www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Narrazioak
Jon Mirande
1951-1963, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZINOPA

 

        Etxera zoan hiriko karrika hutsetarik zeihar, bakarrik eta berant. Hiri-alderdi bazter batean bizi zen, oihan zabal bati hurbil. Oinez joan behar zuen, jakina, ordu berandu hortan. Egar-sutan zen; kafetxe guziak engoitik hertsirik zeuden, ordea, eta etxeratzeaz besterik ez zuen. Urrats lazoan zebilen. Ezin erranezko akidura bat nabari zuen bere gorputzaren atal orotan, eta gogo onez jarriko zen karrikaren bi aldeetarik han-hemenka ezarriak ziren zurezko jar-leku haietariko batean, hirizain batek hor ikusi, paperak eskatu eta mozkor bat zelakoan jaikiaraziko zuela beldur izan ez balitz.

        Ez zen, aldiz; ohoinen edo gizeraileen —atzerritar zital andana bat etorri zen, azken urteotan, Hirirat bizitzera edo beste gautar gizatzarren beldur; eta beste irriskurik Gauak gorde dezakeela, bere itzal-zoko barneetan, ez zen jelosten ere, ez zen irudimen biziko mutil bat. Bestelan ez zatekeen hain beratx ibiliko, bakar beranta, karrika huts eta beltz horietan.

        Irudimen joriago bat eduki ukan balu, ohartuko zen, behar bada, gaua beltzago zela urteko garai hartan ohi den baino, eta lanpadariek ez zutela aldean dilindan iduri zegoen susko borobil bederaz beste argirik egozten lurgaina eta lurgainean zebiltzanak ilunpe osoan utziz. Baziren ibiltzaleak. Behintzat bat bazen, haren atzetik etorki: oinkada astun neurtuak ondo entzuten ziren, nahiz urrun samar izan oraindik. Gogo apalagoko norbait berari jarraikiz zebilela uste ukanen zuen, urrats berberean bait zetorkion atzetik.

        Pentsu horrek farre eragin zion. Beste ibildari gauzaleak gogoeta berdintsuak zerabilzkeen irri apal bat egin baitzuen hark ere. Ala ilunaren beldur ote zen hura, irriz eta kantuz izuak oro uxatu nahian? Ezen kantuz hasi zen; hobeki eginen zuen, egiaz, isilik egonik: agure bat zen, hotsetik ezagun zenaz, eta haren boz luto, erlatsuak ez zituen sentimendu atseginak ekartzen giza gazte baten gogorat. Kantu edo kantika horren entzuteaz, bet-betan ahaztu Zitzaizkion bizitzako zorion guztiak, eta ihoiz oinaztatu zuten zorigaitzak oro itzuli zitzaizkion, bizi-biziak, oroimenerat.

        Bazebilen, gogoeta goibelik asko arima-zola urdindutik buragertuak alatzen zituela, karrika huts, beltz eta luzeetan gaindi. Beranta zen, baina gehiago ez zegoen bakarrik; norbait zetorkion atzetik urrats ber-berean ibili izan balitz bezala. Kantua eta kantuaren oihartzunak isildu ziren azkenekotz; behar ere, Gogoeta goibelak mailka itzali ziren eta atseden apur bat hartu nahi ukan zuen. Atzetik zetozen urratsak gelditu ziren berehala: bazirudien ihakindatuz zebilkiola agure makurra, eta hasarre batek hartu zuen haren makurkeriari oharturik. Higuingarri zen agure hura. Ibiltzeari ekin zion harzara: besteak halaber egin Zuen... Orduan inguratu Zen eta besteari buruz joan zen, joku ergel horri amaiaren emaitekotz. Ukabilak borobildurik, herraz beterik, joan Zen hari buruz.

        Izutuko zen edo, haren oinkada higuingarriak ez baitziren gehiago ezagun. Zeihar-karrika batetik aldeginik zatekeen. Ala barrandaz ote zegoen ilunpean gorderik goaitatzen? Aitzina joan Zen ezinbestez; eta kasu handirekin zebilelarik, iluna zela kausa, huna non entzun zituen berriz ere oinkadak, urrats berak, haren atzetik zetozenak. Harriduraren harriduraz gelditu zen bigarren aldikotz, eta igurikitzen zuen araura, oinkada hek ere gelditu ziren. Eta bihotza ttipitu zitzaion orduan eta ihes nahi zuen.

