www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Narrazioak
Jon Mirande
1951-1963, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SAGARRA ZERGATIK

 

        Denbora haietan Adam eta Eva zoriontsu eta irus bizi ziren paradisuan. Biak euskaldun ziren, euskaldun eta fededun, baina bi itz baizik ez zituzten ikasi: Adam-ek bai eta Eva-k ez. Beren arteko artu-emanetarako aski zituzten.

        Jainkoa baitzuten nagusi eta buruzagi bakarra, noizpeinka Goitik ikustera ethortzen zitzaien eta jiten zenean Eva mutu egoten zen eta Adam-ek jainkoari beti ba, ba erantzuten, jainkoak ixpiritua bestetan zuelarik, uste zuen biek paradisuko aberastasunen artean babak bakarrik gustuko zituztela. Halaxek Adam-ek zekialako ba, ba, baizik erraiten egun guziez gure arbasoek baba jaten zuten.

        Baina Eva-k ixillik egon arren bazekien aberek, beste janaririk probatzen eta dastatzen zutela. Asea zen baba jatez. Orduan sugeak esplikaturik. Eva-k sagarra ostu edo lapurtu zuen, Adam-i janerazi. Biek orduan itzegiten, mintzatzen ikasi zuten. Eta izen duen orok izatea baitu Eva-k bai esaten ikasirik baiaren frutu goxoa probatu zuten.

        Jainkoaren leen bixitan ordea beren buruak salatu zituzten. Adam bere ohiko, ba, ba leloarekin ari baten ere, Eva mihia, mingaina beroturik: Baba, zergatik beti baba, holako sagar onak direlarik. Eta paradisutik kanpoa izan zuten, beren baba ta sagarrekin. Jainkoak Adam eta Eva Euskal Errian jarri zituen eta geroztik guretarrek baba ta babarruna jaten dute bertute orduetan, aldiz sagarra jaten edo edaten pekatu tenore goxoa denean.

        Gure erriko gizonezkoek ez dute beren lagun xarmagarrieri sekulan parkatu eta oraino emaztearen kontrako erran zahar eta esaera ezagun dira: Andere ederra, etxean gerra eta abar... Baina Zuberoan entzun dudan hau ez dut sekulan irakurri:

        Ez ta ametza, zuhaintze (arbola)

        Ez ahuntza kabale (abere)

        Haborozik eta emaztea jente.

 

aurrekoa hurrengoa