www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Narrazioak
Jon Mirande
1951-1963, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZAZPI GIZERAILE

 

        — Nere eskuinaren laguntzaile honen gabe egin nintzen —erran zuen leen gizeraileak sastakai luze bat sakelatik atera eta— nere gaztaroan, herri zahar bateko aitonenseme iskilugilearen baitan. Aitzinako Historiak eta Antzeak dirdir daragiote. Eskuan tinko datxikadala, ilargi gutiko gauetan, aihertu gabe dabilenari hurbiltzen natzaio atzetik, eta bizkarrean emaiten diot, ukaldia. Zenbait aldiz oihu egiten du hil baino lehen, heuragi bozkariotzen bainau haren oihuak; beste zenbait aldiz ez du oihu bakar baten egozteko astirik ere, bertanbehera erorten delakotz ene oinetara, eta orduan, ene trebetasunak atsegiten dit.

        Gizeraile lagunak beha zitzaizkion, beharri alter bat baizik ez emanez, ordea, haren eleetara. Areto zabal, bikainki apaindutako epelean ongi zeuden; elkar arteko adiskidegoak bihotza eztitzen zien. Lehen mintzatua olerkari bat zen, haren mintzo lilitsutik ageri zenez, baina beste guziak gizon hotzagoak, benagoak ziren. Sofa edo ohe apaletan eroso etzanik, gazteenak kadiretan zaldizka jarririk, hor zeuden, irrifar gozo bana ezpainetan, aitzineko egun lanpetuetarik landa atseden, aitzineko egun lanpetuetarik landa atseden hartuz ondoko egun lanpetuetarako; gizeraile ariak ziren. Denek erretzen eta edaten zuten gogotik, lekor batek: erikor izaiki, bere osasunari begiratu behar zion honek. Geineratikoek habana luzeak erretzen zituzten. Etxeko jaunaren morroin zaloinak, habanak ilaunduarau berritzen eta edan-ontziak hustu-arau betetzen zizkien.

        Bigarren eta hirugarren gizeraileek labur-zur azaldu zuten gero berak nola ari ziren gizareiketan. Hanpuskeria gabekoak izan arren, zintzo-zintzoak ziren biak beren langintzan. Barrandan jartzen ziren etxe-kantoinetan; iragaile soil bat zekusatenean, gaitzeko kaska bat emaiten zioten burutik behera eta kaskatik hiltzen zen. Batak burdin barra bat erabiltzen zuen helburu hortarakotz; besteak gomazko bat, malgu eta berunez loditua. Tresnok atera zituzten sakelatik lagunek ikus ahal zitzaten. Behala hiltzen ziren haietaz jorikoak, gizon sendo, azkar eta besozaintsuak baitziren gizeraile biok.

        Haien azalpenak, gizabideak nahi duen araura, isilik entzun zituzten beste gizeraileek. Baina jadanik ezagutzen zituztelakotz, apur bat aspergarri zitzaizkien eta, azkenean, gizeraile gazte, dotore jauntzi, hilo gorrats batek hitza moztu zien, honela mintzatzen hasi zelarik, pistola gotor bat sakelatik atera ondoan:

        — Jostailu honekin —erran zuen— garbiki eta xahuki eraiten dut nik. Zuek leze-aroan bizi zarete oraindik, dirudienez.

        Eztul egin zuen bosgarren gizeraileak, mintzatu nahizela adieraztekotz. Gizon oso jakitun bat zen hau; jakintzaren seinale zituen bere buru-gain karsoildua, bere begiberin lodiak eta besapean beti zekarzkien liburu jakintsu haundiak. Hitz gutikoa zen hala ere: erraitekoak argi eta garbi erraiten zituen eta erran behar ez zenik ez zuen erraiten. Txirrista ttipi bat, ixurgai hori batez erdibetea, atera zuen sakeletik, guziei esaten zielarik:

        — Hauxe ene metodua.

        Hartaz norbait ziztatzen zuelakoa egin zuen gero, eta norbait hur hilotz erortzen zelakoa. Eta txirristak zitaldosis hilgarri bat edeiten zuela entelegatu zuten haren lagunek.

        Baina engoitik hitzegiten hasia zen gizeraileetarik seigarrena. Hura zen erikor izaiki bere osasunari begiratu beharrean zegoena; eta nahiz minik ugari jasan, eztiki mintzatzen zen beti, hain baitziren haren egonarri eta gogoindarrak handi. Haizkolari bat zen, erran nahi banu, eran behar zituenak haizkora-tikaldika sarraskitzen zituela. Tresna irausgarri bat asmatu zuen hortarakotz eta haren zatiak beti berarekin baitzeduzkan, sakelatik atera zituen eta elkar juntatu, haizkora nolakoa zen beste sei gizeraileek ikus ahal zezaten. Lankai arrunt, moldegitz samarra zatekeen —berak aitortzen zuen—, eta herio lanik ezin zezakeen hartaz hirietan edo gune agerietan egin; oihan eta basabazterretarat joan behar zuen jendeen eraitera. Haatik, estakuru hortaz lekorean, gogoa betetzen zion haren haizkora-jokuak, eta gainera oihan eta basabazterretako alde garbiairi esker, osasuna hobekitzen ari zitzaiolakoan zegoen.

        Hartarik landa, zazpigarren gizerailea mintzatu, zen, beste gizeraile ororen gehien eta buru baitzen hura, buruhandi ez zenetan behintzat: ezen edariari emana zen zoritxarrez. Alta ulermen bizkorreko eta nahimen bortitzeko gizon bat zen besteetan; akats itxusi hura ukan ez balu, ez zazpi gizeraileren buruzagi soilki, baina bai zazpitan zazpirena izanen zen ezbairik gabe.

        — Bai, mutilak —erran zuen—, esku trebe zarete guztiok gure langintzan, eta burgoi, harro izanen naiz beit zuen buru naizelakotz. Hala eta guztiz ere, gizeraiketan neure jokabidea zuenak oro baino xahuago, zaluago, egokiago eta pollitago dela ezagutu behar didazue. Lepoko hau —eta erraitearekin, altzairuzko hari mehe bat atera zuen sakelatik— gizagaizo baten lepo-inguruan aurdiki eta tinkatzen dudanean, berehala, batere ohartu gabe, zentzen da. Joku hortan ez dut behin ere txil egin. Baina aski da ele alfer horietaz. Urkabetik zintzilik dagoen urkatua bezain nabari baita ene jokabidearen nagusitasuna.

        Zazpi gizerailetarik bakoitzak beraren metoduaren onura eta alde onak azalkatu ondoren, guztiak eztabaidan hasi ziren, haietarik zein zen egiaz hoberena, artamendagarriena. Anitz edanik, eta edariak burua berotutxe baitzien, ez da handi liskar ezin hezi bat sortzen bazen haien eztabaidatik —gizarte orotan maizegi gertatzen den bezala—; eta azkenekotz, beste gizeraileen gehien eta buru zen gizeraile ohientsuak hitz mingartuotarik deus onik ez zela jalgiko ikusirik, hauxe erran zien:

        — Bakoitza bere hartan tinko dago eta argumendurik bikainenak ere ez dio aburua aldaraziko, buru gogor baikara zazpiok. Atera gaitezen, bada, eta ikusten dukegun lehen iragaileari galde diezaiogun, gure metodu bereziak zeharo azaldu eta, hoberena zein den, hartaz hilko baitugu.

        Zintzo zelakotz, denek onartu zuten buruzagiaren erabaki hau. Soingainekoak, burutakoak eta euritakoak jaso zituzten etxeko jaunaren morroin zaloinaren eskutik, eta atera ziren zapiak karrikarat. Begiz jo zuten lehen iragaileari, buruzagiak agindu bezal-bezala erran zioten, eta bakoitza ezin-egon zegoen haren ihardespenaren erpai. Iragaile hura isilik gelditu zen luzaro, gogoeta sakon zailetan murgildua iduri; azkenean galdetu zien:

        — Eta zergatik hil nahi nauzue?

        Ordu hartara arteo, ihork ez zien gizeraile horiei horrelako galderik egin eta ez ziren guti balditu haren entzuteaz. Nola-ere-bait ihardetsi behar ziotela bazekiten, baina zer ihardets ez zekiten. Elkarri so egon ziren hor, begiak borobildurik eta ahozabalik, ea haietarik batez zerbait eridenen zuenez erraiteko on litzatekeenik. Baina ihork ez zuen eriden. Eta haien harriduraz baliatu zen ehan behar zen iragailea, bizirik eta bizkorrik, beste galderik egin gabe, ihesari emaiteko.

        Gizeraileak haren ihesgoari ohartu zitzaizkionean, engoitik urrun zebilen ondikotz! nork daki norat heldua. Itzuli ez zen egin.

        Etxeratu ziren zazpiak, gogo-ilun eta mintzul ibilki. Etxeko jaunaren morroin zaloinaren eskuetan utzi zituzten euritakoak, soingainekoak, eta berriz ere etzan ziren sofa, ohe-apaletan; gazteenak kadiretan jarri ziren zaldizka. Baina hutsegin hori zela zio, hainbateko etsiak hartu zituen guziak, non ez baitzuten gehiago ihoren hiltzeko gogorik, ez ahalik. Beren langintzaren uzteko beharrean aurkitu ziren zorigaiztoko gizeraileok, eta beste bedera bilatu zuten. Bata pertzegile egin zen eta bestea oskigile; bata apez eta bestea auzapez; bosgarrena sugezoratzaile egin zen; seigarrena hobi-zulatzaile. Baina nehoiz ere ez ziren beren langintza berriotan etxekotu, eta ondore onik ez zitzaion batari ere agitu. Zazpigarrenak, aldiz, guztien gehien eta buru izanik, zaharregiz ez zuen lagintza berririk ediren: handik goiti eskean ibili zen, gosez ez hiltzeko doia nekez irabazten zuela, lehen giza-lepoen inguruan xederaren egozteko hain trebe ziren eskuok iragaile bihotz gogorrei hedatuz, egun guztian.

 

aurrekoa hurrengoa