emon dittu Darik etxaguntza au erosi, ta dagoan lez ipinteko, baña eun da ogeimilla ogerlekoan saldukotzuk.

        —Ori larregi da, ta gora-beretan ibilli ezkaittezan emongo deutsudaz, eun da bosmilla ogerleko: eztot geiago emongo.

        —Gitxi deritxot-ba olako etxaguntza edatsua, ekarkorra, ta gauza guztiak ondo arauturik daukazanentzat: emoidazu zerbait geiago.

        —Ogerleko bat-bez geiago: ezaidazu orain abereak segan direan.

        —Beiak batez-beste, ogetamar ogerleko bakotxa; idiak ogetabost; zezenak ogetamar, zaldiak-be ogetamar; ardi, auntz, aritto ta akerrak, iruna ogerleko; belarluzeak ogei bakotxa, ta ollar da olloak lau erreal. Orra guztiz merke guztiak.

        —Ezin emon neizu orrenbeste: gudulariak badatoz ona, kalte andiak egin leiez, da orregaittik, ordaindduko deutsudaz, bei, zezen da zaldi, batez-beste ogetabost ogerleko bakotxa: idi ta belarluzeak, ogei; ardi, auntz, aritto ta aker, ogerleko bi bakotxa, ta egaztiak lau erreal batez-beste.

        —Zuk diru asko irabaziko dozu abere orrekaz gudulariari salduta: emoidazu zerbait geiago.

        —Zeinbatu daiguzan-ba diru guztiak:

 

                Etxaguntzea: 105.000 ogerleko.

                845 bei, zezen da zaldi: 21.125 ogerleko.

                230 idi ta belarluze: 4.600 ogerleko.

                609 ardi, auntz, aritto ta aker: 1.218 ogerleko.

                115 egazti: 23 ogerleko.

                Guztia: 131. 966 ogerleko.

 

        Guztiak joten eben, eun da ogetamaikamilla ta bederatzireun da irurogetasei ogerleko. Ta Josetxok jarraittu eban esaten:

        —Orrek dira emon bear deustazuzan diruak.

        —Bai, orrexek dira: etorri zaitte biar Buenos Airesera etxaguntzako eskubide ta argimen guztiakaz, jaube aldatzea egin daigun; ta garbitasunak egitten doguzanean, emongotsudaz orrek diru guztiok.

        Josetxo joan zan biaramonean Buenos Airesera; ta egin ebezan egin bear zirean arazo guztiak.

        Josetxori bereak lotu jakazan:

 

                Dariri abereak erosi eutsazanean lotuak: 3.416

                Dari joan zan urteko irabaziak: 23.114

                Urrengo urtekoak: 26.262

                Etxaguntzea saldu arte, atzeneko urtean: 16.400

                Aberearen balioa: 26.966

                Guztia: 96.158

 

        Dariri lotu jakazan:

 

                Etxaguntzearen balioa: 105.000

                Atzeneko urtean, etxaguntzearen saria: 3.250

                Guztia: 108.250

 

        Amabosgarren egunean urten eban ontzi eder batek Santanderrera joateko, ta antxe ontziratu zan Josetxo: beragaz ekazan lenengo ingiak, diru guztiak Bilboko etxe baten artuteko: bertan Buenos Airesen, esku onetan itxi ebazan bigarren da irugarren diru-ingiak, urrengo etozan ontzietan biraldu eiezan bere aitta Txomiñen izenean.

        Josetxo etorren lez etxaguntzea salduta lenengo urten eban ontzian, ezin leikean biraldu etxera, bera baño lenago elduko zan irazkirik. Aittamak eukezan atzenengo irazkiak ziñoen; batak, iru urte igarota uste ebala etxeratuko zala, ta besteak, ondo jarraittuten ebala ta gudu asmoak ebiltzazala.

        Albista orrekaz, etxekoak ezeuken Josetxo etxeratuko zan itxaropenik, iru urte igaro arte, baña bidean etorren etxerutz.

