www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Narrazioak
Jon Mirande
1951-1963, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEIHO IRIKIA

(H.H. Munro «Saki»)

 

        Ene izeba berehala jautsiko da, Mr. Nuttel —esan zuen hamabost urteko andere gazte txit ausart batek—; bitartean nolazpait jasan beharko nauzu.

        Framton Nuttel saiatu zen zer egokia esatera, oraingo iloba behar bezala lausengatuko zuena geroko izeba behar ez zen bezala iraindu gaberik. Bere baitan inoiz baino areago zalantzan zegoen jende batere ez-ezagun batzuei jarraian egiten zituen adei-legezko ikustaldiok asko lagunduko ziotenez segitzen ari omen zen zain-osakuntzan.

        Badakit zer gertatuko den —esan zion arrebak baserriko igesleku hortara erbesteratzera ziolarik—; lurpean bezala ezkuratuko zera, ez diozu arima bizi bati hitz egingo eta zainak sekula baino gaixoago ditukezu gogoetan egotetik. Gomendiozko gutun batzu emango dizkizut hor ezagutzen ditudan jende guztientzat. Oroitzen naizenez, zenbait oso atseginak ziren.

        Framtonek bere buruari galdetzen zion Mrs. Sappleton, gomendiozko gutunotako bat andere horri ematera baitzetorren, atseginen sailekoa ote zen.

        Jenderik asko ezagutzen ahal duzu hemen? —esan zion ilobak, alkarrekiko ixiltasunean nahiko parte hartu zutela iduritu zitzaionean.

        — Ez batto ere —erantzun zuen Framtonek—. Ene arreba hemen egon da erretorenean orain dela lau urte edo, badakizu, eta gomendiozko gutun batzu eman dizkit jende zenbaitentzat.

        Damu bizi bat nabari zuela bere mintzoan esan zituen azken hitzok.

        — Beraz nere izebaz jakin ezer ere ez dakizu? —aurrera esan zuen andere gazte ausartak.

        Haren deitura eta zuzenbideez besterik ez —aitortu zuen arrotzak.

        Bere buruari galdeka ari zitzaion ea Mrs. Sappleton ezkondua ala alargunen errenkadakoa zenez. Zuzen ezin azalduzko zerbaitek gelako eguratsean gizonik hor izan zela iduri erazten zion.

        — Gaur direla hirur urte zorigaitz haundiak jo zuen —esan zuen neskatxak—; zure arreba hemen egonez geroztik izango zen.

        — Zorigaitzak jo? —galdetu zion Framtonek. Nola ere baitzen, basa-bazter baketsu hori zorigaitzari ez zegokion. Behar bada zure baitan galdegin duzu zergatik leiho hau zabalik daukagun urril-arratsalde batez. —esan zuen ilobak, ate-leiho haundi bat soropik batetara irikitzen zena behatzarekin erakutsiz.

        — Eguraldia nahiko epela da sasoiarentzat —ihardetsi zion Framtonek—; baina leiho horrek zer ikusirik ahal du zure izebaren zorigaitzarekin?

        — Leiho hortarik, gaur bertan hirur urte bete direla, haren senarra ta bi anaia gazteak eguna ehizan igarotzeko asmotan joan ziren. Inoiz ez dira itzuli. Zingira-lur batetan gaindi beren ohiko ehiza-tokirantz zioazelarik, hirurok losko ezkutu batean amildu ziren. Eurite gaitzak izan ziren udara hartan, badakizu, eta beste urteetan sendo ziren lurguneak uste gabean oiripetan lehertzen ziren. Heien gorputzak sekula ez dira idoro. Hori da izugarriena...

        Hemen neskatxaren botzak bere ausartzia galdu zuen eta ikaratuxe zen, jende jendekin batena aritzo.

        — Izeba dohakabeak beti uste du egun batez itzuliko direla, bai eta heiekin batean galdu zen eiz-or espainol beltxa ere, eta leiho hortatik sartuko direla, egin ohi zuten bezala. Horrengatik leihoa irikirik eukitzen dugu arratsero, osoki ilundu artean. Gaixo izeba, maiz kontatu dit nola atera ziren, senarra bere kapusai zuria besapean zeukala, eta Ronnie haren anaia gazteena «Zertarako, Bertie, dantzan ari zera beti?» kantatuz, hari tentatzeko beti egiten zuen bezala, esaten baitzuen zainetara ematen ziola kantu horrek. Badakizu, zenbait aldiz, gaur iduriko arrats ixil geldietan, halako laztura bat sendi dut, guztiok leiho hortatik sartuko bailirakeen...

        Ixildu zen, dardara. Arnas arin hartu zuen Framtonek izeba oldarrez gelan sartu zenean, barkamen-eskeka berandu agertua gatik.

