www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ejerzizioak-I
Agustin Kardaberaz
1761

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa hurrengoa

JUIZIO PARTIKULAR,
EDO BAKOITZAREKIN EGINGO DAN
JUIZIOAREN GAÑEKO EJERZIZIOA

 

Statutum est hominibus semel mori, & post hoc judicium. Hebr. 6.
Jaunaren aginte, edo legea da,
guziok bein illtzea, ta eriotzaren urrena Juizioa.

 

        Zu ill ezkero, zure gorputza, nork daki, noren eskuetan utzi, ta bitartean zure Anima, edo Espiritu bakarrari, Jaunaren juizio onetara jarrai diozagun.

        Ejerzizio onen fiña, ta emendik atera bear dan frutua, da Jainkoaren bildur santu bat, propositu indarsu eragille batekin zure biotza seguratzeko, ta pekatu guzietatik betiko libratzeko. San Juan Ebanjelistak dion bezala, «Jainkoaren bildurra ar ezazu zergatik eldu dan, edo aren Juizioko ordua aldean dezun». Apoc. 14.

 

ORAZIORAKO KONPOSIZIO, EDO LEKUA

        Illtzen zeran puntu, ta leku artan, edo gelan, egizu kontu, Jesu Kristo G.J.ren tribunalean bereala arkitzen zerala, ta Jaun ori bere Majestade guziaz janzirik agertzen dala Juizioko Tribunalean jarririk, Aingeruen erdian: suz, ta garrezko ibai andi bat aren oñetatik, pekatarien kontra, Daniel Profetak dionez, irteten dala: edo San Juanek ikusi zuenez, aren Jarlekua guzia zuria, ta argitasunez betea, Juezaren jakintasun, ta beraatasuna justuenzat adierazotzeko: bean zure kontra demonio asko, ta zure anima ainbeste grillu, ta kateaz, nola diran zure kulpa, ta pekatuak, loturik dagoela.

 

PETIZIOA, EDO ZER ESKATU BEAR DAN

        Egoera bakar triste onetan, Jaunari argi bizi andi bat eskatu bear diozu, ondo ezagutzeko, ta zure buru, ta beste lurreko gauza oien gañean, orduan juzgatuko dezun bezala, orain bertan juzgatzeko, eta grazia eragille bat, orduan naiko dezun guzia, orain gogotik, ta biziro egiteko. Jauna, zuri kontu ona emateko, Dabid santuarekin esaiozu: Confige timore tuo carnes meas: à judizijs enim tuis timui. Jauna, nere gorputza, ta biotza zure bildurtasun santuaz josi ezazu, zeren zure juizioen ikara andi batek artu nauen. Psal. 118.

 

 

JUIZIO ONETAN
IRU GAUZA IKARAGARRIAK DITUZU

 

        1. Zure anima Jainkoaren Tribunalean agertzea.

        2. Zure animaren bizi guztiko kontuak artzea.

        3. Zure animaren betiko sentenzia ematea.

 

LENENGO PUNTUA

        Fedeak erakusten dizun egia, emen gogora ekarzu, ta nola zure bizitzaren atzeneko instante, ergai, edo momentuan, zure animak salto espantoso bat eman bear duen, bizitza onetatik bestera, mundu onetatik bestera, denboratik eternidadera. Puntu artan aldatuko da, ta arkituko alderri, edo errejio guziz berri, ta bakar batean, sekulan, edo inoiz ere ikusi gabeko lekuan, kabu gabeko soledade, edo eremu triste, zabal, neurri gabeko artan.

        Zure espirituak bere burua, dan bezala an ikusiko du, baña bakarrik, adiskide, ta lagun gabe, ezagun, bitarteko, anparo ta arrimo gabe: urre, ta ondasun gabe, onra, ta anditasun gabe: atsegin, ta jolas gabe: bakar bakarrik: ez diote utziko, ezta bere gorputza ere berekin eramaten. Ori, arrak jateko, usteldu, ta loi, ta auts biurtzeko emen geldituko da. Zure obrak bakartxorik jarraituko dizute: Opera enim illorum fequuntur illos; ta oriei dagokiena, emango zaio an bakoitzari: Unicuique secundum opera eius. O! Utzitzen dezun munduaz, zer juizio egingo dezu orduan! Ondo pensa ezazu orain bertan.

        Jarri zaite puska bat zure artean konsideratzen, zer iritziko diozun ordu artan oraingo Ejerzizio oietako erretiro, ain bear onez, ta zure salbazioaren gañean Jainkoarekin jardute, ta tratatze onez? Zer esango dezu orduan, oraingo zure nagitasunaren kateak urratu, munduko arazo, edo enbarazo guzien damuan, Jaungoikoari, ta zure anima bakarrari eguntxo oiek ematera ausartu, ta animatu ziñan orduaz?

