www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Narrazioak
Jon Mirande
1951-1963, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

KOFESIO ONA

 

        Gizon batek bere emaztea hil zuen. Lendabizi oso pozik egon zen, bake ederrean bizi zelakotz orain. Geroxeago ordea, nik ez datik zergatik —edukazioa zela, ala ohiturak, ala jendeen esamesak—, baina, aski ergelki, hasi zen duda-mudan gaizki egin ote zuenetz... eta azkenekotz izugarrizko damu bat jabetu zen haren kontzentziaz hilketa horren gatik, nora ingura ez zekiela aholku edo barkamen bila.

        Gizon hori protestante fededuna zen, baina ez zen ausartzen Jainkoari berari mintzatzera, bain beltz izaki haren bekatua, orain zekusan bezala. Beraz, behin batean gogoan hartu zuen Pastore jaunari bere egintza aitortu behar ziola.

        Tenpluan sartu zenean, pastoreak alaiki eta gizabideki agurtu zuen, gizon hura oso gisakoa baitzen, moralitate onekoa, eskola onetan izana, eta Biblia irakurtzen zuena. Pastoreari agurra biurtu ondoren, esan zion:

        — Jaun pastorea, ea aholku bat emango didazun Jaungoikoarekin baketzekotz, bekatu, egin dut eta: nere emaztea hil dut...

        Baina pastorea oihuka hasi zitzaion:

        — Alde hemendik, Jainkoak utzitako dohakabea! Alde egizu Jaunaren etxetik urrun, izaki gaitzetsia!

        Eta hiltzale gizaxoak, gaixoak korrika ihesin egin zuen jauretxetik, ifernuko deabru guztiak ondotik izan balitu bezala.

        Pastoreak ez ziola kontsolamendurik eman nahi izan, luzaro gogoetan egon ondoren, hiltzaleak erabaki zuen apez katoliko baten gana kofesatzera joaitea, zeren protestante izan arren ez zen fanatikoa, eta uste zuen katolikoak ere manera batez kristau direla.

        Eliza batean sartu zen eta kofesategira urbildu. Apez aitorentzuleak galdegin zionean «Zure bekatuak esaizkidatzu, ene haurra», boza ikara, ezpainak dar-dar, berehala esan zuen:

        — Aita, nere emaztea hil dut!

        Apezak orduan, eztiki:

        — Zenbat aldiz, ene haurra?

        Ohar bat: Badakigu IGELA-ri buruz uste zoroak zabaldu direla lurrean eta zeruan: besteen artean, antiklerikal omen direla aldizkari eder eta sakon horren idazle jaun batzu. Beharbada baten batek pentsatuko du goiko ipuin horrek ere antiklerikalismuaren kutsua daukala. Baina ez da hala! Hain zuzen ere, kontrarioa da: ipuinak argi erakusten du apez katolikoaren nagusitasuna pastorearen aldera, azkenengo, honek ez bezala lehengoak humorearen zentzua gordetzen baitaki bekatu kontuetan ere. Bekatu ariñak direnean behintzat, hala nola baita norberaren emazte zunenezkoa hiltzea.

 

aurrekoa hurrengoa