www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Josetxo
Jose Manuel Etxeita
1909

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Josecho (Bizkaiko euskeraz), Jose Manuel Etxeita. Florentino Elosu, 1909

 

aurrekoa hurrengoa

XVI
IRUGARREN SENARGEIA

 

        Mundakan egoan, bertako Pontzen izena eban osagille, ogetasei urte ebazan mutil iruder bat: urte bi igaro zirean osagilletasuna lortu ebala. Mutil onek, urtebete lenagotik eban gogoan Eladitxo: uste eban neskatilla onegaz da bere irabazbideaz, asko neketu barik biziko zala ondo. Aurrerago etzan azartu neskatilla orri ezer esaten, gomuta izan ebalako zer jazo zan Ariston da Txotxo-arrogaz: baña orain, Josetxori egin jakazala elizkariak, ganera gizadi guztiak uste ebala arek ito zireala, ta siñismen onekaz Eladik beste burubide bat artuko ebala. Onek zirean Pontzen osagilleak erabiltzan asmoak, eta bilddurrez beste batek aurrea artu ezeion, etzan ibilli aiko-maikoetan; aida baten iragarri eutsan bere guramena Eladiren aittari.

        Ermokenek ageri eutsan bere emazteari, Pontzenen guraria, ta biari ederretxiten jaken lez mutil ori, artu eben burubidea, biak alegiña egitteko osagillearen alde.

        Burubide orregaz erazagutu eben, lenagoko biotz gogorrak eukezala oraindiño Josetxorentzat, eta agertuko ete zan bilddurraz, nai eben ezkondu Eladi alik ariñen Pontzenegaz.

        Masimak eroan eban Eladi gela batera, ta esaeutsazan agora etorri jakazan berbarik onenak, artu eien osagille orregaz ezkontzeko gogoa. Esaten eutsan:

        —Eladi, zer nai don ereti oberik mutil gazte, eder, jakitu, osagille, betik alkarregaz bizitekoa baño? Orrekaz itxastarrokaz ezkonduten danak naibage asko igaroten yozan; batean albistarik eztagolako, bestean eguraldi txarrak dagozalako, ta urrengoan ontzi bat edo beste ondatu dala jakin dalako.

        —Nik ama itxastar ez leortarregaz eztaukat ezkontzeko gogorik.

        —Josetxo mutil ona zan, baña joan zan gizajoam ta eroapena artuaz, aldatuizan buruan darabiltzan gogamenak: aztu igaro direan edestiak; jarri gogo-argiaz, da osagille orregaz ezkondutea izangon burubiderik onena.

        —Ama, ez niri aittatu ezkontzarik. Nik eztot iñoiz Josetxogaz euki ezkontza auturik; maitte izan dot umea nintzanik ona, ta uste izan dot berak-be maitte izan nabela: orra oraiñarteko edesti guztia.

        —Eztiñonat ezer orregaittik, ezpabere, a joan zala, ta orain aztu bear donala eure osasunaren onerako.

        Onetan egozala, sartu zan aitta gelara ta Eladik jarraittu eban esaten, negar anpuloak eriozala:

        —Bai, neure aittamak; bakit joan zala Josetxo; alan diñoe beintzat; bakit joan zala a mutil zerutik jatsirikoa; bakit ziur-ziur joan bazan, etorri zan bidietatik, zuzen-zuzen, joan izango zana Jaungoikoaren aurrera, bere Lurbirako gizabide ona, ta zuen areriotasunak erazagututera. Bai neure guraso maitteak; ondo gogorrak izan dira zuen biotzak mutil apal, esangin da ongille arentzat! Baserritarra zala, jatorri bakoa zala; au zala ta ori zala! Bai neure guraso laztanak; Jaungoikoari sarri ta biotz samurrez eskatu bearko deutsazue parkamena, mutil ari, ezeren erru baga, izan deutsazuen gorrotuagaittik.

        Erm.—Zelako berbak dozan orrek, Eladi?

        Ela.—Nik egia aitta; eztozu gomuta izango Josetxok iñoiz iñori txarto egin deutsanik: bere onegiñak barriz, Lurbira onetan ibilli dan leku guztietan esango deutsuez.

        Mas.—Eztotzagu guk iñoiz gorroturik izan Josetxori.

        Ela.—Ezeizu ori esan ama; ain arin aztu dozuz, beragaz egurastutea ta berba egittea galarazo zeustezan erastiak? Ai ama, niri etxataz aztu.

        Erm.—Eladi, barriketa gitxiaz, aittamak nai dabena egin bearko don. Josetxo joan zan, da a ezta zetan ekarri autuetara: Pontzen osagilleagaz ezkondu bear don eure onerako, ezpabere ezton ikusiko eure aittamaren arpegi argirik. Ereti oberik ezton iñoiz eukiko senar on bat artuteko, ta ezein ezetz esan.