        Zer bada, zer iritziko diezu zeruko argi, ta desengaño emen zure biotzean sortu, ta artu zinduenaz? Zer emendik atera zinduen gogo sendo, ta propositu eragilleaz penitenziaren egiazko frutuak egiteko, ta bizimodu berri bat aurrera artzeko? Ta zer baldin Santu penitente, ta beiñ betiko Jainkoagana konbertitu ziranai egiaz jarraitu badiezu? A! Onela, San Pedro, San Pablo, Madalena, San Agustin, ta besteak, len pekatari, gero Santu penitente, Jaungoikoagana bein biurtu, ta geiagoren geiago pekatura biurtu etziran: ta, beren pekatuen penitenziarekin zeruko bidea egin zuten. Au bai propositua.

        Zer Santu oriek bezala, pekatu guzien konfesio andi oso bat egin, ta Ejerzizioen ondoren, Konfesore señalatu bat, Aita espiritual jakinsu, ta Jainkoaren adiskide on bat artu badezu, zeruko bidea erakusteko, ta lagun onak bezala zu gidatzeko, ta fede osoarekin ari, Jesu Kristori berari bezala obeditzeko, ta Jaunaren borondatea gauza guzietan aren esanaz egiteko? Baldin bide onetan, ta Jainkoak ipiñi zaituen Estaduan, bera zuzendari dezula, erregla seguruak artu badituzu noiz, edo zenbat bider konfesatu, ta komulgatu bear dezun: nola gauoro zure konzienzia esaminatu, nola, ta zein librutan zure egun oroko irakurri aldia, faltarik gabe, ta soseguz egin bear dezun.

        Baldin Ejerzizio oietan, Jaunaren graziaz janzi, ta Kristoren espiritu, ta birtuteaz armatu bazera zure etsairik andien, edo bizio agintariena ezagutzeko, juramentu, edo birauetan, geiegi jatean, edo edatean, ta ortik datozen gaitzetan, jokoan, janzian, lo egitean, begiratzean, itzketan, ta beste onelako oi diran era gabeko gauzetan, orien kontra berariaz peleatzeko, ta sustraietik ateratzeko.

        Baldin Gurasoa bazera, nola etxeari, ta etxekoai begiratu, zer ejenplo, zer abiso, zer erreglak ondo bizitzeko, obrakin itzakin baño geiago eman bear diztezun: nola Meza enzun, Doktrina errepasatu, Ama Birjiñaren errosario santua errezatu bear duten: nola guziakin pake, ta amoria, ez iñori gaitzik egin: nola lurreko gauzaz ondo usatu, ta zeruko eskala egin bear dan, alkar ondo eraman, edo sufrituaz: nola munduko esamesak, ta errespeto banoak oinpean iduki, ta pisatu bear diran: nola emengo goraberak, beste neke, ta kontrako gauzak ondo eraman, ta emengo trabaju guzietan Jaungoikoaren juizioak, ta borondatea adoratu, ta txit gogotik egitera animatu bear dan: nola, ta zertaraño Jainkoak ondasunik eman badizu, Jesu Kristori bere pobretxoetan limosna egin.

        Onelako gauzetan, diot, Aita espirirualaren erreglak artu, bizimodu santu bat zuzendu, orri ekin, ta jarraitu, ta orretan eriotzak artzen bazaitu: zer igaro dan bizitzaz esango dezu? Orrelako bizimodu, ta obra onai zer iritziko diezu? Ai! Zer poza! Oriek dira flota, ta galeoiak beste munduan errejistro gabe igarotzen diranak: oriek ango moneda jakiña, ta txit estimatua. O zer ditxa! Gutxiaz damua. A! Orain egizu.

        Baña kontrara: ez orrela, ezpada gaizki bizi izan bazera, asko, edo geienak munduan bezala bizio, ta pekatuen pauso txarretan, edo nagitasun peligro sobatean, obra on gabeko, fede ill, ta biotzeko oztasun lastimoso batean, ta errelijioko, edo Ebanjelioko gauzen gañean ajolakabe, ta nolanai, animako gauzak artuaz: Ai zer pena, zer damua, zer naigabe, zer infernuko bildur, ta larriak, eriotzako orduan ikusi dezun bezala, artuko zaituen! Laster, bada, laster, biziro, oraiñ bereala bizimodu berri santuori asi, ta oraiñ juizioan naiko dezuna, egin.