        Jakin zan Españan, gudu arazoetan asi zireala Buenos Airesen, baña gero esaten zan, egin ebezala bakeak, eta pozik egozan Txomin-txiki ta Juana Mari albista onegaz.

        Josetxo etorren ontziak igaro ebazan iru ekatx gogorrak Españako itxasaldera eldu-orduko, baña arek baño indartsuagoa izan zan Santandertik urre egozala artu-ebena.

        Estalki illuna zeruan; edoimoltzo andiak eta oñastu zoliak alde guztietan; eguzkien ezaugarririk etzan iñun agiri; aize-oial edo bela txikienakaz egozala, ondatu bear eban ontzia aize gogor da mendielako olatuaren inddarrak. Argittasun baten ikusi ebezan leorrak urrun samar, da uste eben Santanderreko mendiak zireala: euri landurraz estaldu zirean leorrak; eldu zan gaubeko illuntasuna arrigarrizko aize ta olatuaren inddarrakaz; ontzia joan aize ta olatuak eroen lekurantz zuzenbide baga, ta goizeko iruretan, dart-dart, jo ebazan atxak. Askatu zan alde guztietatik; jausi zirean mastak atx-ganera euri ta abar ezer ikusten etzan orduan: izugarriak zirean, olatuak atxetan egitten ebezan joteak, zaratak eta gora-berak. A zan estutasuna, eriotzea begien aurrean ebela! Zelan urten garaitzu atx-zorrotzetan olatuaren gora-bera errimeakaz? Jaungoikoaren guramenaz bakarrik gertau leikean gatxontzea.

        Josetxo morrosko sendoa ta ondo uger edo igeri egitten ekiena zan, baña, lenengo ontzi birrindduan da gero atxetan, jo a, jo au ta jo bestea olatu artean, zauritturik eta kresal asko edaten ebala ebillen arte, galdu ebazan inddarrak: alan-bere, mendielako olatu batek jaso eban atx andi baten bizkarra baño beratxoagoraño, ta atzeneko egiñalaz igoeban zerbait gorago bizkarrerarte, olatuaren zaparradak baño elduten etzirean lekura, ta an geratu zan luze-luze etzanda, inddarrak amaitturik eta odoletan gorputz guztiko zaurietatik.

        Etzan ezer agiri, ta ezekian zer igaro zan beste ontziko gizadiaz; uste eban danak itoko zireala; ain zirean ikaragarriak illuntasuna ta ekatxaren inddarrak. Zauritturik eukan gorputz guztia, kresalez beterik urdailla; soñean arkondara zuri, uretan barruan beragaz ibilli ebana, otsittuta eta ikara, ekatxak ekazan galgarri guztiak artuten, da Jaungoikoari eskariak egitten, eguna argittu eien alik ariñen, ikusteko laguntasuna arin eukitteko lekuan begoan, ala galdua izango ete zan.

        Egunaren lenengo argi-izpiakaz batera, Josetxok arpegia sortalderutz ebala, geratu zan euria jaustea, ta garbittu zirean inguruko lañoak. Argittasun atan, zer ikusi eban Josetxok? Bere etxetik beti ikusten ebazan gauzak; lenengo Izaro ugarte edo itxasleorra, Ogoño mendia edo itxasmunea ta itxasoa; beste aldetik Ondartza, bere aittamak bizi zirean etxea. Ai zein atsegiña, negargarrizko atsekabearen gozagarria, Santanderreko atxetan egoala uste ebanean, bere etxetik urre-urre egozanetan aurkittutea! Zein pozik bere biotza, gaztetan egunaro egoten zan, Murgua eritxon atxen ganean ikustea bere burua! Gorputzari ezin eutsan zirkin eragin, da noizean-bein, besoak jasoten ebazan, laguntasuna bear eban ezaugarri.

        Gau atan estu ibilli zan gizadi guztia itxas-ondoko errietan, ekatxaren indarrak egin ebazan kalteakaz, alan portuetan, txalupetan zein etxietan.

