www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Narrazioak
Jon Mirande
1951-1963, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

EUSKALDUNEN STRIP-TEASEA

 

        Munduko kabaret guztietan erakhusten den strip-teasea gure aburuz egiazko euskal-folklorearen froga bat da. Batzuek diotenez spektakulu haur Parisen sorthu zen... eztakigu haren sortherria hori denz... Gure aburuz erran dugunez eta erakhutsi nahi gendukeienez, strip-teasa guztiz euskalduna da, behar bada euskal tradizionetan, zaharrena eta orain munduan hedatukien ezagutzen dena ere bai.

        Badago bertze euskaldungoaren imperio bat, euskal txapelaren imperioa, bainan euskaldunak dakigun bezala, euskal txapela ezta bere iathorriz euskalduna, kanpotarra baizen.

        Gure folklorearen ikherzale zaharrenek erakutsi deraukuten bezala euskaldunak paganoak ziren, bertze Europako herri guztiak giristinotu zirenean... (Hortakotz ere, oraiko neophyten garra hoin handia da euskaldunetan, zeren eta euskaldunak atzo ere paganoak baitziren).

        Euskaldunen kultu zaharrena, bortxa naturalen adorazionea izaiten zen. Euskal kultu zaharrenen biltzar nabusiak, akhelarreak ziren, orain zelebratzen diren meza nabusiak bezala. Euskaldunak «sabbatho» arrestietan mendietako templetarat ioaiten ziren eta gauazko mezak oihan sagratuetan egiten zituzten.

        Meza beltz haukietan, zeremonia nabusia egiazko strip-tease bat zen. Bainan geroz euskaldunak giristinotu ziren, eta euskaldunen ohidura onak... folklorismu pharregarria bilhakatu ziren. Egun egunotan Laburdiko emparantzetan ikhus ditzakegun representazione nakhaizgarriak, beren ithurburuan euskal kulturaren serbitzu ederra eta sublimeak ziren...

        Euskaldunek, fede berriaz bere biziaren ohidura onak galdu zituzten eta ohidura berriak onhartu. Fede berrian, kultu zaharraren praktikak gaitzetsiak ziren... eta euskaldunak bere iathorrizko ohidura onak mesprezatu zituten; beren buruen kontrako plazer haukietaz beren sentimendu nazionaletan, masokhistak bilhakatu ziren...

        Bainan ohidura zaharrak, bethi danik herri baten muinaren barnean bizi izan diren praktika zaharrak eztira hoin errazki funditzen... eta orain Pariseko eta Euskalherriko kabaretetan euskaldun striptitosak taldeka ikhus ditirogu...

        Badirudi ezen euskaldunsek munduari erran nahi zeraukotela ezen striptisa euskal ohidura zaharra dela egiazko euskaldun folklorearen froga ederrena.

        Orain Euskalherriko plaza eta herriska guztietan turisten sosak erremusinak bezala, euskal-folklore eskale-taldeek presentatzen duten nazional-prostituzionearen erkatzean, Pariseko eta Inglaterrako kabaretetan erakhusten den striptisak, behintzat alde hobeak baditu. Euskal folkloristek erremusinen biltzeko gure herriko kultua, turista zozoei erakhusten derauelarik, gure herriaren sakonguak aurkezten dituzte eta ahalkegabe gure intimitateak prostituitzen dituzte. Heien eretzean, striptisea gauza noblea da, striptitosek kabaret batetan, maitasunaren temple batetan bezala, beren dantzak dagitzate. Iguzkitan egiten den euskal nazional-prostituzionearen eretzean, kabareteko saletan erakhusten den strip-tise-dantza arthezko spektakulua da, euskal folkloreraen exemplu iathorrena eta ederrena.

 

aurrekoa hurrengoa