        Ondikotz. Edozein bide har zezan, laster urrats astun, neurtu higuingarriak entzuten zituen atzean eta zazpitan higuingarriago! Jarraitzalearen kantu oiezak ere entzuten zituen, eta haien oihartzun ozenak. Eskuin jo, ezker jo osoro galdu zen azkenekotz. Bere egoitzatik geroago eta urruntzenago zela aiher zen. Lanpadaririk ez zekusan gehiago; zuhaitz lerdenen isla beltzagoak susmatzen zituen, aldiz, ilunpe beltzean. Oihanaren erdian zatekeen. Ortzean ez zegoen izarrik, ez ilargirik. Lurrean ez zeuden zuhaitzak baizik eta bi ibiltzaile, bata bestearen atzetik.

        Ihon ezin geldi. Are nahiago zituen urratsok eta kantuok entzun, orduan segur baitzen, bederen, urrun zela beti. Geldituko bazen, berehala geldituko zen bestea ere, eta haiduru egonen. Ezin jasanezko nazka emaiten zion zain eta haiduru zelako pentsuak berak.

        Oihanean ingura eta ingura, gorputza ezindurik zedukan, oinak geroago eta neke handiagoarekin aurrera zerabilzkien. Sasietako elorriek alde orotarik sistatzen zuten, eta zuhainak ere haren etsai ziren, bidea eragozten ziotelarik. Behin behaztopatu zen eta erori, burua harri gotor bati kontra joaz. Alditxartu Zen. Bere baitaratu zenean, ezin higi zitekeen. Eroriak, akidurak eta izuak zentzua nahastarazi zioten. Oihan barne guzia argi betean zekusan, zuzi goraz argiturik. Eta gizon bat zegoen haren oinetan, zaharra, handia, bilo-bizarrak urdinak. Zai zuri batez jauntsirik zegoen, gerrikorik gabekoa. Urrekate bat zekarren lepoan eta hartarik dilindan, urrezko eguzki-gurpil bat, esmeraltez ederragotua; bi ahotako haizto bat zedukan eskuan, punta lurrari buruz emanik. Gizon horrek behatzen zion, eta gorrotorik, aiherkunderik edo beste gizasendimendurik ez izan arren haren soan, bihotza izoztu zitzaion haren begien pean.

        Azali bat entzuten zuen, hor zetzalarik zauritua oihaneko lur ezearen gainean. Hitzak ez zituen ulertzen, ezagutzen ez zuen hizkuntza batean zirelakotz, ozena eta zahar-antzekoa.

        Indar bat zedukan azali horrek, oihan guzia eta inguruko herrialdea eta lurbira haren neurriaren araura bizi baitziren. Eta hiltzen. Eta berpizten. Gizon zahar, zuriz jauntziak zuen azali hori kantatzen.

        Baina emeki-emeki entzungaitz egin zitzaizkion neurtotsak eta gizon zahar haiztodunaren irudiak aldegin zion ikusmenetik. Min zorrotz bat senditu zuen. Itsas zabal gorri batean murgildu zen, itsasontzi zoritxartu baten antzora.

        Oihanzain batek aurkitu zuen biharamunean, hilotz eta odol-husturik, zuhaitz eder batetik zintzilikan; beso biak bizkarrean estekaturik. Bere diru paper eta gauzak oro sakeletan zituen uki-gaberik. Poliz-gizonak gehienik harritzen zituena, aldiz, zauriaren itxura zen: eguzki gurpil baten antzean haizto ukaldika bularrean egin izan zitzaion; zauri hartarik ixuri zen haren odola, eta Herioa sartu zen haren gorputzaren ondoraino.

        Egiazko damua erakutsi zuten haren ahaiden, ezagun eta nagusi guztiek, mutil zintzo, atsegin, langile bat izan zelakotz beti. Goian bego.

 

aurrekoa hurrengoa