        Txomin-txikik eta emazteak ezeben eguno ezautu gau atako ekatxak eukan beste indarrekorik: tella asko eroan ebazan aizeak eta errekak irudien tellatutik etxera jausten zirean urak: uste eben etxea eroango ebala aizearen inddarrak; lurrikareaz lez ebillen gau guztian ikara-ikara: etxekoak, bilddurrez da urak ataraten, ezeben lorik egin.

        Eguna argittuten asi zanean egieban aterraldian, Txomin-txikik leio batetik, begiratu eban itxasalderutz, da arrittuta lotu zan ikusi ebanean ontzi bat birrinduta Murguako atxetan, da ganera norbait Murguaren bizkarrean etzanik, besoakaz laguntasuna eskatuten ebala.

        Mutilla zan Txomin arazo onetan! Beingo baten artu eban estalki on bat, eta emaztea, otseiñ ta neskamea aurretik arturik, joan zan Murguan egoan gizasemea biziratuteko usteaz: itxas ura egoan oraindiño Murguaren inguruan, da ezin igaro zirean atx atara, baña urberantza zan lez, laster agertu bear eben bittarteko atxak: onek agertu zireanean, joan zan lenengo Txomin arrisku andiaz, da eldu zanean Murgua-bizkarrera, etzanda egoan gizonari ittandu eutsan:

        —Bizirik zagoz?

        —Bai, aitta.

        —Zer? zer entzuten dot?

        Txomiñek erantzupen au entzun ebanean, begiratu eutsan ondo arpegira ta belarpean eban oraiñenera, ta ezagutu ebanean bere seme Josetxo zala, jaeban mozuka negar malkoak eriozala, ta aida baten kendu eutsan soñeko arkondara bustia, ta batu eban ondo eroan eban estalkiaz. Gerotxoago eldu zan Juana Mari, ta ikusirik Txomiñen arpegi itzala, ta negar malkoak eriozala, ittandu eutsan:

        —Zer jazoten da, Txomin?

        —Ezebez, ikusizu nor dan.

        Juana Mari urreratu zanean, Josetxok osta-ostan deittu eutsan:

        —Ama.

        —Zer? Ama? Ai neure seme laztana! —mozu ta mozu, negar da negar—; ezintzala etorriko iru urtetan, da zer jazo jak orren arin etorteko? —mozu ta mozu, negar ta negar; erantzi bere ganeko gonea ta batu Josetxo lengo estalkien ganetik; mozu ta mozu, negar da negar: erantzi eragin neskameari ganeko gonea, ta estaldu Josetxo— eure etxeondora ekarri au Jaungoikoak, eure aittamen laguntasunaz gatxontzera, —mozu ta mozu, negar da negar. Txomin-be negarrez, otseiña ta neskamea-be negarrez; danak negarrez.

        Ezin iratzi leitteke an eratu zan laurka arrigarrizkoa! Juana Mari, ezautu ebanean bere semea, jausi zan bere ganera, ta mozuka egoala izaeban larritasun bat: illun egoan itxasaldea, ta Txomiñek igittu ebazan guztiak: lauren artean, alik ariñen eroan eben etxera, ta ogeratu eben. Oso indarga egoan Josetxo; osta-ostan egitten eban berba bat edo beste. Neskamea biraldu zan Mundakara osagillea billatutera, ta laster jakin zan erri guztian Josetxoren gertaerea.

        Joan zan osagillea Ondartzara; aginddu ebazan Josetxorentzat osagarriak, eta Juana Marik artu eban ardurea osagillearen agindduak zeatz egittuteko.

        Eguraldia guztiz illun egoan itxasaldetik, eta Txomin-txikik otseiñagaz, etxean eukazan tella zarrakaz, arautu ebezan tellatuko zuloak. Esan leikean Jaungoikoak ekarri ebala lau orduko eguraldi ona, Josetxogaittik, berau biziratuteko egin bear zirean arazoak amaittu arte. Eguerdian, arrigarrizko illuntasun bategaz etorri zan barriro ekatxa len baizen gogor, da iraun eban biaramon illuntzerarte. Ontzi galdua ta mastak, joan zirean satittan: ekatxa igaro zanean, an, or da emen, atxetan, ondartzetan, itxasoan da itxas-basterretan, agertu zirean, ontziko gauza asko, ta ito zireanen gorputzak.

