www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beste olerkiak
Salbatore Mitxelena
1933-1955, 1977

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRUKO-AREN
KONDAIRA EZAGUNA

 

                Oharra.

                «Iruko-aren kondaira

                ezaguna» olerki hau, beste

                «Larresia ta urretxindorra» olerkiarekin

                berdintsu dator. Guk, hala ere,

                nahiko aldatua denez gero,

                hemen argitaratzea ondo

                legokela uste izan dugu.

                Euzko Gogoa-n argitaratu

                zen, 1956, 1-2 zenbakian, 4-6 or.

 

 

1. Mundu baxter bat

 

Mendi gordaillu, Landesi,

oian mamien ninia...,

zu kanta nai zaitut eta

zure izkutuan kabidun

bizi izanaren zoria.

 

Arrotz ankerren bekaitzak

etzizun josi erpea

artean; giza ezpañek

doi ezagun, doi aitatzen

zure izen orbangea.

 

Berandu arte ez, ba, jakin

zugan gurutz bat zanik;

ez uste, ostope elizan

Landesi, Gurutz ta Txindor

ain elkarren zitezkenik...

 

 

2. Maizter baño jabe

 

Bekaitz mundura ertsia,

alde on asko Landesik.

Onena: ango berri iñork

ez jakitea, bertako

maixter txiruleak baizik.

 

A ze mutilla txindorra

Landesiko jaun ta jabe,

osto orrizko gazteluan,

eiztarietatik urrun,

iñori jauntzik zor gabe...

 

Ezjakiaren altzoan,

zugaitz artean gordea,

Bakarte uraxe zizun

Zerutik iraulitako

ondare ezin obea.

 

Ikuspegi mugaz arat

bazun lur gizenagorik...

Milla aldiz, baña, naiago

kantari eman egunak

iñorat alde gaberik!...

 

 

3. Ez omen, oroi zunik

 

Artzai zar bat, bidenabar,

egoki oi zan iñoizka,

artalde ondo. Txapela

eskuan, atseden ar oi

Aita Gure bat otoizka.

 

Artzai zarrak zekiena:

Landesi artan bazala,

bai an, zastrakan gordea,

gaztetan ezagundako

zurezko gurutz apala.

 

Urteen esker gabeak

larrez ito omen zun gero

fede ikurra. Ta beraz

beste, ez omen zan, ez omen!,

oroi zunik arrezkero...

 

Ez ba jakin unai onak,

lapurrengandik aterri,

gurutze artantxe zintzil

erron berotan zegoan

kabi jaundun baten berri!

 

 

4. Gurutzadun Landesi!

 

Gure txintariak, ontan,

goizero ta pozikago

egun berriak agurtzen,

gurutzadun Landesia,

gero ta baizun maitego.

 

Uda aña negu gogorra,

guzia maite, guzia

goraipatzen kabidunak,

Landesiko gurutza aña

gurutzadun Landesia.

 

Entzutekoa arratsetan

maizterraren eztarria,

txarope loak arturik

illargitara aidatzean

zerurañoko adia!

 

Illargi gau erregiñak

txindorraz lilluraturik,

etzula, aitor zun, lurbiran

aren bakarzale ederrik

aren kantari garairik...

 

Nork, baña, aletu zeiken, nork,

zorion artaburua

Landesi ezjakiñeko

guruzpe larrestatuan?

Abaso bedeinkatua!

 

Bedeinkatua! —zabesan

urrezko txirula joaz,

lena ta etorkizuna

ordunarekin itunduz

an bizi iltzeko asmoaz.

 

—«Ederra baida bizia,

ziñon Landesia maitez!,

A gurutzadun Landesi!

Berton jaio, berton bizi,

ene txitatxok!, ez alde, ez»...

 

 

5. Txindor ala kisne?

 

Oskorri odoleztuan

kordege eguzki ilzoria

aitzen eta aitzen zijoan...

T'erostari lagungoan,

jakia!, au ari txoria.

 

Ai pake lausogabea,

ordurarteko pakea!

Eldu zaik, ondikotz!, orra,

sugekiro, ixil, makurka,

etsai barrabaskumea.

 

Donge alenak, atzetik,

noiz iraitziko arria,

txaparro artetik parre.

—«Dabesala abes (bailiñon)

bere illeta eresia!».

 

Eguzki ilzoriari so,

iñoiz ez bezin ameskor

azken agur zoliena

zeralkion kisne ederrak,

eriosuar eta atsalkor...

 

Jaun oraillaren goria

goriagotuz biotzan,

joranez paparra arrotuz

—«Zure oskorria iltzean

oi al baneza!»— ziñotsan.

 

 

6. Obitik agur

 

Jaurti gezia, beñola,

an doa, eriogarri,

zorrotzik, Landesiaren

biotzeenera txoria

eratxitzeko egarri.

 

Txindor ta Gurutz biak bat

lurrera bertan, autsiak...

Erbeste urrunera iges

zoazen uxatu umeeri

ura agurra ama ilzoriak!:

 

—«...atzerrian Landesiko

gentza non?... Enetxok!, biur,

biur lenbaillen berriro

abasoen gurutzera

kabiketarako... Agur!»...

 

Agur Landesi ta umeeri,

ta an il zan gure txiola...

Landesi alargunduak

obi maindirez txuka zun

illak zerion odola...

 

 

7. Artzai zurraren epaia

 

Artzai zarra artaldeakin

aratu zan udazkenez...

Zer ziran oñatz aztarnaik?

Nork itzulaztu Landesi?

Dana antzeman zun, bat-batez:

 

...il zurrun, txiola izana...

...kabia urra lits, lurrean...

ta gel! gurutza antxe!, etzana,

besamotz, euriak jana...,

irurak laztanka, artean...

 

Gogora zun gaueroko

txindorraren eresia:

illargi izpien edari,

kabi berotik goraltzen

gurutzadun Landesi.

 

Gogora: bakartegian,

jaiot-liz orlegian

jaupaleme ikuseziña,

Adan ta Eben jatorri

oben aurreko zorian...

 

—«Zergatik gera ain gaiztagin!?—

(aiton kupirak aldarri)

Iñori kaltegabeko

egazti au, zergatik il?»...

(...ta ixil ondoz, txindorrari:)

 

—«Atseman aute; baña ez,

gurutza autsi gabe lenik!

(Ura zan, ura epaia!)

Landesia maitea anbat

gurutza maite uen ik!!...

 

 

8. ¿...?

 

Ta artaldeari jarraika

aurrera jo zun itunik,

Aita Gurea, oi zunez,

esan bitartez, galdezka:

—«Zergatik, Jauna, zergatik?».

 

1938-1955.

 

aurrekoa hurrengoa