www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Josetxo
Jose Manuel Etxeita
1909

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Josecho (Bizkaiko euskeraz), Jose Manuel Etxeita. Florentino Elosu, 1909

 

aurrekoa hurrengoa

V
JOSETXO GAZTETAN

 

        Ondartzatik begiratu ezkero sortalde edo eguzkiak igoten daben alderantz, ikusten da, begien aurrean aurkeztu leittekean laurkarik ederrena. Itxasoa ta leorra, itxasoak urrunean eratuten daben marboilla, zeru ta itxaso alkarregaz batuten direala iruditen dan ustaia: onatxoago, Izaro deritxon itxasleorra, itxasertzak, itxasbazterrak, atxak, ondartzak, itxasertzetik gora jasoten dan Ogoño deritxon ikusgarriko atxmendia edo itxasmunea, Mundaka aldetik, serreaz ebagiriko atxa dirudiena: beste aldera begiratu ezkero, ikusten dira Oiz mendia, ta an da emen, beste andiera ezbardiñak daukezan asko: baita Gernikararteko itxasarte luzea-be, urgorenean urez beterik eta urberenean ondartza edatzuakaz. Ganera, eguraldi onetan ikusten dira Bermeo, Mundaka eta Elantxobeko txalupa, potin da batel arrantzuan dabiltzan guztiak, eta sarri ontzi andiak-be euren belak edo aize-oialak zabalduta, itxasoan-zear doazanak. Onekaz ikusbide eder guztiokaz, ondo jolastu oi-dira Ondartzan bizi direanen begiak eta ikusmenak.

        Josetxok orain, eztau zetan besoan erabili, ta eskutxotik elduta eroaten eban Juana Marik Mundakako zeiara: ezeban nai izaten etxean geratu eguraldi ona begoan. Pauliñak ostera arratsaldean, ondo apaindurik eroaten eban Mundakara bere urte inguruko umeakaz jolastutera.

        Berak nai ebanean joan da etorri, ta berak nai ebana emon da egin: alagala ebillen Josetxo; dana parkatuten jakan, da ibilten zan poz-pozik alde guztietan. Txomiñek, bere betiko gogo-argiaz, kanta edo abesauten eutsan sarri:

 

                Zerutik jatziriko

                Angerua zara,

                Jaunak biraldu zaittu,

                Euskaldun artera,

                Eurakaz bizitteko,

                Munduan batera,

                Eta maittetasunak,

                Autortzen euskera.

                Pozgarri izan bedi,

                Zeure etorrera,

                Zorionagaz txotxo,

                Bizkaiko lurrera.

 

        Au Txomin-txikiren abesti au ikasi eben Mundakan da Bermeon, da urte askotan abesauten zan, umeari lo eragitteko, nai edozein ordutan da lekutan.

        Ondartzatik urre-samar egoan Lamiaran eritxon baso-etxe bat, eta etxe onetan egozan Josetxoren adin inguruko mutikotxo bat eta onen arreba zerbait zarragoa: onek joaten zirean sarri Ondartzara, Josetxogaz olgetara edo jolastutera. Mutiko biak kaltzak jantzi urruntxo, bide, solo ta basoetatik, euren jolasaldietan, Axeri txakurtxoa lagun ebela: askotan, jatorduetan, etzirean agertuten etxera, ta billatu bear izaten zirean etxeratzeko. Bost urte igaro jakezanean, asi zirean joaten itxasertzeko atxetara ta batuten ebezan itxas-marraskillo polittak eta karramarroak: sarritxo joan oi zirean etxera itxasertzean da atxarteko osiñetan soñeko guztiak bustirik: jaten ebezan zugatzetatik jausten zirean sagar gordin gogorrak, gaztañak edo intxaurrak eta edozer janari osasuna galtzekoak, eta alperrik zirean Txomiñek eta emazteak egitten eutsezan agirakak.

