www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Narrazioak
Jon Mirande
1951-1963, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IXILTZE

(E.A. Poe)

 

        «Niri entzun —Gaizkinak esan zuen eskua bere burugainean jarriz—; aipu dudan lurraldea Libiako lurralde goibel bat da, Zaire ibaiaren bazterretan. Eta hor ez da bakerik, eztare ixiltzerik.

        »Badute margo laru, eritsu bat ibaieko urek; eta ez dariote aurrera, itxasorantz, baizik beti ta betiko-ikara eguzki begi gorriaren pean daude izkanbilka ta kordoka mugituz. Mila askotan ibai-ohe lohitsuaren bi aldeetarik, bada ur-lili larrizko erernu zurbil bat. Alkarri asperenka ari dira bakartegion, lepo zingil latzak zerurantz luzatuz, eta buru betiraunkorrak eskuinezker kulunkatuz. Badator ere haien artetik surmur ezagugaitz bat, urpeko ur baten aldarra iduri. Eta alkarri asperenka ari dira.

        »Haien jaurerriak bere muga badu ordea; baso ahaltsu, oihan indartsu, beldurgarri ilunak egiten duen muga. Hor, Hebrideen aldean uhinak antzo, oihanpe apala igitzen da taigabe. Baina haizerik ez da zeruan gaindi. Eta lehenagoko zuhaitz lerdenek hara-honeraka zalantzan irauten dute irringaz ta zaratatsu. Tontor gorek izurtzen dituzte, bederazka, ihintz betiraunkor batzu. Sustraietan berriz edendun lore arrotzak bihurturik dautza lo-asman. Eta gainaldetik karrask-erots ozen batekin, oldarrean doaz odei arreak sartalderuntz betiko, ostertz-horma goritik behera jauzkan biribilkatzeraino. Baina haizerik ez da zeruan gaindi. Eta Zaire ibaiaren bazterretan ez da bakerik ez ixiltzerik.

        »Gaua zen eta euria ari; erortzean, aldiz, euri zenuen, baina erorita odol zenuen. Banengoen zingiran zutik lore lerdenen artean, eta euria buru gainera erortzen zitzaidan, eta loreak beren soiltasun gurenean.

        »Eta bat-batean, laino latz xehearen artetik jaiki zen ilargia, gorbeltz kolorez. Eta nire begiek harkaitz urdinarre larri bat idoro zuten, ibai bazterrean zegoena, ilargiteak argiturik. Harkaitza urdinarre latz eta gora zegoen, harroka urdinarre zegoen. Aurrekaldean bazituen hizki batzu harrian idatzirik. Eta ur-lilien zingiran zehar ibili nintzen, bazterreraino hurbildu arte, harri gaineko hizkiok irakur ahal netzan. Baina ezin irakur nitzakeen. Zingira barrura itzultzera nintzen, ilargiak gorriago argitu zuenean, eta inguratu nintzen berriz ere begiratuz harkaitzari ta hizkiei; eta hizkiak SOILTASUN ziren.

        »Begiak jaso nituen, eta bazegoen gizon bat harkaitz erpinean; ezkutatu nintzen urlilien artean gizonak zer egiten zuen ikus ahal nezan. Lerden eta martzal zuen gizon harek itxura, soin hegitik oinetaraino. Erroma zaharreko togan bildurik zenuen. Gizabetea ez zuen ondo nabari, aurpegia ordea jainko batena zeukan; ezen gauaren jantziak, eta lainoaren eta ilargiaren eta ihintzarenak, utzi zion begitartea estali gabean. Bekokia oldoztearen oldoztez halatsua zuen; nekeak zapuzturik begia, eta masaileko zimur bakanetan leitzen nion garbai, akidura eta gizadiaren aldeko nazkaren berri, baita bakar izateko nahikunde bat.

        »Eta gizona harkaitzaren gainean exerita zegoen, burua esku artean, soiltasunari begira. So zegokion peko sa site urduri apalari, eta gaineko zuhaitz lerdenei eta gainagoko zeru zar atatsu eta ilargi gorbeltzari. Hurbil-hurbil nengoen loreen bahespean etzanik, gizonak zer egiten zuen begira. Eta gizona ikara zen bakartegian; baina gaua bukatzera zen, eta harkaitz gainean eserita zegoen...