        Josetxok ezeban atara soñean eukan arkondarea baño; galdu ebazan dirutan 650 ogerleko, ta ganera, bere ta Dariren diru-ingiak; baita etxerako ekazan opari on batzuk-be. Diru-ingien ardurarik ezegoan; bigarren da irugarren diru-ingiak etorriko zirean urrengo ontzietan.

        Eguraldi txarrak jarraittu eban arte, artega ebillen Eladi, Josetxo ikusteko gogoaz; goianen-gora joaten zan bakartasuna billatutera, ta negar asko egittera, miñ-ariñak esaebelako, Josetxo txarto egoala ta etzala biziko. Zoratuta egon zanik arrezkero, Eladi etxekoa zan Ondartzan, da eguraldia zerbait oneratu zanean, joan zan bere izekogaz Josetxo ikustera. Juana Marik sartu ebazan mutilla egoan gelan, baña, aurretiaz esaeutsen, osagilleak galaraso ebala gexoari berba egittea. Eladitxo ikusi ebanean, birbiztu zan Josetxo; luzetu eban besoa, artu eban Eladiren eskua, ta mun egieutsan esku-ganean. Eladi asi zan negarrez amaittuten etzirean negarrakaz: ordu-erdi igaro zanean, agur egiñaz etxeratu zirean; Josetxok-be, osta-ostan da motel-motel, agur egieutsen.

        Gero, iru egunetarik baten, joaten zan Eladi, Josetxo ikustera, bein amagaz da bestean izekogaz.

        Batzuk orain da besteak gero, Mundakako gizadi guztia joan zan Ondartzara Josetxo ikustera, baña osagilleak galarazota eukan lez beragaz berba egittea, sartu-urten bat egitten eben.

        Josetxori urten eutsan urdallean eukan kresalak, baña zauri geienak soldu jakazan, da mingorturik, guztiz alatsu eukan gorputz guztia, zirkiñik egin eziebala: ganera, jateko gogo baga ta guztiz bero ta artega. Astebete garrenean ezagutu zan onerantz joana; asi zan berbetan astiro-astiro gogo-argiaz: bigarren astean zauri asko osatu jakazan, da neketu barik, egitten eban berba. Orduan esaeban, norbait biralduteko Abadiñora, Dariri esatera zer jazoten dan beragaz, da egin eiela agerraldi bat Ondartzara.

        Astodun batek eroan eban albista ori, ta arik bigarren egunean aurkeztu zan Dari Ondartzan, bere emazteagaz. Josetxok eta bere aittamak, ezekien Dari ezkondu zanik, eta asko poztu zirean emazteagaz ikusi ebenean.

        Josetxok erazagutu eutsazan Dariri, etxaguntzan da osteran igaro ebazan gertaera guztiak, eta Dari guztiz pozik jarri zan, jakiebanean bidean etorkazala diru-ingiak, Bilbon 108.250 ogerleko artuteko.

        Egun bittan egon zirean Ondartzan da Mundakan, da gero etxeratu zirean zaldi-ganeko kartoletan jarririk.

        Joan-orduko, Darik esaeutsan Txomiñi:

        —Eneutsun nik esan, Josetxo laster aberastuko zala?

        —Bai, gomuta izan dot.

        —Jakingo zenduan larogetamabosmilla ogerlekoren jaube dana?

        —Jesus, ori da diru pilloa! Diru olaren bat euki dau ala? Ezteusku ezer esan oraindiño.

        Ain zuzen-be, egun atan, badezpada ilgo balitz bere, otu jakan Josetxori, aittamari esatea zelan Txomiñen izenean etozan diru-ingiak, Bilbon 95.000 ogerleko artuteko. Alde batetik Josetxok onerantz egiebalako, ta bestetik ain aberats etorrelako, zeruan jarri zirean Txomin da emaztea. Orduan Juana Marik esaten eutsan senarrari, betiko soñuaz:

        —Gomuta izan dozu Txomin, zelan antxiña esaten neutsun, mutil onek ekarriko euskula zoriona?