        Josetxo egoan ekanduta berak nai eban guztia egitten, da aserre-aldi gogorrak izaten ebazan bere gogamenak egin ezik; baña agiraka egitten jakan, osasuna galduteko arazoetan da arriskuetan ebillenean. Txomiñek maitte eban, baña noizik-beiñean berotuten eutsazan eperdi aldeak eta zuzenduten eban zerbait egun batzuetarako, baña umeak beti ume, ta Josetxo laster joaten zan ostera lengo arazoetara.

        Okerkerien urrengo, Txomiñek nekaldu nai ebanean, lenengo besoan artuta abesauten eutsan:

 

                Zeu zara laztanena,

                Josetxo gurea,

                Negarti eta geizto,

                Zatozan umea.

                Eztotzut parkatuko,

                Olan izatea,

                Sarri berotukotzut,

                Eperdi aldea.

                Alper izango dozu,

                Negar egittea,

                Ederrak artukozuz,

                Bai, neure maittea.

 

        Abesti onen urrengo astinduten eutsan eperdia zirogarradatxo bategaz, zerbait zuzendu eittean.

        Bekian Josetxok, aittak abesti ori abesau ezkero, zigorra biak; bata abes-egitten da bestea negarrez; baña geztokeri andiren bat egiñ ezik, aittak ezeban iñoiz joten. Ikasbideaz biurtuko zan goiz edo belu apaltasunera.

        Juana Mari-be, senarrak Josetxori abesti ori abesauten eutsanean, biotza taupadaka ebala jarriten zan bildurrez larregi nekalduko ete-eban, da esaten eutsan:

        —Txomin, Jaungoikoagaitik ezeiozu miñik egin: orrek egitten dittuan gauza guztiak umekeriak dira, ta umeak ezin leike egin besterik: bakizu mutiko ori guztiz ona dana, ta erruki dot zigortuten dozun bakotzean: neu joko baninduzu-be, elitzakit min geiagi egingo. Bakit Txomin, berorren onerako direana orrek nekaltasunok, eta ikasbideak gaztetan irakatsi bear direana, baña biguntxoago erabilli bear dozu Txomin zigor ori.

        —Juana Mari, berbalari zagoz goizeon, mutikoari eperdia berotu deutsadalako: ondo dakizu zelan zugatzak gaztetan zuzendu bear izaten direana; gero ezin leitekez zuzendu ausi baga. Nire zigorradak ezteutse miñik egitten, ezpabere okerkeriak egiteko bilddurra artu-eragin. Artuizu eroapena, ta egon zaitte ardura barik Juana Mari, nire burubideak eztabe iñoiz naibagerik ekarriko: bakit mutikoau guztizko ona dana, baña, olan da guzti-be, gaztetan artu bear jako ardurea ekandu onetatik aldendu ezteitean, da egunen baten atxetatik edo zugatzen batetik jausitta il ezteittean. Zelanbait kendu bear jakaz ekandu txarrak, etxera naigaberik ekarri eztaien beretzat eta geuretzat: beste jolasetan, berari ez iñori atsekaberik ekarri ezin leitekeanetan, ibilli deitteala berak nai daben legez.

        Arin da polito ikasi eban Josetxok euskera berbetan, da bost urte garrenean, egitten ebazan Mundakara ta ostera joan-etorriak, edozer gauza eroaten edo ekarten.

        Egun baten joan zan basora bere Lamiarango lagunakaz, Martin-zaldi lanean egoan lekura; gogoratu jakan zugatz txikitxo batera igotea, Lamiarango lagunak beste batera igoebelako: danak, bata baño bestea arroago ta lerdenago ebiltzan, adarrik-adar zugatzetan, da atzenean, Josetxo ta beste bat jausi zirean lurrera ta zauritu ebezan euren esku, arpegi ta buruak. Asi zirean negarrez da deadarrez odola ikusi ebenean, andik, ortik eta emendik: Lamiarangoak joan zirean arin euren etxera, ta Josetxo eroan eban Martiñek etxera negar-baten ama ta ama deadarrez.

