www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beste olerkiak
Salbatore Mitxelena
1933-1955, 1977

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

GURUTZEAK

 

«BAI»-kideai,

lengo Gaztelugaitzeko
gurutze jartzearen gorasarrez

 

        Bat, bi, iru. Iru gurutze agiri dira berriz ere, zein baño zein jeikiago, Arantzazuko arpegi-arpegian. Bata Gaztelugaitzen, eztakit noiz aizeak eratxia, oraindik orañena gazte talde batek berezarria. Bestea, Aitzabalen. Irugarrena, berriz, erdikoa danez ospatsuena, argizkoa deritzagun Aitzerrekoa. Iru-irurak Jesukristok bi lapurren artean erosi ginduaneko Kalbario antzalda berriztatzen digute. Iru-irurak, Arantzazu au oraindik euskaldunen Kalbariotxo bat degula aditzen ematen digute. «Oroizu, —mintzo gabeko itzez bailesaiguten— oroizu antziña batean etxe-etxeko Kalbario osasungarri aundia izan zala Arantzazu auxe euskal-eskualdunentzat, eta gerora ere beste oinbeste baditekela, bear lukela... Emen irabazi zun Euskalerrik Andra Mari bere Ama izatea. Emen Erospena bereganatu, ikurtone oparoen bitartez, erromesaldi bakoitzeko aitortze ta jaunartzez...»

        Bat, bi, iru gurutze ditu orain Arantzazuk atariko iru gailurretan zuti eta oroimingarri, Osasuna zabaliz... Bat eta bi baño etzitun, ordea, azken urteotan, arik eta Baikideok maitasun utsez eta euskeltzale garrez irugarrena lengo batean ereiki genun arte. Lotsagarri zitekean, bestela, gure fedearen biotz muña degun Arantzazu ontan gurutze bat erroiztu dalata bestea ez jasotzea. Lotsagarri, batezere, aurrekoen gurutze zaleari begira.

        Zori obeko aspaldi batean Euskalerriko zelai ta bazterrik oro gurutzez gallenduak agiri ziran. Gaur ez beste ordun oro zan gurutz. Orduko euskal begiak, kristautasunez beteak zeudenez, edozertan antziruditua zekusaten ikurri santua: itxasgizonaren txalupa arraunetan, egari doan txorian, besarkatzeko dauden senar-emazte, ama-semeengan. Gurutze donearen tajua jotzen zieten arraunlarieri, egaztieri, sermoilarieri, laztantzera doazenei..., zer-nairi. Euskal biotzak edozer gauza baño maiteago zuten ordun Erosgallu auxe. Edozein ikurrin, eskudo, bitxi, ontzurre... baño apaingarriago ta aintzagarriagotzat zeukatelako, orregatik, kokatzen zuten tokirik garaienetan, goi burutzat: sukaldean, oñe buruan, soroetan, oma bakoitzean...

        Mendi bakoitzeko gurutze bat, biotz bakoitzeko gurutze bat. Erlijioak gantzuten eta bizitzen zun euskal arima osoa; erlijioak jazten eta apaintzen ere gure Lurraldea. Gurutze santua izan da beti gure etxe ta kanpo, gorputz eta animen babes eta ohore; gure ondasunen altxor, gure leenaren erliki, ondiko ta pozen argallu ta kabi. Euskal mendi guzi-guziak gurutzez gallurtuta jasotzen eta urbiltzen zituzten zerura buruak, oiñeko uriekin eliza bat osatuz, Donokira deika, kristau-errien kanpantorre bailiran... Benaz esan zezaketen, bai, antziñakoak, gerora Lizarralde Aitak egiazki idatzia: «Gure izakeraren elizan, gure Lurraldeko eliz barruan sartu nai duanak lenik "Aitaren" egin bear»...

        «Euskalerria» izenezko olerkitxoan, gure  paisajea nolakotu ta berezitzean, ezin Gurutza goi-goian aitatu gabe, ixillean pasa izan zun Emeterio Arresek:

 

                Ara zer alai dagon

                gure Sorterria...,

                baserritxoak nunai

                ta nunai pakia;

                mendi gain bakoitzean

                txabola txikia,

                artalde bat ondoren,

                gero..., Gurutzia!

 

        Euskotarrak ere Ereserkia abesten degunean: «... Areitz bat Bizkaian da...; areitz gañean dogu — Gurutza deuna, beti geure goi buru.»

        Jundako gizaldi ontan, baña, azken urte otan batez ere, Areitza —ta aritzakin euskaltasuna— igartzen dijoa; gurutzeak —eta gurutzeekin Sinismena— urritzen doaz.

