www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ejerzizioak-I
Agustin Kardaberaz
1761

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa hurrengoa

JUSTU BATEN, TA PEKATARI BATEN
ERIOTZAREN BEGIRADA

BATA BESTEAREKIN PISATZEN,
EDO KONPARATZEN DA

 

Ikusten dan gauza da, ta argatik asko mobitzen duena. Kontu egizu, bada, gela bitan eri bi atzeneko gaitzarekin burruka, ta illtzeko zorian ikusten zaudela: biak etsirik, biak Eleizakoak egiñik, edo egiteko puntuan desengañarurik.

 

        Begira justuari: bere gaizaren azpian badago ere, zein beregan, ta bere jabe: nola Jainkoagana, ta zein erraz biurtzen dan: nola pazienzia eskatzen dion, Jesus maitearekin batean, bere pena, ta nekeak ondo eramateko: nola Jesus onaren ejenploaz, beraren eskuetan, ta borondatean guzia largatzera animatzen dan. Sakramentuak beste munduko jornada, ta biderako artu biar baditu: ta artu ditzala, agintzean, zer poza oriek artzeko ditxa zeren duen; ta zer indarra, zer animako alibioa, oriek artu ezkero.

        Beste aldetik begira pekatariari: bere gaitzean zer arazoa, zer neke, zer izerdi itotzekoak. Ezin sosegurik ezertan arkitu, ta guzian larri estua. Jainkoagana ezta biurtzen, zeren oitua eztagoen, ta aren etsai dagoen. Erioak begiak larri: ill bear, konfesatu bear, ta zer egin, zer esan, edo nondik asi jakin ez. Ai! bizia nola, eriotza ala: presaka, lasterka, itotzen konfesatu, zer esaten, zer egiten duen eztakiela. Artu bear Jesu Kristo Sakramentuan: baña nola, zer arpegirekin, Kristoren iges, ta kontra oraindaraño ibilli bada, ta puntuko aren juizioan agertu bear badu? Ai zer tormentu izugarria!

        Biak illtzen dijoaz: Santo Kristo bat eskuetan. O, ta zeiñ ederki ematen duen justu baten eskuan, zeruko ateak idikitzeko, giltza seguruak bezala!

        Baña pekatari baten eskuan zein gaitzki dirudien Gurutzeak, zeren beti bera Gurutze Santuaten etsai bere obretan izan dan, ta Jesus onak bere kulpakin arpegian Gurutzetik ematen dion.

        Eleizako Ministroa bakoitzari illtzen laguntzen asizen da, ta Jainkoari enkomendatzen: Kyrie eleison. Miserikordia, Jauna, illkor dagoen onezaz. O zer animo, ta konsueloa justuak erregu oiekin artuko duen, ta nola biotza zerura jasoko duen!

        Ta zer lotsa, zer bildurra pekatariak izango du; bada miserikordiaz baliatu ez, ta justiziaren aserreak orain azpian artzen du?

        Sancta Maria, ora pro eo, diote Ministroak, ta an daudenak: Santa Maria, Jainkoaren Ama, ta penitente egiazkoen Ama eri, edo illtzen dijoan onegatik erregu ezazu. O nola biotz guzia urtuko zaion justuari debozio gozoz beterik! Zer konfianza alako Ama maiteagan, zer gogoa, aren arpegi ederra zeruan ikusteko, zeren begiak, ta biotza garbiak orrerako gorde zituen! Ai zeiñ gozotoro bizian iduki zion amorioaz oroitu, ta bere anima betiko emango dion.

        Bitarrean, Santa Maria enzun, ta zer pena, zer larria pekatariak izango du, Ama Semeak ala ofenditurik ikusita? Arritu, ta sartu, ta bereala egongo da, ta bere barrenen Ama Birjiñaren desdiña sentituko du: Ken, ken nere begietatik: ez niri otsegin: ezta ori nerea izan: dijoala ordu gaiztoan nigandik, oraindaño bezala bere adiskideetara. Zer etzan besterik ni utzi, nizaz aztu, ta nai zuena egitea? Ta norgatik? Itsusi puska, autsezko eder anz, ezerez bategatik? Nere Semea, ta ni ofenditu, ta orrela utzi? Bada orra orain, eztet nai aditu, ta ez ikusi: ez niri deitu orrenzat. Ai zer despedida tristea! Nora, norgana pekatari galdua tranze onetan biurtuko da.

        Eleizako Ministroak otsegingo die Aingeru Santuai, erregu dezatela. Ta justuaren anima Aingeruen adiskide izan dana, nola poztuko da, zeren bidera datozkion laguntzera, ta aiekin batean zerura igotzeko! Biribillatuko dira Aingeruak pozik, ori bere oiean ill artean gordetzera, ta an prest, orren anima artzeko egongo dira. O zer ditxa paregabea!

        Pekatariagatik ori aditzean, iges Aingeruak joango dira. Ez, ez, esango dute, ez guri orregatik deitu. Eztu gurekin zer ikusirik: ezta gurea izan; ezpada deabru guztiena: orien gustoak, ta esanak, ez gureak egin ditu. Larga, larga: goazen emendik, madarikatu ori deabruen presa utzita. Ai zer adio sekulakoa! Aingeruak joan, ta demonioak sartu, ta aren jabe egingo dira.

        Sancte Abel, ora pro eo: aurrera esango du Jainkoren Ministroak. Abel Santua, ta lurreko justu guzien aurrenekoa, illzeko zorian dagoen onegatik errege zazu. Ta era onetan, Apostolo, Martiri, Konfesore, ta Birjiñai, Zeruko Santuai otsegingo die eriotzako oduan. Intercedite pro eo.

        O! nola justuak Santuen faborea bereala sentituko duen beregan! Zer konsueloa, alako Bitarteko seguru, ta ain prestuak Jainkoaren aurrean idukitzea! An daude prest justu beren adiskidearen deia aditzeko, Jaunari pozik erregutzeko, ta anima ori zeruko gloriara berekin artzeko.

        Pekatariari, bertiz, erregu oiek enzun, ta zer infernuko illuntasunak bere biotzean emango dio! Ikusten du eriotzaren argi illun artan, santuak imitatu, ta aien Ejenploak artu bearrean, kontrara bizi guzian ibilli dala; etziela amorio, ta deboziorik, ta ez Santuai deitzen, ezpazan itz oro deabruai, ta oiei jarraitzen ziela. Argatik Santuak eranzungo dute: Ez, ez: eztu gurekin parterik izan: etzuen, guk bezala, Jainkoren Lege, ta borondatea bere zorigaiztoko bizimoduan, billatu: bada guk ere orain nai eztegu orregatik erregutu. Ai desanparo ikarragarria!

        Azkeneko ansia, edo agonian sartzean: Prosiciscere, Anima christiana de hoc mundo: esango du Sazerdoteak: zoaz, Anima kristaua; zoaz mundu onetatik, Aita Jainkoaren izenean, zeñek ezerezetik egin zinduen, ta orrela esanaz joango da.

        Berri onak, berri onak anima justua: zoazela, zoazela, ordu onean. Ta nondik, eta nora? O zer ditxa! Gorputz ortetako karzela doakabetik zuri dagokizun gloria bizira. Eten, ta urratu dira munduko katea gogorrak: Jainkoak askatu ditu, ta guzietatik libraru zaitu. Zoaz emendik. Au da esatea Errege, edo Erregiña gai, kateaz kargaturik ziega batean dagoenari esatea: zoaz libre, zoaz zure erreinora, zure koroa artzera zoaz. O zer poza! zer biotzeko atsegiña! O zer biaje gozoa!

        Baña ZOAZ ori bera pekatariak aditzean: Ai! zer biotzeko golpe illuna! Zer infernuko sustoa artuko duen! Zoaz: Ai lege garratza! Zoaz: baña, nondik, eta nora? Zure lurreko anditasun, ondasun, ta atsegin guzietatik. Ai! Orrela guzia utzi bear da: guztiak kentzen dizkidate, ta betiko? Zer da au? Amengo atsegiñak kendu, ta zerukoak galdu? Ai zer damu samiña! Orrela nereak egin du: joan bear, erremediorik onek eztu. Ta nora? Ai! Ai! Emen, itsaso illun onetan ondatuko da. A! ta zer kontuak aterako dituen sekulan ez bezalakoak, baña sekulan baño argi geiagorekin!