        — Vera laketgarri izan zaizulakotan nago? —galdetu zuen andereak.

        — Asko ernagarri izan da —ihardetsi zion Framtonek.

        — Ez ahal dukezu axolik leihoa irikita uzten badut —esan zuen beingoan Mrs. Sappletonek—; ene senarra ta anaiak aurki ehizatik itzuliko dira, eta hortik sartzen dirade beti. Aintziretara joan dira gaur beren zizpekin, esan nahi baitu zikin ederrik egingo dutela nere gaixo oinoihaletan. Gizonezkoen ohitura, ez da?

        Jarraiki zen ehiza kontuetaz alaiki mintzatzen... hegazti gutxi izateaz... neguan ahaterik arrapatzeko zen itxaropenaz... Framitonentzat izur-gai huts zen hori guztia. Etsituki alegindu zen hizketa bain beldurgarri ez litzakean gai batera saiestera, ondore hau osorik erdietsi ahal izan gabe ordea; konturatzen zen parteka baizik ez ziola etxeko andereak kasurik ematen, eta haren begiak gelditu gabe Framtonen gainetik leiho irikirantz eta bestaldeko soropilerantz inguratzen ziren. Benetako zorikabeaz arrotz gertatu zen etxe horretan urteburu saminaren egunean bertan.

        — Sendagileek aho batez diote behar dudala atseden hartu, gogoa batere ez kezkatu eta edozein gorputz neketatik urrun egon —jakin erazi zion Framtonek, sinesmen nahiko zabaldua baina gezurrezkoa baitzeukan jende ezezagutuak edo gertuzko ezagunak jakingose direla gure gaitzez eta minez, heien kausaz eta sendabideez—. Dietaz den bezainbatean, ordea, ez daude aburu bereko.

        — Ezta? —esan zuen Mrs. Sappletonek, ahoa azken mementoan arrausin ordez hitz egitera behartuz. Gero batbatean bizkortu zen, erne ta adi jarriz, baina ez Framtonen esanari—. Badatoz azkenean! —oihu egin zuen—. Tea hartzeko puntu-puntuan, eta ez ahal dirudite begietaraino lokatzez beteak?

        Framton hozkiriotu zen eta ilobaren aldera inguratu, adiskide baten errukia adi erazi nahi zuen begirada batekin. Neskatxa leiho irikitik karipora so zegoen, izu ta harridura bere begi borobilduetan. Ezin esanezko beldurtasun batek latz-ikara zeragiola, Framton itzuli zen bere aulkian, eta zuzenbide berean begiratu zuen.

        Beltzagotuz zioan ilun-nabarrean, hirur irudi ibili zebiltzan soropilean barrena ateleihora buruz; hirurok zipa bana zeukaten besapean, eta eietako bat, besalde, kapusai zuri batez sorbaldatik zintzilik zamatua zen. Eiz-or espainol beltx bat aztaletan zerraien nekez. Otsik egin gabe etxeraino urbildu ziren, eta orduan botz gazte marranta batek kantatu zuen ilunpetik: «Aizu! Zertarako, Bertie, dantzan ari zera beti?»

        Zoratu batek bezala Framtonek eutsi zien makila ta ginbailari; etxe-sarrera, etxe-aurreko zidor harriztatua ta biderako atea lausoki ohartutako mailak izan zituen bere igesaldi lasterrean. Bidean goiti zetorren bizikletadun batek bide-bazterreko berrora inguratu behar izan zuen arin, elkar jotzeari ozta itzur eginaz.

        — Hemen gaituzu, maitea —esan zuen, ate-leihotik sar eta, kapusai zuria zeukanak—; loitsu samarrak, baina gehiena idortuta dago. Nor zen hona gentozelarik tximista bezala atera den hori?

        — Gizon bat bere gisakoa, Mr. Nuttel delako bat —erantzun zion Mrs. Sappletonek—; bere eritasunez baizik ez zekien mintzatzen, eta iritxi zeratenean kanpoa hartu du burrunban, aitzaki edo agurrik batere gabe. Iratxo bat ikusi zuela esan zitekeen.

        — Eiz-ora zela kausa uste dut —esan zuen ilobak lasaiki—; salatu dit txakurrek nazka ematen diotela. Bein paria-ozar saldo batek hilerri batetara lasterkatu zuten Gangesko bazterrean, eta gau guztia hilobi zulatu berri batean igaro behar izan zuen, piztiak haren gainean zaunkaz zeudelarik, aginak ageri ta lerdea zeriotela. Aski da norbait zinetatik ateratzeko.

        Ipuinak epe laburretan asmatzeko doai berezia zeukan.

 

aurrekoa hurrengoa