        Ela.—Eztaukat aitta ezkontzeko gogorik, eta nik ezetz esan bear.

        Zaplada zoli bat emoeutsan aittak, eta ittandu eutsan:

        Erm.—Esain ezetz ostera-be.

        Ela.—Nik ezetz beti, aitta.

        Beste zaplada gogor bi emoeutsazan, da len legez ittandu eutsan:

        Erm.—Ezetz orainddiño?

        Ela.—Beti ezetz, aitta, ilten banozu-be! Nire biotzean, bizi bada zein ildala, Josetxo dago, ta eztago lekurik besterentzat.

        Aittak larregi zeatu eban bere alabea berba orrek esan ebazanean, da amak-be esaeutsan:

        Mas.—Oraindiño geiago artukozan, gurasoaren esana egitten ezpon.

        Ela.—Ja... ja... ja; nik Josetxo dot neure senaraa; Buenos Airesera joan zan «Ibaizabal»en Longiñegaz.

        Mas.—Zer diñon? Zegaittik orrek barre gangarrok? Zoraturik ago-ala?

        Ela.—Elizara noala.

        Mas.—Jatorduan oa elizara?

        Ela.—Portura; kale-goikora; Josetxo ikustera.

        Erm.—Zelako erantzupenak dozan orrek?

        Ela.—Ondartzara Josetxogana.

        Gurasoak ezagutu ebenean Eladik ezebala zuzen erantzuten, da adimen baga zoratuta jarri zala, oso bilddurtu zirean, da orduan damuturik ainbeste gogortasun egiña, emoeutsezan mozu asko ta esaeutsezan berba eztitsuak, bere adimena sendatu gurarik, baña ezeben ezer lortu.

        Ermoken da emazteak, bekien ondo Eladi aspaldian buru-austen ebillena, elizara ta ostera, Josetxo gomuta izan ebala; gogoratuten beti, ito ete zan, bizi eta dan, albistea noiz etorriko ete dan, da gisan onetan, ondo nekaturik euki bear ebazala bere adimen da irudimena. Ta olan ebillen emakuma gaztia, ganera estutu ezkero Eladi egieben lez, berezkoa zan zerbait jazotea aren buru nekalduan; bai, berezkoa zan adimena lausotutea, ainbeste mingarriaz.

        Aittamak, euren asmoetan, zentzun baga, ta burubideak ondo neurtu baga, ibilli zirealako, galdu eben euren alaba onbidetsua.

        Ondo damutu jaken ainbeste estutua ta zeatua euren alaba ederra: lengao-be, bein baño sarriago damutu jaken alabea nekaldua, baña lengo gertaerak aztuten ebezan, da barriro agertuten zirean naibage alatsuak. Kendu ezin zana, kendu gura eben; urratu ezin zana, zuritu nai eben; mirariak egin nai ebezan: Eladitxok Josetxori eutsan maitetasun zintzo, sustrai gogorrak eukazana, ausi, eten, apurtu nai eben, baña ezin zana, ezin egin, da atzenean jazo zan, jazo bear ebana: neskatilla zintzo errukarri ari, bere adimena lausotu jakan.

        Egia da, gisa atan ikusi ebenean euren alabea, erruki andia artu eutsena: bene-benetan damutu jaken askatasun geiago emon ezeutselako Josetxogazko ibiltaldietan, da bake-bakean itxi ezeutselako jarraittuten bere gurari zintzoetan; baña belu agertu zirean onek damutasunok.

        Eladik aparittan ittandu eutsen:

        —Josetxoren albistarik egon da?

        —Ez, ezta egon albistarik.

        —Orduan, nik ames egin dot.

        Aittamak egieutsezan berbari, ezeutsan jaramon; gitxi jaeban, da maittik jagi zaneko ogeratu zan. Gurasoak uste eben, bere buruari emoeutsan estutasunak, lausotu eutsala adimena, ta ogeko atsedenaz jarriko zala ondo.

        Biaramon goizean, neskamea erosketara joan da gerotxoago, aittamak itzartu orduko, jagi ta jantzi zan Eladi, ta uleak apaindu barik joan zan zeiara erosketak ikustera. An ibilli zan batera ta bestera, sagar, madari, gaztaña, aza, porru ta salduten zirean gauza guztiak ikusten: etxeko neskamea arrittu zan apainddu baga, zoro antzera, ikusi ebanean, da ittandu eutsan:

        —Zer darabiltzu Eladi, ain goizetik, eta apaindu baga, zoro baten antzera?

        Arpegi illunaz begiratu eutsan neskameari, ta ezeutsan ezer erantzun. Neskameak ezekian zoratuta egoana, ta bere erosketea egiebanean, joan zan etxera.

