www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Josetxo
Jose Manuel Etxeita
1909

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Josecho (Bizkaiko euskeraz), Jose Manuel Etxeita. Florentino Elosu, 1909

 

aurrekoa hurrengoa

XIX
DARI BERE JAIOTERRIAN

 

        Darik eukazan iru arreba Abadiñon; bi ezkonduak, eta berrogeta bost urte ebazan ezkongei bat: ganera Durangon ezkonduta eukan anae argiña zan bat; neba-arreba guztiok lanean sendo iardu bear ebenak, jango beben.

        Lenengo egiebanan izan zan, amarmilla ogerleko emon neba-arreba bakotxari, ta danak ipiñi nasaiturik euren neke gogorretan. Buenos Airesetik etorrela, itxasoko aize osasuntsuak, zerbait sendatu eben bere gexoa, ta gero uda guztian ibilli zan, orko, ango ta besteko urak edaten osagillearen aginduaz, da guztizko osasun onaz jarri zan. Etorri ta urtebetegarrenean, oso beste giza-seme bat irudian, ain ondo artu eben bere erriko aizeak, urak, ibilketak, neba-arrebaren maittegureak, eta erbesteko bakartasunai alde egiñak.

        Berrogetamazortzi udabarri igaro ebazan Lurbira onetan, baña sendo ta zoli aurkittuten zala ikusi ebanean, ezkontzeko asmoak etorkazan noizbait bere burura: oso birbiztu eban bere sorterriak.

        Durangon bizi izan zan, gaztetan Dariren adiskidea izan zan, Nemesi eritxon gizalaba bat, alargun egoana, ta onek eukan ezkongei berrogetabat urte ebazan alaba Nikerate izena eban elizale onbidetsua. Dari sarri joaten zan Abadiñotik, Durangora, ta beti egitten eban agerraldi bat Nemesiren etxera: au ta alabea guztiz pozik eta amultsu egoten zirean Dariren berbak entzuten, da noizbait Nemesik esaten eutsan:

        —Dari, orain osasunaz zagozan ezkero, gogaittukozu bakartasunean, da oraindiño gizon gazte samarra zarean lez, laster artukozu burubidea emaztea artuteko.

        —Esatea-be gizon gaztea nazala berrogetamazortzi urtegaz! Eztot artu oraindiño ezkontzeko asmorik.

        —Baña, artu bear dozu, zegaittik laster ezkonduko jatzu etxean daukazun arrebea, ta orduan bakarrik neskameaz geratuko zara.

        —Nire arreba berrogetabost urtekoa ezkondu?

        —Bai, Dari, len eztau iñok jakin nun bizi izan dan, baña amarmilla ogerleko zugandik artu dituzanik ona, irugarren senargeia agertu jako: siñistuizu.

        —Eztakit ezebe, baña poztuten nau albista orrek; nai neuke ezkonduko balitz gizaseme on bategaz, betiko neska-zar geratu ezteittean.

        —Barrinkuko etxagunaz eidabil gogo-beroz, ezkontzeko usteaz.

        —Ezteust ezer esan, baña senargei ona bada, ondo egingo dau ezkondutea.

        —Bai, gizaseme ona da, ta gitxi gora-bera, biak izango dira adin batekoak.

        —Arrebea ezkonduten bada, eztakit zein burutasun artuko dodan, baña ezkonduten banaz-be, ezta izango gazte zoroaz, ezpada zentzun onekoaz baño.

        —Bai Dari, zure adiñekoak eztau bear gazte zororik.

        Agur egin da joan zan Dari astiro-astiro Abadiñora, bidean gomuta izan ebazala Nemesiren berbak. Etxeratu zanean, ittandu eutsan bere arrebeari:

        —Entzuizu, Kenobebe, egia da ezkontzeko asmoaz zabiltzana?

        —Nok esan deutsu?

        —Nemesi Durangokok.

        —Nik eztakit nundik eta zelan jakitten dittuezan orrek albistok: uste izan dot iñok eztakiala. Ezbaian nago oraindiño, ta orregaittik eztotzut ezer esan: Barrinkuko etxagunak nai dau nigaz ezkondu, ta eztakit zer egin; gizaseme ona da, ta ganera etxaguntza ederraren jaubea.

        —Gizon ona, etxaguntza onaz bada, eztozu zetan egon gogartetuten; erabagi senargei ori artutea, ta ezkondu alik ariñen, neska-zar geratu etzaittezan.

        —Zeure guramena izan ezkero, urrengo ikusten dodanean esango deutsat egin daizala ezkontzeko abiamenak, ezkondu gaittezan alik ariñen. Baña zeu, Dari, zelan biziko zara bakarrik?

        —Orduan ni bere ezkondu egingo naz.

        —Ondo egingo dozu. Da nor da zeure begikoa?

        —Eztakit oraindiño. Nai dozu egun baten ezkondu gaittezan?

        —Bai, zeuk nai badozu.

        —Nemesiren alaba Nikerategaz, ezkonduko nintzake nai baninddu.

        —Neskatilla ona da; zuretzat oberik ezin izan leitteke, zarkotetxo zorakeriarik eztaukana: ondo pozik artuko zaittu neskatilla orrek.

        Biaramonean joan zan Dari Nemesiren etxera, ta esaeutsan oni:

        —Egia izan zan atzo esan zeustana, arrebea ezkontzeko asmoaz ebillela: bera ezkondu ezkero nik-be emaztea bear dot, eta esaidazu Nemesi, nor izango dan niretzat emazte ona, zarregia ez gaztiegia, zorakeri-bakoa, etxeko ardurak artuten dakiana, ta ezkontzen danean senarra daukana jakingo dabena.

        —Eztakit-ba, Dari, nor izan leittekean zeure begikoa: nire alabea nai bazindu, esango neuzkio; uste dot pozik izango litzakeala zeure emaztea. Zeuk nai dozulakoa da, zarregi ez gaztiegia, zorakeria-bakoa, ta etxeko gauzaren ardurea artuten ondo dakiana: ezta zetan esan-be, nire alabearen zentzuna daukanak, ezkondu ezkero, jakingo dabela senarra daukana.

        —Esaiozu-ba datorrela ona.

        Agertu zan Nikerate, matrallak gorri-gorri ta bero-bero ebazala, ta Darik ittandu eutsan:

        —Nai dozu ezkondu nigaz?

        —Pozik amaren guramenaz bada.

        —Bene-benetan, da poz-pozik?

        —Bai.

        —Amaren guramena jakin dot: biar asiko gara elizako abiamenak egittera, ta onek egitten direanean, ezkonduko gara. Nire arrebea Barrinkuko etxagunaz da zu nigaz, egun baten ezkonduko gara, ta ementxe, etxe onetan egingoguz ezteguak, guztiok batera.

        —Ondo da Dari; erazagututen deutsudaz esker zintzoak, gomuta izan nozulako.

        Egin ebezan abiamen guztiak, eta ezkondu zirean: eztegu ederrak egin ebezan aide guztiakaz, ta Kenobebe joan zan Barrinkura bere senarraz. Dari geratu zan Durangon, Nemesi ta alabeaz alagala bizitten: geroago eregi eban etxe eder bat, nasaiago bizitteko usteaz.

 

aurrekoa hurrengoa