 

BIGARREN PUNTUA

        Zure bizi guztiko kontua artzea. Gorputzetik anima irten, ta bereala bertan, Judizioan Juezaren presenzian aurkez aurke arkituko da. Teatro, edo Biltoki agiri, ta ikaragarri onetan zure animaren kausa, edo auzia justizian ifiñiko da. Ezin iges egingo dezu iñora, zeren Jaunaren poderio, anditasun, edo Majestade guziak beregan alde guzitik, bere erdian, edo azpian bezala, gure esaeran artu: ta sartuko zaituen. Eztezu Jaungoikoa ikusiko; baña espantu, esan al guziak baño andiago batean, bere birtute, indar, ta aunditasuna sentierazoko dizu puntu artan. Munduko soledaderik andien, ta triste illunen onetan zure espiritua bakarrik asustaturik, ta ikaraz arriturik dagoela, iru testigu aldi, ta akusatzalle zure kontra salatzen asiko dira: oiek dira demonioa, Aingerua, ta zure konzienzia.

 

DEABRUEN AKUSAZIO, TA KARGUAK

        Oiek, zure etsairik andienak bezala salatzen asiko dira: oiek lenbiziko akusazalleak izango dira, ta suz, ta garrez, gorrotoz, ta aserrez irazakiak, ta guztiz itsusi, ta izugarriak agertuko dira. Arrabiaz beterik bereala deadarka asiko dira. Jauna, esango dute: au da Urliaren anima, zuk ainbeste estimatuzen duena, bada Zerurako egin zenduen, ta pekatuaz galdu, ta gure mendean zegoela, infernutik, ta gure atzaparretatik libratzeagatik, Gizon, onen amorez, egin ziñan: ain garesti kostarik, zure odol, ta eriotzarekin erosi zenduen: ta arrezkero ainbeste onegite, ta grazia zure amoriozko Sakramentuetan egin dizkatsu, ta beste milla modutan.

        Baña, orra zure amorio guziari bere bizimoduan nola eranzun dion: orra zer eskerrak, ta zer pagua eman dizun. Txiki, edo gaztetatik pekatuak egiten asi zan, ta guk nai genduen erara, bide orri beti jarraitu dio. Begira, Jauna, zure pasio, ta odola nola estimatu, edo zertan iduki duen: ta orren, ta zure borondate, ta amorioaren kontra zer egin duen. Zure Lege santua ostikopean erabilli, ta milla bider autsi du, edo Lege bage, ta abere baten gisan bizi izan da.

        Begira, onelako sujeto, alako personarekin, zer pekatuak itzez, obraz, gogoz: onelako egun, ordu, ta lekutan, onelako, ta alako bazterretan, zer gauzak, zer ofensak, zer pekatu loi itsusi, ezin esan ditezkeanak, ta ezin kontatu ala, bere gurariz, edo naiez, beste gabe, zure Legea urratu, ta egin dituen. Etzuen gure bearrik: bera, ta berez begi bietaraño pekatuetan, ta okasioetan sarten zan.

        Aingeru santuen esanai, ta zure mandatuai ez jaramon, ta guk nai genduena egiten zuen. Aingeruen inspirazioak baño, gure sujestioak pozikago artzen zituen. Guri jarraitzen zigun, gure banderapean beti ibilli da; guri naiago zigun, zuri baño: gure lagun, ta adiskide beti izan da. Gurea izan da bizitzan, gure izan biar du eriotzan. Betor, betor gure atzaparretara: betor oraiñ betiko gurekin bere saria artzera. An daukagu infernuan onen tokia, beronek bere obrakin egin duena. Betor, guk emango diogu merezi duen pagua: betor betiko infernuetara.

        Justizia, Jauna, pekatari galdu onen kontra: Justizia, juez justua, zure etsairik andien onen kontra. Beronek egin du, beronek paga dezala: beronek nai izan du, beronek ar dezala. Betor bada, onen gañera zure betiko aserrea: betor zure ira, madarikazio, ta kondenazioa. Betor, Jauna, demonio guziakin infernura.

        Ai Kristau aditzen zaudena! Ai! zure anima tristeak zer egin, zer esan, zer pensatuko du orduan? Nora begiratu, norganonz biurtuko da tranze ikaragarri artan? Ai zer infernuko izerlikak, gure esaeran, zer penak, zer larriak emango dioten! A! zer juizio egingo dezu orduan, oraiñ aiñ aisa, ta alegere galtzen dituzun egun onaz, ainbeste era, ta ordu ditxosoz, nola orain, Jainkoak ematen dizkitzun.