        —Bai, Juana Mari, beti egon zara orretan, da Jaungoikoak entzun deutsuz zeure berbok.

        Laster jakin zan Mundaka guztian, zeinbat diru ekarren Josetxok, eta arritturik egoan gizadia, bada erriko aberatsenak-be ezeukan Josetxoren erdirik. Miraria da —esaten eben— diru olaren bat euki ezpadau.

        Eladiren aittamai zerua zabaldu jaken, jakin ebenean ainbeste diru ekarrela Josetxok. Lenengo, baserritar, jatorribako, nekezale bat izan zan; orain ezegoan lurrean Josetxolako mutillik; antxiñako andikeriak eta asmo txarrak azturik, Ermoken, Eladiren aitta-be, joan zan Josetxo ikustera.

        Illebete garrenean jagi zan Josetxo ogetik, etxe-barruan, ibiltaldiak egittera; geroago iruderrago, betorren sendatuten astiro-astiro. Txomin da Juana Marik ezin siñistu eben euren zoriona, ikusirik Josetxoren gogo-argia, ta Txomin poz-pozik asi zan bere koplak kantaten, arazoetan ebillenean.

        Egun baten osagilleak, bere agerraldian, esaeutsan Txomiñi:

        —Ola Chomin! Cómo vamos?

        —Osagille jauna, eztot uste izan erderazkoa ziñeanik, izatez Mundakarra izan ezkero.

        —Zer gauza txar dakar-ba, erdera berba egitteak adituten daben tokian?

        —Zer gauza txar dakarren? Zuk lez, euskaldun guztiok erdera berba egingo bageunke, laster amaittuko litzake euskaldun da euskal-erriaren izatea; zegaittik, euskera barik, ezin egon leitteke euskaldunik ez euskal-erririk. Orduan erdaldunak izango gintzakez guztiok.

        —Adimen onekoa zara, Txomin.

        —Nik eztakidaz baserriko lanak baño; alan-bere, neure zentzun apurtxoak diraust, euskaldunak alkarregaz ezleukiela egin bear euskera baño beste berbakuntzarik. Ona da erdera jakittea erdaldunakaz berba egitteko, eurakazko artu-emonetan edo salerosietan; baña euskaldunak alkarregaz, beti egin bear leukie euskeraz. Nik ikusten dodaz Mundaka ta Bermeoko neska-mutillak kanpoetako ikastetxietan egon direanak, Ondartzararte egurastutera datozanean, zelan erdera gogoz berbetan etorten direan, geuk legez euskera dakienak; erdera dakiela erakustearren, arrokeriak eragitten deutsen okerkeria. Orrelangoak eztakie nortzuk garean, nun bizi garean, asabak euki genduzanik, ez euren berbetea ta ekanduak aittarik-seme beti maitte izan bear doguzanik. Ni zarra naz, da eztot ikusiko, baña olan jarraittuten bada, euskaldunak alkarregaz erdera berba egitten, laster joango dira ikusbidetik, euskerea, euskaldunak eta euskal-erria, guztia biurtuaz erderara: geu izango gara errudunak, alkarregaz erdera berba egitten dogulako.

        —Ikastoletan egon dan gizon jakitun bat dirudizu, Txomin.

        —Ezta zetan izan jakittuna, orrek egiok bururatuteko.

        —Agur, Txomin; orain Josetxo ondo doa, ta iru egunik baten etorriko naz.

        —Agur-ba, Kerman, bakizu urrengoan etxe onetan euskera egin bearko dozuna.

        —Ja... ja... ja, bai, Txomin.

        Txomiñek, erasti atan kantaten ebazan, urrengo doazan koplak, berak asmauak:

 

                Bizi-bedi euskera maittagarria

 

                Laztan dot nik amatxo,

                Geure euskerea,

                Iñun bere eztago,

                Berbeta obea.

                Niretzat izaten da,

                Eztizko berbea,

                Esaten dodanean,

                Amatxo maitea!

