www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Narrazioak
Jon Mirande
1951-1963, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

GAIZKILE BATEN AZKEN ORDUAK

 

        So egiozue gizon bizardun horri: euskal-makila bat laguntzaile, ba doa urrats geldian; begiak berde zituen eta bizi lehenago, mutil zintzo bat zelarik; hits eta hilak ditu orain. So egiozue agure horri: gogoetaturik dabila; gogoetaturik jarten da, esku-makila bi belaun-buruen artean tinkaturik, belarra makila-buruari kontra finkaturik, oinbide-bazterrean. Haren ganik ihes egizue, jende behar bezalakoak eta batez ere haur jolaskinak, neska pollitak, zakur-gatu etxekoiak Ihes egin eta ez ingura azken so baten emaitekotz hari, ezen gaizkin bat da gizon antzean. Hona jaiki dela eta ba doa, nizpiratzezko makila urgaizle duela, nork daki zein jomugari buruz... Zeruko txoriak mintzul egoiten dira haren iragaitearen ondotik, eta euliak eta eltxoak hilik erortzen dira haren hats zitalaren pean.

        Orenak eguerdi seinalatzen du. Jatetxe batean sartzen da; beste gizonen antzera, esku-zapia belaun-gainean hedatzen du; sudur-zapia sakelatik ateratzen du berinbakarraren txukatzekotz, janari-zerrenda hobeki irakur dezan. Bainan, ezer agindu baino lehen, hona neskatoak ekarten deraukola irkaitz maltzur batekin eta burdina-eltze batean, kea dariola, apo-ar bat egosirik. Jan gaberik joaiten da gizona, ezin-esanezko bihotz-minez bete behako bat emanaz neskatoari. Gaizkin bat da gizon-antzean, ordea, eta guztiek ba dakite... Hartara lotzen da bideari, itxaropenik eta uste onik ezean. Ba doa taka-taka. Minbizi anker batek oinazeztatzen du aspaldian eta beteriak lausotzen derauko ikusmena. So egiozue gizagaizo horri!...

        Bere gaztaroaz oroit da. Gazte-lagunak ikusten ditu berriz, bihotzaren begiak berpizturik. Mutil sinesle, aho garbi, belaun azkarra zen orduan, eta bizarrik ez zekarren bidar-pean. Kristal-nigar-malkoak datozkio begira orduko zorion aratza gogoratzean.

        Ondikotz! neska xarmant bat maiteegi ukan zuen... Xarmanta zelakotz emaitzaz estali zuen: ure-petentak egin zerauzkion haren laztanen ordain-saritzat; zaiak egin zerauzkion, zedazkoak eta satinezkoak, bai eta beste gauza anitz ere, heurgi maite zuelakotz; eta azkenekotz — haur bat egin zeraukon hoik guztietaz gainera.

        Udazkeneko hamabiko egunetan jaio zen haurra, eta ekaitz-egun bat izan zen haren sorteguna. Bainan aita-ama dohakabeen bihotza are kexuago zegoen element kexatuak baino, sorgin gaizto, ikus-ezinak bildu bait ziren erditubeharrean ohe-inguruan; heien sorgintzak hala eraginik, apo-burudun sein bat sortu zuen neska xarmat zorigaiztokoak. Bihotz-erdiragarri zen, benetan, buraso heien saminaren ikustea! ama baiesle izaiki, aitak, sukaldehaizto batekin haurra sarraskiturik, igandeetako eltzean egosarazi zuen; eta egosten ari zelarik, haurrak nigar-kantu egiten zuen, aintzira-bazterrean apoek egiten duten bezala! Buraso biok egoskina jan zuten apo-burua moztu eta kendu ondoren, jangarri ez zatekeelakoan. Hori eginaz, ordea, Eliza-Amaren eta halaber Estadu aita-ordekoaren lege eta manemenduak hautsi, erautsi, oiripetu zituzten buraso, heiek! Heien gaizkieginak Goitar Ahalmen zuzenen mendekioa heitatzen zuen!! Joko ez ahal zituen Jaunaren ezpatak???

        Jo zituen, behar ere. Zorigaitzerako izan ziren hartarik landa beti. Zorigaitzak eta helgaitzak herbaildu, zainhildu zituzten biok, betierekotz. Behin batean, bere hoben handi-handia ezaguturik, serora sartu zen neska xarmanta, bere azken egunen nigarretan eta bildurretan iragaiteko xede sendo batekin. Baina mutila, ai! nehoiz ez zen onbideratu...

        Hala bizi izan da eta zahartu, onbideratu gabean. Urteak jin, urteak joan, bizar astun bat jaio zaio bidarpean; beteriak lausotu derauko ikusmena eta min bizi gorde batek jan du, pixkaka-pixkaka. Bainan nehoiz ere ez da damuzko ele bat haren ezpainetarik atera eta nehoiz ere ez da damuzko gogapen bat haren gogoan kokatu. Horrengatikan utzi dute gizon eta emakume zintzoek; utzi aingeru eta arkangelu guztiek; utzi du haren aingeru zaindari bereziak; gehiago dena, Jainko Onak ere utzi azkenaz bertze. Eta gaizkinek, lur, ur, su eta haizeetako demonio gaiztoek batzarri egin deraukote. So egiozue: bera ez dea gaizkin bat gizon-antzean? Bizar zorrotz zorritsua euskal-makilaburuaren gainean ezarririk, begi hitsak erdi hetsirik, jarria dago Jentilen tenplu baten hondakinen erdian... Barneko etsipenari emana da osoro. Zeruko txoriek ihes egin dute ingurune hartarik han denoko; euliak eta eltxoak hilik erorten dira haren hats zitalaren pean eta gizon-itzalik ez da han agertuko joaiten ez den artean.

        Egunkari bat jalgiten du sakelatik eta irakurten hasten da, susmo txarrez beterik. Beraren heriotzaren berria irakurten du egunkariaren hirugarren orri-aldean. Batetik bildur-ikara damako betri ez-iguriki horrek; besterik, haatik, haren bihozkada kiratsak eta izpiritu-minak lasaitzen ditu, baitaki orain zer egin. Su berritu batez distiratzen du haren soak. Belaunikatzen da lur soilaren gainean, Jainko Onari buruz, otoitz ahantz-ezin bat murmurikatzen dutelarik haren ezpain moldegaitzek. Ondikotz! Satani zaizkio lehenik otoitz-eleak beharriratzen; ifernuzolatik lehiatzen da, sulfur-lanoz inguraturik, zeruetako ateradino; bilur bat egozten derauko zeruetako atetikan lur-gainean belaunikatu den bekatoreari... Eta hona lizar bat eraikiten dela, bat-batean, Jentilen tenplu haren hondakinetarik, gizonaren atzekaldean. Hala beharrez, abar gorenari lotzen derauko gizonak bilurra; zaluki jauzi egiten du, burua sokalasterraren erdian iragaiten, zeinatzeko denbora ba du doi-doi, eta hor egoiten da, zeru-lurren artean dilindan, betierekotz.

        Orduan zeruko txoriak oro hegal-indarka itzultzen dira urkabe bakan horren alderat; bele bilakatzen dira eta urkatuaren eginen goraipatzen hasten dira, ozenki. Kua-kua kua.

        So egiozue, arren, gaizkin izandako gizon horri; zerulurren artean dilindan, hegoi-haizearen erpuru ezuak ferekatzen duela, zeruari lauzpabortz mailez lehen baino hurbilago da orain. Goian bego.

 

aurrekoa hurrengoa