www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ejerzizioak-I
Agustin Kardaberaz
1761

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa hurrengoa

HERIOTZAREN BIGARREN EJERZIZIOA,
EDO GORPUTZ ILLAREN GAÑEAN

 

Pulvis es, et in pulverem reverteris. Genes. 3.
Lurra, ta autsa zera, ta auts biurtuko zera.

 

        Eriotzaren konsideraziotik atera bear degun frutu andietatik bat da, Eriotzaren antz andiko birtuterik nobleenaren Ejerzizioa, ta usoa. Birtute oni Mortifikazioa deritza, ta egiaz ezta besterik, ezpada gure pasio, ta inklinazio era gabekoen eriotza baten gisa, ta oriei bizia kentzea, era onean guregan moderatu, ill, ta obiratu, Gorputz illa, ta autsa bezala. Eta au da Ejerzizio onen fiñ, eta frutua.

 

KONPOSIZIO, EDO LEKU EGITEA

        Zure Gorputz illari begiratu, nola ill janziaz, bere ill oean, edo katabuetan sarturik, sala batean, Santo Kristo bat eskuetan, ta argi bi aldamenetan dituela, egongo dan, ta orren iges guziak joango diran, ta bakarrik an utziko duten.

 

ESKARI, EDO PETIZIOA

        Gure Jaungoikoari argi, bizi bat eskatu, zure bizi labur miserablea, ta orren banidade, engañu, ta ezerez utsa ondo oraiñ ezagutzeko, ta gorputz ori bere lurreko gauzakin, merezi duen bezala aztu, ta Jaungoikoa bere zeruko gauza betikoakin bakar bakarrik estimatu, ta emendik aurrera, billatzeko. Ai Jauna! Banidade oietatik nere begiak aparta itzatzu: lurreko gauzak utzi, ta aztu, ta zu ta zerukoak amatzen, ta arkitzen erakutsi zadazu.

 

 

LENDABIZIKO PUNTUA

 

        Onetan iru miseria eriotzak gorputz illari dakarzienak konsideratu bear dira. Lenengo da nola sentiduen uso gabe, ta alerik kemen gabe gorputz illa geratzen dan: ez ikusi al dezake, ez enzun, ez itzegin, ez dagoen lekutik mobitu, ez munduko gauzaz usatu, ta ez gozatu: ya ajolarik eztio, ta ezta len bezala gauza ederrak ikusi, ta zaletzen, ez len bezala musika suabeak enzunaz, ez usai gozoaz, ez gauza biguñaz, ez janari erregalatuaz, munduan ezpalira baño geiago, zeren sentiduen usoa eriotzak kendu dion.

        Ta munduko orrelako gauza guziak gozatu, ta bere erara izan balitu ere, orain zer baliatuko lioke? Non da orain, zer serbitzen du arako buru, ta biotz soberbiaz, ta aizez andituak, aserrez, koleraz, benganzaz, ta dollorkeriaz beteak? Ezer ez. Non dira, zer serbitzen dute, pensamentu gaiztoenzat beti idikirik zeuden leio, edo begiak, ikusten zuten guzia Jainkoaren Legearen kontra deseatzeko? Ezer ez. Non dira, zer serbitzen dute esku infame, ta mingañ ariñ beti gaitzerako, eskuaz alde askotara, ta mingañaz iñori barkatu gabe, beti zebiltzanak? Ezer ez.

        Non da jale, ta edalea? Zer serbitzen diote janari erregalatu, ta ardo gozoak, zeñaz ezin aspertu zan, ta ainbeste eragabeko geiegi, ta orien ondoren zetozen jujuriako pekatu loiak, ta Jainkoaren aserrea añ erraz tragatzen zan, ta bere sabela beste Jainkorik etzuela? Ezer ez. Non dira, zer serbitzen dute oiñ ariñ pausoak nola nai, itsuan ta lasterka pekatuen bidean, ta pauso oro pekatuak egiñ, ta eragiñaz oi zebiltzanak? Ezer ez. Non da, zer serbitzen du gorputz, ta biotz ain lazki, ta bizarria andiaz deabrua beti serbitu zuenak? Ezer ez. Ezer ez.