        Hodie, esango du Sazerdoteak, fit in pace locus tuus, & habitatio tua en sancta Sion. Zoaz, igaro zaite, anima zure pakezko lekura alda zaite Sion santako bizitzara. O mandaturik gozoena! Zer deskansua justuarena izango da, Sion, edo Zeruko Palazio, Etxe eder artara, Jainkoaren arpegia ikusi, ta gozatzera, dijoala agintzen diotenean.

        Bitartean ori enzun pekatariak, ta bere burua ispillutik argien artan ikusi, ta zer pensa dezake, baldin beti Jainkoaren iges, ta infernuko bidean, ta deabruak, aragia, ta mundua serbitzen arrastaka ibilli bada? Zer usteko du? Non pakea arkituko du, gerra bizian beti bere Jaunaren kontra ibilli bada? Ai zer kezka, zer bildurra!

        Deus misericors, Deus clemens... miserere gemituum, miserere lacrimarum eius: Sazerdotea dijoa esanaz. Jainko miserikordiazkoa, Jainko biotz beraa, zure miserikordiaz begizaiezu onen negar, ta onen adiai. Justuaren negarrak onela Eleiza Ama Santaren erreguakin dijoaz atzeneko zori artan Jaungoikoaren begietara. O zer poza daukan atzeneko negar malko onetan, zeren fedeak, ta esperanzak esaten dion, laster begiak leortu, ta garbituko dizkala Jainkoak, bera ikusteko, ta zeruan gozatu, ta alabatzeko.

        Pekatariak ere negar egingo du; baña zer da antsi: ta zer balioko dio? Baldin negar oriek, ez Jainkoaren ofensen damuz, ezpada mundua utzi bearraren penaz, badira? Negar oriek eztira, zeren Jainkoa ofenditu duen, ezpada zeren pekatuen denbora akabatzen zaion: ta damu du, zeren pekatu guziago ezin egingo duen. Ta ala Kristok dion bezala, bere pekatuan illzen da.

        Agnosce, Domine, creaturam tuam, non a dijs alieuis creatam, sed a te solo Deo vivo, & vero. Ministroak dio azkenik: Ezagezazu, Jauna, zure kriatura au, ez beste Jainkok, zeren besterik eztan, ezpada zuk Jainko egiazko bakarrak ezerezetik egin zenduena. Orduan justuari, bere biotzeko amodio guziaz Jainkoak begiratuko dio, bere antzeko, ta bere eskuetako obra preziatuari bezala. Bai, esango du Jaun miserikordiazkoak, bai: nerea izan da, ta nerea, izango da. Baiezko gozo ori Anima justuak; bere penen artean sentitzean, zer eskerrak Jainko guziz onari emango diozka? Ta onetan bere espir¡tua entregatuko dio Jaunari eriotza on batekin. O zer ditxa! Jauna, zure eskuetan ematen dizut nere espiritua.

        Ta pekatariak bere burua egiazko ispillu artan ikusi, ta zer esango du? Arritu, ta sortuko da geiago. Ta erregu orri Jainkoak zer eranzungo dio: Non da nere antza, pekatari orretan? Nik, nere antzera egin nuen: nere Semearen odolarekin garbitu, ta edertu nuen, nere, ta beraren imajina izan zedin. Non da imajiña ori? O zein itsusia, zein beltza, zein nazkagarria daukan! Deabrua baño itsusiago dago. Ken, ken nere begietatik betiko. Naiago zuen deabruen izan, nerea baño. Zenbat bider, ta ezerezegatik, ni utzi, ta demonioen ondoren arrastaka ibilli da? Aiena da, ta aiena bidi aiekin. Ez erregutu: eztet nai enzun: ez diot begiratu ere nai. O arrigarrizko despedida! Ta Jainkoak begiratu nai ezpadio, nora joango da? Onetan illko da bere pekatuan: ta deabruak aren animaren jabe egingo dira. Ai sekulako galdua!

        Au da justuaren, ta pekatariaren eriotza, edo illzeko modua: ta orra zeñ bestelakoa dan, ta zeñ antz gutxikoa pekatariarena justuaren aldean.

 

DESENGAÑO ONETATIK ATERA BEAR DANA

        Begiz ikusten dan egia andi onen frutua da, eriotza on baterako prestatzeko animo andi eragille bat. Ezta kasik gauzarik, Jesu Kristok geiago, ta berariazago agintzen, ta beñ, biarretan, ta askotan enkargatzen duenik, eriotzara ondo prestatzea baño. Nai du beti prest egotea: beti gure gañean, ta gure kontra sentenzia degunak bezala: egun onetan, ordu, edo puntu onetan ill bearrak bezala.

        Guziok ezagutzen degu ill bear au, ta illzeko prestatu bearra. Ta guziok ori bear bezala egiten degu? Zenbat kondenatuen artean arkitzen dira ori bera, guk bezeiñ ondo ikusi, ezagutu, ta pensatu zutenak? Ta pensamentu orrek zer baliatzen die orain? Ta zer baliatuko digu guri, aiek egin zutena pensatu, ta egiten badegu?

        Orregatik Kristoren mandatu aiñ enkargu andikoak artu, ta Jainkoaren bildurrezko Kristau on asko, urtean bein erretiro onetan, ta beren biotzetan sartzen dira, Ejerzizio oiei gogotik ekin, ta bizitzaren kabuko kontuak balira bezala, illzeko baleude bezala, guziak ajustatzeko. Egiten dute konfesio andi bat; ta Jainkoari kontu ona emateko, bizi guziaren, edo gauzarik bearrenen errebista bat, bere obligazioen gañean, orrela zuzen, ta garbiro eriotz on baterako, ordu artan naiko dan bezala, prestatzeko.

        Beste asko eztira orrekin kontentatzen: ta seguruago jokatzeko, ta bearren dan egiteko bakar oneratako prestaturik beti, Kristok agintzen duen bezala, egoteko, illoro, falta gabe, egun bat illaren lenbiziko libreena artzen dute, erretiro santu batean igarotzeko: bere etxeko, estadu, edo bizimoduko kontuak obeto ikusi, begiratu, ta Jaunarekin atzenekoak bezala, garbitzeko: egiten dute ill artako kulpa guzien konfesio bat, illzeko baliz bezala. Ta au da Ejerzizio guzien frutua: au da ondo illzeko prest beti egotea: au da egiaz ondo bizitzeko, ta lurrean al datekean zeruko bizimodurik gozoen, alegereen, ta atseginena izateko bidea.

        Ill artako, edo erretiroko komunioa artzen dute Kristau zorioneko oiek, illzeko, ta atzeneko Komunioa baliz bezala, ta janari zeruko onekin bidezkoen gisan, betiko jornada luze, edo eternidaderako, animatzen, ta indarra artzen dute, Jesu Kristo guziaz janzi, ta prestaturik. A zer poza, eriotzako orduan, onela lenazdanik saiatu, ta maneatuaz! Kristau onela bere osasunean, beregaiñ dala prestatzen danari, eriotzako orduak, datorrenean, eziñ susto andirik emango dio. O zer konsueloa onela bizitzea, ta onela illzea!

        Baldin beste gauza denboralen gañean, artu emanik izan badu, edo oraiñ zer egin badauka, bere atzeneko kontuak atera bear ditu, ta garbitu. Argatik zeruko abiso, askok txit bear duena, zuri Aita San Agustin andiak ematen dizu: Fac testamentum tuum, dum sanus es, dum sapiens, dum tuus es: in infirmitate blanditijs, & minis duceris, tu non vis. De Cura Animae serm. 45. Zure testamentua, dio Santuak, egizu osanunean, burua dezunean, zeregain zeranean: azkeneko gaitzean, begira, besteen erreguz, edo bortxaz, gauza onik eztezu egingo: ez zuk nai dezuna, ezpada besteak nai dutena: ezta zure borondate, ta testamentua izango, ezpada besteak berak nai dutena.

        A! Ta zenbat bizi dira ajolagabe kargu, ta obligazio estua testamentua egiteko dutenak, ta beren zor artzeko, artu emanak, kondenatu nai ezpadute, denboraz agertu, ta zuzendu bear dituztenak, ta Jainkoak abisoak emanagatik, gor egin, ta lasai lasai, alakorik ezpaliz bezala, bizi diranak? Zenbat, geroko beti utzi, ta luzatu, ta ustez ustegabe eriotzak garbitzen dituenak? Zenbat, korde, ta buru gabe daudela, bestek testamentua egin, edo eragin, ta pasa, ta illzen diranak? Zenbat testamentu oker onelako ote dira?

        Ta zerori testigu etzera? Eztezu ikusi, edo aditu, ta jakin, zer askotan igaro dan? Ta ori guztia jakin, ta askotan ikusi, ta edolarik besteren kaltean, mundu gezurti au zer dan, eztezu ikasiko? Testamentua askok, beren uste guziaz ondo egin, ta ala ere ainbeste auzi, ta desditxa orien ondasunen gañean, egunoro ikusten badira: ta auziai ematean deabruari ainbeste erabazi ematen bazaio, nola kalte oriek ikusi, ta ikasten eztezu? Ai askoren diru, ta ondasunak, ta Jainkoak daki nola biribillatuak nola, ta zeiñ erraz banatzen, ondatzen, ta ezerez egiten ikusten ditugun!

        Ta orregatik zuk kezka, larri, ta desditxa oiei, ta andiagoak tragatu nai dituzu, ta aideen, etxeko, edo kanpokoen naigabezko burrukak ordu estu, bakar, ta bearren artarako utzi nai dituzu? Ha! begira ondo: eriotzako ordu preziogabeko artan, zure animari bear bezala begiratzea dezu lanik asko, ta bearrena! Bitartean, kontuz zaudeke, besteai zure ondasunak uztean, ez zure animaz aztu: esan nai det, Jesu Kristoren pobreaz, zeñak bere ordean utzi zizkigun, oiei egiten zaiena, Kristori egiña bezala, berak artzeko, ta juizioko egunean munduaren aurrean ateratzeko.

        Azkenean eriotzaren pensamentu onetatik atera bear dezuna da, ori ondo egitea, ta ori beti Jaungoiko, Ama Birjina, ta Santuai eskatzea, ta Jaunaren bildur santuai beti bizitzea.

        Nai badezu, mundu onetan al datekean bizitzarik pakezko gozoena, ta eriotzarik prezioso, ta santuena egin, erregla orek biotzean, ta bizimoduan gorde itzatzu ondo:

        1. Erregla: Konfesore on batek agintzen dizun egunetan, konfesatu, ta komulga zaite.

        2. Erregla: goizean egunoro zure obrak, pensamentu, ta izak, neke ta trabajuak, zure biotza, zeran guztia, Jaunari eskeñi, edo ofrezi zaiozu.

        3. Erregla: al badezu egunoro irakurri, edo enzun Libru espiritual, Konfesorea señalatu bat: ta irakurri aldia au egin soseguz, ta falta gabe.

        4. Erregla: al dezun guzian Meza enzun, ta Ama Birgiñaren Errosarioa, edo Eleizan, edo etxekoakin errezatu.

        5. Esamen egun artakoa gauoro, falta gabe, A. S. Ignaziok dion bezala egizu, bere bost puntuakin. 1. Jainkoari egun artan egin dizkitzun benefizioen graziak ematea. 2. Egun artan egin dituzun pekatuak ezagutzeko grazia eskatzea. 3. Jaiki ziñanetik ordu artaraño zere buruari kontu artzea: ordutik ordura, pensamentu, itz, ta obretan. 4. Egin dituzun kulpen barkazioa Jaungoikoari eskatzea. 5. Beraren graziarekin emiendaren propositua egitea. Ta Jaunaren ofensen damu, ta aurrerako proposituak egiten, esamen onetako denborarik geiena gastatu bear da.

        Onetarako goizean beti, ta arratsean, ta al dezun guzian, Kontriziozko aktuak biotzetik egitera oitu zaite, ta zure animak indar andia artuko du.

        Baldin Konfesore bear bezalako on bat artu, ta aren esan, edo konsejuak, erregla oiekin, fede ta borondate onaz gordetzen badituzu, Jainkoaren Legea ondo gordeko dezu, ta seguru salbatuko zera: Hoc fac, & vives.

 

aurrekoa hurrengoa