 

                Euskaldunen artean,

                Berbeta gozoa,

                Asabak itxiriko,

                Kutun-kutuntxoa

                Baitta biotzetako,

                Pozgarri osoa,

                Esaten dogunean,

                Neure laztantxoa.

 

                Guztiok egin daigun,

                Gogotsu euskera,

                Oso galdu eztaigun,

                Geure berbaera.

                Erazagututeko,

                Asaben antzera,

                Euskal-endea dala,

                Gure izakera.

 

                Izan gura badogu,

                Asaben ordeak,

                Euren errietako,

                Zentzundun semeak;

                Jarraittu bear doguz,

                Euskaldun bideak,

                Enda, berbakuntza, ta,

                Ekandu maitteak.

 

        Ille bi garrenean urten eban Josetxok etxetik aizetegira, ta txaka-txaka, astiro-astiro, joaten zan aitta lanean egoan tokira, edo zugatzen kerixpe on batera. Sarritxo egitten eutsezan agerraldiak Eladi ta aittamak; baitta Mundakako adiskide ta ezagun guztiak-be ta danak egoten zirean pozik beragaz, urriñetako gertaerak esaten iarduenean.

        Artu eban Txomiñek Buenos Airesko irazkia: an etozan Dari ta Josetxoren bigarren diru-ingiak. Dariri biraldu jakazan bereak, eta laster ipiñi ebazan Bilbon geigana edo urteko saria irabazten eben lekuan: Josetxo makal egoan oraindiño, Bilbora joateko.

        Irugarren illean, geldi-geldika joaten zan Mundakara-be, ta Ermoken da emazteak esaeutsen lez, nai ebanean joan eitteala eurenera, artu eban Eladiren etxera sarrerea, ta aurrerantzean, Mundakara joan ezkero, etzan andik aldenduten, Eladigana agerraldi bat egin baga.

        Zerbait obeto aurkittu zanean, joan zan Bilbora; artu ebazan diruak imiñi ebazan korriduan edo geiganatzen; larogetamarmilla ogerleko bere izenean, da bosmilla Txomiñenean. Etxeratu zanean, emoeutsazan aittari bere diru-ingiak, nai ebanean geiganak artuteko. Onekaz bosmilla ogerlekuokaz, len eukezanen ganera, ondo pozik egozan Josetxoren gurasoak.

        Juana Marik, Done batzuri egieutsezan eskintzariak Josetxo gatxontzeko, egittu ebezan onerapen andiaz.

        Laugarren illebetean osatu zan oso Josetxo, ta jarri zan iñoz baño mutil ederragoa: Ondartzako esneak eta bere aittamen ardurak, ondo artu eben.

        Eladiren etxera joan zan baten, esaeutsan oni:

        —Nai dozu, Eladitxo, ezkondu gaittezan?

        —Zeuk nai dozunean, Josetxo; beti uste izan dot maitte izango nozula, ta zeuri itxaroten egon naz ainbeste urtetan.

        —Ezin izan zeittezan, izan zaittudan baño maitteago; beti egon zara nire biotzean da irudimenean, emen da urriñetan izan dodazan gertaera guztietan. Diruduna izateko alegiñak egin dodaz, zure aittamak atzerapiderik imiñi ezteien ezkondu nai dogunean: nik uste izan dodan baño geiago emon deust Jaungoikoak, eta uste dot orain eztala egongo atzerapiderik. Ogetamar urtera eldu naz diruduna izateko alegiñak egitten, da zuk bere, ogetazortzi eztozuz urrun izango. Zuk sarri erakutsi dozu zeure egittadeakaz, maitte izan nozuna: biotz beteko eskerrak ageriten deutsudaz, nigaittik ainbeste bidar artu dozuzan naibageakaittik. Joanak joan dira, ta orain jarraittu bear dogu alik ariñen atzenean eldu bear dogun bizierara; ezkontzera, senar-emazteak izatera: oraintxe noa zeure amari esatera, dodan gogoa.

        —Maitte zaittue orain; antxiñako gertaerak aztu zirean.

        Joan zan Josetxo Eladiren amagana ta esaeutsan:

        —Masima, Eladigaz nai-neuke ezkondu, zeuek aittamok atzerapiderik ezpozue.

        —Guk ez, Josetxo, atzerapiderik; ondo maitte izan zaituguz aspaldion, Eladik maitte zinduzala ezagutu genduanik ona. Ermoken beste gelan dago, ta deittuten noa, batera guztiok berba egin daigun.

        Batun zirean irurak, eta Ermokenek jakin ebanean Josetxok ekarren asmoa, esaeutsan:

        —Zuek biok gura dozuenean ezkonduko zarie geugaz bizitteko egipideaz, eztaukagulako berori baño beste seme-alabarik. Guk ogetamarmilla ogerleko daukaguz geinganatuten, da ganera etxe au ta iru solo. Elikaturak erdibana ordainddukoguz, da ilten gareanean, zeuentzat geratuko dira gure ondasun guztiak.

        —Ondo dago; nik larogetamarmilla ogerleko daukadaz geinganatuten, da aittamak esan deuste, neuretzat izango dala dauken guztia, ilten direanean.

        —Eladiren guramena jakin bear dogu orain.

        —Eladiri egin deutsat berba, ta erantzun deust ezkonduko dala, zeuen guramena bada. Nire aittamak-be atsegiñez nai dabe Eladigaz ezkondu neittean, da abiamenak egin da ezkondu bear dogu alik ariñen.

        —Ondo dago.

        Abiamenak eta elizako arazoak egin da gero ezkondu zirean: tanboliñak urten eban kalera, ta egunoko jantzarazorik zoliena egon zan errian. Josetxok elizatik etxera etorrela, jaurti ebazan kalietan bosteun erreal laukotan: arratsaldean, enparantzako jantzarazoan ipiñi ebazan naiebanak naieban-beste jan da edan egitteko ardao ta ogi. Ortik deadar, emetik barre ta bestetik zantzo, atso-agura guztiak bere, guztiz ondo olga edo jolastu zirean gaubeko amarrak arte; ganera Eladiren etxean egin ebezan ezteguak aide guztiakaz.

        Lurbira onetan, gauza guztiak dauke atzena, ta egittu zan noizbait Josetxok eta Eladik ainbeste urtetan euken gogoa. Bero-bero euken beti umetan alkarregana artu eben maittetasuna: izan ebezan atzerapide ta naibage gogorrak, ainbat beroago jarriten ebezan euren biotz zintzoak. Batun zirean atzenean arek bioztxo laztan biak, Jaungoikoak nai eban arte, ta Bera izan deiela beti lagun.

        Egun batzuk igaro zireanean, gau izarratu eder baten, Josetxoren lagun batzuk, bere etxe-aurrean, kanta edo abesau ebezan urrengo doazan koplak:

 

                Itxasketako bizibidean,

                Itxaski errimietan,

                Estualdirik-estualdira,

                Josetxo itxasoetan,

                Biotzikara minberatuaz,

                Eriotzea berbertan,

                Sarri-sarritan aurkittu oi zan,

                Olako gertaeretan.

 

                Errekatxoak dirudiela,

                Biotza miñez eukiak,

                Amaika negar erion dabe,

                Eladi zure begiak!

                Eliz-bidea artzen zenduan,

                Zeuganatuten Doneak,

                Eskariakaz ibittuteko,

                Zeure naibage guztiak.

 

                Kastor da Polux, izar bikotxak,

                Dabiltzas beti batera,

                Zuek biok-be, orain zoaze,

                Aren izarren antzera.

                Ezkonduriko kutun-kutunak,

                Alkarregaz bizittera,

                Atsekabeak egin dozuez,

                Aldatu zorionera.

 

                Zeinbat arrisku, zeinbat mingarri,

                Josetxok alde batetik!

                Zeinbat naibage ta atsekabe,

                Eladik beste aldetik!

                Atzenerako sendagarria,

                Artu dozue zerutik,

                Onbidetsuen atsegin-sari,

                Jaungoikoaren eskutik.

 

aurrekoa hurrengoa