www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ejerzizioak-I
Agustin Kardaberaz
1761

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa hurrengoa

AZKEN JUIZIOAREN GAÑEAN EJERZIZIOA

 

Congregabo omnes gentes, & deducam eas
in vallem Josaphat: & disceptabo cum eis ibi.
Joel. 3.
Biribillatuko ditut (dio Jaunak) jende guztiak, eta Josafateko ibarrera
eramango ditut, eta an guzien gañean juizioa egingo det.

 

        Fede bizi batekin azken juizioa gogorra ekarri, eta munduaren kabu onetatik atera bear dezun frutua da Jaunaren bildur andi bat, San Juan Ebanjelistak dionez bakoitzaren, edo juizio partikularean esan zan bezala, eta bildur santu orrekin beti ondo bizitzea, Juizio andi onetan Jaunari kontu ona emateko.

 

LEKUA, EDO KONPOSIZIOA EGITEA

        Kontu egizu orañ bertan Josafateko zelaiean, Kalbarioko, ta Olibeteko mendien artean arkitzen zerala, ta au munduko gende guziak, ill ezkero pizturik beren gorputzetan ikusten zaudela. An airean odoi zuri baten gañean bere Jarleku, edo Tribunalean dakutsula Jesu Kristo, Ebanjelioan berak dion bezala: aren eskuietik Ama Birjiña guziz doatsua gloriazko bere Jarlekuan: eta Apostolo, ta beste aiei jarraitu zien Santuak beren lekuetan, jarririk. Juizioaren lekua onela egin ta

 

ESKARIA, EDO PETIZIOA

        Au izango da, Dabid Santuarekin eskatzea: Josi itzatzu, Jauna, zure bildur santuaz nere anima, ta gorputza, bada zure juizioak ikaratzen naute: Fedea, ta juizioa orañ indazu, orduan bezala orañ juzgatzeko mundua, ta munduko gauzak, ta nere mundu txiki au: ta orduan bezala orañ lurreko anditasun, ondasun, ta atsegiñak oñ pean egiaz idukitzeko. Ai Jauna! Mundua juzgatzera zatoztenean, ez arren ni kondenatu.

 

 

JUIZIO IZUGARRI ONETAN IRU GAUZA ANDI DITUZU

 

        1a. Zergatik Jaunak Juizioko egun au egin nai duen.

        2a. Orduko munduaren kabuan izango diran señaleak.

        3a. Mundu guziaren juizioa, ta sentenzia betikoa.

 

LENDABIZIKO PUNTUA

        Begira, ta pensezazu ondo, zergatik Jainkoak egin nai duen Juizioko egun aundi au: egun ikaragarri, besterik ez bezalako, paregabe, munduan beñere ikusi eztan, era bateko mundu guziaren batsarri, edo junta aundi au? Fedeak dio: gauza askogatik, eta kausa asko dituela Jaunak, juizio ori egiteko berak dakizkienak. Baña guretzar jakiñenak dira iru.

        1a da, zeren bere Seme maitearen gloriagatik Aita Eternoak mundu guziaren aurrean biurtu nai duen. 2a: zeren bere justu, ta serbitzari leialen onragarik biurtu nai duen. 3a: zeren bere juizio justu, ta justizia zuzenagatik munduaren aurrean biurtu nai duen.

        1a Ebanjelioak erakusten dizu. «Jainkoak bere Semea bialdu zuen mundura, mundua, edo animak salbatzeko». Missit Deus Filium suum in mundum, ut salbetur mundus per ipsum. Baña mundua añ zoroa, añ juizio gabea zegoen, non ezagutu izan nai etzuen bere On guzia, bere Salbadorea. Etorri zan, dio San Juanek, bereen artera, jaio, ta agertu zan bere aideen erdian, ta berak etzuten artu: in porpria venit, & sui eum non receperunt. Ioan. 1.

        Ta badakizu zergatik? Zeren humiltasunaren Maisua bezala, janziera, edo traje humillean Jesus etorri zan: eta mundu ero itsuak humildadearen balioa, ta edertasuna ezagutzen ez dituen. Orregatik, nai zuten erara, erabilli zuten Pilatosegandik Herodesegana, tribunaletik tribunalera, Anas, Kaifas, ta besteen aurrera: ta Jesus-en Personaz, guzien artean, nai zutena egin, ta azkenik kondenatu, ta Gurutzean ill zuten.

        Zer bada, dio Aita Eternoak! Bialdu nik, ta ez gutxiago, ta ez besterik, ezpada nere Seme bakar maitea, guzien Maisu izan zedin, zeruko bidea erakusteko, ejenploa emateko, eta animak salbatzeko: ta mundua añ zoroa, añ juizio gabe, ta ari pagu ori eman? Bada nik juizioko egun arrigarri bat egingo det: orduan guzia agertuko da, ta mundu itsuak ikusiko du nerekin zuen, ta borrero gogor, ta besteak norgan beren eskuak ipiñi zituzten, nor oñpean erabilli, nor azotatu, aranzaz koroatu, ta nor ill zuten.

        Lenengo Jainkoaren Semea gure aragiz janzirik lurrean agertu zanean, gugatik traje humill orretan etorri zan, munduaren juizioak igaro, ta munduan juzgatu izatera: argatik munduko itsuak etzuten ezagutu: baña bigarren aldian gloriaz, ta anditasun guziaz beterik etorriko da mundura, munduko guziak juzgatzera: munduari juizioa eman, ta egingo dio, ta orduan, beren damu gaiztoz ikusi, ta ezagutuko dute, len ala tratatu zutenak.

