www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Josetxo
Jose Manuel Etxeita
1909

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Josecho (Bizkaiko euskeraz), Jose Manuel Etxeita. Florentino Elosu, 1909

 

aurrekoa hurrengoa

XVII
JOSETXO MONTEVIDEON

 

        Irakurleak gomuta izango dau, zelan Longiñek ezeban jakin; bera ontzi batek artu eban eguneko illuntzean, artu ebazana Josetxo ta bere lagunak, Malvinas izena eben itxasleor batzuetara joan bear eban Irlandako ontzi batek.

        Illebeteko luzamenaz eldu zan ontzi au itxasleor aretara, ta Josetxok eta lagunak dirurik ezeuken lez, arrantzalien etxietan bizi izan zirean, arrantzuan oneri lagunduaz, jan bear ebena zuzentzeko. Malvinak dira, Montevideo baño urrunago dagozan itxasleor batzuk.

        Illebirik baten joaten zan Montevideotik ara, ontzi txiki bat, eta ontzi onetan uste eben Montevideora joatea, baña oraingo osteran, luzamen andiaz eldu zan irugarren illebetean. Ontzi orretan joan zirean Montevideora amabost egunean.

        Jarri zirean ostatu baten, irabazbidea zuzendu arte, edo euren errira joateko eretia agertu arte.

        Josetxok biraldu eutsan irazki bat, bere aitta Txomin-txikiri, iragarritten eutsazala «Ibaizabal» ondatu zanik arreskero, bere lagunak eta berak igaro ebezan gertaerak. Irazki orretan ziñoan ezekiala Longin da bere lagunen barririk, eta amaittuten eban aittamai esaten eutsela, guztiz maite ebazala, ta alik ariñen etxeratuko zala, andik ezpegoan irabazbide onik, eta Eladitxori agur gogo-argidun bat egin eioela, ezkongei begoan.

        Mundakan ezeban iñok uste izan, Josetxo ta bere lagunak agertuko zireanik; astuaz joazan guztiak. Txomin-txiki, Juana Mari ta Eladitxo zirean oraindiño, Jaungoikoaren mirari bategaz, agertuko zireala uste izan ebenak, eta itxaropen orregaz egozanak.

        Eladi Ondartzaratu zanik ogetamabostgarren egunean, artu eban Txomiñek, Josetxoren irazkia: Juana Marik eta berak, poz-pozaz negarrez egozala irakurri eben iru bidar irazkia: eroan eben Eladi gelara ta Juana Marik negar gozoaz esaeutsan:

        —Eladitxo, Josetxo bizi da; osasunaz dago Montevideon.

        Eladik ezeutsan erantzun; begira batera ta bestera begi zoliakaz, joan ara ta etorri ona, zerbait igaroten jakan. Juana Marik barriro esaeutsan:

        —Zer dozu, Eladitxo, ez erantzuteko? Josetxoren irazkia artu dogu, ta bere agurrak ageritten deutsuz gogo-argiaz; ona emen irazki ori, irakurri nai badozu.

        Aida baten Eladik artu eban irazkia ta joan zan leioko argitara irakurtera: irakurri ebanean, jaeban mozuka Juana Mari eztizko negarrak egitten egoala, ta adimen argi-argiaz, ittandu eutsen Txomin da emazteari:

        —Zer gertau jat niri, aittamak Pontzen osagilleaz ezkondu nai nindoenik ona? Estot ezer gomuta, ta ezaidazue zer jazo jatan.

        Juana Marik erazagutu eutsazan gertaera guztiak, eta Eladik erantzun eban:

        —Siñistuten dot esan dozun guztia; nire burua lausoturik egon bear izan dau, ta Josetxoren irazkia irakurri dodanean, argittu jat neure adimena. Zein mirari ta atsegiña da, elizkariak eginda daukezan gizasemeak bizirik agertutea! Zein mirari ta gozagarria, Josetxoren irazkia irakurriak, nire adimen lausotua argittutea! Jaungoikoak izentau daben zeru-argiren bat dabil beti Josetxo jagoten, Lurbira onetako galbidietan.

        —Bai Eladitxo, olantxe da izan-be.

        Juana Mari joan zan irazkiaz Mundakara, Josetxogaz batera zirean lagunaren etxietara, erazagututera artu eben albista ona. Guztiak jakiebenean, zer izan zan ango zaratea, leioetan, kalietan da bazter guztietan! Len negarrak, gogo-illunak eta elizkanpak itzaldu beben gizadia, orain barre zantzo ta tanbolin soñuak gogo-argiaz jarri ebezan guztiak. Josetxogaz batera zan Alesander anae batek artu eban aurreskua kalerik-kale: Txomin-txiki-be joan zan Mundakara ikusgurakoa lez, zer jazoten zan ikustera, ta aurreskuak kalean arrapau eban lez, nai ta nai ez, sartu eben aurreskua luzetutera. Gero joan zirean enparantzara, ta eratu eben egun guztiko jantzarazoa. Txomin-txikik zarkotea izanarren, erakutsi eban, oraindiño ankak bereak ebazana; guztiz ondo jolastu zan poz-pozik egun atan.

        Juana Mari beste etxietara lez, joan zan Masimagana bere, Eladitxo sendatu zala erazagutzen, da egunoko arpegi argiena erakutsi eutsen senar-emazte biak. Illuntzean joan zirean biak Ondartzara Eladi billatutera, ta eroan eben etxera. Artzain jarraitzeko gurariaz egonarren, bekian osasunaz egon ezkero bere gurasoakaz bizi bear ebana.

        Txomin-txikik, egun aretan erebillen pozaz, kopla batzuk asmau ebazan Josetxo ta Eladiren gomutagarri, ta Mundakatik bere etxera, jostera joaten zan josleak, iratzi ebazan ingi baten, da laster ikasi ebezan, erriko gizadiak, eta kanta edo ereziten ebezan, kalietan, etxietan da leku guztietan.

        Ona emen kopla orrek:

 

                Agertu jaku Montevideon,

                Josetxo geure laztana,

                Onegiñetan,

                Mundu onetan,

                Iñoz aspertu eztana.

                Elizkariak il zan ustean,

                Ziurpetu jakazana,

                Bizibidean,

                Zoritxarrean,

                Sarri ibilli oi dana.

 

                Izar eder bat, egon bear dau,

                Josetxo beti zaindutten,

                Naibagietan,

                Galbidietan,

                Bere ardurak artuten.

                Eriotzea bere aurrean,

                Sarri euki dau deittuten,

                Barre egin da,

                Ikusi oida,

                Garaitsu beti urteten.

 

                Elizkariak egin da gero,

                Guztiok uste genduan,

                Done artean,

                Bizi obean,

                Egongo zala zeruan.

                Baña iltea etzan egongo,

                Jaungoikoaren gogoan,

                Agaittik berez,

                Mirariz legez,

                Agertu jaku munduan.

 

                Elizkariak egin zirala,

                Josetxok dakienean,

                Jantzan jarritta,

                Barre egondda,

                Esanlei bere artean;

                Emetik gora, zeruetara,

                Biraldu nabe etxean,

                Laster ostabe,

                Esango dabe,

                Jaio da bigarrenean.

 

                Eladitxoren gertaerakaz,

                Egongo da arritturik,

                Jakin ezkero,

                Itzal da ero,

                Zelan egon zan galdurik.

                Zelan adimen argi-argiaz,

                Jarri zan pozez beterik,

                Josetxo beren

                Irazkiaren,

                Albistak irakurririk.

 

                Olako gauzak, jazoten dira,

                Gure Lurbira onetan,

                Maittetasunak,

                naibagedunak,

                Inddarrak dabez orretan.

                Biotz samurraz, gura deutsenak

                Alkarri bene-benetan,

                Jira ta bira,

                Biziko dira,

                Jaungoikoagaz baketan.

 

aurrekoa hurrengoa