www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Narrazioak
Jon Mirande
1951-1963, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEGEAREN AITZINEAN

(F. Kafka)

 

        Legearen aitzinean atezain bat badago. Baserritar bat heldu da atezain horren ganat eta Legean sartzea eskatzen du. Orain ezin dezakela utz sartzera dio, ordea, atezainak. Gizona gogoetatzen du, eta galdetzen du geroagoan sar litekeenez.

        — Bazitekek. —dio atezainak—; baina ez orain.

        Legerako atea zabalik baitago, beti bezala, eta atezaina baztertu baita, gizona makurtzen da atetik zeihar barnearen ikustekotz. Ohartzen zaionean, atezainak irri egiten du eta erraiten:

        — Hainbat liluratzen bahau, entseia hadi sartzera, bada, ene debekua gatik ere. Baina kasu, ahaltsua nuk. Eta atezain apalena baizik ez nuk. Aretoz areto, berriz, beste atezainak badituk, bata bestea baino ahaltsuago. Jada hirugarrenaren begiratzea, nihauk ere ezin jasan diezakeiat.

        Baserritarrak ez zituen horrelako zailtasunak igurikitzen; ezen uste du ororen helmenean izan behar lukeela beti Legeak; baina orain, zehazkiago so egiten diolarik atezainari, haren larruzko soinekoari, haren sudur zorrotz handiari, haren tatar-bizar beltz mehe luzeari, erabakitzen du hobe dela sarbaimena jaso arte itxaron dezan.

        Atezainak aulki bat emaiten dio eta uzten du atebazterrean jartzera. Egunak eta urteak iragaiten ditu hor jarririk. Bere zazpi egin-ahalak egiten ditu barnerat utz dezatentzat, eta nekatzen du atezaina bere eskariekin.

        Noizik behin galdekatzen laburrak hasten ditu harekin atezainak; haren sorterriaren gainean eta beste gai askori buruz itauntzen dio, baina axolik hartu gabe egiten ditu galdeok, jaun handien ariora, eta azkenean, berriz ere erraiten dio oraindik ezin dezakela sartzera utz.

        Gauza anitz hartu baizuen bideko gizon harek, denak eralgiten ditu, baliosenak ere, atezainaren konzientzaren erostekotz. Honek denak hartzen ditu, bai, baina hau erraitez:

        — Hartzen ditiat soilki; ez dezakala uste ukan egin behar zenik ez dukala egin.

        Urte andana hortan, gizonak kasik etenik gabe urkusten du atezaina. Beste atezainak ahazten ditu eta irudi zaio lehen hau duela Legean sartzeko eragozpen bakarra. Bere zorigaiztoa madarikatzen du, lehenbiziko urteetan goraki eta axolatu gabe, zero zahartzearekin soilki marmarikatzen du bere buruarekin. Haurtzen da, eta urte luzeotan atezaina azterturik, hunen larruzko lepokoan bizi diren kukusoak ere ezagutu baititu, kukusoak ere otoizten ditu lagunt dezatela eta atezainaren gogoa haren alde bihurt dezatela. Azkenean haren begien argia makaltzen da, eta ez daki egiaz ilundu denetz inguruan ala begiek dutenetz aitzipetzen bakarrik. Haatik ongi ohartemaiten du orain erlantz bat ilunpean, Legearen atetikan horra dena. Engoitik ez da areago luzaz bizitzeko. Hil baino lehen, aldi luze hortan bildu dituen ohart'ikasi guztiak galde bakar baterat elkartzen zaizkio buruan, atezainari oraindik ez jalgia: keinu egiten dio, gorputz konkortua ez baitu gehiago jasotzen ahal.

        Atezainak apal makurtu behar du haren aldera, ezen bien handitasun-artea asko aldatu da gizonaren kaltetan.

        — Zer jakin nahi duk oraindik? —galdetzen dio atezainak—. Ezin asea haiz.

        — Denak Legearen atzetik dabiltza —dio gizonak—; nolaz, beraz, nitaz besterik ihork ez du sarbaimenik eskatu urte andana hontan?

        Atezainak ezagutzen du gizona urrentzera dela, eta haren entzumena itzaltzen ari denerat heltzeko oihuz dirausko:

        — Besterik ihork ezin zezakeian hemen sar-baimenik eska, hiretzat baizik eginik ez baitzen sargu hau. Banoak orain herstera.

 

aurrekoa hurrengoa