        Ai zer juizio tristea! Ai zer munduaren trukada, ta suertea! Ai zer esango dute orduan Anas, ta Kaifas batek, Pilatos, ta Herodes batek? Zer Judas billau falsariaz saldu zuenak? Zer lotsa bada arena, ta aren ondoren, edo Judasen azpian egongo diran Kristau, pekatu bakoitzaz, zekitela, Kristo Gure Jauna añ merke, ta doarik saltzen zutenenak? Zer bada, arako gaitzki komulgatu, ta Judasen gisa falsiazko laztanaz, Jesus, ark baño ere merkeago saltzen zutenak? Zer esango du Pilatos, eriotzako sentenzia añ oker, ta gaizki eman zionak, eta zer Juduak Barrabas baño ere gutxiagoan Jesus guzien Errege santua iduki zutenak? A! zer Kristau galdua?

        Bitartean, zuk, nere anima, amoriozko milla esker biotz guztitik eman bear diozkatzu Aita Jainkoari, zeren bere Seme guziz humill, ta maiteagatik onela mundu guziaren aurrean, ta Juizio andi onetan biurtu nai duen. Ta ikusirik zure Salbadore, ta Errege Jesus laztana, bere gloria, ta majestade guztian, biziak, ta illak, zeruko, ta infernukoak belauniko adoratu bear dutela, batez ere bere etsairik andienak, ta nai, ta nai ez, damuz, ta arrabiaz bada ere, len ezagutu nai etzutenak berak adoratzen dutela: beragatik zuk milla obetari, edo parabien eman bear diozkatzu:

        Atsegin det, nere Jaun, ta Jabe biotzeko bakarra: ordu onean, ta zorionean biz, Zu mundu guziaren begietan ezagutu, ta adoraturik orrela ikustea. Atsegin det, nere Jesus maitea, zure gloria guztiaz: guztia zor zatzu, Jauna, ta ordu onean betiko izan ezazu. Ai Jauna! Ojala milla espiritu, ta milla biotz, ta milloiak, ta izan al guziak banitu: guziak zure oñetan betiko ezartzeko, zuri eskeñtzeko, zu ezagutu, ta Jaun, ta Jainko, sekula guzietako nere Errege bezala beti zu adoratu, ta amatzeko!

        Ta orra zergatik, ta zer arrazoi andiarekin Juizioko egun andi au Jaunak egin nai duen: bere Semearen onra, ta gloriagatik biurtzeko.

        Bigarren Juizio ori egiteko kausa, ta ondo pensatu bear dan gauza, ta egia da, nola Jainkoak bere justuen onragatik mundu guziaren aurrean biurtu nai duen. Mundu eroa bere juizioetan, nai duen bezala, ta txit oker dabil: argatik onari gaiztoa deitzen dio, argiari illuna, ta birtuteari bizioa. Beren era, edo modara mundukoak oraiñ gauzai deitzen die. Onen gañean dira ainbeste ai triste, ta madarikazio Profeta santuen eoan, ta Jesu Kristok bere Ebanjelioan orobat dio juizio oker, ta gaiztoen gañean.

        Munduan asko dira, Jainkoa egiaz billatu, ta biotz guzitik serbitzen dutenak: ta oiek ikusten dira nekez, ta penaz beterik. Beste asko dira, Jainkoaren etsai egiñik, pekatuetan begietaraño sarturik bizi diranak, eta oiek nai duten guziarekin irteten dira. Mendi arte, ta bazter orietan pobretxo asko dira. Jaunaren Legea fede andi batekin artzen dutenak. Gordetzen dute lenengo Agintea, bigarrena ta amar diranak: eta geiago balira, guziak gordetzeko prest dira: eta oiek beti nekearen, ta zorren azpian. Beren gau, ta egunetako izerdiakin, beren Eleiza, ta Jabeen zorrak pagatzeko, ozta dute: beren alegin guziakin, doi doia dute, edo askok ez dute zatartxo bearrenik ere, berak, ta beren umeak zerekin estali, edo janzi, Meza bat bear bezala ikusteko, edo Eleizan agertzeko.

        Ta bitartean zenbat munduko aberats abereen gisa lege gabe bizi dira? Autzitzen dute lenengo Mandamentua, bigarrena, ta besteak: eta geiago balira, guziak ausitzeko prest dira: ta orregatik oiek triunfatzen dute, jan, edan, janzi, ta nai dutena egin, nekazari pobreen izerdi, ta odolaren kostura: beren aunditasun, ta soberbiaz, nekazale garbi, berai jateko ematen dienak, lurpean ondatu, ta ostikopean darabilztela, beñere pobreenzat justiziak balio eztuela, ta andinaiakin ur garbirik ezin atera dutela. A! Ta zenbat onelako mundu zoro orretan igarotzen ote da?

        Ai Jauna! Zer da au? Nola dijoaz gauza oiek? «Justua zera zu, ni zurekin argumentuan sartzeko». Jerem. 12. «Baña ala ere egiaz zurekin jardun bear det: Nola, Jauna zure etsai gaiztoenak, zu ofenditzen, nai duten bezala, ta beren erara bizi dira? Ta justuak zure adiskide maiteak nekez, ta dolorez? Ori, ta orrelako asko dakutsula, nola zaude orren ixillik? Etxe, edo Palazioak, soñekoak, ondasunak, ta erregaloak, norenzat egin zinduen? Zer da au, Jauna?». Habac. 1.

        Oriek guziok, dio Jainkoak, nik egin nituen nere serbitzari, ta adiskide nere Lege, ta amorian bizi ziranenzat. Nola bada zure etsai, ta munduko andiak guziaz jaso dira? Ea: zaude pakean, dio Jaunak: mundua zoroa, ta itsua dago: bakoitzari berea emateko, juizio zuzenik eztu oraiñ. Juizioko egun bat nik egingo det, ta bakoitzari dagokiona emango diot. O nere Jaungoiko guziz justua! O juizio estua!

