www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ejerzizioak-I
Agustin Kardaberaz
1761

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa hurrengoa

KOMUNIO EZKEROKO EJERZIZIOA

 

Qui manducat meam carnem, & bibit meum sanguinem; in me manet, & Ego in illo. Ioan. 6.
Nere Gorputza jaten duena, ta nere Odola edaten duena, dago nigan, ta Ni argan.
Au komulgatzen danagatik dio Jesu Kristok: ta ondo komulgatzen danaren frutua au da.

 

LEKU EGITEA, EDO KONPOSIZIOA

        Zure biotzari, Jainkozko Sagrario bati bezala, begira zaiozu, Aingeruz biribillan betea, ta oiek beren Jauna adoratzen daudela, zure biotzeko ostatuan dakustela: ta nola erleak beren abaraska, edo Panal eztizkora! ala oiek beren gozo guztira, zeña zure biotzeko kortxuan daukaten, datozela.

 

PETIZIO, EDO ESKARIA

        Au izango da, Jesu Kristo G. J.ri grazia eskatzea, beraren Gorpuz txit preziosoa, nere biotzean daukadan denbora onetan (au da Ostia Santa desegin artean, edo Espezie Sakramentalak estomagoan dirauten bitartean) nere animaren begiak beragandik aparta ez ditezen, ta nere biotzeko deseo, ta afekto guziak beraganonz izan ditean: eta ongi etorri añ ona nik egin diozadala, non da bere bendizio, ta doai bearren dedana, berak obeto dakien, ta naien duen bezala, eman dizadan, berekin bat egin, ta beraren borondatea beti dagidan.

 

 

LENDABIZIKO PUNTUA

 

        Fede bizi batekin konsideratu, nola Jaun andi ura bera zure barrenean daukazun, zeña Ama Birjiñak bere Sabel garbian bederatzi illabetean iduki, ta Belengo Portalean jaio, ta abereen Pesebre, edo majaderan ezarri zuen, esaten ziola: «Ongi etorria zerala, nere Jainko, ta Jaun, ta nere Seme maitea, ta mundu galduaren erremedioa! An Aur txiki, ta Jainko andi au bere biotzeko amorio guztiaz adoratu zuen. Zuk ere, bada, ori bera egizu, ta zure biotzean daukazun Jesus maitea adoratu, ta ama ezazu.

        2a. Konsideratu nola zurekin daukazun, Simeon agure Santuak bere besoetan artu, ta txit gozotoro iduki zuen Jesus munduaren Salbadorea: begira zeñ fede biziaz adoratu zuen, ta esperanza, ta amorioz beterik nola esan zion: Ea, asko da Jauna: Zu ikustea baizen nai ez nuen: Munduaren Argi ederra, ikusi zaitut; orañ ill nai det: pakean ar ezazu nere anima.

        Pensezazu ondo, zer afekto miragarriak Ama Birjiñari bere biotzean eragingo ziozkan: ta orobat Simeon Santuari. Ori bera Jesus aurtxo gozoak Artzai ditxosoetan, Iru Errege, ta beste bera ikusi, ta adoratu zuenen biotzetan egin zuen. Zer fede, zer errebetenzia, zer amorio irazakia oriena! Zer bendizio, zer doaiak, zer mesedeak egin, ta emango ziesten!

        Oriek guziok zuri eman, ta egin nai dizkizu. Baña ai! Nola ondo prestatzen etzeran: Nola aiek bezalako ongietorria zure Jabe bakar, Jesus onari egiten ez diozun: berarekin gutxi tratatu, ta gaizki jardunaz: ta ainbeste bider, ta añ erraz edozeñ gauzagatik zure Jaun ori utzi, ta aztuaz: orregatik zeruko doai, añ ugari Jaun onek eman nai dizkitzunak, artzen ez dituzu. Ea, bada: egin gaurko egunetik propositu firme asko, zure bizitza emendatzeko: emendik aurrera geiagotan, ta obeto komulgatzeko: Jaun andi amoroso au zure biotzean artuaz, trokatu zaitean Kristau berri, justu, ta Santu batean.