 

                Santas cruces, santas cruces,

                ¡vais cayendo, vais cayendo!

 

        Erdiragarri datorkigu gure Trueba aipatuak lenik jasotako antzi urrikalgarria. Enei, enei! Erortzen ari dira, erortzen egunetik egunera, Golgotan buru opaldutako Bildotxaren oroigarritzat abasoak mendirik mendi ereiki zizkiguten gurutzetxo-gurutzetxo santuak. Ta —tamala!— darortzen gurutzeekin, birtuteak darortze, birtuteak darortze! —zion, dana biozgetuta, bizkaitar gizajoak. Prantzi matxiadako egoaize siñesgeak jo ta iñarrosita lurrera datozen gurutzetxo-gurutzetxoekin, zenbat gauza eder doazan ezerezera!: euskera ta kanta zar, usario ta oroimen, elizkoitasun ta leñargi, kristautasunakin batean eskaltasunik oro, oraiñarteko onik eta ederrik zenbat!.... dana, dana doakigu akitzen, ondatzen, pulunpatzen... Enei! Au sarraskia! Au ondamendia urte otakoa!

        Kristautasuna ta euskaltasuna alkarrekin zori berean uztartuta doaz, nonbait, gutartean. Euskaldunik ez dadiean, nekez gurutzerik ere gure mendietan, nekez erlijiorik biotzetan. Geroak lioke. Dana dala, eusko-odolaren omen aundienetan aundiena auxe: ilko gaituztela bearbada,

 

                ...baña ez

                gurutza ausi gabe lenik;

                Larresia maitez anbat

                Gurutza maite huen ik!»

 

        Euskal fedearen sukalde epel berogarri degun Arantzazu ontantxe ere badira zenbait ikurri, urtien ajolakabez erori ta gure begietatik galduak... Bidazti: alperrik zatoz Arrikrutz, Zurkrutuz, Burdinkrutz... nun diran galdezka. Baziran; eztira.

        Gaurreguneko billoba batek galdetuko dio bearbada aitonari nondik jo bear duen Arantzazura irixteko. Aitonak eztio jakingo Zurkrutz, Burdinkrutz..., beste mugarririk; eta beatz besoaz batera begi lausoak jasoz esango dio jo zak zerako portutik arako gurutzera, bein ara ezkero agirian duk Arantzazu. Gaztea elduko da, izerdi patsetan, gurutza noiz begizta miñez, eta bertaratzean, eztu topatuko aitonak esandako mugarri santuaren aztarrenik... Landan ez gurutzik, bidazti nekatuaren biotzean ere ez pozik!

        A Euskalerri gaixoa!: ire edesti osoa neke bide bat duk ziñez, pagano ta jentillen errekondo laotsutik abiatuz, mendeak zear, kristautasun beteenaren Eros Mendi argitsura igo ta igo datorren neke bide eredugarria Pauso santuak azken mugan ia jarri ditukaneko il ordu ontan ez al dek, bakantzen eta bakantzen doazen gurutze oetatik bakar bat ere izango elburu tontorrean, bidetzaroko euskal izerdi, zauri, neke ta jasanak donetu eta sarigarri biur ditzan?! Iltzeko agiñean omen ago; ilzori orrek oe buruan, ezpañetan, gurutzerik ez?

        «Mendi-mendiyan», Aizkorrin, Gurutze bat, omen. Joxe Marik eta Andreak bezelaxe, Kristau ikur orretxen oetan ikusi zuten euskal probintziak beren elkar maitasuna ernemintzen, azitzen, aunditzen... «Goi buru» orretxen oñetan ikusi ere ditugu gaur-gaur Joxe Mariren kideko abertzale zindo aintzatsurik pranko azken arnasa ematen, euskal batasunaren Aizkorri gurutze orretxen oñetan ikusi eriosuar odol usten, iltzen... Andreak ez omen zun ezergatik utzi nai, Joxe Marik maitasun itza eman zioneko ta maitasun alde il zaneko gurutze santua. Euskalerrik utziko ote, asaben aginduari amor eginda, Leenari, leñuari eta etorkiari uko eginda; utziko ote —noiz ta gaur, ilko ez ilko dagoneko ontan!— euskal urratsen jomuga ta xede ta aldare izan dan Siñismen gurutze salbagarri ori? Bazterretsiko ote, aurrekoek milla ta milla bider musuka leundu ta maitasun malkoz bustita oñordetu zizkiguten zerurako mugarri bedeinkatu oriek?

        Egintzagun:

        Badator eromes XX garren mendean gora Euskalerri bidaztia, amaika gizaldiko zama bai bizkarrean, nekez eta izerdiz, bide luzeko autsak arpegia jana, badator erromesbide azkenera irixten, eta «non dut ene Kalbario Mendi? —galdetzen du—. Non dut, bertan, nire Pasio lorrak Aitari opaltzeko zugaitz gaizkatzallea? —eskatzen—. Non nere nekaldi oni dagokion Gurutze eroslea?»

        Eta galdegiñaren ezak, iruzurrak aunatuta, geiago ezinda, erortzen da, lurra jotzen du, alperrik bein berriz jeiki ta abia nai luke, alperrik bein berriz begi odolduak jasotzen mendi gañetara: «Oh crux, atoz! —deika— spes unica!»

        Eta arnas estu, asperenka (onela atzipetuta) il liteke atzenik, gure Euskalerri gurgarria, katolikoetan katolikoen eta aitzindari izana degun Erri bakar, Israel donetsia.

        Olakorik ditekenentz pentsatze utsak, ai nolako izu ikara sartzen didan gorputz-ariman!, nolako izotza zañetan!

        Bañan, ez. Eztira, alare, gurutze guziak deseindu oraindik gure eskualdean. Zenbaitzu aurkezten ditugu oraindio zuti eta garai tokirik nabarmenetan, Euskalerrian oraindik fedea badala aldarrikatzen. Il zarrak aspaldi batez ezarritako gurutze bat zein zoriongarri eta ederra dan, gero, mendi bizkarrean, oztieko islara, errien zaindari ta sinismenaren lekuko! Illunabartzen doanean, badirudite, beso zabalik, Ama batek letxe besarkatu eta, gauaren kontra, eguneko siñesgabekeriaren kontra, beren magale santuetan aterpetu nai gaituzten Aingeru jagoleak...

        Illunabartzen doa Euskalerrin, illunabartzen Arantzazun.

 

                Larria benaz euskaldunentzat oraingo ordua!

                Au gauza zarrak lurpetutzeko lelo zorua!

                Galduko ote da gure Erri kutun antziñakua?

                Esnatu, jeiki, seme leialak, ai! ni banua!

(Arruti A.)

        Onelatsu azken naia, azken agurra ekartzen digute iltzerakoan, atsanka ta abots ixillez, euriak ia usteldutako zurezko mendi gurutzetxo apalak. Zugaitz bat udaburuz soiltzean, alaxe adar utsetan zurtzik eta erorkizun gelditu oi dira azken orritxo kolokak, noiz orbel, ezerez biurtuko... Alaxe ematen dute, lagun zarrak ilda bakarrik eta deslai geratzen diran gurutzetxo gaurkuok. Bai, maite ditzagun. Zaindu ditzagun.

 

                Noble Tierra de Cantabria,

                cuida de ellos, cuida de ellos;

                que cuando las cruces caen...,

                ¡ay de los pueblos!

 

        Zuek, ene Baikideok, bein eroritako gurutzearen ordez lengoan berria jarri zenuten gazte gogaikide goragarriok: neurtu ondo zuen gurutze eregite orren irakaspen bikaña, esakizun luzea. Illunabartzen doaneko ontan ez ditezela gurutzak aiendu. Il edo bizi, gaur ditugu bearrekoen. Gaur batez ere «nos gloriari oportet in cruce Domini nostri Jesu Christi in quo est salus, vita et resurrectio nostra». Il bear badegu, gure eriotzaren oe buruan begola bera azken arnasa artzen. Bizi bear badegu, bera izanen da «gure osamena, bizitza ta PIZTEA». iO crux, ave spes unica!

        Gaurkoz, bi agakin egindako zurezko gurutze txiroa baizik ez degu tinkatu Gaztelugaitzen. Biar, apaiz egiten geranean, itzal aundiagoko bat jarri bear degu Euskalerri osoaren aurrean. Euskalerri osoari itzal egingo dion Sinismen Gurutze aundia —¡in hoc signo vinces!— jarriko degu biar, Zerurako mugarri, apaiz egiten geranean.

 

                Gurutzea daramat

                biotz-biotzean

                eta MAITE bat bere

                alde bakoitzean:

                goian JAUNGOIKOA ta

                AMA barrenean,

                eskubian EUZKADI,

                EUSKERA ezkerrean.

 

        A. Peñagarikano-rena kanta zenuten Donosti Abaren lau abotsetako eresi ederrez, ura ezarri ondoz; nik onela nioke doñu berean, Emausko ikasleak lagun:

 

                Gurutza jarri degu

                Gaztelugaitzean.

                Ikusi nai genuke

                mendi bakoitzean.

                «Illunabartzen doa,

                gau degugañean;

                Zaude gurekin, Jauna,

                illun dan artean!».

 

43-5-22.

 

aurrekoa hurrengoa