        Zer izango da, orduan ikustea, emen gaizki tratatu, ta humillaturikako pobretxo asko, an Jaunaren eskuietatik, Patriarka, Apostolo, ta Aingeruen artean? Ta emen len aien Jabe, ta Agintari andi, justizia, ta arrazoiaren kontra pobreen izerdi, ta odolak añ aisa txupatzen zituztenak, Luzifer-en, Astarot-en, ta deabru guzien azpian, suz, ta garrezko koroza lotsagarriakin betiko kondenaturik ikustea? Zer oien arrabia amorratua, beste justu oñpean ainbeste bider emen erabilli zituztenak, alako glorian ikusi, ta beren buruak alako lotsa, ta infernu bizian ikustea?

        Ta justuak orduan zer esango dute goi artarik? A zeñ pozez kantatuko duten: Utique est fructus justo: utique est Deus judicans eos in terra. Ps. 57. Ai Jauna! Zeñ egia andia zan, denbora batean an bean Predikadore, ta Konfesforeak esaten zigutena: Jainkoaren eskutik bezala, lurreko gaitz, bear, ta nekeak artzeko: laster igaroko zirala: ogei, edo berrogei urteko, edo gutxiago pena, ta doloreak izango dirala: Zuk, Jauna, andiagoak gugatik artu zinduela: Zuri begiratu, ta pazienzia iduki genezala.

        Ango gaizak igaro, ta emen zeruan deskansu osoa, ta betiko gloria bizia genduela. Ai, Jauna, zer egia, ta zer saria orañ! Ara bean munduko gure Agintari gogorrak, zer lotsan, ta tormentuan dauden orañ! Justua zera, Jauna, ta zuzena zure juizioa mundu eroaren gañean. Justus es Domine, & rectum judicium tuum. Ps. 118. Onela justuak esango dute, ta onela orien onra, ta gloriagarik Jainkoa biurtuko da.

        Irugarren Juizio andi au egiteko kausa da, zeren Jainkoak bere Justiziagatik biurtu nai duen. Emen fede biziaz gogora ekarzu, lurrean beñere ezin ondo barrendu, ta aditu oi dan egia andi au, ta Jainkoa zer zuzen bere juizio, ta gauzetan dabillen. Gure fede illarrekin, sator itsuak bezala gera ta argatik illunpean beatz topaka, uts egiten, ta zenzu gabe gabiltza: dakutszunaz pagatzen gera, irudiaz, ta ez egiaz. Baña Jainkoak ez orrela: bakoitzaren biotza dakus, ta barrendik, dan bezala, juzgatzen du: Nec juxta intuitum hominum Ego judico: homo enin videt ea, qua parent; Dominus autem intuetur cor. Scrutans corda, & renes Deus. 1. Reg. 16. Argatik juizio andi onetan argiro, ta garbiro nor, ta zer zan bakoitza ikusiko da nor, ta nolakoa lurrean bizi zanean, izan zan.

        Ai! Ta zer gauzak argizko, ta egiazko juizio onetan agertuko diran! Zer falfak, nolako traizioak, zer intenzio, ta asmo dollorrak: zer txorakeriak, zer aizezko lankai eroenak, zer benganza billau, zer pekatu itsusi loiak: zer gauza lotsagarriak, pensamentu, ta gusto, abereen gisako atsegin atsak; zer lagunaren emazte, edo senarraz eskutuan egindako adulterioak, ta beste orrelako ezin esan ditezkean gaiztakeriak!

        Zer bada? Etzan besterik: fede, ta Jainkoaren bildur gabe, aisa, aisa zere burua pekatuai eman, gurari infernukoai leku eman, ta zaletzen ziñana, edo gogoak emana, iñork jakingo etzuelako, eskutuan egin. Bada zuk eskutuan egin zinduen lotsagarri oriek, Jaun justuak agirian aterako ditu guzien aurrean, ta begietan bere juizioan.

        Pensezazu, gizon prestu, edo andre onaren papera egin dutenak zenbat diran munduan: Kristau onzat askoren begietan dan denak; baña ez Jaunaren aurrean. Zenbat Kristauen izena dutenak; baña jentil, edo atheista, Jainkoa ukatzen dutenak bezala, bizi diranak: kanpotik errelijio, edo piedadearen kapa, baña barrendik biotzean Jainkoak dakien bezala. Bada zer? Oriek orrela irago bear dute? Ez ori, dio Jaunak: nik plazara aterako ditut: mundu guziak jakin bear du nor, ta nolakoa zan bakoitza.

        A! munduaren juizioak zeñ itsu bidegabeak diran! Askotan beste gizon, edo andrea, zeren urrea darion, ondasunak dituen, urrez, ta sedaz modako soñeko ederraz apaindua: orri Agur andiak, ta Jainko bati bezala gurre, edo adorazioak: ta bearbada gizon edo andre ori pekatuan dago: ta bere desditxaz, ala badago, orren anima da deabruen ziega bat, Luzifer-en infernuko presa bat bere kateakin loturik daukana. Anima ori demonio guziak baño beltzago, ta itsusiago dago. Aingeruak orren iges dijoaz, infernuko izurritu bategandik bezala, ta deabruak orren begira, noiz baño noiz Jainkoak orren biziaren ari mea eten, edo ebakiko duen infernura eramateko. A! Ta zu orren itsua; ta kanporonzko edertasun orrez pagatua! Bost onelako irago, ta tragatzen da munduan.