        Deabruak, bearbada, eztiran gauza asko esan, edo aunditu naiko dituzte: balizake ori. Baña ai! Orrelako gabe, zenbat egia (bera gezurren Aita bada ere) zenbat egiazko kulpa zure kontra esan ditzake? Orrez gañera, juizio onetan eztira etsaiak bakarrik salatzalle izango: oiek ilsilik baleude ere, beste testigu obeak izango dira, nork itz egin, ta nork zu akusatu. Eta nor? Ai! Aingeru santuak.

 

AINGERUEN AKUSAZIO, TA KARGUAK

        Bigarren lekuan oiek zure adiskiderik andienak irtengo dira. Guzien artean zure Aingeru Guardakoa, jaio zinanetik juizioko puntu artaraño, betiko zure lagun, aldeko zure zai, beñere utzi gabe, zure pausu guzietan begizko, ta ikusizko testigu fiela: ta baldin zure bizitza gaiztoa izan bada, zer esan dezake lagun onek?

        A, Jauna! esango du Aingeru Santuak, au da urliaren Anima, zure borondate, ta amorio aitarenak gordetzeko niri eman zidana. Nik, dakizun bezala, kontu artu, ta egin diot: nik gau, ta egun begiratu, nik onenbeste urtean gorde det: bere animako, ta gorputzeko gaitz, ta peril guzietatik libratu det. Nik, zeruko bidean ibilli zedin, zure mandatu gozo, ta abiso santurik, asko eman diozkat.

        Baña, Jauna, txikitarik arrazoiaren argia zuenetik, bereala okertzen asi zan: zure Legetik deskamiatu, ta bere burua onelako, ta alako bizioai eman zien. Nik deituagatik, geroago, ta gaiztoago, ta zure deienzat gortu, ta sortu zan, ta itsutu, ta begi bietaraño kulpa, ta bizioetan sartu zan: Zaldi gogor brida, edo freno gabe baten gisan, etsiak bezala, eman zion zure Lege santua autsi ta urratzeari, or aginte bat, emen bestea, gaur bat, biar bestea, ta egunoro, ta geiago. Deabruen esklabo billau naiago zuen bizi, gure adiskide baño. Azkenik, Jauna, orra nola dagoen.

        Puntu artan: Ai zer penarekin (gure esaeran) zure Aingeru Santu orrek agertuko ditu beraien begi argi, ta garbien aurrean oraiñ zuk aiñ erraz, aiñ errespeto, ta lotsa gutxirekin egin dituzun Jaunaren ofensak, pekaturik loien, itsusien, ta lotsagarrienak! Begira ondo: zer larriak, zer antsiak emango dizuten. Munduan zenduen Lagunik santuen, ta adiskiderik laztanena zure kontra onela biurturik ikusita, zer egin, zer esan, zer pensatuko dezu? Nora biurtuko zera? Aingeru egiati baten kargu oiei, ta onelako beste asko, ta andiagoai zer deskargu emango diezu? Ai zer damu samiña, zer pena garratza berari ez jarraituaz idukiko dezun! Etzan besterik deabru etsai gezurtiari sinistu, ta aren esana egin; ta Aingeru egiazko adiskideari ez sinistu, ta eranzun nai ez?

        Zer erremedio, bada, zuretzat? Orduan ezta denbora, ta erremediorik: oraiñ bai, Jainkoari milla esker, zeren askori eman ez dion denbora au, eman dizun: leku, ta argi au zure erremediorako, ta Aingeru zeruko Lagun, adiskide maite ori, or, ta leku guzian zu gordetzeko, zu salbatu artean: au zure eskuan, zure nai, edo borondatean dago: ori, Jainkoak nai du, ori Aingeru santuak. Erremedio erraza, ta segurua da, goizean jaikitzean zure anima, ta gorputza, zure alegin, ta pensamentu, itz, ta obrakin, zeran guztia, Aingeru santu onen eskuetatik, Jainkoari presentatu, ta eskeñtzea, aren borondatea gauza guzietan egiteko. Erremedioa da, beti, ta leku guzian begiratu, Jainkoa dagokizula begira.

        Begira ondo, zeruko Aingeru eder ori dagokizula begira: Begira ondo emendik aurrera etzaudela bakarrik, ta Aingerua aldean dagokizula begira. Begira ondo non sartzen zeran, nerekin zauden, ta norekin zabiltzan. Begira zer esaten, zer egiten dezun Aingeru orren aurrean. Edozein leku, ta sokotan, gau ta egun zurekin dago Aingerua: oraiñdaño baño errespeto, amorio, ta debozio geiago iduki zaiozu. Begira, begira, nere, edo edozeiñen aurrean lotsatuko ziñakeana egitea, ez arren orren aurrean egin.

