www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ejerzizioak-I
Agustin Kardaberaz
1761

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa hurrengoa

EJERZIZIOEN ASIERA, EDO FUNDAMENTUA

 

        Zertako Jainkoak Gizona egin zuen, edo gure azkeneko Fiñaren gañean Ejerzizioa.

        Ejerzizio au, beste guziak bezala, ipiñi zuen Aita San Ignaziok, orazioko denboran animari meditatzeko, edo gogoan artu ta pensatzeko, gaia, edo materia emateko.

        Badakizu, Orazio au egitea dala Jainkoagana biotza altxatzea, ta zure salbaziorako bear dezuna berari eskatzea. Orazioa bear bezala egiteko, gure Jaunarekin jarduteko, ta zure biotzaz itz egiteko, gorde bear dira kontuz, zeruko abiso, ta erregla onetarako Santuak ematen dituenak, zeñai deitzen die ADIZIOAK.

        Oraziorako bakoitzak bere memoria, adimentu, ta borondateaz baliatu bear du: ta au da, eta onetan dago biotza jasotzea, eskatzea, ta Jaunari orazio mentala egitea, Ekiera, edo Ejerzizio oietan erakusten, ta egiten dana, edo egin nai dana.

        Lenengo, memoriara ekarri, oroitu, ta ondo ikusi, edo igaro pauso, edo puntua, zeñaren gañean gogartu, edo meditatu nai dezun: ori zure buruan artu.

        Bigarrena, adimentuaz billatu, ta ondo begiratu, zer gauzak, nolako egiak, zeiñ arrazoi andiak orretan diran, zure biotzean ondo ausmartu, edo rumiatu.

        Irugarrena, egia, ta arrazoi oriekin zure borondatea mugitu, ta onek bere lanari ekin bear dio biotzeko gogo, afekto, edo deseo, al dituen beroen, ta bizienak, pauso, edo puntuak berez eskatzen dituenak, edo ari dagozkionak atera, ta egiñaz, ta lan oni gogotik ekiñaz.

        Ejenplotzat, edo ara nola: Jainkoak egin zaitu, bera ezagutu, ta serbitzeko, bera amatzeko, ta gozatzeko. Aurrera zoaz, ta zurekiko esazu: Zenbat nere Jaungoikoari zor diot miserikordia, ta mesede onegatik? Ta zer kastigoa mereziko det, zeren amatu bearrean ainbeste bider ofenditu dedan? Orrela nere biotzeko damuaz konfesatu, ta erremediatu bear det. Aurrerago zoaz, ta esazu: Aingeruak pekatu batekin galdu ziran betiko: beraz ainbesterekin merezi nuen nik infernua, ta aurrera pekatu egiten badet urrengo pekatuarekin galdu naiteke betiko.

        Emendik, fedearen argi bizi onekin borondatea berotzen da, ta biotzeko gogo sendoak ateratzera animatzen da, Jaunari esker andiak emateko, zeren beretzat egintzuen, ta sufritu, ta denbora, ta grazia eman dion beragana biurtzeko, bere kulpak ezagutu, egiazko penitenzia, bizitza berria, propositu eragille indarsuaz egiteko, pekatuen kateak urratzeko, ta are geiago animaren etsairik andiena, zeña dan biziorik agintariena, ta kalte guztiak dakarziena, sustraietik ateratzeko, ta orren kontra beti, ta bere alegin guziaz peleatzeko.

        Ta au da, ta ez besterik, Orazioa egitea, edo orazio mental, edo biotzekoaren Ekiera, edo praktika bera.

        Ejerzizio bakoitzak, esan dan bezala, bere fin, edo frutu oraziotik azera bear dana du berez: au egunoroko meditazioan begien aurrean iduki bear dezu, zure anima pekatu, ta bizioetatik libratu, ta garbitzeko, ta orien kontrako birtuteai jarraitu, ta bizimodu santu pakezko bat Ejerzizio oietatik ateratzeko.

        Oien Zimendua bezala da, ta A. S. Ignaziok ezartzen duen fundamentua, edo Asiera, zure azkeneko, ta gauza guzien gañeko fin zerukoa, edo zertako Jainkoak egin zinduen.

        Habetis fructum vestrum in sanctificationem, finem vero vitam aeternam... Gratia Dei vita aeterna in Christo Iesu Domino nostro. Rom. 6.

        Jainkoa serbitzean, zuen animak egunoro santuago egitean, daukazure frutua, ta fin, edo saria gero betiko bizitza, Jesu Kristo Gure Jaunaren grazian.