        Pensezazu, nola bitartean eskeko pobretxo bat, edo beste, zure ondotik igarotzen dan, eta zeren arlote datorren, edo ez añ ondo janzia, orri ez jaramon, arpegirik ere eztiozu eman nai. Ta orren anima Jainkoaren grazian dagoke: ala badago, da Jaunaren jarlekurik ederren, ta gozoena, zeru bizi bat, ta zeruak baño ederrago: Jainkoaren ispillu garbia, Jesu Kristoren Esposa, zeruko Erregiña gaia, Aingeruak beti lagun dituela. O munduko juizioak! Ta anima justu orren balioa ezagutu gabez, orren estimazio gutxi! O Jaun santu, dana dan bezala bakoitzean ikusi, ta bere neurri, ta pisuan estimatu, ta guzia juzgatzen dezuna!

        Ta emendik, nere Jaungoiko guziz justua, zer atera bear det nik, ezpada bildur santu bat, baña ez mundu zoroaren esamesena, baizik zure egiazko juizioena. Zer atera bear det, ezpada zure ofensa guzien damua, ta zure begietan diran bezala? Zer, ezpada biziera berria, biotz argi, ta garbiaz zure aurrean dagoena bezala, beti bizitzeko: nere borondate orañdaño itsutu nauena, betiko ukatu, ta nere alegiñaz zurea billatu: nereaz desegin, ta zurea beti egin. Ai Jauna! Bada nere obra onak ere juzgatu bear dituzu: Cum accepero tempus, Ego justitias judicabo: zuk añ justuak bezala, bakoitzari berea emateko: kontu estu, ta juizio berri onetan sartu nai det, Jauna: penitenzia egin, ta ondo bizi nai det, zure juizio andi artan ondo irteteko. Amen.

 

BIGARREN PUNTUA.

JUIZIO BAÑO LENAGOKO SEÑALEAK
ETA MUNDUAREN AKABALLA

        Emen gogora ekatzu Jesu Kristok bere aoz predikatu zuen egia au, ta nola juiziorako mundua desegin baño len, alde guzietatik señale ikaragarriak izango diran: Erunt signa in Sole, in Luna, & in Stellis, . &c. Luc. 21. Siñaleak zeruan, bada Eguzkia illundu, Illargia odoldu, ta Izarrak puskatu, ta zerutik eroriko dira. Siñaleak, bada zeru guzia nastu, ta odei illunez bete, ta denboral, edo ekatxik izugarrienak ikusiko dira: tximista, turmoi, ta oñaztarriak erriak, ta errietakoak oñdatzen dituztela. Señaleak, zeren oriekin naste aize bunbada arrigarriak izango diran, torre, ta palazio munduko andinai eroak, beren ustez betiko ospe, edo famarenzat jaso zituztenak, batean lurpean arrasatzeko.

        Pensezazu Jesu Kristok diona, zer señaleak lurrean izango diran: In terris pressura gentium: nola ez zerua bakarrik, ezpada lur guzia, itxaso, ta kriatura guziak pekatarien kontra aserratu, jaiki, ta beren modura armatuko diran. Eskritura dionez, Jaunaren etsai burujauzien benganzara, ta oiei gerra bizia ematera: armabit creaturam ad ultionem inimicorum, & pugnabit pro illo orbis terrarum contra insensatos. Sap. 5.

        Orduan, Lurrak bere gañean pekatariak ezin ikusi, edo sufriturik Zalantza, ta ikara guziz portitzak emanik, idiki, ta tragatuko ditu. Orduan itsaso zabal ori, orroa txit andiak ateratzen dituela, beregandik irten, ta sartuko da leorrean erriak, ta jendeak ondatuaz. Orduan gizon, ta andreak arritu, ta zurtu, ta Jesu Kristok dionez, korde gabe igartuko dira, soñu izugarriaz, ta eriotzako antsia, ta larriaz: pre confusione sonitus maris... arestentibus hominibus prae timore. Orduan jendeak ibilliko dira araze andian, zoraruak bezala, gora bera, zer egin ez dakitela, ta eriotzaren atzeneko gaitzarekin etsirik burruka bezala.

        Orduan abereak ere arazotuko dira, ta basotiak, ta lar abere suminduak, ta pistia mota guziak aldarte, ta azkeneko gaitza sentitu, ta beren zuloetarik irtengo dira, ta erriotzko orroa, ta inziriakin, izugarrizko moduan errietara, auzoetara, jende tartera etorriko dira. O egunik illunenak! O gaurik tristeenak! O kulpen ondorengo denbora! O Munduaren galdu bearra!

        Azkenik begira, ondo gogartu, edo gogoan sartu ezazu munduaren akaballa, ta suz, ta garrezko eriotza portitza. Jaunaren aserre justuak agindu, ta munduaren lau aldeetatik beñgoan, bat baten suzko lau ibai andi bialduko ditu: oiek era batera sutu, erre, kiskaldu, desegin, ta auts biurtuko dituzte etxeak, erriak, abereak, ta bizirik arkitzen diran jende guziak: ta orra mundu zoro galdua akabatu. Ai zer kabua!

        Atozte orañ, atozte nerekin munduko eroak: juizio, ta kontuan sar gaitean. Andikiak, aberatsak, atsegin, ta eder zaleak, atozte: atozte ikustera, denbora bateko zuen biotzen zoragarri ziran edertasun, ta beste gauzak non diran, edo zer egin diran. Ai pekatarien zoro, edo juizio gabeak! Begira zuk nere Kristaba fededo argiaz munduaren kabu oni.