        Adiskide leial baten gisa, lege ona, ta amorio andi bat iduki zaiozu, zeruko Aingeruaren lagunak bezala. Ai! Onela egin, ta begiratu baziñio, beste bizimodu artuko zenduen! Ai! zenbat pekatutatik libratuko ziñan! Erremedioa da, egunoro jaiki, ta bereala Aktu kontriziozko andi bat propositu firmeaz egin, ta zure Aingeruari esan.

        Zeruko nere adiskide maite, nere biotzeko Aingeru santua: orra nere biotza, nere anima, ta gorputza, naizan guzia gaurko, ta betiko, zure eskuetan. Ta, bada, zuk naizu nik Jaungoikoaren borondatea egitea, aren Lege santuari, ta nere obligazioai ondo eranzutea. Ea, bada, izan, ta egin bidi guzia. Zu nere Maisu, nere Lagun, nere Gida zera zeruko bidean: goberna nazazu, gorde ta zuzendu nere pauso, obra, itz, ta pensamentu guzietan: erakusi, ta lagun zadazu, ondo erabilli, ta tentazio, ta pekatuen bide guzietatik libra nazazu, zuri zuzen jarraitu, bizitza berri bat egin, ta eriotza onbatekin zurekin sartzeko Zeruko glorian. Amen.

        Orazio au, edo onelako bat goizoro egiten badezu, nere kontu, Aingeruak gorde, ta gaitzetatik aterako zaituela.

 

ZURE KONZIENZIAREN AKUSAZIO, TA KARGUAK

        Zure animaren auzi andi onetan Aingeru, ta deabruak ixillik baleude ere, nork itz egin izango da, testigu fiel, ta etxetxo lapurraren gisa, guziaren berri osoro dakiena. Au da zure Konzienzia bera. O, juizio ikaragarria! Ta zere burua zuk salatu bearra! Orain kolkoan eskutuan estalirik dauzkatzun kulpak nola agertuko ditu? Zure biziko pauso oker txiki, ta andiak, nola diranak, esango ditu orduan? Zer deadar ikaragarriak emango ditu Konzienzia orrek gorderik, ta bear bada, lotsaz, bildurrez, maliziaz ondo konfesatu gabe or barrenen dauzkan kulpak Tribunal artan, plazara bezala, guzien aurrera ateratzeko?

        Ni naiz, esango du, ni naiz urlia zorigaiztokoaren anima, billau falsiaz betea, Jainkoaren, ta Aingeruen begietan nazkagarria, ta betiko galdu bearra. Lotsa, ta desbentura au, ta andiagoak ondo merezi ditut: bada ordu onetan zer igaroko zitzadan, nekiela, orregatik ere egin nituen onelako, ta alako pekatu, ta gaiztakeria, loi itsusi, ezin esan ditezkeanak: onela, ta ala Jaunaren Legea autsi, ta nere Jainko, ta Aita amoroso onena ainbeste bider ofenditu nuen.

        Ai zorigaiztoko egun, ordu, ta lekua, zeñean urlia ikusi, ta kondenatzeko ezagutu nuen! Ai pensamentu madarikatuak, zeñakin deabruari, ta pekatuari nere biotzean ostatu emanien! Ai ill baninz milla bider lenago, nere Jaungoikoa ofenditu baño! Tranze onetan orain ikusiko ez ninzan. Orduan erremediorik ezta, orain bai: Borratu, bada, ta odolezko negarrakin, al bazendu, zure konzienziaren Libruan gaizki egin, ta eskribitu dezun grazia borratu, ta penitenzia, ta bizitza berriaren obrak egin, ta eskribitu zure Libru orretan.

 

ZURE JUEZAREN KARGUAK

        Juizioak duen pausorik izugarriena au da. Zer karguak dauzkatzu zure begira ordurik tristeen onetan? Zer, ta nolakoak Jesu Kristok bere aotik egingo dizkitzu bere aserre guziaren ordu onetan? Esango dizu: Anima galdu, deabruen serbitzari billau zorigaiztokoa, Kristau fede gabe, ta lege gabekoa. Egin dezu, nai dezuna: sufritu zaitut, ta oraindaño ixillik egon naiz. Baña orain da, ta artu det denbora, zure kontra itz egiteko. Izan zindezkean, ta nik nere amorioz, nere alaba, ta biotzeko esposa maite nai zindudan egin, betiko nere glorian zeruko erregiña izateko.