        Juana Marik entzun ebazanean Josetxoren deadarrak eta negarrak, urten eban etxetik arrituta zer jazo ete-zan mutikoagaz: ikusi ebanean Martiñek eroala arpegia odoldurik, bildurtu zan, da gogoratu jakan onek ebala errua mutikoaren ardurarik artu ezebalako, ta esan eutsan:

        —Nun egoaz Martin umeari zugatzera igoten galarazo barik, ganorabakuori? Itsurik egoaz umea ez ikusteko?

        —Nik neure lanean jarraittu dot, eta eztodaz ikusi mutikuok zugatz ganean: jausi direanik-be eztot jakin deadarrak eta negarrak entzun arte.

        Txomiñek ezeban jakin ezer bazkal-orduan etxeratu arte, ta jakiebanean asi zan «zeu zara laztanena» abesauteko asmoaz, baña Juana Marik ezeutsan itxi mutikoa nekalduten mingorturik egoalako: Txomiñek-be erruki eban, arpegi ta eskuak zaurituta eukazala ikusi ebanean, baña alanbere egieutsan agirakatxo bat zugatzera igo ebalako: gero, besoan artuta, maittetasun andiagaz, emoeutsazan, il etzanean zugatzetik jausi zanean.

        Astebetean sendatu zan Josetxo, ta bizkor da lerden ebillen, bear bazan, beste zugatz andiago batera igoteko-be, txori-abiak ikustera. Pauliñagaz Mundakara joan baño, naiago eban jolastu edo olga Lamiarango laguntxoakaz, atxik-atx, solorik-solo edo basorik-baso, batean arin-arinka, bestean astiro-astiro, urrengoan egotaldi luzarokoakaz, atsedendu: urberen zan orduan, sarri joaten zirean atxetara ta atxik-atx Mundakararte edo beste alderantz Lamiaranperarte, atxartietan egozan mangoliño ta karramarro guztiak batuaz; baitta atxartietako osiñetan arrapaten ebezan noizbait, abrusko, karraspio, lula ta beste arrain txikitxoak; baitta iñoiz amarratzak-be: onek ibilketok zirean euren jolasgarri onenak eta kutunenak.

        Egun baten, bazkalostean, joan zirean gazteok Murguako atxetara, ta atx onen itxasaldean jarri zirean arraintan: arrapatu ebezan arrain txikitxo batzuk eta pozagaz etzirean aspertu euren arrantzuan arratsaldeko bostak arte: egozan bertan bera, arrantzua baño beste gomuta baga. Ezeben gogoratu itxasgorea zala, ta Murguaren inguru guztia urez betezkero, ezin izango zireala leorreratu urrengo urberenarte. Bostetan zan egun atan urgoran: ordu orretan asi zirean gazteok etxerantz joaten, baña Murguaren leorraldera igaro zireanean, ikusi eben urez beterik egoala, gutia, ta arritturik lotu zirean, etxeratuteko bide baga.

        Illuntzeko illunabarrenean, etzan Josetxo etxera agertu, ta Juana Mari asi zan etxekoari ittanduten nun dan mutikoa: iñok ezeban ikusi arratsalde atan: asi zirean billatuten, soloetan, basoetan da alde askotan; onetan, Juana Marik, etxeko leiotik ikusi ebazan Murguaren bizkarrean, Josetxo, Lamiarango lagunak eta Axeri txakurtxoa, itxasleorturik itxaroten ura berantz jatsi arte, leorrera igaroteko. Lamiarango neska-mutillen aitta-be joan zan Ondartzara ittandutera an etegozan bere umeak, eta arritturik jarri zan, Juana Marik esan eutsanean Murguan egozala urak inguratuta, arik-eta urberen izango zan ordurarte. Batzuk orain da besteak gero, Ondartza ta Lamiarango gizadia, joaten zirean itxasertzera gazteak zaindutera, ta gautu-orduko adierazo eutsen, egon eittezala geldi bertan, bitarteko atxak agertu arte.