        Non dira orañ etxe, edo Jauregi andi, banidade, edo andinaiak ainbeste pekaturekin, ta anima askoren kaltean jaso zituenak? Non dira baratza, edo jardin eder, ta paseo erregalorako ainbeste kostarik eginak? Non dira joiak, urre, zillar, ta beste ondasunak? Non dira galak, edertasun, erregalo, ta beste atsegiñak? Autsa, ta ke utsa ikusten da. O zer ikusgarri illun tristea! O munduko falsia, ta gezurra! O txoroen jostallu itxura gabea! Onela guzia igarotzen da: onela mundu guzia akabatzen da. Praeterit enim figura huius mundi. 1. Cor. 7.

 

ILL GUZIEN PIZTIA, EDO ERRESURREKZIOA

        Fedeko egia au pensezazu ondo: munduaren fin lastimagarri ori ezkero, nola illak piztu bear duten: bakoitza bere len izan zuen gorputzean, Jaunaren agintez, bizirik jaikiko da, San Pablok dionez: Canet enim tuba, & mortui resurgent. 1. Cor. 15. Lau munduaren parteetan juizioko tronpetaren ots guziz andia adituko da, ta Aingeru batek deadarrez aginduko du: Surgire mortui. & venite ad judicium. Illak piztu zaitezte, juiziora atozte. Esan, ta egin: puntu artan mandatu oni diranak obedituko diote, ta bereala bizirik jaikiko dira.

        A! Begira zer ikusi bear dezun orduan! Justuen animak zerutik, ta gaiztoenak infernutik etorri, ta bakoitza bere lengo gorputzean sartuko dira. Guzien gorputzak geratuko dira oso, ta bizi beren animakin; baña guziak ideak bezala, Jesu Kristoren urte, edo ogei ta ama iru urtekoen gisa: in mensuram aetatis plenitudinis Christi. Ephef. 4. Pensezazu, nola, ta zeñ laster, ta zeñ eder argi gloriaz janzi, ta beteak santu, ta doatsuen gorputzak egongo diran, ta anima an sartzean, eguzkia baño klaruago jaikiko dira, ariñak, alaiak, ta txit ederrak.

        Ai! Zer bendizio, ta graziak Jainkoari emango diozkate, zeren gorputz artan bera serbitu, ta aren borondate santua egin, ta Legea gorde zuten! Zer eskerrak animak bere gorputzari, zeren garbiro bizi izan zan, edo argalak bezala, pekatuak egin bazituen, orien penitenzia ere egin zuen! Zer bada gorputzak animari, zeren Jaunaren bildur santuaz zeruko bidean zuzen erabilli zuen, edo iñoiz lurreko gauzerara okertu, edo makurtu bazan, ondasun, edo atsegin loietan sartu bazan: oriek ezagutu, ta gero damu, ta egiazko propositu eragilleaz konfesatu, ta Jainkoagana biurtu, ta biziera berri santua artu zuen, ta eriotzaraño ondo iraun zuen! Ai zer poza! Zer gloria bizia!

        Ta bitartean, nork esan dezake kondenatuen gorputzak nolakoak egongo diran? Orien anima zorigaiztokoak etorriko dira, nai, ta naiez, infernutik, demonioak baño beltzago, ta itsusiago, su bizi egiñik. Arako beren gorputzak ikustean, zer tormentu amorratua artuko dute? Ator ona, esango dio bakoitzak, ator ona deabru guzien laguna, ta nere karzela madarikatua: ator ona ire saria nerekin batean betiko artzera. A zorigaiztoko gorputza! Onenbeste urte da igatik ni infernura nintzala. Zer etzan besterik, Jainkoaren Lege santua urratu, ta ire anima garbia loitzea, abereen gisako atsegin lotsagarrietan, benganza zital, ta beste dollorkeria, ta pekatuetan, ta añ merke ezerezegatik deabruai saltzea, edo doarik anima bakar au ematea? Ator, bada, orain guzia nerekin batean pegatzera.

        Oiek, edo onelako gauza asko esanaz an sartuko da anima, ta gorputz ori jaikiko da bereala infernuro su gori bizi, ta illun egiñik. Orduan zer madarikazioak gorputzak animari, ta onek ari? Zer negar malko suz, ta garrezkoak? Zer deadar, ta garraxiak? Zer biotzeko inziria samindu garrazak? Onela asiko da sekulako, ta beñere ezta aspertuko, eternidade guzian.

        Ai anima Kristau au irakurtzen, edo enzuten zaudena! Zer izango ote da zuzaz? Orduan mundu guziaren aurrean zere burua naiko dezu ikusi desditxa onetan, lotsa, pena, ta tormentu orietan? Ez, ez, anima nerea, ez Jainkoagatik: ez nere gorputza, zure, ta nere onagatik. Ea bada, animo, ta penitenzia bereala: egiazko biurrera, edo konbersioa, Jainkoagana: damu, ta negar biotzekoak, proposituak, ta biziera berria. Bai, nere Jainko maitea, bai zure graziarekin. Emen penak, emen tormentuak. Betoz, Jauna, betoz ordu onean, zure eskutik bezala, betoz nekeak, gaitzak, betoz emen zure amorioan. Zure eskuetan, zure mendean nago: ona nere anima, ona nere gorputza, zure borondate gozoa beti egiteko, ta zu oraiñ, ta beti amatzeko. Amen.

 

IRUGARREN PUNTUA.

MUNDUAREN JUIZIOA,
TA GUZIEN SENTENZIA BETIKOA

        Emen dator fededo egia. S. Pablok diona: munduko guziok Jesu Kristoren Tribunalaren aurrean agertu bear degula: Omnes nos manifestari oportes ante tribunal Christi: ta an bakoitzak bere merezia artuko duela. Orretako guziok pizturik Josafateko Zelaiera joan bear degu. Begira, nola justuak, Jaunaren borondatea egiteagatik, obedituko duten bereala, ta gozo txit andiarekin, beren Arintasunaren doaiaz, esan, ta egin, puntuko ara joango dira airean, Jesu Kristori etxedetera: Obviam Christo in aera: 2. Cor. 5. Thesal. 4.