        Juana Mari Ondartzako-be, an egoan bere gauzak saldu gurarik, eta Eladi ikusi ebanean, otu jakan zerbait jazoten jakala, ain goizetik eta edozelan, apainddu baga zeiara joateko; eta bere ondora joan zanean, ittandu eutsan:

        —Zer jazoten jatzu Eladitxo, ain goizetik ona etorteko?

        —Josetxo billatutera urten dot, baña eztot iñun ikusten.

        Erantzupen onegaz jarri zan negarrez Josetxoren ama, ta bertan, sendo besartetuta, emoeutsazan mozu batzuk Eladitxori, esaten eutsala:

        —Ai ene alabatxoa, Josetxo urrun dago gugandik! Jaungoikoaz egon deitteala dagoan lekuan.

        Neskameak, etxeratu zanean, esaeutsan Masimari, Eladi apainddu barik, zoro bat lez, ebillela zeian, da bere berbari ezeutsala jaramon.

        Ikaratu zan Masima, itxasora, atxetara edo galbide lekuetara joango ete zan; jantzi zan beingoan, da joan zan zeiara. An topau eban Eladi gizadiak inguraturik eukala, batagaz, besteaz da guztiakaz berbetan: danak ezagutu eben zoratuta egoana, ta Juana Mari, Josetxoren amak, bere alaba bat baillitzan, egin ebazan negar gogorrak.

        Masimak eldu eutsan besotik etxeratzeko, baña alabeak erantzuten eutsan, Josetxo billatutera urten ebala, ta ezebala nai joan etxera mutil ori ikusi arte; geroago joango zala beste toki batzuetara, ta nun edo nun topauko ebala. Baitta gizadi guztiak entzuten ebala, esaeutsan amari:

        —Zuk, amatxo, nai nozu etxeratu, atzo lez nekaltzeko, Pontzen osagilleagaz ezkondu nai eztodalako; baña enaz joango.

        Zein alatsu ta lotsagarriak izan zirean Masimarentzat, Eladitxo autortu ebazan berbak, gizadi guztiak entzuten ebazala.

        Ain zuzen-be, Eladiren izeko Eustaki eldu zan toki atara, Eladi orrek berbok esaten egoala, ta jakiebanean zoratuta egoala, naibagez beterik negarrez jarri zan. Emoeutsazan mozu batzuk Eladiri, ta ittandu eutsan bere ama Masimari:

        —Zer jazoten da Masima, zeure alabeonegaz?

        —Nik eztakit Eustaki, zoratuta dago atzo arratsalderik ona; goizean urten dau iñok ikusi baga, ta eztau nai etxeratu.

        —Atzo nekaldu zindoela esan dau, ta, zelan nai izango dau etxeratu, nekaltasunak artutera? Zuk eta zure senarrak eztaukazue zentzunik.

        —Zaplada bat emon jakan erantzupen bategaittik: orixe izan zan guztia.

        —Au da lotsagarria.

        Masimak egitten ebazan alegiñak Eladi etxeratzeko, baña esieban lortu, ta orduan Eustakik esaeutsan:

        —Zoaz Masima etxera, ta neuk eroangot laster neurera.

        Ikusgarria zan an batun zan gizadia, ta danak erazagutzen eben euren errukia, Eladiren jazoerakaittik: danak iñarduen Masima ta senarragaittik txarto esaten, alaba orri noizbait emoeutsezan naibageakaittik: naibageak maitte ebalako, Mundakan zan mutil maittagarriena.

        Alegiñen-alegiñaz, izeko Eustakik eroan eban bere etxera ta emoeutsan gosaria: gero eroan eutsen, errian urte askoten egoan osagille zar bat, eta onek esaeutsezan artu bear ebezan ardurak eta sendagarriak; agindu eban, goiz da arratsalde atara eiela egurastzera, ta bizi eitteala aittamakaz, izekogaz edo berak geien nai eban etxean.

        Masima bere ama joaten zan egurastzera atara gurarik, baña gurasoaren bilddurra artu eban, da ezeban nai amari jarraittu: aitta-be joan zan beragaz atarateko usteaz, baña ezeban nai aitagaz-be, ta izakogaz urteten eban jolas lekuetara. Bere neskatilla lagunak eta beste askok, txera ta leunketa onakaz, egitten eben alegiña, Eladi gogaldi onera aldatzeko, baña gogo-illuna ta itzaltasuna etxakazan argittuten.

        Izekoagaz egurastzera joan zan baten, topau eben aurrez-aur Pontzen osagillea, ta au urreratu zanean Eladiri zerbait ittandutera, zaplada zoli bat emoeutsan neskatilla onek, arpegi illun-illuna ipiñirik, eta aida baten aldendu zan Pontzenen ondotik.