 

 

BIGARREN PUNTUA, KOLOKIOAREN GISAN

 

        Konsideratu, nere Animak, eri triste baten gisa dagoela, Jainkozko erremedio bat, zeruko bokadu onetan artzen duela: ta Mediku amoroso Jesu Kristo, bere podore, jakintasun, ta ontasun guziaz, Anima gaitz guzietatik libratu, ta egiazko osasuna, ta zeruko bizitza ematera datorkiola.

        Ai nere Jesus ona! Zuk dakizu, nik baño ere obeto, nere gaitz, ta miseria guzien berri. Ona, ikusi ezazu nere barren guzia, ta zer kalteak pekatuen pozoiak egin dizkidan: nola galdu, ta eriotzara, ta infernura onelako biziok, ta alako pasio txarrak naraman: Ona nere soberbia, ta orren lagun, ta ondorengoak, nere itsutasuna, otz, edo epeltasuna, ta obra on guzirako argaltasuna.

        Zu zera bokadu onetan guzien erremedio, ta birtutea. Indazu, bada Jauna, etorrera onetan zure grazia nere pekatu guzien gorroto, damu, ta proposituarekin. Indazu argia ondo ikusteko, ta zure biotzeko sua, diranak or erre, ta akabatzeko. Zu, grazia, ta bizitzaren ibaia zera: busti, ta irrigabia ezazu nere animako lur leor, ta gogor au, zeruko frutuak aurrera eman ditzan.

        Zu, nere Jaungoikoa, munduaren Jabe bakarra zera: izan zaite ordu onean: ona Gaztelu onen giltzak, orra nere borondate, ta biotzeko afekto guziak. Zu zera Maisua erakatsi zadazu zeruko bidea, ta zure ondoren beti ibiltzen. Zu zera Arkume txit mansoa: arren lotu itzatzu nere soberbia, ira, aserre, ta bizitasunak. Zu zera Leoi indarsua: indazu, bada, Jauna, zure birtute, ta sendotasuna, demonio, mundu, ta aragiaren kontra peleatzeko.

        Zu zera Artzai ona: zure dei gozoa aditu, ta zugana erakarri nazazu, zeruko lurrean zure ondoren nabillen. Zu zera anima garbien Esposo maitea: kulpa guzien mantxak nere animatik kendu, ta zure pakezko, ta amoriozko laztana, ta zure Espirituaren gozo santua indazu. Zu zera nere Aita, ta Guraso guztien onena: ona, bada, Aita Amoroso, egiazko Aitarik onera, ona non zugana biurtzen naizan. Ai Jauna! Seme, edo alaba galdu bat orañdaño izan banaiz: emendik aurrera zure ume fiel, humilla, ta garbia nai det izan: zure etxean, zure pake, amorio, ta grazian ar nazazu betiko. Amen.

 

 

IRUGARREN PUNTUA.

SANTA ISABEL-EN BISITAZIOAREN GAÑEAN

 

        Konsideratu, nola Santa Isabelen etxean sartu zanean Jesu Kristo G. J. bere Ama Birjiña txit Santaren sabelean enzerraturik bazegoen ere, etxea, ta etxekoak zeruko bendizioz bete zituen. S. Juan Amaren entrañetan zegoen aurtxoa, pekatutik libratu, ta Jainkoaren graziaz bete zuen: ta aurra, ta bere Ama espirituko gozo andi batez, ta Profeziazko doaiez janzi zituen: ta Santa Isabel humillak orduan esan zuen: «Nondik onelako ditxa niri, nere Jaunaren Ama nigana etortzea?».

        Fede bizi batez begirezazu, nola Jesu Kristo G.J. berbera egiaz, bere Personan zugana orañ etorri, ta Ostia Santan artu dezun. Nola orduan, ta beti bezeñ poderosoa dan orañ zure animan ontzi garbia bezala prest balego, bere doai, ta graziak isurtzeko, ta zu betezeko. A! Ori nai du, ta ez besterik Jaun onek! Eska zaiozu, bada zure kulpen mantxa ori eragozten dutenak berak kendu, ta zure biotzeko ontzia garbi garbi utzi dezala, emendik aurrera zeruko ur graziazkoa bere iturri onetan obeto artzeko, ta Jaun onen borondate santua zure obra, ta asnase guzietan egiteko.

        Beste aldetik Santa Isabelek bezala, ta arritu, ta fede humill batez esaiozu: Nondik onelako ditxa niri, nere Jaungoikoa bera nigana etortzea? Nigana, pekatari galdu billau bat ni izanik? Nigana, añ lege, ta esker gaistokoa ni izanik? Nigana Jaun andi, ta Majestade guztikoa? Nondik onelako faborea niri? Nere merezimentuakgatik ote da? Ez egieki; ezpada bere Ontasun andiagatik. O bedeikatua izan dedilla Jaun onen karidadea; bada ni ikustera, ta bisita onekin erregalatzera etorri nai izan du! Nola pagatuko diot onra, ta mesede esan al baño andiago au? Nola? Ondo, ta askotan komulgatu, ta orantxe bezala soseguz, ta debozioz graziak, edo eskerrak emanaz, ta aurrerako berak naien dituen mesede, ta faboreak biziro eskatuaz.

 

 

LAUGARREN PUNTUA.

JAKOB SANTUAREN BENDIZIOAREN, TA BESTE ORRELAKOEN GAÑEAN

 

        Konsideratu, Jakob Patriarka Santuak gau guzian bere orazioan Jaunaren Aingeruarekin, edo askok dionez, Jainkoaren semearekin, lutxa, edo pelea igaro, ta nola esan zion: «Ez Jauna, joaten utziko ez dizut, zure bendizioa lenago ematen ez badidazu». Onela, bada, nik ere, komulgatzen naizan guzian egin bear det: Jesus maitearen oñetan nere burua bota, ta humildade, reberenzia, ta amorio guziaz eldu, ta itseki, ta estu estu artu bear det: ez, Jauna, nere biotzetik joan bear eztu, bere bendizio guzia niri eman gabe. Ea, Jauna: badaki zer bearren dedan: betor egiazko, bere antzeko, ta biotzeko humildadea: betor trabajuetan pazienzia, karidadea, &c.

        Modu onetan, Esposa santaren konfianza, ta amorioaz baliatu, ta esango diot: Ea, nere Jaun, ta Jabe maitea: ona non dedan, nik bear nuen, ta nai nuen guzia. Zu zera, Jesus ona, nere guztia: emen eldu, ta nere egin, ta zaukatzit, ta ez ditut utziko, nere anima zure birtutez, ta doaiez bete artean. Indazu, bada, zuk nai dezun, ta agintzen didazun guztia, ta agindu zadazu nai dezun guzia.

        Edo ta Kristoren Diszipuloakin Emaus-ko bidean esan diozaket: Gera zaite, Jauna, gurekin, zeren ya berandu da. Jauna, ez nigandik joan: emen zaude, zure graziaz ni beti animatzen: ez ni beñere utzi, zu gabe galdu ez nadin. Bearrago zaitut, orañ jauna, zeren nere biziaren eguna akabatzen da, ta nere eriotza ya dator. Orañ, ta beti zu bear zaitut, ta zu bakarrik nai zaitut, zeren zu nere Zorion guzia zeran.

 

 

BOSTGARREN PUNTUA.

LAPUR ONAREN GURUTZEKO ERREGUAREN GAÑEAN

 

        Gogora ekartzu, Lapur ditxoso Gurutzean Jesus ona ezagutu ta beragana biurtu zanak nola esan zion: «Zure zeruko Erreinoan, akorda zaite, Jauna, nizaz». Begira ondo, komulgatu, ta orañ zure animan daukazun Jaun ori bera, zeruan dagoen Jainkoaren Semea dala: ta an, orañ or zure barrenan bezala, Aingeru guziak beti adoratzen, ta alabatzen dutela. Begira, zer Bitarteko, zer Abogadu andia zeruan Aita Eternoari erregutzeko daukazun: ta nola bere zeruko Erreino, ta gloria bizi artara eraman nai zaituen. Au Jaun oni nola pagatuko diozu? Ara nola: Jainkoaren lege, ta borondatean firme egonaz, ta onen esanak egiñaz: bidezkoa, ta zerurakoa bezala ondo biziaz. Eskatu bada, ondo bizi, ta ondo iltzeko bear dezun guzia.

        Komunioa ezkeroko beste Orazioak, ta Jaunari graziak emateko, ta eskatzeko berariazko modua, beste bere lekuan, Ejerzizioetan arkituko dituzu.

 

aurrekoa hurrengoa