        Kondenatuak berriz juan naiko eztute lotsaz, ta ikaraz: ernegatzen, ta birauka egongo dira: mendiai ots egingo die, azpian artzeko: eriotzari, bertan ondatzeko; baña baliatuko etzaie: ta bitartean deabruak joka, bulzaka, ostikoka, ta arrastaka aramango dituzte lanzakin, eztenakin, ta beren pekatuen katea pisuakin. Ai zer karga, zer nekea, zer tormentu amorratua eramango duten! Baña ondo merezia: bada añ erraz penitenzia egin zezaketela, egin etzuten, justuak bezala, ariñ, ta aisa joateko Josafatako ibarrera.

        Ara Jesu Kristo jatxiko da, mundua juzgatzera. Aurrena San Migel, edo Aingeru bat etorriko da gure Salbadorearen Gurutze, ta gure erremedioaren Estandarte guztizko ederrarekin: onek justuak atsegin, ta gloriaz, ta gaiztoak ikaraz, ta infernuko penaz beteko ditu. Orren ondoren Aingeruen ejerzituak gloriaz janzirik jatxiko dira, guzien Erregeari gorte egiten.

        Orduan Jesu Kristo Gure Jauna agertuko da, jarleku, edo odei zuri ederrezko Karroza batean, bere mende, ta majestade guziarekin: Cum potestate magna, &. maiestate, eta antxe guzien gañean geratuko da. Ama Birjina guzien Erregiña bere Semearen ondoan trono guziz eder batean eseriko da: eta beren lekuetan Apostolu santuak, ta aien lagunak mundu guzia juzgatzeko.

        Emen begira ondo Gure Jesus onaren gloria andia: zeren bere Aitaren onra, ta gure onagatik ainbesteraño humillatu zan, orregatik juizioan onratua, ta adoratua izan da: ori bera Ama Birjiña, santu, ta justu guzietan ikusiko da. O zer humiltasunaren sari ugaria! Zer gozaldia Ama maitearen biotzekoa, bere Seme bakar, len Kalbarioan Gurutzean dolorez illtzen ikusi zuena, alako glorian orañ ikustea! Zer Santuen poza, zeren Ama Birjiñari bere doloreetan, ta Jesus onari, bakoitzak bere gurutze, ta emengo nekeetan, moderaro, ta pazienziaz jarraitu zioten!

        Zer gloria paregabea, ikustean, nola munduan izan ziran Errege, Agintari, Bidegabe, edo Tirano gogor guziak, belauniko, nai, ta nai ez, Jesus Errege ta Jaun guzien Errege, ta Jaun bakarra konfesatzen, ta adoratzen mundu guziaren aurrean! Ea, animo, nere anima maitea! Jesus zure Jaunari orañ zure bizimoduko gurutze, ta nekeen artean jarrai zaiozu: Ea, laster igaroko dira: ark, eta santuak bezala pazienzia puska bat iduki zazu, eta altxa gora zure biotza: jaso gora zure begiak, pensamentu, ta gogoak, biziera berriaz, an Jesusen ondoan, ta glorian arkitzeko.

 

JUSTUEN, TA GAIZTOEN SEPARAZIO, EDO BEREZDEA

        Bigarren gogora egarri bear dezun gauza da, nola Jaunak Aingeruari, Juezak bezala, aginduko dien, justuen artetik atera, berezi, edo aparta ditzatela kondenatu guziak, antxumeak arkumeetatik, zalkea garitik, ta lastoa aletik bezala: Exibunt Angeli, & separabunt malos de medio justorum. O zer tranze estua! Onak, edo Santu guziak txit eder argiak Jesusen eskuiean geratuko dira airean: ta gaizto guziak, Aingeruak botako dituzte ezkerrera, infernuko egur sorta illun irazakiak bezala. Nork esan dezake oien tormentu amorratua deabruen ostikopean? Aberatsak, andinaiak, agintari era gabeak infernuko lotsa, ta arrabia andiagoa izango dute, zeren lurrean pobretxoak oñpean erabilli zituzten, ta an gloria andian Aingeru tartean oriek berak ikusiko dituzten. Ai! Begira orañ ondo.

        Zenbat munduaren paper, edo ots andia egin zutenak, an bean ezkerretatik egongo diran, besteen suerte onaz arriturik! A! Gure zoro itsuak, esango dute, uste genduen, zerbait giñala munduan, zeren aberats, andi, estimatuak, nai genduena egiten bizi giñan: ta ango pobretxo bearrak, ta beren izerdiakin jateko ematen zigutenak, ezertan iduki ez ginduen! Ai gure zorigaiztokoak! Ara, ara, goien aiek Aingeru, ta Santuakin non dauden, munduan paperik egin ezpazuten ere: iñork ezagutu gabe, azturik bizi izan ziran, ta orra zer gloria aiena oraiñ? Gu giñan desditxadu eroak, aiek ero, ta desditxadutzat iduki baginduen ere. Aiek zuten Jaunaren bildurra, ta juizioa: guk itsu galduok ez: aiek bezala, Jaunaren bidea jakin ez, ta utsegin, ta galdu degu guzia: Ergo erravimus à via veritatis.

        Begira, zenbat guraso on orduan gloriaz beterik eskuietatik egongo diran, zeren bildur santuaz Jainkoa serbitu, ta beren ume, ta ondorengoai zeruko bidea obraz, ta itzez erakusi zien: ta bearbada orien umeak ezkerretatik deabruen artean, zeren gaztetatik gaizki, ta begietaraño pekatuetan sarturik bizi izan ziran. Beste ume, edo senide batzuek egongo dira goien santuen artean, ta orien senide, edo gurasoak bean deabruen artean. O, ta zer gauzak ikusi bearrak gauden!