        Nere borondate ta esana egin, nere Legea beste anima justuak bezala gorde, ta ain erraz zure eskuan ori zeneukala, etzan besterik, nizaz zure Jaun, ta Jainko, Aita ongilleaz orrela aztu, ni utzi, ta deabru zure etsairik andienen bandoko egin, ta nere kontra biurtu, ta zure indar, ta alegin guziakin oriei jarraitzea? Nik ezerezetik egin zindudan, ez deabruak: nik ainbeste urtean bizia, ta animan, ta gorputzean bear zenduena eman dizut, ez ark: nik gurutzean ill, ta erosi zindundan, ez ark: nik ainbeste bider infernutik, nola Sakramentuan pekatutik, libratu zaitut, ez ark. Nik ainbeste mirari zugatik egin ditut, ez ark.

        Zer geiago zu salbatzeagatik egin nezakean? Ta zer pagu orien ondoren, ta oriekgatik eman didazu zuk? Quid est, quod debui ultra facere venia mea, & non feci? Isai. 5.

        4. Nere masti zure animaren orregatik zer geiago egin nezakean? Zer aserrea, bada Juez justu onena izango da, ta zer atelekak, egingo dizkitzu berriro esatean: Filios enutrivi, & exaltavi; ipsi autem spreberunt me. Isai. 1.2. Nere ume, seme, edo alaba maitea bezala ainbeste kosturekin azi zindudan, nere dotrina, ejenplo, milagro, ta Sakramentuakin, nere gorputz, ta odol erregalatuaz, nere biotzeko amorio guziaz: zu, lurreko ar ezerez bat ziñala, altxatu, ta zeruko gauzetara igo zindudan.

        Orrenbeste ongite, grazia, ta amoriogatik, zer pagu eman didazu? Ta eskerren lekuan, ondo zeneritzan: ta etzan besterik, ni sorki zatar bat bezala utzi, ta oiñpean erabiltzea? Ta zergatik gero ori guztia, ta ainbeste bider? O zeruak, o lurra! Etzan zergatik, ezpada zeren ala nai zenduen, ala gogoak eman zitzun: zure, ta nere etsairik andienaz bat egin, ta aiek serbitu, aien ondoren, ta nere kontra ibilli nai zenduen. A zorigaiztoko deabruen serbitzari lotsagabea, ta lotsagarria!

        Bada orain nik ere argituko dizut zure arpegian: zure bizitza argitara atera, ta zure kulpen nazkagarri betiko guziaz emango dizut begietan. Arguant te, & flatuam contra faciem tuam. Psal. 49. Ponam contra te omnes abominationes tuas. Ezec. 7. Ai! Zer gauzak plazara ertengo diran ordu onetan, zeñean Jaunak berak dio, bere jakintasun argiaz, pekaturik eskutatu, ta gordeenak billatu, ta agertuko dituela. Scrutabor Hierusalem in lucernis: Sophon. 1. ta justiziak berak ere juzgatuko dituela: Ego justitias judicabo. Psal. 74.

        Orrenbeste estutasunekin Anima justua, Jerusalenen izenean aditzen dana, artuko badu, ta justiziak, edo obra onak berak orrela esaminatu bear baditu, zer egingo eztu zugan, pekatari Babilonia nastu bat zeranean, ta zure obretan, zeñak aiñ okerrak, ta Jainkoaren Lege, ta borondatearen kontra, ikusten dezun bezala, izan diran? Ai zer lotsa paregabea, Kristoren orduko aserrea ikustea! Argatik Santuak diote, infernua bere su, ta garrakin, ta ango tormentuak baño, infernu, ta tormentu andiagoa dala, nolere bait, juizio onetan Jesusen arpegi eder gozoa, bere ira justu guziarekin aiñ aserre ta gogor ikustea.

        Baldin munduan egin al ditezkean pikardia, ta infamia guziak errian, ta errikoen kontra zuk egin, ta eriotzaren sentenzia emateko Jueza zure ondoren, ta billa dabillela, beraren etxean, ta begietan gaiztakeria, lapurreria, ta eriotzarik ikaragarrienak egingo bazindu: ta azkenik bere Tribunalean, mundu guziaren aurrean zere burua kateaz bererik, akusaturik, ta urkamendiko sentenzia artzeko ikusiko bazendu: zer lotsa, zer larria, zer naigabea, tranze artan artuko zenduke? Sinistu, ta pensezazu, bada, juizioko orduan Kristo zure kontra ikusi, ta infernuko pena, naigabe, ta tormentu andiago izango dezula, zeren bera, ta bere begien aurrean zuk ala ofenditu dezun.

        Ta au da Dabid penitentearen biotz prestu, edo noblea sentimentuz jositzen, ta erdiz erdi partitzen zion espata gogorra. Tibi soli peccabi, & malum corem te feci. A, nere Jaungoiko maitea! Nik pekatu egin det zure kontra, ta zure begien aurrean. Pena au berau izango da, zure anima tormenturik andienaz josi, ta erdiratuko duena, orain erremediatzen ezpazera. Baña Jaunari esker milla, zure eskuan daukazu erremedioa: penitenzia, negar, damu, propositu egiazko, ta bizimodu berri santu bat bereala artzea.

