www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beste olerkiak
Salbatore Mitxelena
1933-1955, 1977

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

KURTZIPIZIO GAÑEAN

LENAK ORAÑARI

 

        Arratsgiroak orduntxe ixeki zun ortze sapaian artizarra, eguzkia aspalditxo sartua zanez illunaren urbilla gaztigatuz... Egunaren azkenargiak edaten  «Kurtzipizio»-gañetik zijoazela, billobak onela itz eten zion aitonari:

        —Aitona: zeñen polita dagon, gero, argitan erpin-erpiñeko gurutze ori! Orren argiak ez al dio sartzen zeru miña bezelako zerbait biozpean?...

        Eta bertan, Aita Gurutzekoari iraizean (pasadan) «Ni pekatari bat» esaten belaunikatu ziran biak, «Aitaren» eginda. Lenaren azken argiak edaten, onela erantzun zion gero aitona urtetsuak, aspaldi miñaren dardaraz eta begiak urrutira jasoz:

        —Argi orren aldean ederra uan beste bateko erromesentzat ermita barneko «Aita Gurutzekoa», Santo Kristoa. Ordun ez uan gurutze argidunik Beillotxan; baña bai naiko poz asaba zarren biotzetan ermita ontaratzean, emen —Arantzazu begiz aurre— lurra muñeitean...

        Eta biak, Abe-Mariko joaleen dulun otspean ixil eta illunik, an igaro ziran arbidetik, «kaltzada zarretik» kamio berrira irteteko bidez... Bata, gaztea, berrizalez eta gogatsuki gurutze argizkoari sarri begira. Bestea, aspaldi miñaren dardaraz begi agorrak urrutira —nora? noizera?— eramanez, Leenaren azken izpiak edaten...

 

* * *

 

        Lenaren azken izpiak xurgatzen gelditu zan ermitatxoa ere, bakarrik eta zurtzik, billoba-aitonak izkutatu ziranean, Ai-Mariko dulun otspean oroimiñez... Eta onelatsuko itz jardurioa luzatu zion, Arantzazu gaingañetik, argizko gurutzeari. Leena ari zan, ni nintzala lekuko, Orañari izketan, bere buruaren alde:

        —Mondragoitarrak eta Oñatiarrak bide urratzea bukatu zutenean, nolako indarrez emen, nagoneko ontan, tinkatu zuten gurutze santua, izerdien sarigarri!; nolado pozez, Gurutziltzatu apalari lenbaitlengo aterpe txiroa eman! Ordutik diat nik jatorria. Nere ataurretik igarotzen itukan atzo arte Arantzazura zetozenik oro. Atzo arte ez uan Arantzazun iñor izandu nere atarion auzpeztu eta lurra munkatu etzunik. Urrundik Jerusalen begiztatu orduko, nola belaunikatzen ziran «Edad Mediako» pelegriñoak, azken mugara eldu zirala ta pozaren pozez? Alaxe euskal erromesak nere ataurre ontan, Arantzazu oñetan zintzilika nabaritzean.

        Lur santua, santurik bada, emendik elizarañoko auxe! Baitukan, ta ez gutxi, zoriobeko aldi artan, emenditxe asita elizarañoko bidartea belaungorritan egiten zutenak, odola jario, damuz bularra joaz, Andra-Mariganako joranaren joranez... «Kurtzipizio gaña»!; ondo izen gozoa nere auxe, «Arantzazura ustean eta Kalbariora bidean» zetozen erromes il zarrentzat!.

        Baña, geroko batean, Aloñaren saiets, errege bide berri bat urratu ta zabaldu zikaten zuzen-zuzen, or betik, nigandik alde: kamioa. Geroxeago, i ezarri induten arkaitz ortan gallen, kamioaren argigarri...

        Arrezkero, nere txabola txatarra, zarraren zarpilez, bazterretsi diate: aztu. Arrezkero, nire izenik oroitzeke etorten dituk geienak orain, nire izenik gomutatzeke joaten ere. Gaur eguneko ibilzaleak gurago diate noski ire argi sorgiñaren lillura zoroa. Zapataz gorako bidetzaro osoz i bai aute begi-biotzetan. Ai joandako gizaldien ederra! Alperrik deitzen zaituztet. Zuek ezin zatozteke, ezin! niregana; nik joan bear zuengana! nik joan bear zuen atseden lekura, ezjakiñaren magal santura!...

        Tamala! Nere gomutarekin, aztu egin diate gazteok nere edestia ere, aztu nere leñargia, aztu Arantzazuko kondairaren oroitarri bitxienetako bat naizena.

        Irutan ataurreko ikuspegi izan diat, oñetan daukagun komentu onen etxerretzea; euskal fedearen iñular goria bailitzan, zerua gorriaren gorriz su... 1622-garreneko gaberdi artan, nere aterpera ekarri bear izan zikan Aita Zerainek Andra Mariren irudi gaxoa ostatu eske, lekaretxe ederra errauts biur zanean. Irutan, bai, ikusi dizkiat pusketa maitienak suak kizkalita amildegian bera zalapartan erroizten, joanaren leizezulora erorten...

        Ni natxeok bakar-bakarrik Arantzazu ontan orduko oroitarri; ni bakarrik bizi... Estalki berrien zirritu artetik arpegia doi-doian agiri duten, arri baltxixka, xartu-xartu oetxek, oetxek ederki Arantzazuko kondaira aundiaren berri!

        Gaurko gizadi gazteak, baña, ire leñurua atsegin dik ene arripillo lotsagarri etsien aldean. Ire bekokiaren argizko diztira izun on zer ote dek nere buruko leñargi osingabearekin?, zer, bizkarrean dakazkitan lau gizaldien kristautasun eta ohore gurgarriarekin? Ongietorria i, alare, argizko gurutze berri on! Ire etorrerak uxatu zizkian nigandik gorasarre usoak... Ongietorria, alare, i, belauneko seme maite ori! Ni baniak»...

 

* * *

 

        ...Eun milla izar piztu zitun ortzeak orduko. Beste eun milla piztu nere gogamenak ere lau gizaldi aien zeru oztiean, ermitatxoaren burestuntzat...; onen itz jardurioa miñaren miñez entzutean. Ongarri degun gauza berririk oro datorrela, bai, datorrela ordu onean. Bañan, au miña neri ematen didana, ainbat gauza zar ederrek ezjakiñaren galtzar santura igazi bearrak!

 

1942

 

aurrekoa hurrengoa