        Izekoana joan da amabostgarren egunean, neskamea erosketara ta izekoa mezatara zirean bittartean, urten eban etxetik, eta joan zan Ondartzara. Juana Marik, besartetu, ta emoeutsazan mozu batzuk, eta ganera, gosaritzat esne-sopa ederra.

        Izekoa elizatik etxeratu, ta Eladi idoro ezebanean, joan zan bere gurasoakana, baña ezegoan an bere: gero Masima ta bera joan zirean ezparantzara, ta ezeben idoro an-be. Ermokeni bere ageri eutsen zer jazoten zan, da eurak eta aide guztiak asi zirean Eladi billatuten, batzuk andik, besteak emetik; onek itxasertzera, arek atxik-atx da leku guztietara. Erriko gizadiak jakiebanean zer jazoten zan, goiko-kalean bizi zirean batzuk esaeben ikusi ebela bakar-bakarrik Bermeorantz joaten.

        Joan zirean bide orretatik, eta bidebatez Ondartzan ittandu eutsen neskameari:

        —Eladi gurea ikusi dozu emetik?

        —Bai, goian dago.

        —Eztogu jakin nora joan dan, da estutasun mingarriak igaro doguz goizeon, berori billatuten.

        —Zoaze gora.

        Igo eben gora ta an batun zirean Eladi billatuten ebiltzazan guztiak. Baso-etxe atan batun zirean Ermoken da emazte Masima-be, euren andikeriak ontzandurik, apaltasun andiaz alabearen ardurea artutera. Nok siñistu eragingo eutsen eurari, Ondartzako mesedien premiñan aurkittuko zireala egunen baten.

        Eladik ezebaban nai izan Ondartzatik joan iñora, ta bere gurasoak ez izekok ezeben lortu eroatea. Ondo egoala Josetxoren etxean adierazoten eutsen guztiari.

        Juana Marik negarrez esaten eban:

        —Egon beitte geugaz berton, da geure alabea balitz legez zainduko dogu.

        Mas.—Osagilleak esan deusku, beronek nai daben etxean egon deitteala.

        Orduan, Txomin-txikik, oso errukiturik, negar malkoak eriozala, esaeban:

        —Osagilleak ori esan badau, egon beitte berton Eladitxo; guretzat gozagarria izango da, erruki dogun neskatilla onen ardurea artutea.

        Eladiren aittamak eta izekoak, ageri eutsezan eskerrak eta etxeratu zirean, egunaro agerraldi bat egitteko usteaz.

        Eladi, biaramon goizean goizetik jagi zan ogetik; ikusi eban otseiña artaldeaz mendira joala, ta beragaz joan zan pozik, artzain baten antzera, ardien ardurea artutera. Aspaldiko gogo-argiena erakutsi eban ardiakaz mendira joan zanean: karkar barre egitten eban ardiren bat aldenduten bazan besteakandik. Ardiak mendiratu, ta etxeratu zanean, zeresan asko euki eban, mendira joan-etorria egiebalako. Josetxok, artzain da illuntzeko jira-birak, artaldea mendiratu ta etxeratzeko egitten ebazanak, eta Eladik zoraturik egonarren, gomuta izan ebazan arek esanda eukatzazan berbak.

        Mendittik etxeratu zanean, Juana Mariri poz-pozik, arpegi argiaz egin eutsan berbaldi nastedun ondo adittu ezebana, baña esan gura eban zelan Josetxoren antzera joan zan artaldeaz mendira, ta ganera erazagutu eban, aurrerantzean egunaro jarraittuko ebala artaldea eroan da ekartera.

        Osagilleak agindu eban lez, alzan geien egurastu eragitteko, mendira egitten ebazan jira-birak etorkazan erara, bere gexoa sendatzeko. Aurrerantzean, otseiñaren ordez, neskameak artu eban artaldearen ardurea, ta Eladigaz batera zuzenduten ebazan ardi-arazoak goiz da illuntze.

        Ganera Eladik, berak berez, artu eban olloaren ardurea; goizean edegi ollatokia, emon olloari jatekoa; batu egitten ebezan arrautzak, eta illunabarrean itxi atea, tokiratu eittezanean. Ollo edo txitaren bat eskuan ebala jolastu oi zan egunaro, umetxo baten antzera.

        Aittamak eta izekoa, sarri joaten jakazan ikustera; baitta Mundakako gizadia-be sarritan joaten zan Ondartzarutz egurastutera, bidebatez Eladitxo ikusteko usteaz.

        Eladiri, Ondartzan, ogeigarren egunean ezagutu jakan, onerantz egiebana bere adimenean, noizik-beñean erantzupen zuzen da garbiakaz berba egitten ebalako.

 

aurrekoa hurrengoa