www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Narrazioak
Jon Mirande
1951-1963, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BURUA

 

 

I

 

        Lelo aspergarria: mugazaindegietako ikerlari hoiek, iragaiten nintzan aldikal, zakua idekierazten zerautaten, ezer jakin nahi gabe, deus entzun nahi gabe. Zoazte zuek buru bat, buru bat dela heiei sinetseraztera! «Jokatu nahi dut tabak iragaiten ari zarela!» Egia aitortu behar zuten ordea: Eric-en burua zen, garbiki mozturik, bizarra arradaturik, bilotxut. Orduan joaiten ziran jaunttoak samurturik, eta estekatzen nuen berriz ere ene oihalezko zakua.

        Bertzeak ohiturik zitzaizkion. Aipu txarretan nendukaten hargatik, gizon oihes, bitxikeriazale eta aistheta nintzalakoan. Emaztekiek nekez entelegatzen ninduten. Ni ere ohitu nintzaion: engoitik ba nakian nehoiz ezin aska nintekeala gizaburuzko hamar libera hoiez.

        Arratsetan, arroztegietara heltzean, burko-pean kokatzen nuen. Eta gero, gau guztian, agertzen zitzaitan. Gau guztian ikusten nuen.

        Bai eta nik zakua ideki gabe ere, agertzen zitzaitan, —atzetik ere agertzen zitzaitan, bizkarrean— ikusten nuen, atzetik, bizkarrean, bide luzeetan gaindi nenbilen artean.

        Oroimenetik ken ordea? Zertako? Den inarroste ttipienak jauzi eragiten zeraukon ene bizkar-gainean eta ene bihotzari kontra hots eginerazten: zurpailtzen nintzan.

        Behin hertzain batek huxtu bat egin zerautan. Deitu ninduen. Ez nintzan inguratu. Ba nakian ene atzean zegoala, Eric-en burua, bakarrik, begiak hetsirik, eurialdi luzean zintzilik, eta zuri. Burua makurtu nuen eta urratsa eztitu: ordukotz ahal nuen, bakarrik, euri-pean galdurik, ene buruarekin hitz egiten. Eric-enarekin ere hitz egiten nuen... Gelditzen nintzan. Eta gero erraiten neraukon:

        «Alo, ba hator?»

 

 

II

 

Aimons-nous, pauvre chien.

Lamartine.

 

        Ez nakian gehiago burutik norat eman. Orain, haurrek eta zakurrek lasterkatzen ninduten karriketarik ilkitean eta metroarean sarguetan. Ezti baino eztiago nintzan heien eretzean, bainan zer nahi duzue, Eric-en haragia usnatzen zuten, nik uste. Mutiko batek, behin, bele baten antzora oihu egin zuen iragaiten nintzalarik. Ikarak hartu ninduen ezen, ene bizkarrean, burua berez jauzi zen.

        Orduandanik ezti baino eztiago izan nintzan haren eretzean ere. Elizetan —eta norat joan ines bertzela?— aulki goraren pean finkatzen nuen eta. otoitzetan nihardukan luzaro. Xurrungaz egon zen behin, gatutzar bat iduri. Ixil zedin agindu neraukon. Ez zen buruzkindu eta ixildu zen. Gau batez, lo-hasman nengoalarik sabai batean, ohartu nintzan, besoa milikatzen zerautala, eta gero, begitartea.

        Lotarik irrino ezti bat egin neraukon, atsegin emaitea gatik, eta laztandu nituen haren bilo txutak.

        Aurkitu nuenean, bihararnun-goizean, ene sorbaldari aitzi, gaizki lo egin zuela ikusi nuen. Bainan ernatzen hasi zen harzara. Zain-gorri eta zuriak ateratzen zitzaizkion lepotik, erro gorri eta zuri batzu bezala: giranoi-zati bat higitzen zitzaion eta zintzurra ordotzen eta zabaltzen zen, ordotzen eta zabaltzen, gummizko izan balitz bezalako klaska batekin. Bizarra ba zuen.

        Ikaratu nintzan ea Eric osorik bihurturen zenetz. Harritu nintzan. Detroit-eko elizaz profeitatu nuen, mailadi beribilkor bat bait daduka. Gainaldetik kantatokitikan, ikusi nuen maila baten gainean behera joaiten eta burdinsarearen peti murgiltzen. Orduantxe begiak ni ganat eraiki zituen.

 

 

III

 

Nigar egin zuen Aeneas piadosak

Vergilius, pasim

 

        Dergymanak —Mr. Neuman zaritzon— igorrerazi zerautan burua mezu bat bezain luze zen barkarnenezko eskutitz batekin. Asko andeaturik izan zen lurpeko maila beribilkorren horzkadura eta «presse-purée»-etan. Ba zarion. Ixurten zuen. Nigarrez hasi nintzan.

        Uda jin zen. Pitin bat usaidua zen. Ni ere hirotuz nindoan emeki-emeki. Bazkal-ondoan, kafea edatearekin, ohartzen nitzaion batez ere. Gauaz, Eric-en buruak ene joitez hots hau egiten zuen: pflax, ptlax!... Nire barrutik hiroa igaiten zen, kolore orotako. Larrua astintzen zerautaten amets izigarriak egiten nituen. Behin atzarri nintzan, hasarreturik; bi besoen eta kaskoaren artean hartu nuen burua, eta tinkatu eta empeltatu nuen ene bihotzaren gainean.

        «Edan diezadala!» Bainan, ondikotz! ez zuen hiroa edan, gorria oro edan zuen. Bat-batean —brast— deslotu zen eta joan zen harlauzetan gainera borobilkatzera, ene biziko zorigaitzerako. Hasperen egin zuen, aserik. Frantzesek treinean egiten duten bezala, aserik direnean. Bi egunen artean ez nintzan atzarri, hiltzeradino nekaturik. Gaua zen. Orduntxe, deusez ez nintzan oroit. «Laurens» zigarreta bat piztu nuen, urrinaren iraganeraztekotz. Bainan zigarretak ere urrina hartu zuen. Armañak. Aphurtto baten artean erre ninduen, urdaila garbitu zerautan. Bihotzetik zetorren ordea. Ene bihotza zen. Gizenduz zoan: zorne baten antzora hantuz zoan. Leher egitekotan zen, alde orotara, ene gorpu guztiaren barrura, bai abarrak bai zirrista urrintzatuak egoizten zituela.

        Orduan burua bilatu nuen, haztaka, Agorrilako itzalpean. Aurkitu nuen, biribil, bero eta astuna. Amultsuki haren matela perekatu nuen ene matelarekin. Iruditu zitzaitan nigarrez ari ginela. Bainan ez. Izertze bat geldit ezina baizik ez zen.

 

 

IV

 

Go ahead, said The Mexican, hit him!

Faulkner

 

        Arrats guztiez ene-etxen elkartzen ginen, Anthony eta ni, gorriz margoztu etxolan. Oholak arraildurik zegozan.

        Furnegoak kebidea oker. Burinezko ohea maingu. Ivan ere jin ohi zen, baina ez genuen maite, bai eta Schnitzelbank-edo konkorra ere, bere koskaren gainean jarten bait zen eta arrabitean aritzen. Baldin hasten ba zen doinu baten joiten. Eric-en beharriak atzekaldera hedatzen ziran. Hordi ginenean, botoiletara aurdikiten genuen burua bederatziko birla-jokuan edo kito-jokuan bezala, herots gehiago egitea gatik.

        Zutik, zut-zutik furnegoaren gainean nik oinak berotzen nituen, aho betez hurrupatzen nuelarik Rhein-eko arpo kiretsa. Non ez dakit, Eric-en buruak amerikar kepi bat aurkitu zuen. Ivan-ek gutisten gintuen. Anthony-k besomotze, zen —nahi zuen buruak guk bezala edan zezan, eta zurezko besoa gakotik ilkita urratzen zuen hark ere kantatu arteano. Biok irri-karkailaz hasten ginen zein gehiagoka. Konkorrak nehoiz ere ez zuen irri egiten. Aski ba zuenean arrabit joitez, txapela kentzen zuen eta eskea egiten.

        Arrats hartan ordea, Eric-en buruak ez zuen edan nahi ukan. Ez eta irri egin. Ez eta kantatu ere. Ivan edanerazi genuen eta ohe-perat bulkatu. Anthony-k eta nik, mahain gainean zutiturik, topatzen genuen, bai gizona, ikai handiko edanontzi handiekin, eta edanontziak sorbaldaren gainetik egoizten genituen, leiharretara, botoiletara, akaitilen argiaren gainera. Berant heldu zen konkorra. Koskaren gainean jarri zen beti egin ohi zuen bezala. Arrabitik ez zedukan ordea. Zankoak elkarren gainean ibeni zituen eta ixilik egon zen. Gero eskea egin zuen.

        Nik, bertzerik gabe, Eric-en burua aurdiki neraukon buruaren gainera. Intzirika egon zen luzaro.

 

 

V

 

Cap de jo!

d'Aubigne.

 

        Gelditokirat heltzearekin, hatsalbo, alde orotarik persegiturik sareak hatzeman ninduen, itzalezko, itzal dantzarizko sare batek, —ehun mila ba ziran edo bat ere ez zen.

        Gabargiek, hegatze bombardatuen gainetik, dantzan ziharduten haizearekin. Barkalunak multiplikatuz zoatzan.

        Kaiolak elkarretan barna sartzen ziran, argizko jauregi eta itzalezko joan-jin egitez. Eremu bat, eremu handi bat, argizko eremu handi bat, ene oinetan, zabaltzen zena, hedatzen zena, ba zetorren, ba zetorren ni ganano. Gibelerat egiten dut. Hurbiltzenago zait. Aitzina dator. Gibeleratarago nik. Ezin haratago joan gelditzen naiz bizkarra azpi-ate bati, ate-sare bati kontra, besoak gurutzaturik, ahoa zabalik. Argia zankoetara igaiten zait eta aurpegian zart egiten deraut.

        Eric-en burua, goialdean itzaturik goialdean eta ezkerrean hertzaintzako agirietan bezala. Agertzen zait odololadakal, gabargietan horra den haize- buhadakal. Neona bezain zurpail da, itxasmarmukak bezain malgu eta berinatsu. Nork nahi du? Hogoita hamar amerikar zigarreta paket. Fluoreztatzen du Mingaizki batek bezala tonatzen du. Zutik dago. Hainbat zutik non makurtu naizela irudi bait zait.

        Oroz gainetik ez dezazuela aldamanetik jo, goait dagozten retrobisoretan, goait dagozen ogi eta arrainen multiplikazioneetan. Xuxen erdiko ogirat! Begia, begia behar da begiztatu, eta ostrea begiaren erdian! Ba diakusat, hire begia, odol-txorten artetik.

        Utzazue ur-hustera. Artatz-plaka ur-huts dadin. Veronica-ren Waila hedaturik, bi iskilimbaren artean.

 

aurrekoa hurrengoa