www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beste olerkiak
Salbatore Mitxelena
1933-1955, 1977

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

MAITE ORDAINTZA

        IRU ZORION OPALTZA

 

                Bitan nere erretore izandako

                «Gatestbi»-ri, bere egunean.

 

 

              I

 

Aurten bost urte, larrez josia,

baso malkartsu ta galgarria.

    Eta ni bertan landare...

Landeretxoa gogoan al du,

lardi artetik ezin azaldu

    begirik, Eguzki eske?...

 

Basoa itzalpe gaitzean zetzan.

Eguzkiaren zirtarik etzan

    iñoiz ezik ara irixten.

T'orduko nire osto bigunak,

Eguzki gabez, lar arantzdunak

    ito zorian zeuzkaten.

 

Lora mardula erten bearrez,

menderatuta nengola larrez

    ote nitzan ximelduko?

Nolaz lezazke lore gaxteak

gainditu belargaitz eraileak?

    ote nitzan, ba, igartuko?

 

Aneika bertan ziran landare,

nire antzera, larrezko sare

    trinkoan maskaldu bear...

Oi Eguzkiren apaingarritzat

ta loren Bizi dan Jaun orrentzat

    jaio loreak, ain igar...!

 

Mardulik urri, asko ximelak;

gañontzekoak, berriz, ustelak

    janda, ilobia zimaurtzen...

Bazetorkidan, aieri letxe,

bazetorkidan bai niri ere

    Erio bizi lapurtzen...!!

 

 

              II

 

Bein zu, ordea, zian igaro

basotik, eta xamur, maitaro,

    ni begira geldi zian.

Biotz ongilez errukiturik...,

ta aien artetik aukeraturik,

    nire zoruna naiean...

 

Urra zenitun ango larrate

eta Eriok Eguzki gabe

    neunkan basotik atera

ta alda ninduzun Arantzazuko

emaitz naro dun apaizkuntzako

    baratz garbi ederrera.

 

Baratza ura bai zala atsegiña!

Ango iparraize pozkin, aria,

    ta ango bun jori bikañak!

Onoimenezko lorez beteta

zeuden bertako landare eta

    belar maindire apañak.

 

Euzki epelak muinkatzen zitun

zerutar aizez bigunik bigun

    kulunka ziran loreak.

Noiz uste izan nire amesmenak

biur litezken orrein ximenak

    lengo landare arloteak?

 

Baratz jorian, zerau baratzai;

arretaz, gero, gerri ta sustrai,

    ninduzun zimaur kimatzen...

Zeuk busti indartu, ta lore ezeak,

margo ugarizko kistar loreak

    zenizkidan ernarazten...

 

 

              III

 

«Nire baratzai doala, Jaun on,

nork nau zai'ko orain...?», espa nitzaion

    andik jalki zindunean.

Nonbait jakinda zein bearreko

    zaitudan onek,

landare au zaintzen berrekiteko

    alkartu gaitu Foruan.

 

Bost urte eginda, emen naukazu;

baratzean zeuk aldatu nazu

    ta naizen oro, zuri zor.

Orregatikan gaur abeslari

esker emanik zor dionari

    txintxo landare au dator.

 

Ta apal eskeintzen dizu zuretzat

maitasunezko ordaingarritzat,

    dunik lore ederrena:

Maitez kiskali sutan biotza

ta zure eskarren betiko oroitza,

    da lore orren izena.

 

Forua, 1935.

 

aurrekoa hurrengoa