        »Orduan zingita sakonetan hondatu nintzen, lilien eremua zehar urgainetik urruneratuz, eta zingira sakonetako loskoen artean bizi ziren ibai-zaldiei dei egin nien. Baita ibaizaldiok nire deia entzun eta etorri ziren, behemotarekin, harkaitz azpiraino, ilargiaren pean orroa beldurgarri zoliak egotziz. Hurbil-hurbil nengoen ni neure gordelekuan etzanik gizonak zer egiten zuen begira. Eta gizona ikara zen bakartegian; baina gaua bukatzera zen, eta harkaitz gainean exerita zegoen.

        »Orduan madarikatu nituen lehengaiak izkanbil madarikuz; eta izugarrizko ekaitza bildu zen zeruan, lehenago haizerik izan ez zen tokian. Zerua ubeldu zen ekaitzaren ariaz, euriak zafratu zuen gizonaren gorputza, berunuholdeak jatsi ziren, ibaia apar oro jarri zen, ur-liliak txistuz zeuden beren ohetan, basoa errautsi zen burrunbaz, tximistak jo zuen, eta harkaitza dardaratu zen nere bihotzeraino. Hurbil-hurbil nengoen nere gordelekuan gizonak zer egiten zuen begira. Eta gizona ikara zen bakartegian; baina gaua bukatzera zen, eta harkaitz gainean eserita zegoen.

        »Orduan asarretu nintzen eta madarikatu nituen, ibiltze-maradikuz, ibaia, loreak, haizea, basoa, zerua, ostotsa eta ur-lilien asperenak. Eta madarikatuak bihurtu ziren eta ixilak izan. llargia zerura koloka igotzetik gelditu zen, trumoia itzali zen, tximistak ez zuen jotzen, odeiak ekuru zeuden zibuka, urak galgan jarri ziren eta egon zuhaitzak dardaratzetik gelditu ziren, ur-liliek ez zuten gehiago asperenik, eta ez zen haboro haien artetikako surmurrik entzuten, ezta hots itzaliak batere ezin mugatuzko lekarotz zabalean gaindi. Orduan harri gaineko hizkiei so egin nien, eta aldatuak zeuden; eta hizkiak IXILTZE ziren.

        »— Eta nire begiek gizonaren aurpegia idoro zuten, zuria zen izuaren izuz. Bertan burua eraiki zuen esku-artetik, eta zutik egon zen harkaitz gainean behatuz. Baina mintzorik ez zen ezin mugatuzko lekarotz zabalean gaindi, eta harri gaineko hizkiak IXILTZE ziren. Eta gizona ikaratu zen, inguratu eta urrunera ihestu, lasterka, nik ez bait nuen gehiago, ikusi».

        Bada ipuin politik Maguen idaztietan, Maguen burdinazaldun idazti itunetan. Badira hor, diot, edesti ederrak Zeruaz eta Lurraz eta itxaso arroaz, baita itxaso, lur eta Zeru goiei agintzen zieten Laminetaz. Bazen ere jakintza asko Sybil-ek —esandako esanetan; eta gauza uren urenak eritzun zituzten aspaldion Dodona aldean ikaratzen ziren osto ilunek. Baina, Allah bizi denaz, nere aldamenean hilobiko itzalpean exerita Gaizkinak jalki zidan alegia hori oroetarik miresgarriena dela daukat! Eta bere edestiari amaia eman zionean, Gaizkinak, hilobiko zulo barruan atzera erorita, farre irri egin zuen. Nik ezin nuen Gaizkinarekin batean farregin, eta madarikatu ninduen ezin nuelako farregin. Baita hilobian betiereko bizi den katamotza hortik atera zen, eta Gaizkinaren oinetan etzan, eta aurpegiari begira zegokion mugitu gabe.

 

aurrekoa hurrengoa