www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Narrazioak
Jon Mirande
1951-1963, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HUMORE BELTZAREN
MODELAK LABUR ETA ILUN

 

        Andere batek ama berri bati: Zein itsusi den zure haurra!

        Amak: Ez du, axolik, medikuak erran dit ez zela biziko.

 

* * *

 

        Kattina nigar zotinka ari da.

        — Zer dun, maitea? —galdegiten dio osabak.

        — Amak gatu-humeak oro hil ditu.

        — O gaiztoa! Eta hik begiratu nahi hituen?

        — Ez, nihauk hil nahi nituen.

 

* * *

 

        Automobilista bat sartzen da herri txipi bateko jendarmerian, eta griñaturik iduri, geldegiten du:

        — Herri huntan zakurtzar beltzik badea?

        — Ez.

        — Eta behi beltzik?

        — Ez.

        — Eta zaldi beltzik?

        — Ez.

        — Ozpina! Orduan apeza dut lehertu...

 

* * *

 

        Masokistak: —Min egidak!

        Sadikuak: —Ez!

        Masokistak: —Eskerrik hanitz!

 

* * *

 

        Elurra ari da eta Joanes txipia irri-karkailez dago, leihotik so.

        — Elurra erorten ari delakotz irri egiten duk? —amak galdegiten dio.

        — Ez elurra, jendeak erorten direlakotz...

 

* * *

 

        Bizar eginguan.

        — Tomate saltsarik jan duzua egun?

        — Ez. Zergatik?

        — A! orduan, zintzurta moztu dizut.

 

* * *

 

        — Lore pollit hoik nori eramaten dizkiok, Jean Pierre?

        — Amattori.

        — Kontent izanen duk, bai...

        — Ez dut uste: haren ehortzetarako dira.

 

* * *

 

        Ostatuan.

        — Mutil! Euli bat igerika ari da ene whiskyan.

        — Ez da igerika ari, jauna, hila da.

 

* * *

 

        Neskatxa txipi txipi bat harmonika joiten ari da. Jaun batek, apur bat beha egon ondoan, erraiten dio:

        — Zer soinu ederra egiten dunan! Baina nik beste harmonika bat, hobeagoa, emanen dinat...

        Eta bizar-labana bat emaiten dio.

        — O, milesker, jauna —dio neskatxak irri pollit batekin.

        Eta handik landa, haren irria gero eta zabalago da, gero eta zabalago, gero eta zabalago...

 

* * *

 

        Anai-arrebak gataskan ari dira. Mutikoak, azkarrago baita, begi bat ateratzen dio arrebatxoari; gero beharri bat; gero bigarren begia; bigarren beharriaren ateratzera doa, baina orduan amak:

        — Orai aski duk! —eta zafla bat emaiten dio.

 

* * *

 

        Neskatxa txipi bat burhezur txiki batekin jostatzen ari da. Amak galdetzen dio:

        — Non hartu dun hori?

        Neska hezurzalea bada ez da gezur zalea, eta berehala aitortzen du:

        — Anaitxoaren buruan, amatxo!

 

* * *

 

        XVII-garren mendean bazen Frantzian borrero bat oso trebea. Garai hartan, Richelieu kardenal latzaren lege bat hautsi zuelakotz, hil-epaia eman zioten Montmorency Bouteville konde gazteari, eta delako borreroak zion lepoa moztu. Bai, eta hain trebeki egin zuen ere, non burua ez baitzen erori, baina lepo gaiñean gelditu. Gehiago dena, zalduna ez zen ohartu ere lepoa moztu zitzaionik... Ukaldiaren begira zegoen oraindik, eta azkenekotz, asperturik, esaten dio buru mozleari:

        — Borreroa, egik hire lana!

        Eta besteak begirunez:

        — Egia dut, jauna; astin zaitez piska bat eta eroriko da.

 

* * *

 

        Gizajale batek besteari.

        — Nola senti zien aita-amak jan ondoren?

        — Humezurtz...

 

* * *

 

        Eguzki sartaldeko huri batean: plazaren erdi-erdian kondenatu bat hiltzen ari da, enpalaturik. Jendea begira dago. So egile urrikaldun batek esaten dio dohakabeari:

        — Min asko ematen dizu?

        — O, bai! —erantzuten du besteak—. Batez ere farre egiten dudanean...

 

* * *

 

        Paristar bat, oporrak Mediterraneuko itsas bazterrean igarotzen dituelarik, badoa, behin, horra bizitzera etorri den adiskide bat ikustera. Adiskidearen emazteak bazterrak eta etxea erakusten dizkio. Bero haundia da, ordea, eta eltxo ugari badago.

        — Bai, ezin hobekiago bizi zieteke hemen —diotsa Paristarrak—, eltxo, horiek ez balira...

        — Egia da aspergarri direla —erantzuten dio emakumeak—; zorionez aitona gurekin dugu.

        — Eta zer egiten die hark eltxoei?

        — Egiten, ezer ez. Baina eguraldia bero denean oso, aitona etxe aurrean jartzen dugu, eta eltxo guziak haren gana datoz.

        — Agure gizaxoa! Hazka eta hazka egongo da.

        — Ez, ezin diteke; elbarritua da ta.

 

* * *

 

        Langile batek begi bat galdu du ezbehar batean. Kristalezko begi bat erosten du beraz, eta, garbizalea delakotz, gauero oherakoan begi zulotik kendu ta arretaz ikuzten du. Behin batean, huts egiten du: kristalezkoaren ordez begi ona kentzen du.

        — Alajaiña —oihu egiten du sumindurik—; berriz ere argia moztu didate!

 

* * *

 

        Mutil koxkor herbail bat: dohakabeak ez dauka ez ankarik ez besorik. Igande arratsaldea bere lagun txikiekin igaro du parkean. Arratsean, lagunak etxera joan ondoren, amak galdetzen dio:

        — Zer egin duzue parkean?

        — O!, ederki jolastu gara: futbolean jokatu dugu.

        — Baiña heuk zer egin duk gizaxo, horrek?

        — Nik baloia egin dut!

 

* * *

 

        Cabaret-artista bat da. Cabareteko zuzendariak galdetzen dio eia zerbait asmatu duenetz arratseko, programarako.

        — Bai —erantzuten dio—; ipuin farreeragingarri bat asmatu dut... farrez hiltzekoa gero.

        Ageri da zuzendariak dudak badituela, ordea, eta artistak ipuiña, kontatzen dio, bere aburua eman diezaion. Baina besteak hainbat farre egiten du non eta, azkenean, hiltzen baita. Artista bahitzen dute, zuzendaria berak hil duelakoan. Gauza gertatu den bezala esaten die poliziako gizonei, baina hauek sines-gogor dirudite. Orduan haieri ere ipuiña kontatzen die: farrez leher eta zart eginik bertan hiltzen dira poliziako buruzagia eta hamaika hamabi... Artista presondegian sartzen dute. Hantxe, bakar bakarrik, hauziaren zai, biziaz zeharo etsituta, azkenean bere burua hiltzen du. Ipuin farrez hiltzekoa bere buruari kontatuz, alegia.

 

aurrekoa hurrengoa