        Ta zer suerte izango ote da zurea? Jakin naizu? Bada begira ondo nola bizi zeran: Noronz orain zauden, aronz beti egongo zera. Zeruko bidean, penitenzia, ta zure estaduko birtuteen bidean zabiltza eskuieronz? Bada eskuiean arkituko zera. Pekatuen, bizioen artean ezkerreronz zaude? Bada ezkerreronz erori, ta beti egongo zera. Au zure eskua dago orañ, ez orduan. Zuk orañ nai dezuna, ta eriotzarako artzen dezuna, seguru izango dezu orduan. Ea bada zeren begira nago? Zeruko bidea ar dezadan, Jainkoaren Legea biziera santu bat, eskuieko aldetik zeruko gloriara igotzeko. Amen.

 

KONZIENZIAKO LIBRUEN IDIKIERA

        Juizioko egunak agertuko dizun beste egia au da: Libri aperti sunt. Konzienzia guzien Libruak idikiko dira. Eleitza Ama Santak dio, Libru onetan eskribiturik dagoela guzia, andik juzgatzeko mundu guztia. Esan nai du: Jainkoaren argi golpe andi batekin, diran guziak, eta bakoitzak txit argiro, ta batean ikusiko dituztela mundu guzian egin izan dira pensamentu, itz, ta obra onak, eta gaiztoak.

        O zer tranze lotsagarrizkoa pekatarienzat, ta zer gloria justuentzat! An kulpa loi itsusi eskutuan egiñak agertuko dira: an basterretan bakarrik egindako ezin aotan artu ditezkean gisako pekatu nazkagarriak: an traizio, falsia, dollorkeria, intenzio billau, ta biotzeko benganza zitalak, ta aizezko beste banidade, ta buru ariñ askoren txorakeriak: an konfesioan lotsaz utzi ziran, edo estali, edo txikitu ziran pekatuak ertengo dira. Ai! Ai! Zer lotsa!

        Berriz an justuen obra onak agertuko dira: arako eskutuan, iñork etzekuzela egiñak: oien intenzio garbi, ta gogo santuak, oien limosna, orazio, ta ixillik egindako penitenzia, mortifikazio, ta beste onelakoak: baita justuen pekatuak ere, ta gero Jaunaren graziaz egin zuten penitenzia. Au Jainkoaren gloriarako: ta onek onra, ta edertasun andia justuai, ta lotsa, ta tormentua gaiztoai emango die.

        Baldin emen gutxiren artean, falsia beltz, infamia eragabe, edo pekatu desonesto itsusi batean arrapatzea bat, gauza añ lotsagarria bada, ta alakoa dakitenenen artetik iges bati eragiteko tranzea: mundu guziaren aurrean, eziñ iges egingo duela, orrelakoetan bat artzea zer izango da? O lanze guztien estuena! Argatik nere anima, Jainkoaren aurrean bezala bizi gaitean. Begira, Jaunak ikusten zaituela. Begira, Jainkoa dagokizula begira: Ondo bizi, biotz, ta biziera ona.

 

SENTENZIA BETIKOA

        Au da Juizioaren azkeneko pausoa: Juezaren sentenzia, baña sentenzia erabakduna, edo definitiba: Sentenzia, baña guziz zorrotza, ta zuzena: Sentenzia; baña argia, ta betikoa: Sentenzia onai, ta gaiztoai dagokiena, ta an emango zaiena.

        Lenengo, Jesus zeruko Erregea bere arpegi txit eder gozoarekin bere justuetara biurtu, ta esango die: Venite, benedicti Patris mei, &c. Matth. 25. Atozte, nere Aitaren bedeikatuak: atozte, munduaren asieratik zuenzat dagoen zeruko Erreinoa artzera: zeren gose ninzan, ta jatekoa eman ziñidaten: egarri ninzan, ta edatekoa ere bai: ta orrela beste miserikordiaren obrak. Atozte. O zer deia! O zer poza, ta gloria! Doatsuak esango diote: Noiz, Jauna, ikusi zindugun gose, edo egarri, bidezko, ta soñeko gabe, karzelan, edo gaxorik, zuri obra on oiek egiteko? Quando te vidimus, &c. Ta Kristok eranzungo die: A! Arako pobretxoari borondate onez orrela obrak egitean, niri egiten ziñizkidan: ta pobreari egiña nik neretzat artzen nuen.

        O nere Jesus guziz miserikordiosoa! O nola zure miserikordiaz, ta ontasunez mundua salbatu nai dezun! O zeñ urrikalsu, ta amoriozkoa zeran: bada nere kulpen zorrak añ aundiak dirala, zure izenean nere lagun urkoari egiten diodan miserikordiaz, guziak nik añ erraz pagatzea nai dezu, ta nik zure miserikordia, ta gloria guztia orrela irabaztea! Ikasi ezazu, Kristaba, obra onak besteai egiten, ta zuretzat nai dezun guzia zure lagun urkoari: bada erregla onetatik Jaunak azken juizioan sentenzia emango dizu.

        Geroenean justuak beren saria artu, ta seguru daudela, Juez ikaragarria aserre guzien arpegiaz ezkerrekoetara biurtu, ta sentenzia emango die esanaz: Ite: discedite à me maledicti, &c. Zoazte, madarikatuak, zoazte sekulako nere begietatik: zoazte infernuko su, ta gar, edo tormentuetara: zoazte betiko deabru guziakin, bada nere miserikordiaz etzerate baliatu. Gose, ta egarri ninzan, ta ezer eman etziñidaten. Pobre ninzan, ta karzelan, ta ez janzi ninduzuten, ta ez ikustatu. Ta orrela beste obra onetan.

