www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Narrazioak
Jon Mirande
1951-1963, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

FRU METTE

(Jutlandeko ixtorio zahar bat)

 

        Behin baziren senar-emazte eli bat, hiru alaba bazitienak; Karen, Maren eta Mette deitzen ziren. Ejer ziren begientako, bena bihurri eta hezgaitz ziren hiruak, Mette, haatik, gaitzena zelarik. Horrengatik senargeiak jin ziren Karen eta Maren eskien galta, eta ezkuntu ziren; hanitx luzaz irain, zian aldiz Metten eskiaren galtatzera batek ausartu artio. Azkenian, haatik, senargei bat ediren zian, bai eta hirugarren ikusalditik landa hirugarren egunian, zeinia joitian, elizan batuko zirela, apezak ezkunt litzan. Ezkunt eguna heltu zenian, aitetamak eta alaba elizatu ziren, bena luzaz eguruki behar izan zien senargeia. Azkenekoz heltu zen. Zamari zahar handi baten bizkarrian horra zen; arma bazian saihetsian, eskietan ardilezko eskumantxu eli bat, eta txakur handi bat jerraikitzen zitzaion. Ezteiak urrentu orduko emaztiari erran zeron:

        — Zamarian jar hadi en'aitzinian eta etxera abia gitian.

        Emaztiak egin zian harek manatu bezala, nahiz aitari ez zitzaion hori sobera laket; bena senarra bere hartan tink egon zen eta zamarian juan ziren biak. Bide puxka hun bat eginik zielarik, gizonak esku mantxu bat erortera titzi zian.

        — Eraik'ezak —erran zeron txakurrari, bena txakurrak etzian eraiki.

        — Eraik'ezak berala! —erran zion hartzara, bena txakurrak lurrian utzi zian.

        Hirugarren aldikoz txakurra auherretan manatu unduan, arma hartu zian eta txakurrari tiratu, hantxek berian hilotz erori beitzen.

        Aitzina juan ziren senar-emaztiak eta oihan batetara heltu ziren. Han gizona ekuratu nahi izan zen; eratxi ziren eta zamaria alatzen utzi zian bere laxiala. Gizonari uduritu zitzaionean aski pausatu zirela, zamaria hiru aldiz deitu zian, jin zekiola; bena etzeron axofik egin eta alatziari jerraiki zen. Gizonak ordian arma hartu zian eta zamaria tiro batez ero. Emaztia etzen guti harritu eta goguan hartu zian behin ere etzela senarraren aitzinian bihurri izanen. Ordian gizonak zaharo berde bat muztu zian eta emaztiari eman zeron, erranez:

        — Begir'ezan nik gibel galtatu artio.

        Holaxe ebili ziren etxera heltu artio. Han irus bizi izan ziren une eli bat alkarrekilan, emazuak ezpeitzian sekulan ahantze oihanian zirelarik goguan hartu ziana, hots, behin ere etzela senarraren aitzinian bihurri izanen. Hain hun eta sinesle zen, beti ihurk ere ezpeitzian erranen Mette hezgaitz hura zela...

        Egun batez, senarrak erran zeron emaztiari:

        — Zer iduritzen zain, presta baginte hire etxenkuen ikustera juaiteko?

        Bai botzik nahi zian emaztiak. Ordian gizonak mitila manatu zian botura ekar lezan, eta abiatu ziren. Bidian zebiltzelarik, kurlo saldo bat ikusi zien zelian.

        — Bele ederrak hoik —erran zeron mitilari gizonak.

        — Ez, hoik eztutuk beliak, kurloak 'tuk —emaztiak erran—. Gibel itzul adi eta etxera goatzen —gizonak arrunt mania eman zeron mitilari.

        Egun zunbait hanti landa, senarrak berriz ere emaztiari galtatu zeron ea apaintu nahi zenez, etxenkuen ikustera juaiteko:

        — Bai, gogo hunez —harek arrapostu.

        Artalde handi bat ikusi zien bide bazterrian: —Hori dun otso saldua! —gizonak erran zian.

        — Hoik ardi eta bildotsak'tuk —emaztiak.

        — Gibel itzul adi eta goatzen etxera —gizonak mitilari nianatu zeron, eta egun hartan etziren aitzinago ebili.

        Geroxiago, senarrak hirugarren aldikoz emaztiari galtegin zeron, aitetarnen ikustera juaiteko apaindu nahi zenez. Eta harek baietz. Ordian botura elki-azi zian gizonak eta abiatit ziren.

        Bide puska hun bat egin unduan, oilo andana bat batu zien.

        — Erroi andana hau handixka dun —gizonak erran zian. —Bai, egia diok —emaztiak berala.

        Eta hola aitzina juan ziren eta Metten aitetamen etxila heltu. Oro boztu ziren hen ikistez. Karen eta Maren ere han ziren beren senarrekilan. Amak bere hiru alaba berareki bildu zitian kanberalat, Mette nula bizi zen senarrarekilan jakin nahiturik beitzen. Artian, aita xaharrak pegar bat urrez eta zilarrez bete zian eta mahainaren gainean ezari zian hiru senarren aitzinian, ziularik:

        — Pegarra ukenen dik ziek hiruetarik emazte sineslena dianak.

        Ordian hiru gizonetarik lehena oihuka hasi zen:

        — Karen, Karen maitia, burua ager ezan amiñi bat!

        Bena harek deitu eta deitu arren, etzen Karenik agertu. Ez eta kanberan ere etzian senar harek emaztia berarekin eraman ahal izan. Bigarren gizonari berdin agitu zitzaion bere Marenekilan. Hirugarrenaren aldia jin zenian, bortala juan zen, jo zian eta hau baizik erran:

        Mette, aigu huna.

        Lasterka jin zen Mette eta senarrari galtatu zeron zer nahi zian. Gizonak erran zeron:

        — Ekarran oihanian nik eman zaharo, hura.

        Berareki zian eta berala eman zeron. Ordian senarrak zaharoa beste bi gizoner erakutsi zien, eta hunela erran:

        — Huntsa so'gizie: zaharoa okertu nian berdea zelarik. Ziek ere hola egin behar zunien.

 

aurrekoa hurrengoa