        Orazioan sartzeko prestaera, edo preparazioa da beti bat, ta Erregletan esan dana bera.

        Emen lenengo gogoan artu bear da, ta lekua, edo KONPOSIZIOA egin. Ta au izango da fede bizi batekin Jainkoari begiratzea, ta zure aurrean ikusten bazendu bezala, Eguzki eder argi, gauza guziak baño argiago, ta ederrago dan, guztien Egillea, ta Asiera, gure Jaungoikoa, bere gloria kabu gabeaz janzi, ta beterik beregan, bere edertasun guziaren jarlekuan, bere Aingeru, ta Kriatura guzien erdian, edo gañean, itxaso ondorik gabe, ta ondasunez bete baten gisa. Andik gauza guziak iturriak bezala, lortzen dirala. Bera guzien Asiera, ta guzien kabu dala. Argandik asi, ta irten, ta argana biurtzen dirala: ta Jaun andi onek animak ezerezetik bere itzaz egin, ta beregana, beren azkeneko fiñera, ta beren egiazko atseden leku, edo zentro bakarrera dakartziela.

 

 

ONEN ONDOREN SANTUAK ERAKUSTEN DU
BIGARREN ORAZIORAKO BEAR DAN
ESKARI EDO PETIZIOA

 

        Au izango da, Jainkoari biotz guztitik argi andi bat eskatzea zure azkeneko ditxa, ta zorion au ezagutzeko: Ori irabaztean, edo gaitzean zenbat dijoakizun: ta emen lurreko gauza guziak galduko badituzu ere, zeruko ditxa ori billatzeko, ta arkitzeko grazia dizula, Dabid Santuarekin esanaz: «Zure egiazko argi andi bat bial zadazu, Jauna, munduko bide onetan zuganonz zuzen narabillen, ta goiko mendi santura, ta zure bizi lekura betiko naraman».

        Zure azkeneko fiñaren gañean iru gauza dituzu txit ondo konsideratu bearrak,

        1. da, zertako Jainkoae egin zinduen.

        2. fin orretarako Jainkoak eman dizkitzun arte, edo medioak.

        3. zure atzeneko fiñ onen inportanzia.

 

LENENGO PUNTUA

        Zertako Jainkoak egin zinduen. Pensa ezazu, nola gauza guzien egille, zure Jaungoikoa, ezeren, ta iñoren bearrik ezertako eztuenak, bere onez, bere borondatez, ezerezetik zu egin, ta mundura atera zinduen. Baña zure Egille jakinsu, ta Jaun andi onek, nola fin gabe ezer egiten eztuen, ta gauza guztiai, ta bakoitzari bere bide, ta fin, edo kabua ematen dien, ala bere jakintasun amoriozkoaz zuri ere emantzizun. Ezerezetik etzinduen alperrik atera: etzinduen alperrik bialdu mundura. Zerbaitetako zauzka Jainkoak emen.

        Zertako, bada? Galde zaiozu zure Egilleari: galde zere buruari. Jainkoak zertako egin ninduen? Zertako nago munduan? Ta zure Jaunak, zure fedeak, zure konzienzia, ta biotzak berak eranzungo dizute: Etzaudela banoan, edo alperrik: etzaudela bestetako, ezpada zure Jaunaren gloriarako, ta zure onerako. Nola gauza guziak Jainkoak bere onra, ta gloriarako egin zituen, ala zu berari gloria emateko, beraren borondatea beti egiñaz.

        Au da zure fiña: onetako, ta ez bestetako egin zinduen, ta zauzka Jainkoak. Onerako bizi izan zera? Eman diozu zor diozun onra, ta gloria? Zaude zure Jainkoaren borondatea ezagutu, aren Legea gorde, ta zure biotz guztiaz bera amatu, ta serbitzeko. Onetan dago, dio Jesu Kristok, zure zoriona: JAINKO bakar egiazkoa, ta ark bialdu zuen Semea ezagutzean: ta salbatu nai badezu, aren Aginteak gordetzean. Haec est vita aeterna, ut cognoscans Te solum Deum verum, & quem misisti Jesum Christum. Si vis ad vitans ingredi, serva Mandata. Ioan. 17. Au da, ta onetan dago Kristau, edo gizon prestuaren izan, ta izate egiazko guzia: Jaungoikoaren bildur santuaz, aren Agindeak ondo gordetzean: Deum time: Mandata eius observa: hoc est enim omnis homo. Eccles. 14.

