www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Narrazioak
Jon Mirande
1951-1963, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BI AOAK

(Zubero-ko ipuin bat)

 

        Kondaira hau Xubero-ko artzai bati enizun diot edasten. IGELA-k euskaldun oituren zoko illun guziak argituxe nai lituke, ez du meritu andirik, ordea folklore bilduma egile ta eliza gizon batzuen eragozpenak ez bailitu.

 

        Urte hartan Pazko eguna Maiatzean gertatu zen. Santa Graziko mendiak lilitzen ari ziren eta anbula-loren kirten luzeak aizean dantzan. Pazko bezperan bazterretxe hartako irur alabak Santa Graziko kalera kofesatzera joaiteko, goizintza urtu gabe bidean abiatu ziren.

        Bi alaba zaarrenak bidean oso serio joaiten ziren, Irueko kalean izan balira bezala. Gaztea, lorean erlea bezala, salto harat eta honerat, lorez lore kurritzen zitzaien. Bi aizpa zaarrenak predikatuta ere, ez zen gaztena geldirik egoten.

        Baina bide erdia eginik zutelarik aizpa gaztena oiuz eta dantzan asi zen:

        — Jesu maria. Hau gauza ederra. Eta lurrera apaldu zen zerbait borobilen biltzeko. Bi aizpak urbiltzean gaztenak:

        — Beira zer erraztun ederra, lurrean idoro dutan eta arripresios batekin—. Besteak bekaitzez lereginda zeuden:

        — Ez dun hirea, guk leen diagu. Ez baldin badun gurekin partitzen edo galdu duanari itzultzen, jaun erretorari salatuko aigu.

        Apaiza asi zen, etxeko alabaren kofesetan eta etxeko primak bere pekatuak aitortu ondoren, aizpa gaztena salatzen du. Erretorak dio:

        — ez da egiaz pekatu erraztun horren edukitzea, galzalea agertu arte beintzat, zenbait tratalari faltsu edo kontrabandisten batek galdua izango da ta luzaro zuen eskuetan egongo. Alarik ere zeinek leen ikusi zuen eztabaida bat sortu baita bakoitzari galdera bat egingo dizuet eta obekienik erantzungo eta inardetsiko duenak erraztuna eramango du.

        — Zenbat ao ditutzu?

        — Jaun erretora biga

        — Zein da zarrena?

        — Jauna bekoa.

        — Zertako?

        — Jaun erretora, bekoak bizarra baitu eta aldiz gainekoak ez oraindik.

        Bigarren alaba kofesatzera urbildu zenean apaizak ez zuen uste erantzun obeagorik etzungo zuela eta neska kofesatu ondoren bigarrenari ber galdera zuzendu zion.

        — Zenbat ao ditutzu?

        — Biga jaun erretora.

        — Zein da zaarrena?

        — Gainekoa jauna.

        — Zertako arren?

        — Zeren eta gainekoak aginak aspaldian badauzka, bekoak aldiz oraino egiteko.

        Biek zein obeto, erantzun zioten eta orain erraztundunaren aldi zen gaztenak pekatu arin batzu aitortu ondoren, erretorak erraztunaren kondua aipatu Zion eta ber kondizionetan, ber galderak egin.

        — Zenbat ao ditudan jauna, biga.

        — Zein da zaarrena?

        — Gainekoa jauna.

        — Zertako nere aurra?

        — Jauna, gainekoak aspaldian ez du mamatu eta edoski, bekoak aldiz bart oraino edoskitzen zuen.

        Hala gelditu zen gaztena erraztunarekin eta burua etxera sartu.

 

aurrekoa hurrengoa