        Orduan gaiztoak esango diote: Noiz, Jauna, orrela ikusi zindugun, obra on oriek egiteko? Esango die Kristok: Nere pobretxoai egin etziñioten, ta argatik ezta niri ere. Nescio vos: Zoazte madarikatuak infernura. Etzan besterik, nere Lege, ta borondatearen kontra nai zendutena egin? Bada orañ, ta, beti borondate orrek egin zuena paga dezala. Ta despedida triste onekin juez justuak bialdu, ta botako ditu kondenatuak. Orduan demonio, ta deabruen lagun gaizto guziak naste, ta batean, puntu artan ondatuko dira infernuko leiza zuloetan. Ta orra munduaren kabua. Justuak Aingeru, ta Santuakin Jesus, ta bere Ama gozoarekin batean zeruko gloriara: ta gaiztoak Luzifer, Satanas, ta bere deabruakin betiko infernura.

 

 

KOLOKIO, EDO ATZENEKO ITZKETA

 

        Ai nere Jaungoiko guztiz ona! Au zer da? Nere fedea, nere juizioa non da? Ta fedeaz zure juizio andi au, nere zorrak, ta ango kontu estu zorrotzak ikusi ezkero, nik zer esan, ta zer egin al dezaket? Zu, nere Jesus maitea añ aserre ikusi, ta nola, edo norgana biurtuko naiz? Baldin justuenak ikaraz, ta bildur santuz ba daude, ta orduan ozta seguru egongo badira, nizaz zer izango ote da? Job santu bat añ justu, ta garbia, bere animan pekaturik etzekuzena, juizio andi onen argiakin lenagotik ala bildurtzen bazan, nik, pekatari galdu triste onek zer egingo det?

        Zure adiskide leial prestu onek juizioko zure aserre aldi añ andia ikusitik esan zizun: Quis mihi tribuat, &c. Ai Jauna! Nor legokean infernuan sarturik, zure aserre sumiñ izugarria igaro artean! Zer esan al dezaket nik nere anima kulpaz betetik daukadala? Nere pekatuak, Jauna, karga pisu eraman ezin ditekeanak bezala, ondatzen naute infernuan. Baña orregatik ere, nere gaitz guzien, ta infernuaren ondarretik dei, ta ots egingo diot zure miserikordia kabu gabeari: De profundis clamavi ad te Domine: Domine, exaudi bocem meam. Ea, Jaun piadosoa: zugan dago nere erremedio guzia: zure miserikordia onetako da, nere pekatu andi guzien karga ondagarri au nere animaren gaiñetik kentzeko. Orretako nere pekatu, ta zorrak zure kontura, ta zure gañean artu zinduen: zure pasio, ta eriotzarekin Aitaren justizia aserreari osoro ziranak pagatzeko.

        Ai nere Salbadore, ta erremedio bakarra! Juizio artan ez zure neke, izerdi, ta negarrak, ta zure odola, ta eriotza baliatuko zat. Baña oraiñ bai, pekatuetatik libratu, ta zure, eskuiean ni orduan ipintzeko. Ona bada, Jauna, ona non dezun munduko pekatatirik andiena: ona non zure piedadea erakutsi, ta nori barkatu: ona nere biotzeko miserien gañean zure miserikordiaren jarlekurik onena. Nere kalte, ta desditxak erremediatzean dago, Jauna, zure Biotz amorosoaren deseo guzien kunpligarri betea. Esan dezaket, zure gloriarako: zure piedade gozoarenzat leku obeago, ta berezko egokiagorik eztala arkituko, nire anima triste galdua baño.

        Ea bada, Jauna, barkazioa, erremedio nerezat, ea betor zure pakea, zure eskuieko aldea nerezat. Zure odol tanto bat, zure negar malko bat asko det, zure Biotzeko asnase bat asko da. Ea beñ, edo beñ aka bite nere gaitzak, ta orrekin zure aserreak: betor zure salbazioaren alegria. Orretako zure borondatea bada, betoz oraiñ, Jauna, betoz lenago emen zure aserre justuaren kastiguak: betoz ordu onean, zure miserikordiazko azote, neke, ta gurutze zuk, bizi naizan artean, bialtzen dituzunak: betoz, Jauna: diranak dirala, zure eskutik datozenak neretzat onenak izango dira, ta nik besoak zabaldu, ta laztanga artuko ditut. Zuk naizuna, ni nai det pozik, gero nere burua zure eskuiean ikusteagatik. Nere pekatuen damuz, ta gorrotoz guzien konfesio andi bat egin nai det, ta propositu sendo sekulan ez autsitzeko batekin: kosta dediña, kosta dedilla.

        Ta bada biziera santu zure antzeko batekin zure miserikordia orduko irabazteko, zuk naizu nik oran nere geide, edo lagun urkoai miserikordia egitea, ta zugatik aiei al ditudan obra onak, zuri bezala egitea: biz, Jauna, ordu onean. Zure amorez egingo diet alegin guzia, ta neretzat naiko nukeana: emango diet ejenplo ona: nere alegiñak lagunduko diet obra onakin, al ditudan limosnakin, konseju on, ta nere erreguakin, orrela erraz zure miserikordia seguratzeko: pazienzia aiekin, ta are geiago nere buruarekin neke, ta trabajuetan idukiko det pozik zure borondate santua beti egiteko, ta pakezko bizia, ta eriotza on bat: ta zurekin, nere Jesus ona, zure Ama gozoarekin, Aingeru, ta Santuakin zure eskuiean juiziotik igotzeko zu alabatzera zeruko gloriara. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa