www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beste olerkiak
Salbatore Mitxelena
1933-1955, 1977

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ETZEGON ILLA

lotan zegoan Erria!

 

        Badira eun ta berrogei ta bi urte, Guillermo Humboldt euskofilo aipatua Euskalerri ezagutzen emen ibilli izan zala. Gure lurralde guzia alde batetik bestera iragan zun ikustatzen. Lapurditik asi ta Bizkai mugaraño, azal ta mami zorrozki aztertu giñuzen biotz-biotzez maitatzeraño, aitzin-gibelak zinki zedarritu zizkigun, alderdi onak eta eri aldeak zeazki neurtu, pixuan jarri... Eta ondorenez, «Euskal ibilgoko egunerokoan» tarteka, onelako igerriak irarri zitun, gerokoen gomutarako, Euskalerriren atarramenduari buruz:

        «Prantziko ta Españiko euskal probintziak itxaro dezateke, biztanlez eta ongi izatez aurrera egitea, gaillurragotzea. Baña, onezkero luzaro gabe utzi bearko dute beren izakera, badatorkio euskal Erritasunari azkena, illunabarra. Eunki erdia eztu bearbada joko euskerak izkuntza bizien artean. Mende erdia baño len il bearko du ta deseindu, VIII ren sarreran Sanbliako bazterretan prusitarren izkuntza zarrak bezela, gaurreguntxe ere beste kideko zenbaitxo izkuntzek bezela...

        «Gizadi kultura nondik nola dijoan ikusita, badirudi, bein alako zibilizazio mallara iritxi ezkero, zenbait erri apuroen bereiztasunak aldegin bearra dutela lurbiratik, giza alkarte aundiak, alik aundienak, leku ta joku dezaten...»

        «Mingarri da ziñez gizadi osoaren aurrerapenak ala eskatzen dula ta Erri bat, aren onerako, arek zapalduta, ola iltzen ikustea!»

 

* * *

 

        Il epai ori 1801 garrenean zan. Badira beraz eun ta berrogei ta bi urte, aleman batek mende erdi bat orduko ilko giñala iragarri zigula. Oraindik, alare, bizi gera; obeto esan, ez gera il. Mende erdi bat ez ezik iru alako ere ia garaitu ditugu bizidunen artean, Humboldt-ek uste ez bezelako eraso ta txigor jasa larriak arrezkero jasan bear izanagatik.

        Ez diogu arrandiz. Aitzitik, erronkak utzita aitor bearrean gera: zemai arek bazun egi aldea, egi muña, bai asmalegea. Ezurretaraoko bildurra sartzen digu oraindik ere gogoratzean zemai aren erpe urbillak. Noizkoa, eunki erdi orduko ilko giñalakoa: ortan soilki utsegin zun. Bestalde, ark agindurik oro gerta zan edo gertatzeko zegon. Gure bidearen azkenean osin galgarri bat genekusan gero ta urbillago: Humboldt-ek aurrez oartutako illobia, obi astandu eziña. Ark nabaritako Sarkalderaxe zijoan jeixten eta jeixten, ezerk geldiarazteke, euskal eguzkia, gero ta amiltzenago, aalke gorrienean murgiltzera...

        Bizi giñala... Zenbat gorpuzki maite eta bearreko ez genitun galdu, ordea, etzizkigun eriotzak lapurtu! Naparroa geiena, Araba osoa, Bizkai erdia erdalkeriak jan zigun, ezarian-ezarian. Beste Bizkai erdiak eta Gipuzkoak berak ere, biotza arrak jaten asia zeukaten, berriz; biotz-biotzeraño eldu zitzaigun gaitza. Humboldt-ek esana alperrik oroitzen genun: zenbat eta jazartuago ikusi bere izkuntza euskaldunak ordun dizu ta maiteago ; azken urteotako neskatxek, geure arrebak, euskeraz itzegitea basakeri etsita, erdera utsean ari nai izan dute albaitgeien, apainki, aundiki arauz, buruak agertu bearrez.

        «Un peuple qui s'en va» —deitzen digute arrezkero atzerritarrak; bai pozik berriz eta berriz asetzeke gomutarazten zenbait urre-urrekok, eta bertakok... Gure Unamuno aize joak ere, lepagañeko lapiko aundiari zegokionez zerbait aundi esan bear ba ta, bota zun berea: auxe genula euskaldunak Amarekiko onen-onena: iltzen utzi bai ta maiteki-maiteki, seme zindoeri dagokienez, fur eman... Beñola, euskera ez jakiteak ezpaizion geiago lotsarik emango! Amaikatxo bele gaizto..., zenbat bele gaizto ez ditugu gure buru elurtuaren gain belbeltzik jirabiraka ikusi, laidoz eta gogoz, ilko gerala ta ilko gerala, euskal egunei kua-kua egiñik, eriotzaren ondakinzale adu txarra aginduz, gure miña miñagotzen...!

 

        1839 ta 1876:

        Atzerria gutaz jabetu zan, azken fuero txamarrak kendu zizkiguten; euskal zugaitzari ondoa billatu, arkitu zioten: erro-errotik moztu edo susterkatu bear zalata, ala, jabetasuna ezezik erritasuna ere erazten alegindu Aran. Euskaltasunik oro beztu zuten, beztu zorigaitzean; baita sinistarazi ere, zorigaitzagoan, zenbait txoribururi, emakumeeri batez ere; orregatik oien alako jokera... Erortzeko zegon zugaitzondoari alperrik Sabin eta sabindarrak eutsi nai izan zioten;

 

        1936:

        Alemaniak eta Italiak, Franco-tarren eskuz, jo ta garbitu zituzten sabindar oriek, edo espetxetan edo Bizkai gudan edo arma kontretan. Obispoak eta erri agintariek bat artuta erdera, aotik ezpazan, sudurreko zulotik sartuarazi ziguten. Gernika —Euskalerriren beginini ta irudi maite genun gure Gernika bitxia!— an datza erre ta kizkalia, gerora gallegoz itoa. Eskoletaz, eleizkizunetaz jabetu ziran, euskera txintik ere ez onartzerao, otoitzak erderaz —egundo bearbada itzegingo, ulertuko etzuten erderaz— umeeri erakusteraño. Euskera ikastoletan birao zan; elizkizunetan, Jainkoak nekez ulertu zezaken mintzaira arlotea; kalean, separatismo agiria; nonai ta beti KATHAMA eusko-erruen iguiña eraman bear zuen ilgarri etsia...

        Badakizu, irakurle maite, grezitarren, judearren alako oitura. Urtero-urtero juduak aker bat, grezitarrak gizon bat —peripsema, Rathama, perikathama, izenez— bereiztu oi zuten eta beren oben guziak bakar arixe erantsita juduak lekarora bidali, grezitarrak arkaitzetik bera itxas ondora jaurti oi zuten, Jainkoak begitarte onez erri biak begira zitzan... Gure Euskera Ama, bere urte ezin zenbatuen ohore ta guzi, itz txarrik etzekila ta amaika olako omen ta guzi, begiz jo zuten bizkaitarren, gorrien, nik al dakit zenbaten erruak eta zorrik oro garezti-garezti ordaintzeko. Ori izan da urte otako gaizkirik gorriena, euskalduntzat beren buruak zeuzkaten zenbaiten kolperik gorriena; guk ezin, Jaungoikoak ere ezin berealakoan barkatuko dien okerra.

        «Il edo bizil!» —onela zala, onela ondo jarria zegola euskal problema, etzuten sinisten, etzuten sinistu nai len zenbaitzuk.«Il edo bizi!»: oraingoan, orratik, —noizbait!— ezagun eta aitor dute, 1936-ko denboraleak erakutsita, baietz orrela dala euskal erabakizuna, guk esan bezela dala; eta abertzaleen aurkako asko guregana dator orain damuz, —berandutxo? Ez, euskaldunak alkartzen beti degu garai!— Euskalerri naiko elbarria gaizkatu nairik.

        Sendatuko ote? Berbizterik bai? Itxaropena ez genun zearo galtzen artean, Bizkai guda, gero Españi guda galduta ere. Andik edo emendik —adimenak ez jakin nondik— biotzak bazekusan, somatzen zuan, oztartean oztin txulorik, itxaro usotxo xuriren bat, garaipen ereñoa mokoan, etortzeko anbatekoa...

 

        1940:

        Prantzia abaildu, Alemaniaren zankapean. Ordun, bai, itxaropen izpirk oro, gau beltzean zearo itzali zitzaigun. Gure ilbearrak etzun badaezpadarik. Gure adu gaiztoa arrezkero erabakia zegon: gureak egin zun! Astia gora-bera, goizetik gabera ilda arkituko giñan luzaro gabe. Ia-ia-ia gorputz esten genun ordun bertan Aberria.

        Gure illobiaren gain, lengoaz gañera, beste estal arri astuna, bigarren arri are astunagoa, egotzi ziguten, Lazarorena bezelako berbizterik ezago genezan. Atsekabearen atsekabez, bein baño geiagotan illobi orren aurrean negar ere egin nun; eta negarrarekin erosta aidatu, olerki eresiok zertu... Alako miña baizan Aberri gaixoak zeridana!. Non mortui laudabunt te, Domine;... sed nos qui vivimus benedicimus Domino, salmodiatzen genun bakoitzean, nere Erri gaixoaren urrikalkizuna nekarren gogora, erruki ta min...

        Ez naiz lotsa, ez, negar egin nula aitortzen. Jesu berak ere alaxe egin zun Jerusalen jainko eraillea begiz-begi zekusala, luzarogabe ondatu ta arri-arri biurtua izango zala gogoratuz; alaxe Lazaroren illobi aurrean, maite zuna keratsa zeriola ikusita.

 

* * *

 

                Alostorrea, bai, Alostorrea!

                Alostorreko eskallera luzea!

                Alostorrean nengoanean goruetan,

                Bela beltzak kua-kua kua-kua leioetan!

 

        Illarena egiten zerraldoan zetzan aurreko aita maite ura iltzat jo izan ezpalu, Alostorreko neskatxa argi ta garbiak etzun para al izango, gaur ainbestean daukagun eresi bitxi ori. Entzuten eta bixi-bixirik zegon Alosko Beltran jaun ernaia il etsi ezpalu, etzion ain egoki agertu al izango, zion maitasun zin-ziña. Alaber, Bizkai guda izan ez balitz, nolaz ain garaiki gudariak azaldu, Aberri alde jokatzeko zuten bular eta leialtasuna? Alako inka larrian Euskalerri iltzer ikusita, Alosko neskatxak legetxe eresiz eta illetaz erakus genion Aberriari guk ere, genion onginai ta itzala.

        Arpegira, eder-eder dagon Ama bati maite degula esatea ez da ezer; itxusten danean edo urruti dabillenean, Aberria iltzen dijoanean eta aren bearrik ez degunean, ordun agertzen da ederkien zintasuna, etsaien eta ixekaz ta parrez entzuten digutenen aurrean ere, aren seme izatea leñargitzat goraipatuz, abizena goretsiz, arganako biotz maitasuna noiznai ta nonai eskutan eramanik...

        A nolako poza Alosko alabarena, aita zerraldotik bizirik jeiki zanean!; ez noski, ustez ildako Beltran berbiztu zalako bakarrik; baizik eta bere zindotasunaren maite agiri gardenena, ezaugarriena, abagune artan alabagandik aitak jaso ta milizkatu zuelako ere bai. A nolako pozkida ta atsegiña litzaken gurea ere, era berean biar Euskalerri bat-batez pizkortuko ta edertuko balitz, illetaz eta aintzaz gauil ontan maitasarrea ezagun azi diogulako! Zer besterik dira, izan ere, olerki eresiok, biotzeko aberri miñaren kimu eta agergarri baño? Orregatik, beste ezergatik baño, maite ditut, gerora gogoz irakurriko ditut idazlanok: ene zindotasunaren seme ta oroitgailu diralako. Irakurle: (Lauaxetarena esango dizut:) «elertiyak etzaitu babestuko, abertzaletasunak baño».

        Euskalerri pizkortuko balitz... Eta pizten ezpada? iltzen bada? —Iltzen bada, ilko da —genion—, baña ez eresirik gabe, ez maitasarre gabe... Geran bitartean, ondo gogoan izango degu. Geran bitartean, izango du lurbiran bere izena bedeinkatuko dunik, euskeraz itzegingo ta Agur, Ama, maite zaitut! esango dionik...

        Kanta, bai, kanta betiere, —genion— joranez bularra anpatuz, naiz berak ez entzun. Kanta, biotz betea asazkatzearren, Eder galeak, abertzaleak ortan dezan atseden, kantarik oro otoitz biurtzen da ta.

 

                Zein ederra dan olerkaritza,

                Biotzak min duanean!;

                zein ederra dan somatu nuen

                Ama!, zu hil ziñanean... t. ab.

 

        1943:

        Ia-ia-ia Aberria il etsi genula esan det len. Ia-ia... Ingalaterra gelditzen zan artean zutik, Prantzi laguna galduta ere ez etsi nai ta kaskarreko ederrak artzen gerran tenkor, ugarte osoa bonba azpian itxasperatzeko zori larrian, egun obeen zai... Alako batean, orratik, nagiak atera zitun, eta asi zan lanean, asi zan indartzen, kaskarrekoak artu ala erantzuten. 1942: eta orra non, urte on burutu orduko, airez eta itxasoz jaun ta jabetzen diran ura ta aldekoak, Afrika garbitzen duten, Sizilia artzen duten, non Italia beren mendea eskatzeko daukaten, Europa ito bear dagon ketan eta odoletan... Zorioneko egunurratzea 1943ko egunsentia!; menpetasunaren espetxe illunetik begira batez ere.

 

                Aren begikun gozoa!...

                Burni tartetik giltzape beltzean sartzen,

                askatasun egunaren

                urratzea ez dan bezelakoa... (Lizardi)

 

        Enderri txiki aska zaleetako milloika giza ta emakume, zar ta gazte, emen gaude, atarira, demokrazi eguzkiaren len argiak xurgatzeko, beso zabalik, zoratzen... Oraindik guda gorriaren izotzak dauka ibarrondoa; baña, dagoneko, Itxaropenak eguzkiz jantzi ditu mendi gallurak. Ai aurtengo Pazko goizeko kanpai mingain arin, bizkortiak, —Alleluia, alleluia!—; Jesus bezela gu ere, Argan sinisten degun erriok ere, berbiztuko gerala aldarrikatzen zuten joale urrun zale, ebanjelariak!...

        Udaberri ongi etorria! Bizi berritze sorgiña! Erlauntza bateko erle urrezkoak elirake ainbeste alaituko udastez, lenengo lilitegi loratu-loratuan eztigaia erruz idorotean, aurten gu etorkizunari begira alaitzen geran aña; elirake ainbeste driskatuko eskola umeak, ez dakiten lezioa esan bearraren ordez, estuasun gogorra uste ezenez utzita egun guzirako jolas baimena iritxi dezatenean; Amak bere umeak eskeintzen eta Sortaldera jasotzen dizkio Aberri ernemiñari agurka, gizasemeak bere besoak, itxasgizonak arrauna, jaupariak otoitza, erri guziak beren eliztorrea, bakoitzak al duna, danok degun eta geran guzia.

        Orain, bai, orain badirudi egia Humboldt-ek esandako arek: euskera bazterretsiago ta euskaldunak maiteago. Joandako gaua illun luzeago, ta aurtengo itxaropena atsegarriago, aurtengo amets eta amets egitea osagarriago! «Atsegiaren gozatzeak baño pozaldi zoragarriagoak dakarskuz maiz atsegiaren amesak» (Barrensoro); oi, ein ontan, min ontan, iraun baleza betidanik gure aurtengo Sorterri aldeko iguri ta maitasun ta indarrak! Udalen ontako gaztetasunak giño onetantxe beti iraun!

 

Etzegon lila, etzegon illa

lotan zegoan sortitza!;

Baratza apaintzen dute loreak,

osto berriak aritza.

Gauza guztiak entzun balute

bezela Jaunaren itza,

berriztatutzen asi dirade

bakoitzak bere bizitza!

(A. Arruti)

 

        1943:

        Arantzazun Andra Mariaren zaindaritzako zillar eztaiak.

        Emen ikusi degu Erri osoa bide betean Arantzazura igotzen. Espetxetatik zetozen asko, promesa eginda. Gudatean galduta, seme gabeko, senargabeko, ama ta alargun, gudari ta soldadu, nekazari, arrantzale ta olagizon..., Euskalerri osoa ikusi degu aurten eleiz ontan, Andra Mariari zauri izerdiak erakusten, kolko urratua zabaltzen, lor ta atsekabeak berari magalean usten...

        Zerk zekarren? Onginaiak, obeto bizinaiak, aragoak, ordurarteko etzauntzatik jareimiak... Bere txikerrean, agiri zun zerbait aundi emen gure Erriak, gaizka lezakena: Fedea!

        Urtebarruon Ama Birjiñaren oñetan auzpeztu dan, auzpeztuko dan gizozte osoak eskari berea, Lazaroren arreben espa berea dario, ari dio ao batez Arantzazuko Zaindariari:

        —«Ama, maite dezun Erria gaixorik dago...»

        Erriarekin bat eginda, espa berea luzatzen dio Andra Mariak, urre-urretik, seme Jesusi:

        —«Maite dezuna gaixorik dago...»

        Ordun Jesusek:

        —«Pizte ta Bizitza Ni naiz. Siñestun zaidana, il izanda ere, biziko da; ta siestun zaidala bizi dana, ez da betidañokoan ilko. Sinisten al dezu?...»

        Euskalerriak ao batez, oñazeak batuta, belauniko:

        —«Bai, Jauna: sinisten det Bidea, Bizitza ta Berbiztea Zu zaituguna. Sinisten det Zuk berbiztuko gaituzuna...!

        Beñola, Erri siñestunaren illobi aurrean, nola nai dezu Jainko gizonak, beste bein Lazarori bezela, Euskalerri gaixoari ez agintzea: «Irten ortik eta zabiltza»; eta, beste bein ura lotuta zeukatenei bezela, gaurko buruzagieri ez akartzea: «Aska zazute eta joaten utzi...!» ...?

        Ingalaterrak eta garaipidea artu dutenetik, baietz uste degu. Ala biz. Jaungoikoak nai baidu —zion A. Kardaberaz beneragarriak—, Jaungoikoak nai du Euskalerriak burua jasotzea...!

43-VIII-15

 

aurrekoa hurrengoa