www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Josetxo
Jose Manuel Etxeita
1909

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Josecho (Bizkaiko euskeraz), Jose Manuel Etxeita. Florentino Elosu, 1909

 

aurrekoa hurrengoa

I
ONDARTZA

 

        Antxina, erri batetik bestera joateko, bide ziorrak eta burpide bedarrak edo estuak egozanean; aberats edo dirudunak zaldi-ganeko kartoletan berera jesarrita, txaka-txaka, oinbideak zear, mendirik-mendi joaten zireanean; gaztaña zugatzari gexoa agertu-orduko, ta olloak euren txitatxoak egopean bero-berotan eukiten dabezan lez, Gernikako Aritz ederrak eskurrik-beste lege, ondo neurtuak eta obeto zainduak, bizi-bizirik, bere orripean eukazanean, burdinbide, tximist-argi ta oraintzuko asmo ta aurrerapide asko agertu-orduko; Mundakatik Bermeorutz, ordulaurengo bidean egoan Ondartza izena eban baso-etxe zar, orma sendoakaz egiña. Etxe onek eukazan ezkaratz edo sukalde ona, iru lo-gela nasaiak, berbaleku txikitxo bat, sabai ta goianengo zabalak eta korta eder bi, abelgorri ta ardientzat; baitta etxe-aurrean egozan laba-gela ta ollatoki onak euren tellatuakaz. Ganera etxaguntza onek eukazan sei solo lurlantzarako, ta basotxo bat, bedar, orbel, ota, ira, egur da beste baso-etxean bear zirean gauzak zuzentzeko.

        Ondartzatik urre samar egoan itxasertza, atxak, atxarteko arritzak, lapa, moxilla, mangoliño, lanperna, karramarro ta abar; baitta Murgua eritxon atx andi biribil bat-be, eguraldi onetan atx-arrain onak arrapaten zirean lekua.

 

aurrekoa hurrengoa