 

IRUGARREN PUNTUA.

ZURE ANIMARI BETIKO SENTENZIA EMATEA

        Esan diran gauza, edo karguak igaro, ta pensa ezazu, nola zure anima triste bakarra bere sentenziaren begira egongo dan. Au, gure esaeran, mundu onetako auzi batean oi dan bezala, izango da. Inportanzia andiko auzi batean, azienda, ta ondasun askoren, onra, edo infamia, biziaren, edo eriotzaren gañean sentenzia eman bear danean: zer kezka, zer antsia, zer bildurra dauka auzilariak? Zer ai biotzekoa? Ez jan al, ez lo egin al du.

        Alaxe, bada, puntu artan zure anima egongo da. Ai, esango du, ai! Zer sentenzia izango ote det, auzi onetan, zeñean dijoakit, ez gutxiago, ezpada zeruko ondasunak edo infernuko betiko pobreza! Ai! zer sentenzia izango det auzi onetan, zeñean dijoakit, edo Jainkoaren semearen onra zeruan, edo Luzifer, ta Satanas-en esklabo billau betiko izan infernuan! Ai! ta zer sentenzia emango ote zat auzi onetan, zeñean dijoakit, edo betiko bizia zeruko glorian, edo betiko eriotza infernu gorian! Igerriko du bereala, baña, egizu kontu, onela dagoela dudan. Naizu seguratu: naizu jakin? Bada zure eskuan dago, ez orduan, bai orain, bizitza berri santu batekin.

        Gauza oiek laster igaroko dira an: ta zure salbazio, edo kondenazioko sentenzia Juez guziz justuak bereala emango du. Baldin kondenaziokoa bada: Ai zer desditxa, ta kalte betikoa! Eztu balioko an, ez Jesusen odol zugatik isuriak, ez Ama Birjinaren, ez San Josef, ez Santuen erreguak. Kondenazioko sentenzia bada, punta artan Jainkoak largako zaitu zure etsai deabru guzien presa: ta oiek iskanbilla, garraxi, ta iseka andiaz erasoko dizute: atzapar gori aiekin zure animari itsatziko diote, burlaz, arrabiaz, deadarrez, ta algaraz esaten diotela:

        Ator ona infernuko alaja, ta esklaba: demonio guzien lagun aiz: ator ona, zorigaiztokoa. Zer? Etzan besterik ire gurari guztiaz aspertu, gure naia, ta esanak beti egin, ta begi bietaraño bizio, ta pekatuetan sartu, ta ondatzea? Orain ire saria artu, ta alde batera guzia pagatuko det. Jainkoaren doai guziak eranziko dizkate, ta Krisma santu, edo Kristauaren señalea, lotsa, ta tormentu geiagorako utziko diote, ta puntu artan infernuko leize zulo kabu gabe aietan betiko berakin ondatuko dute. Ai anima sekulako galdua!

        Baña salbazioko sentenzia badezu: zer Aingeruen pozaldia! Zer Aleluiak kantatuko dituzte! Zer ongi etorri, zer laztanak emango dizkitzute! Jesu Kristok bere arpegi txit gozoaz begiratu, ta esango dizu: Atoz, atoz, nere serbitzari leiala, nere borondatea beti egin nai zenduena: atoz, anima justu nere Biotzeko Esposa maitea zeruko Koroa artzera: atoz nigana: sekulako laztan gozo bat indazu: sar zaitez betiko nere gloria bizian, nere Biotzean.

        O anima doatsua! O espiritu ditxosoa! Urratu, ta eten dira deabruen lazoak, aragiaren griñak, ta munduaren kate guziak. Bitor, bitor, gure lagun zera, Aingeruak esango dizute: Zeruko erregiña izan bear dezu. Atoz zerura, goazen gloriara.

        O zer eskerrak Jainkoari emango dizkatzun, zer bendizio, ta alabantzak Jesu zure Jabe maiteari, Ama Birjiña zure Ama gozoari, San Josef, Aingeru, ta Santuai! O zer poza lengo neke, tentazio, penitenziaz, pazienzia, humiltasun, karidade, ta beste birtute, ta obra onaz orduan oroitzean! Ta onetan, sartuko zera Jainkoaren glorian. O! Zer ikusiko dezu an? Nork guri esan? Ea bada: esperanza onekin bizimodu berri orduan naiko dezuna, artzera animatu: sekulako pekatuen bide, ta infernuko pausoak utzi, ta zeruko bidea artu.