        Ta emendik zer atera bear dezu? Zer? Zure erremedio, ta frutu segurua. Ta bada laster, nai ta nai ez, alerik merezimentu gabe, sentidu guzien usoa eriotzak kendu bear dizu: fedeko desengaño onez baliatu. Ta bada fedeak berak dio, «Jainkoaren amorioa eriotza bezala portitza dala, ta obia bezala gogorra». Obe dezu Jaunaren amorez, zure borondate libre, ta merezimentuaz zure sentiduen usoa, Jaungoikoak nai duela dakizun gauzetan, zere buruari ukatu, ta ill baziña bezala utzi.

        A! Badakizu, zenbat bider, zer pekatuen peligro, bide, edo okasioetan, zenbat Jainkoaren ofensatan zure begiaz, mingañaz, belarriaz, eskuaz gaizki, ta zure kondenaziorako baliatu zeran: balia zaite, bada, orain biotz orrez damu, ta proposituaz penitenzia egiteko, begiaz negar egiteko, ta orrela besteaz ill ezkero lekurik ezta: orain Jaunak bere piedadez ematen dizunaz balia zaite: arma zaite pazienziaz, illa baziña bezala, neke, dolore, tratu gaizto, afrenta, ta beste gaitz guziak, kejatu gabe ixilik, Jainkoaren izenean, ta zure kulpen paguan, eramateko. Gorputz illa orieran kejatzen ezta. Ai zu egiaz orrela illa, edo mortifikatu, ta illerazoa bazeunde!

        Bigarren eriotzak Gorputz ill batean egiten duen gauza da, deskoloretu, itxura kendu, ta otza, itsusia, ta nazkagarria utzi: ta bereala, len begiratu, ta zoratzen zuen edertasuna, lasterka ubeldu, usandu, kiratsez bete, ta usteltzen dijoa, ta begiratu ta ikaratzen du. O lurrezko edertasunen saria! Desengaño askotan ikusi dezun onetatik frutu andi ta iraupen luzeago duena aterezazu. Ta zer da? Lurreko agiri diran edertasun atsegin, ta anditasunetan ez zure biotza jositzea: oriez pagatzen bazera, laster beren ondorengo pagua ezerezekin emango dizute.

        Utzi bada, diranak, ostikopean betiko iduki: orretako ez begiratu orain dirudienari, ezpada laster oriez izango danari. Ta gauza eder, ta munduko gloria guzia zer da? Kanpoko lore, edo belar puska bat. Isai. 40. dio Jainkoak: Eskuz ukitu orduko, edo aize piska batekin igartzen dana. Ta onelako edertasun, lore argal, ta lur puska eder antzaz estali bati begiratzeak, ta biotza orretan ipintzeak, zer kalteak munduari, ta, Gizonik andienai ekarri diezte? O! nork daki, Jainkoak baizen.

        Sentitzean, bada zure biotza orrelako eder nai, ta atsegin, edo gusto falsoetaronz dijoala, ta zaletu nai duela, bizi ezazu zure fedea, ta tira, ebaki, moderatu, ta orrelako naiera, ta inklinazioak sustraietik atera zure biotzetik, begiaz, ta egiaz ezaguturik, zeñ azalekoak diran emengo edertasunak, zeiñ laburrak, ta itsusiak lurreko apaindura, ta orien gustoak: ta zeñ laster akabatzen, ustel, ar, ta auts biurtzen diran. Oriekgatik orañdaño Jainkoa ofenditu dezun guziaz, damu andiaz penitenzia egizu, ta propositu firmeaz zure biotza Jainkoagan ipintzu, «zeñen itzak beti iraungo du». Isai, 40.

        Irugarren miseria, lengo bien ondoren Gorputzari eriotzak ekartzen diona da, ill, ta bereala bakarrik utzitzea: munduko estimatuena, ta adoratuena izan bada ere, orduan aren iges dijoaz diranak, guraso, edo ume, senide, aide, ta adiskideak: Nork daki noren eskuetan utziko zaituzte; eta oiek, nolanai, ta noranai, zure keja gabe erabilliko, ta ill janzia lasterka, ta zure ikaraz janziko dizute: ta zure etxekoak berak alik ere lasterrena, ta presaka zure etxetik bota nai zaituzte. O munduko ero itsoen pagu ondo merezitua!

        Emendik atera bear dezu, zeiñ gutxi balio, ta serbitzen duten mundukoen esanak, eta estimazio aizezkoak: eztute merezi zuk kasorik egitea: ezta inporta gizonak zu desanparatzea, ta zure adizkide, ta obligatuenak ere zuzaz aztutzea, Jainkoaren anparo, ta grazian zaudela. Gorputz illa ezta kejatzen gizonen desainparoaz, ta ditxa anditzat dauka, Dabid Santuak ziona: «Begiratzen zidatenak, iges nigandik joan ziran, biotzetik nizaz aztu ziran, illa banengo bezala». Psal. 30. Ontzi ausi baten gisa izan ninzan, zeren nere aldean zebiltzan askoren desprezioak aditu nituen. O! ni nere biotzean onela illa banengo, batere ez sentitzeko, besteak ni illa bezala tratatzean! O! munduko gauzenzat añ illa, ta kruzifikatua banengo, non da munduak ere illzat, ta kruzifikatutzat iduki nintzakean! Jainkoari grazia au eska zaiozu, ta zorionekoa izango zera.

        Bidez emen akorda zaite, Jainkoa bakarrik serbitu, lurreko gauzak pilatu, ta gorputza mortifikazio, ta penitenziaz itsusitu, ubeldu, ta akabatu dutenen pribilejioaz: ta nola Jaunaren sierbo, ta adiskideak, ill, ta eztuten beren Gorpurzakiñ ikararik ematen: orien Gorputzetatik iñork eztu iges egiten, ezpada konsueloz, errespeto, ta debozioz guziak betetzen dituzte.

 

 

BIGARREN PUNTUA.

IRU GAUZA GORPUTZ ILLARENZAT
PRESTATZEN DIRANAK, ETA DIRA
SOÑEKOA, OIA, TA GELA

 

        Lenengoa da Soñekoa: eta gauza jakina geienean etxeko zatarrena, edo edozein oi da: ill janzi pobre, edo balio gutxikoa. Ezer gauza eder, edo andirik gañean paratzen badiote, ori obirako, edo enterratzeko kentzen diote. Ta zer zaio zure gorputzari? Pensa ezazu ondo mundukoen erokeria, bada Soñeko prezio andiko, ta ederrak ainbeste estimatu, ta bear bada pekatu askorekin biri billatzen ditu. Apain gura, andi nai, eder zale oietatik izan ote zera? Bada laster ill janzi batez aspertuko zera.

        Orain gorputz ill orri galde: non dira modako soñeko eder, ta non dira gala berri kostu andiko, ainbeste ansiarekin billatu, ta zure zoragarri ziranak? Ai! Berriro gorputz orretara anima biurtuko baliz, zer bizimodu berria artuko lukean! Zer negarrak, zer penitenzia, lengo zorakerien gañean? Lengo sobra eroak, lengo geiegiak nola jan, edan, janzian moderatuko lituke, ta biotzetik, ta begietatik guziak kenduko? Bada ark ezin egingo duena, egizu zuk, ta damuko eztezu.

        Bigarren gauza, gorputzan ill ezkero zaiona, da Oia, ta zulo batean lur gogorra. Isaias Santuak diona: «Zure koltxoiak sitsak, ta zure koltxa, edo estalkia arrak izango dira». Isai. 14. Zure kortinak, oeko zerua, ta burukoa, len ill ziranen buruezur, aragi ustel, ta besteen ezurrak alde guzitik izango dira. Ea munduko delikaduak: non dira zuen oi biguñ erregalatu, ta ederki janziak? A zer damua; baña orduan erremedio gabea! Orain da denbora guzia ondo erremediatzeko. Jesu Kristo Gurutzeko oe gogorrean zure pekatuakgatik ikusi, ta zere burua oiean; ta beste gautzetan moderatzeko, ta oraindañoko geiegiak zerzenatu, ta sobrakin pobreai, Kristoren izenean limosna egiteko.

        Irugarren gorputz illari dagokion gauza, da Gela, eta au zazpi oñeko zulo, edo obi, ordu erdi batean eragiten dan bat da. Beste munduko andinaien obi kostu andikoak zer serbituko, zer baliatuko die? Ezer ez, utsa. Ta orain non dira zuk ainbeste neke, ta kosturekin jaso zinduen Etxe, ta Palazio berriak, ta orien edertasun, ta bizitzeko konbenienziak, beti emen bizi bear bazenduen bezala egiñak? Ai ero andia! Etzenekien Ebanjelioko Kristoren jentenzia: «itsu zoroa: gau onetan ilko aiz, edo anima aterako ditek: ta ire ondasun oriek norenzat izango dira?».

        Ta zenbat onelako erokeria itsu egunoro ikusten da? Zenbat burutik jausiak bezala dabiltza onelako gauzak egiten, ondasunak biribillatzen, mundu onetan beti bizi bear balute bezala? Ta bitartean animaz azturik, ta zenbat, eta munduko gauzetan sartuago, anbat animaren peligro geiago: ikusten dan onek guziak engañatu, ta zoratu, ta Zeruaz, ango gloriaz, Jainkoaz, ta bere betiko Palazioaz azturik. Fede ill ori, lurreko gauzen kearekin illundu, ta nasturik daukazuna, bizierazo, ta argi ezazu, ta lurreko gauzak utzi, ta zerukoak billa itzatzu.

 

IRUGARREN PUNTUA.

ESAN DIRAN GAUZAK
GORPUTZARENTZAT PRESTATU,
TA DATOZ ORIEN ONDOREN
BESTE IRU ZER KONSIDERATU

 

        1. Eleizara gorputzarekin egiten dan jornada.

        2. Nola lurra eman, ta obian sartzen duten.

        3. Nola an utzi, ta guziak aztutzen duten.

 

        Lenengoa pensa ezazu, nola bestek zure etxetik aterako zaituen, ta kaja batean, edo kataouetan lauren artean kaleak barrena eramango zaituzten Eleizaraño, ill kanpaiakin, batzuek kantatzen, besteak negarrez, ta bakoitzari dagokion bezala, beste asko beren piedadez onrari jarraitzen. Ta lenagoko egunetan kale orietan ariñ zebillena batera bestera begira, ta Eleizan debozio gabe sartzen zana, orain besteen gañean, itsu, gor, ta mutua joan, edo sartuko da, guziak dakustela, ta askoren lantu gai dala.

        Desengaño onetatik ikasi, ta atera bear dezu lekzio andi bat, eta da, zure brioak gauza askotan moldatzea, ta guzietan moderazioa gordetzea: jaiki, ta janzitzean modestia, itz egitean, jatean, edatean, eskalak bera jatxitzean, etxetik irten, ta kalean ibiltzean, ta ere geiago fede andiaz Eleizan sartzean, bizitasun geiegiak autsi, ta mortifikazean: eta akorda zaite laster bestek erabilli, ta besteak etxetik atera, kaleetan eraman, ta Eleizan sartuko zaituztela, beñere ortik ez irteteko. A! Jornada au begien aurrean animan bazeneuka, beste moduz zure bizitza zuzenduko zenduke!

        Ta gorputzarekin, edo ondoren dijoan jende edo proguko laguntza, ta akonpañamentuaz zer zaio? Ezer ez: ta ere gutxiago aren anima infernuan badago: onra, ta gloria ori ezta ara jatxiko.

        Gauza izugarria da Santa Teresa de Jesus miragarriak pauso onetan bein ikusi zuena. Zeramaten, esan degun bezala Elizara gizon baten gorputza, ta Jainkoak erakutsi zion santari, nola demonio asko zijoazen eskutik eskura kako andiakin gorputz ori batak besteari emanaz: arako obian sartu bear zanean, dio Santak, ainbeste demoniozko tropa, ta iskanbilla, gorputza artzeko zebillela, non arriturik, korde gabe gelditu zan. Konsideratzen nuen, dio Santak, aren anima tristeaz zer egingo zuten, ala gorputzaren jabe egin ziranak.

        Estadu gaiztoan daudenak onelako gauza ikaragarri bat, Jainkoak nai ta, ikusiko balute, Santak ziona, asko balioko luke, bizitza obea artzeko. Ta mundu zabal orretan egunoroko entierroetan, zenbat onelako ikusi litezke? Nork daki? O Jaunaren juizio justu, ta estuak, zein urruti onetatik gure juizio gezurti engañuzkoak dabiltzan! Ta orrelakoai emengo onrak zer serbituko die, ezpada infernuan tormentu geiagorako?

        Bigarren konsideratu bear dezun gauza da, nola Eleizaren erdian zure gorputza ipiniko duten, guzien begietan, ta bere biziko agiriena: gero ofizioa, Meza, ta Erresponsoa kantatu, ur bedeikatu, ta inzensuaz eman, ta obira eraman, ta an ezurren, arren, ta lur ustelen artean sartu, ta zure lurrezko dagokizun etxean utziko zaituzte, ta zuzaz erraz diranak betiko aztuko dira: losa batekin ondo tapatu, ta iñork geiago ikusiko etzaitu. Ta orra zertara datorren zure edertasun guzia, zure anditasun: argitasun, puesto, onra, erregalo, ta lurreko lore, ta gloria guzia. Sic tansit gloria mundi.

        Zure animari desengaño au ispillua bezala aurrean ipiñi, ta esaiozu: Orra zure zorakeria zertara dan: begira zeren gañean aizezko torreak zure banidadeak, geroko, ta betiko famarenzat jaso dituen: orra zure gorputz maitea aiñ begiratu, ta erregalatua: begira orain zeiñ ederra geratzen dan. A! obe dezu negar egin, penitenzia, humildade, pazienzia, modestia, karidadea, obra onak, Sakramentuak, ta Jesus humillaren, pobrearen, despreziatuaren birtuteai jarraitu, ta zeruan Palazio eder betiko bat egin, ta zure eskuaz, ta bizitza santuaz, zure eternidadeko etxe berria jaso: Ibit homo in domum aeternitatis sua.

        Irugarren pensatu bear dezun gauza da, nola zure entierroa bukatu, ta atzeneko erresponso, ta kanpanen otsarekin batean Elizatik guziak dijoazen, ta alakorik ezpaliz bezala, jatara, jokora, ta beren egitekoetara, ta bereala zuzaz beste munduko andiaz bezala aztuko dira: perijt memoria eorum cum sonitu: oblivioni datos sum, canquam mortuus à corde. Munduan dan guapoena izandu bazera ere, ta agintari gogorra, ya iñork zure bildurrik eztu: dan personarik bearrena izan baziña, ere, ya zure bearrik iñork eztu. Zuzaz iñor oroitzen bada, murmuratzeko zure faltak, zure tatxak, zure pekatuak esateko, izango da: munduko mingañ gaiztoen platillotik erregalatuena au oi da: zakur amorratuen gisa, illen ezurrak erabiltzea, ta gustoz txupatzea.

        Azkenik, infernuan dauden animai zer baliatuko die munduko onrak, ta alabanzak? Baña zuk orain humildade biotzekoaz penitenzia ta bizitza berria egin, ta zeruan badago zure anima, zertako ditu munduko onrak berekin duela Jainkoaren onra, ta gloria bizia?

        Orain kontu egizu, zure gorputza sei, edo zortzi egunean lurpean egon ezkero, ateratzen dutela, ta an bertan zure anima begira dagoela. Zer ikusgarri tristea, ta ez ikusteko obea! Begira zer itxura: zeiñ itsusia, zeiñ ustela, arrez, ta kiratsez betea! Ikusteak arri lezake: utsaiak ill lezake, ta gogoratuak berak nazka lezake. O zer desengañoa! O zer ispillua! O zer buruko, edo almoada, oira zoazenean pensatu, ta onen gañean obeto zuk lo egiteko! ta orra zure lengo edertasun aiñ estimatu, billatu, ta zoragarria zer dan.

 

 

KOLOKIOA

 

        O nere Jesus edertasun anziñako egiazko bakarra! O lurrean agiri diran, ta zeruan gorderik dauden edertasun guzien egillea! O Aita Eternoaren betiko ispillu guztiz eder garbia, zeñean Aingeruak enamoraturik begiratu nai, ta naiago duten! Zu aiñ ederra izanik nere pekatuak, golpez, azotez, arantzaz, ta tormentuz, aiñ itsusi biurtu zinduzten, ta Gurutzean illik zure Ama gozo, ta orduan penaz betearen besoetara ikusgarri itxura gabe, aiñ lastimosoa jatxi zinduzten.

        O nere Jaungoiko guztia amoriozkoa! Zure Eriotza, ta obiagatik, zure pasio guziagatik, ta zure Ama maiteak orduan artu zuen biotzeko naigabe esan al baño andiago argatik, indazu, arren, Jauna, argi, ta indar andi bat nere biotza egiaz zugana biurtzeko, penitenzia egiazkoa, ta zuk naizun bezala, bizimodu berri santu bat artzeko, zure amorioan bizi, ta ill nadin. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa