www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beste olerkiak
Salbatore Mitxelena
1933-1955, 1977

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ABE MARIKOA

 

Tapia Perurena-ri esker ordañez.

 

(Euskal probintziak

alkar batuta ikusi naiak

sortutako olerkia)

 

Bekoki latza goibelik baña

goibelagorik barnea,

igaz Bizkaian ondatu zuten

gudari abertzalea

 

Bidasoz arontz doa jakin min

non darkikean pakea,

non darkikean pakea eta

non arki bizibidea.

 

Zori obea euskal Aberri

gaxoak iritxi zezan,

arerioen aurka Bizkaian

odol beroz jokatu zan,

bein ta betiko joputza artatik

jeikiko zalako pozan.

Ala bearrez, orra non doan

atzerri bide nekezan.

 

Gazte gajoa erbeste zear,

sendi gabe, buru makur...

Biotzoneko urrikaldunak

Agur! dasaiote xamur.

(Euskal anaiak: Aberri miña

nolakoa den irakur...)

Ta parreantxez eskar oneko

bizkaitarrak ere: Agur!

 

Buru makurra zutituz, luze

begiratzean iñoizka,

basetxe ederrik pake ederrean

noranai nabarmen zaizka,

tantai artetik arpegi txuriz

poz ta zorion gañezka.

Aren zoruntsu nai zituzkean

Bizkai baserri ta irixka!

 

Gentz ta atsedena arki al ote

aietakotxen batean,

begi ta biotz sorik bai sorik

zijoala iñularrean,

neska gazte bat artaldeakin

dauus etxera bidean.

Arenganatuz urrats orronak,

urbildu zitzaionean,

 

—«Arratsaldeon deizula Jaunak.

(itzok ziozkan zuzendu)

Auña mendiko alaba ori,

arrotz ontaz biozmindu.

Baserririkan morroi onentzat

nunbait jakingo bazendu,

eskar obean agian biar

elkar oroituko gendu.»

 

Neskatxak:

«Bai zuri ere. (Ta ark ixiltzean

mendi alaba otxana

onela mintza zitzaion ondoz)

 

Zeuk antz damakezu, Jauna,

artzai nabillen alaba onek

norbaiten falta dedana.

Anai bakarra Prantzian gora

gudara det eramana.

 

Aberriaren alde gudari

anaia an dedan bitarte,

arko zinduzket artzaintzarako

baserrian aren orde.

Laztan nindula juterakoan

Arrebatxo, aurki arte

esanda alde zan, baña. Gaurgero

luzaro gabe datorke.

 

Gudariak:

—Aberriaren alde gudari

olaxe jun zan zarrena,

etxea ta ama nere zainpean

utzirik, Bizkai barrena.

Zai gengozkion noiz itzuliko,

zai... Bein jakin genuena

illa zala ura, ta aren ordean

neu dei ninduten urrena.

 

Aldegitean agindu nion

«aurki natzaizu itzuliko»

baña ama onak, ai bizi al det?,

eman bide du bost malko,

biotzak gabez dasaionetan

ni ere ez naula ikusiko.

Ene Bizkaiko ibar biguñak,

berriz zakuskedaneko!...

 

Bildur ikarak kukildu nunbait

eta oargabekiro

bizkaitarraren bular

gañean

buru etzanik gozoro,

onela zion mendi alabak:

—«Anai bakarra iltze ezkero,

nortxok zainduko, enei! ginduzke

ni ta baserria gero?»...

 

Baserritxoa begi begira

gel ziran neska-mutillak:

illunak zeukan: ote zedukan

zorigaitzaren urbillak?

Ta arri bai arri begi-begira

zeudela gazte zurbillak,

arrats illuna jabetu zala

dei zun artan gau ezkillak.

 

Gudariak:

—«Zoritxarren bat badakarkigu

gauak bere magalean,

Jesurengana begiak jasoz

itxaroz egon gaitean;

Argan siniste degunok iñoiz

ez baigera ilko arean!

Zoriontsua otoitz egiten

dakiana atsekabean!»

 

«Ai-Marikoa dulunka ari zun

eleizatxo urrutiak.

Barruratuak zitun orduko

arratsak bordan ardiak.

Ta asierako larrean tinko,

oi diran Agur Mariak

otoitz esaten illundu ziran

oñaze menpean biak...

 

40-gr. garagarrillak 6.

 

aurrekoa hurrengoa