        Begira orain ondo bataren ditxa, ta zoriona; ta bestearen desditxa, ta zorigaiztoa. Begira ondo, ta erremedio gabe, suerte bata, edo bestea izango dezula. Begira, kontu, zein izango dan zurea. O perill, o kezka, o bildurra! Bat, edo bestea bear, ta ez jakin zeiñ izango dan zurea. Begira ondo emen bizi zeran artean, nola goien zerua, ta bean daukazun infernua. Zure atzeneko pausoak auzi au, duda au ebaki, ta betiko erabakiko du. Eztakizu, pauso ori noiz, non, ta nola emango dezun. Eztakizu zeiñ izango dan zure atzeneko pausoa. O salto izugarri, o pauso ikaragarria! O puntu! o instante! o momentu, guzien peligrosuena, zeñari nere eternidadea ditxekan! Ta ez jakin nizaz zer izango dan.

        Naizu bada, nere anima maitea, naizu jakin? Orra bada: zure bizitzak esango du. Begira, zure obrakin noronz zoazen? Zeruronz, ala infernuronz? Noronz begira zauden, aronz joango zera. Arbola bat ebakitzean, edo eskuietara, edo ezkerretaa ta erori bear du: begira noronz zeartzen, edo makurtzen dan ta ara eroriko da. Ala zure anima. Ezkerretara zeartua badago, seguru zoaz betiko infernura: in quocumque loco ceciderit, ibi erit. Eccl. It. Bestetik dio Jainkoak: «bakoitza joango dala bere eternidadeko etxera»: Ibit homo in domum aeternitatis sua: Eccl. 12. Zure pensamentu, itz, eta obrakin etxe au egiten beti ari zera. Zer egiten dezu? Norako ari zera? Zerurako, ala infernurako? Zeren begira zaude?

 

 

KOLOKIO, EDO ATZENEKO ITZKETA

 

        O Nere Jesus maitea, orduan Juez guziz aserrea, ta orain amoriozko Aita paketsua; nere aukeran, nere eskuan, nere borondatean utzi didatzu zuk nere salbazio, edo kondenazioa: Apposuit tibi aquam, & ignem: ad quod volueris, porrige manum tuam. Eccli. 15. 17. O ontasun, ta beraatasun paregabea! Zuk, Jauna, nai dezu guziok salbatzea; baña bakoitzari bere borondate librea nai diotzu gorde: salbazeko, salbatu nai badu, ta bere borondatez kondenatzeko; Kondenatu nai badu. Zer geiago zure jakintasun, ta amorio neurri, ta kabu gabeak gure onerako egin al dezakean, gu salbatzeko.

        Zure partetik seguru gaude: zuk beti nai dezu, beti zaude prest: beti zure eskua, zure argia, zure grazia ematen dezu, gu salbatzeko, guk nai badegu. Orrela gure aldetik dago peligro, ta bildur guzia, ta gauza oiek onela, ta fedeko egiak izanik, izango da, zu, edo besterik, bere eskuan salbazioa, ta zeruko gloria daukala, kondenatu nai duenik? Bada orrela Jainkoaren borondatea jakin, ta guk salbatzeko zenbat egin duen, ta Kristaurik bada pekatu egin, ta bere anima, ta Jainkoa galdu nai duenik, ondo irabazi, ta ondo merezia du orrelakoak infernu bat, ta infernu asko. Kondenatzeko gogo guzizko andia bear du, ori ikusi ta kondenatu nai duenak.

        Ez, ez, nere Salbadorea, ez nik sekulan orrelako lanik. Naiago det bizia, lurreko ezerezkeria guziak galdu: ta milla bizitza, ta geiago banitu, guziak eman lenago, zu pekatuaz ofenditu ta galdu baño. Ez, ez, Jauna pekaturik geiago: sobra, ta geiegi dira oraindañokoak: orien damua daukat, ta idukiko det beti. Penitenzia egiazkoa egin nai det, ez gogo erdi, edo nai erdi otzakin oraindaño bezala; ezpada biotz, oso guztitik.

        O nere Jesus maitea! Juizioko puntuan aserre egongo zera, ta arrazoiez, pekatuaren kontra: orain amorioz ta piedadez beterik: orain, bada San Josef gozoak, orain zure Ama maiteak nigatik erregutzen dizute: Bitarteko oiekgatik, arren indazu zure grazia bizitza berri bat egiteko. Orretako nere kulpa, ta zure kontra egin ditudan ofensa andi itsusi guziakin nere arpegian, diran bezala, indazu, lotsatu, ta humilla nadin, ta guzien penitenzia egiazkoa egin, ta juizioan ondo irten nadin, zu beti alabatzeko. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa