www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Narrazioak
Jon Mirande
1951-1963, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

UR BAZTERREAN

 

        Badaki urak, urtedun aintzi ohentsuetan eta lats humeetan berdin, badaki gizonari giza-elez hitz egiten, bai hitzemaiten ere... Eta mendi soildu haietatik apar zuritan datorkigun uhaitzeon, beti, atzo bezala gaur, bihar gaur bezala, bere ibar loretsu hontatik iragaile, Mari Urraka bide da mintzo, isolaren mintzoz, batean samur samurra, emakume maitemindua antzo, bestean isaz eta isekaz, txarra: zeren jainko-emea bait da.

        ...Ur bazterrean etzanik zetzan Jakes mutil gaztea. Urez ikusten zituen bekoki-begi-besoak, eta urak ikusten zituen urruneratzen. Haren baranoan alai zeuden lili zuriak, alaiago lore gorriak, batik-bat hatz puntekin laztantzen zituelarik hego-haizeak beroago eman arte behintzat... Orotan irrifarrez zegoen Udaberria, Jakesen lepotik farrez.

        Uhaitza, berriz, ez zenuten inakaz egun hartan; ezti eztiki zerasan, eta Jakesek, ai!, entzuten zuen jainkosa aldakorra ur soinuz esaten, birresaten «ator enekin... ator enekin!»

        Baita mutilaren gogoa erantzuki:

        — Sorgina, Ama, deitzen zaituzte jendeek, gaiztoa zarela hotsez. Gaitza zer den ez dakite. Nola, ba, baldin beren liburu, eskola eta tenpluetan onaren berri ez badute ikasten, gero jotzen edo mintzen edo hiltzen dutenean, beti onaren onetan bait dute egiten? Bestenaz dut nik ikasi.

        Anartean suskurtuz zirauen uhinak: «ator enekin... ator enekin... ator enekin...».

        Baina musker ziren artoak, ejer ziren lore gorri eta zuriak, dantza-lagunen zain dauden neskatilen antzez, eta ortze-goietan, txit epelik, txit epelik, Eguzki Gaztea... Jazartzen baitziren hainbat bedats aldiari aita Jakesen haragizko soina eta bihotza oro. Ondikotz! gizon bat besteak bezalakoegi zenuten hor, uhaitz-ertzean...

        Ezen, soa uretan galdurik zegoen hortan, bihotz begieiagertu zitzaien arto errainuen artetik ikara; ez Undinaren aurpegirik, gizalaba baten musu pollit, ituna baizik; eta bere gizon bihotz zolan ezagun zuen mintzoa, ez lamina, bai ordea neskatx abots bat, hain ilunki, hain ilunki, hain ilunki!

 

                Botz bat entzun dut xarmantik

                Bardarratsian ametsetarik

                Eztitarzunez betherik beit'zen...

 

        ...Baina oi! zein mingarri izan ohi dira ahorik eztienak ere, soilik entzuten eta isiltzen dakienarentzat.

        Oixtion, auzo-herritik igarotzean, lagunekiko batzarleku zuen ostatuan sartu zen Jakes eta han, elestan ari zirela, norbaitek esan zuen: «Bihar ezkontzen da Etxeoreneko Joana». Orduon, denek begiak eraiki eta Jakesi begiratu. Alferrik; honek ez zuen hitzik ihardesi, lagunok aldiz etziren begitarteetan irakurtzen dutenen hariako. Joaitera utzi zuten, Uhaitz aldera joaki.

        Bihar ezkontzen da Etxeoreneko Joana, ez Jakesekin haatik. Ongi dago. Ez ahal zuen berak horixe nahi? Ez ote zituen bere Lege Berriak haien lege zahar, uha zahar, zaharkinak oro ezeztu? Beranduegi orain. Bihar gauean, gau luze baterako, ezagutu duen gorputz otzen hori gizon gorputz baten alboan etzango da —senar baten alboan—, eta deusik deusek ez ditu geroenean bereiziko, ez Jakesek, ez eta haren legeak ere, zeren ez baita bereizi behar Jaunak alkartu duenik.

        Saiatu zen Jakes inguruko arte-zirtoinak zenbatzen, baina bata besteari muxuka zihareluten gelditu gabe... Hartu zuen lore gorri bat, lili zuri bat gero, biak belarki batez estegi, eta lore-sorta bikoitza uhaitzeko uretara egotzi, urek zeramatela so egonez, liluratua iduri, kantu hitzok ohartzeko ezpametan:

 

                Bard'arratsian ametsetarik

                Botz bat entzun dut...

 

        Bart arratsean, eranegun aurreko arratsean... amets bakar bat (amets hutsa ote?), abots bakar bat, amai-ele latzak esaten zituena; baina hain ilunki! Eta berak ezin erantzun, bere haragi arimek oihuka ziotena ezin erantzuneraz:

        — Enetxoa, bihotzik ez neukala uste zenuen... negar gaziak ixurtzen zenituen enegatik; hain emakume baitzara, mintzatu gabeko hitzentzako belarri gabea... Jakin bazenu!! Neure bihotza zen mila gaizkinen gudalanda, baina maite zindudan maiz; zeure gorputzaren haraindiraino ere; maitego zindudan edonor baino; maitatu zaitut sinestunak Khristos maite duen baino areago; maitatu zaitut nola... tximistak maite duen urratzen duen lainoa: zuk ordea beldur-emaile nindaukazun!

        Zintzoa omen zara. Zergatik, arren, ene izan zara? Zertarako negarrok, enetxoa; orain beste batena izan behar duzu? Eta leial egongo zakizkio, hari zintzoa beti... eginkizunak eginaz... bizia hautsirik, baina zintzoa beti! Oi, nolaz hain txintxoa, nitzaz maitatu hori?

        Farregarria... gaur ni nauzu etorri, bihotz gabe hau, dei egile doan uraundi hontara; farregarria, antza!

        Zutitu Zen Jakes eta, ahapetik, beste norbait aipu bailukeen, esan zuen berriz ere: «Bihar ezkontzen da Etxeoreneko Joana. Baita eztei haundiak izango dira: badukete zer jan eta zer edan ezteiliarrek; badute daritzatuko auzo jende gazteek; ezkon-andrea, ordea, itun-ituna, soineko zuriaren gatik».

        Orduan, mutilak sakonkiago so egin Zion uhaitzeko urari. Urkusi zituen, irkaitz batekin, aldamenean ziren lore politak eta arto muskerrak eta ibarraren bi aldetako muno argiak ere...

 

* * *

 

        Eta hona nun zuen auteman loreak zimeldurik zeudela, txut eta mutiri, muxu denak akiturik, arto zirtoinak, eta gau ñabarrak iluntzen hasi zituela munoak eta munoetan sakabanatuta ziren etxe-arbel hegatzak. Eta gogoari mintzatu zitzaizkion loreok, hitz zuhurretan (bai garratz zela loreen filosofia).

        — Oro hilkizun dira, polit eta ezti direnak oro: nesken irriak, haurtxoen irriak, arbel-hegatz peko zoriontxoak gizon-emakumeen alkarmaitatzea —eta gu ere zoritxarrez... Eroa! ez zenuen horren betilun izaterik gure gezurrezko pozaldiari behatuz, oixtion, ezta horrelako ametsak bihotzean edukitzerik, oi, eroen eroa!

        Mintzatu zitzaion uhaitza ere eta Jakesek ulertzenago zuen aldi hontan zer zerasan azti zaharrak, ezen haren abotsa ozenago zen eguzki apelarenak dantzarazten duen hego-haizearena eta udaberri guziarena baino. Hona zer zioen:

        — Oro hilkizun dituk: iragankorrik baizik ez dut iraunkor. Eni begira, nola lore zuri-gorriak, arto muskerrok eta, noizik behin, hurbiltzenegi zaidan gizakumeren bat eroaten ditudan, ezdeuserazten... Sorgina nauk baiki Zori-egilea, indartzale eta indardunen zale hilkizunen hilgarri: polit denak, ezti guziak, makalak oro, puskatzen ditiat, beren zorakeria eta zintzokeriekin batera. Zuzen duk hori, nahiz gehienek ez ezagutu zuzen dela nire zuzengabea, eder nire oldarra. Ezagut nazak!...

        Ur bazterretik aldegin zuenean, jakesek arima mukurru zeukan, azali berriz bete. Zail senditu zituen zainak, gogor gogoa, eta gudalanda izandako bihotza baketu zen azkenekotz. Honela igaro zen hauzoerrian: burgoi eta zangar.

 

aurrekoa hurrengoa