www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Narrazioak
Jon Mirande
1951-1963, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SADIKOEN ZOKOA

 

        1. Herio gastigua Sinan

        Kondenatuen eraiteko (hiltzeko) metoduak, urkatzea eta lepo egitea dira, bai eta «haiztoekiko tormenta» edo Ling-Chy izenaz ezagutzen den heno lazgarri hura, askotan «mila zauriz hiltzea» eta zenbait aldiz, oraino bitxiago, «Hamar zatitan ebakitzea» erraiten baitzaio. Sinan «emeki eraitea» edo «pikatuz eraitea» deitzen dute, eta beren gurasoak hil dituztenen gastigurako usatzen da. Han izanikako Europarrek kondatzen dutenaz, heriotze hortarako teknika arabera aldatzen da.

        Kasu zenbaitetan herioa laister etor daiteke, beste zenbaitetan, aldiz, viktimaren zoriaren arabera edo, segurkiago, borreruak ukan dituen ixilikako aginduen arabera berantzen da. Bada saski bat, zapi edo bestelako oihal peza batez eztalia, eta saski hartan, haizto (labana) batzu daude. Haizto horietarik bakoitza gorputz zati edo lohadar baten izenaz markaturik da. Borreruak eskua saskian ezartzen du eta haizto bat menturara elkitzen. Orduan zein lohadar edo gorputz zati ere haiztoan seinalaturik baita, ebakitzen hasten da. Erranik izan da, gizon kondenatuen askaziek borreroa erosten dutela, bihotzean sartzeko den haiztoa ahal bezain laister eriden dezantzat.

        Irudi du badela kausa uste izateko goian azaldu dugun teknika horren lekua beste eraite metodu batek hartu duela, gehienetan non ez den beti —hontan ez baitu zoriak, artean sartzerik— pentsa daitekean heriotze kastigu izugarrienetako bat emaitean. Ez da izaten saskirik ez eta haizto markaturik. Tresna zorrotz bakar bat erabiltzen da, eta pikatzea, moztea, xehatzea, ebakitzea aintzina doa emeki, urratsez urrats, alde aurretik erabaki den aribide ikaragarri bati jarraikiz.

        Sir Henry Norman-ek erraiten digu metodu hori nola den. Dio, kriminala gurutze arront baten gainean loturik dagoela, eta borreroak gorputzaren zati marduletarik, hala nola azpiak eta bularrak, haragia «ahurtaraka harturik» ebakitzen duela. Hurrengoan «gorputzaren junturak eta hanturak» bederazka mozten ditu; ondoren sudurra, behariak, aztal-beharriak, eta eskuaren eriak ebakitzen dira. Gero lohadarrak zatikatzen dire esku mutur eta aztal-beharrietan, ukondo eta belaunetan, besaburu eta hanketan. Azkenekotz biktima bihotzean joiten du eta haren burua ebakitzen.

 

        2. Paldoaren tormenta

        Paldoaren tormenta edo paldoan sartzea, gizonen krudelitateak sekula asmatu dituen izugarrienetarik dena, hunela egiten da: kondenatua alderen alde zilatzen dute zurezko ziri batekin, haren punta gibelaldetik, atzekaldetik, sarreraziz. Paldoan sartzekotz, biktima lurrean etzanerazten da ahuzpez, zangoak hala loturik non zabal-zabalik egin daitezen, eskuak bizkarrean estekaturik; eta, borreroak bere lanean poxelu lukean igimendurik ez dezan egin, asto basta bizkar gainean ezartzen zaio, hartan jartzen baita laguntzaletarik bat.

        Sarbidea lehenik urintatu ondoan, borreroak paldoa bi eskuetarik hartu eta ahal bezain barna sartzen du; gero mailu ukaldika berrogei edo berrogei ta hamar zentimetroz barnago bultzatzen du. Azkenekotz paldoa zutitzen du eta lurrean landatzen, eta biktima bertan behera uzten da. Zeri lot ez ukanki, beraren gorputzaren pisuak beti beherago, erorazten du dohakabea, paldoa geroago eta barnago, sarreraziz, hala non azkenean besapetik edo bularretik edo sabeletik ateratzen baita.

        Herioa ez dator laister, ez urbildik ere, kondenatuaren oinaze lazgarrien burutzera. Erraiten da dohakabe batzu hirur egunetaraino horrela bizirik egon zirela. Hiltzea zaluago ala baratsago, jiten da gorputz moldearen eta, oroz lehen, paldoari eman izan zaion zuzenbidearen arauera.

        Hori nabari da. Alabainan, krudelitate beldurgarri maltzur batekin, arta hartzen da paldoaren muturra ez dadin zorrotzegi izan, baina aitzitik piska bat biribildua; ezen bestela balitz, puntak, bere bidean aurkitzen dituen organuak oro zulatuz, herioa laister erakar lezake; baina ziri-punta biribil izaki, organuen zilatzeko ordez bulkatzen ditu, lekuz aldarazten, eta ez da gorputz-ehun harroetan baizik sartzen. Horrela, biziarentzat beharrezko diren organu nausiei puska bat iraun diro, zainen tinkatzeak sortzen dituen oinaze, izugarrien gatik.

        Bizitzearen irautea anitz dagokio paldoari emaniko zuzenbideari ere; ezen nabari da gorputzean xuxen sarturik izateko ordez, zeiharkaxe barna baldin badoa, besapetik edo bularretik ilki beharrean, sabelaldeaz besterik ez duela iraganen orduan, bular kaiolan ez baita sartzen; ezin die kalterik egin bizitzekotz baitezpadako, diren organuei, eta biziak bestela balitz baino askoz luzaroago iraun dezake.

        Azken kasu horren etsenplu, jakingarrienetarik bat Niskorena izan da. Kandia uhartetik Turkoen ohiltzera entseiaturik, garaitua izan zen eta preso hartua, eta errege ordeak paldoan sartzera kondenatu zuen. Hirur egunez bizirik egon zen dohakabea. Bere zorigaitzaz burlatzera jinik errege-orde iragaiten ikusten zuelarik, erran zion ihakaz: «Jauna, hain urrikalmentsua zarenaz gero, arkabuz, tiro bat emaneraz iezadazu, berehala burut dadin!». Baina agintari bihotz latzak ez zion esker hori, egin nahi izan, eta dohakabea oraino ordu zenbait bizirik egonen zen beharbada, gizon urrikarri batek, haren otoitzak entzunik, ez balu gauaren denboran zintzurra tinkatuz ito.

 

aurrekoa hurrengoa