        Txomiñek eta emazteak, esaeukean asunak jan ebezala, ain artega ta ibilkor egozan illundu zanean: joan ara, etorri ona, igo goiko leioetara Murguan egozanak ikusi gurarik, jatsi bera euren arazoak zuzentzera, joan etxasertzera ikusten zeinbat jatsi zan ura; etorri etxera apaltzako ardurak artuten: olan ebiltzan Txomin-txiki ta emaztea illuntze atan. Martin-zaldi ta Lamiarango gizona, egozan itxasertzean neska-mutillok zainduten, atxak ondo agertu orduko asi ezeittezan igaro gurarik. Juana Marik naigabez beterik esaten eban:

        —Ze gogamen etorri jake gaur umeori Murguara joateko? Nun egon dira, ura gorantz etorrela ez ikusteko? Ai Txomin, onek dira atsekabeak.

        —Juana Mari..., gaur Jaungoikoak nai badau, zigorrak bearrak egingo dittu: orrek ume zittalok eztira Murguara joango beste baten.

        —Jaungoikoagaittik, Txomin, ezeiozu miñik egin mutikoari: orrek umeok eztakiez oraindiño itxasoaren gora-berak, eta eurak eztakiela artu deutse urak inguru guztia.

        —Bai, Juana Mari, baña uste dot, gaur artuko daben zigorradeaz, eztala joango Murguara datozan iru urtetan: ilusikozu, zein polito ikasiko daben itxasbetearen ardurea artuten.

        Gabeko bederatzietan asi zirean agertuten gazteok igaro bear eben bideko atx-tontorrak, eta ariñegi asi zirean atxak-zear illunetan. Txomiñek eta Lamiarango gizonak urten eutsen bidera ta eldu zirean leorrera, baña Lamiarango mutikoak, larrapastada bategaz egieban sartu-urten bat uretan, soñekoak aldian ebazala.

        Txomiñek, agirakatxo bat-be ezeutsan egin nai Josetxori etxera elduarte, baña Lamiarangoak, emoeutsezan zaplada ederrak bere seme-alabari, ta arin eroan ebazan etxera bere aurretik, bigarren nekaltasuna etxean emoteko.

        Josetxo ta aitta etxeratu zireanean, asi zan Txomin irribarreka ta gogo-argiaz da zoli abesauten «zeu zara laztanena»: mutikoak negarrez esaten eutsan:

        —Aitta-txo, enaz geiago joango.

        Juana Mari egoan gogo-illunaz, guztiz motel, autuen da auzien adi: Txomiñek abestia amaitu ebanean, nekaldu eban gogortxo ta ganera emoeutsazan mozu batzuk, eskiñi ebalako etzala geiago joango Murguara.

        Aurrerantzean, neska-mutillok ibilten zirean goialdetik, etxerako orduak ondo jagoten ebezala.

        Urteak joan, urteak etorri, Josetxok zazpi urte ebazanean, bere aittamak artu eben iksatetxera biraltzeko burubidea. Eroan eben Mundakako irakasleagana, ta egun atatik aurrerantzean joaten zan ikastetxera egunaro, goiz da arratsalde. Egin ebazan adiskidetasunak ikastetxeko lagunakaz, da askotan etzan agertuten etxera goizetan eguerdirarte ta arratsaldietan eguzkia mendi-ostean sartu arte.

        Ikastetxera joaten zanik aurrerantzean, Josetxo egunaro etorren edertuten, da gogo onagaz lagunduten eutsen etxekoari edozein lanetan, ikastetxera joaterik ezeukanean. Amar urte garrenean polito ekian irakurten, ta guztiz maitagure ta gogo-argia etorren berez gurasoaren pozgarri.

        Itxi daigun orain Josetxo bere ikastetxeko arazoetan, da goazan Martin-zaldigaz zer gertaten dan jakitera. Antxiñatxo il jakazan gurasoak, eta arrebatxo bategaz, esaten dan lez, geratu zan gizajoa, goian zerua ta beian lurra baño beste barik: urte asko eroazan Ondartzan otsein, da Txomin da emazteak, etxekoa balitzan lez, euken pozik eurakaz.

 

aurrekoa hurrengoa