        Jainkoak egin zinduen, dio San Agustin-ek: bera ezagutu, amatu, ta gozatzeko. Au da zuri zure biotzak, Santuari bereak bezala, esaten diona. Jainkoak beretzat egin gaituela: gure biotzak atsegin, edo zoriona nai, ta billatuagatik Jainkoaz kanpora gogorik arkitzen eztuela. Alperrik zabiltza batetik bestera: alperrik lurreko onra, ondasun, ta atsegiñen ondoren, edo billa: or eztago zure zoriona: On, ta ondasun guziak dituen zure Jaungoikoa billa ezazu: ta ori bakarrik dezu asko, ori da zure guztia. Ori billatzeko, amatzeko, ta serbitzeko zaude munduan.

        Konsidera ezazu ondo, zu, ta munduko gauzak egin baño len, Jaungoikoa orain bezala, beregan zegoela, ta zala beti guziz aberatsa, guziz ugaria berez, ta beregan on guzia zeukana: iñoren, ta ezeren bearrik etzuena. Ala zure bearrik ezertako etzuen. Ta orregatik ere, ta jakiñik ondo, nor, ta nolakoa zu izango ziñan, bere borondatez egin zinduen beretzat, ta bera, zure Egille, Ongille, ta doai guztien Emalle bakarra serbitzeko.

        Eztago geiago Eguzkia argi emateko, ta sua berotzeko, zu Jainkoa serbitzeko baño. Eguzkia, ta sua beren jarduera, edo Ejerzizio orretan daude, ta beti ari dira. A! ala Jainkoa serbitzen, zure fin, edo jarduera ditxoso orretan zaude zu, edo beti ari zera? Nola erantzun diozu zure Jaunaren borondateari?

        Munduan jaiotzen dira gizonak, batzuek andi, besteak txiki izateko: batzuek aberats, besteak pobre: batzuek jakintsu, besteak jakiñezak: batzuek errege, edo agintari, besteak aien serbitzari izateko. Baña suerte banakako orien artean ere, ala agintariak, nola serbitzariak, ala aberatsak, nola pobreak; ala jakintsuak, nola jakiñezak, ala andiak, nola txikiak, guztiak, edo diranak, bakarrik Jainkoa serbitzeko: ta fin onetan guziak dira berdin. Ai suerte doatsu au ezagutzen bazendu: ta nola besteen artean, bera serbitzeko diña bere borondatez egin zinduen!

        Konsiera ezazu, bere amorioz Jaunak ezerezetik egin zinduen puntu artan bertan, zenbat Aingeru, ta Gizon, zu ez bezalako izango ziranak, ta ain erraz nola zu egin zitzakean, bere itz, bere borondate bakarraz. Aiek utzi, ta zu egin zinduen bere ontasunez, zuk eskatu, edo merezi gabe, ta onetako Jaun, ta Jabe Onguillea serbitzeko.

        Nola serbituko zuten Aingeru, ta Gizon aiek, zu bezala egin balitu? Nola zuk serbitu dezu? Nola fabore andi au pagatu diozu? Miserikordia oni nola eranzun diozu? Ai nere Jabe bakarra! Bazenekien lenagotik, ta beti, ni nor, ta nolakoa orain izango nintzan: zein doakabea: zein esker gaiztokoa: ta orregatik ere, aiek utzi, ta ni artu ta ni egin ninduzun, ta zu serbitzeko, ta amatzeko! A, Jauna! Zerekin, edo nola zor andi, ta zorioneko au pagatuko dizut?

        Konsidera ezazu, nola zu ezerezetik ateratzean, etzegoen zure eskuan, edo aukeran, ezpada zure Egillearen eskuetan zure fiñ, edo suertea: eta suerte guzien goiena, ta onena: au da, Jainkoa ezagutu, ta serbitzea. Bestetarako egin zintzakela, onetako egin zinduen, ta au da, ta ez besterik, bizi zeran artean, zure lan, ta egiteko guztia: an da lurrean zure fin, edo suerte ezin mudatu, edo aldatuko dezuna. Baña demagun zure eskuan legokeala, nai dezun suerte, edo fiña artzea. Jainkoak eman dizuna, bera bakarrik serbitzea baño obeagorik izan, edo artu zenezakean?

        A! Jainkoa serbitzea zer da? Pisatu, edo barrendik begiratu dezu ondo, guzien Jauna serbitze au zer dan? Ezta alako zure etsairik andien bide gabe, edo tiranoren bat, zure odola txupatu, ta bizia kendu nai dizuna serbitzea. Ezta zure gorputz lur puska usteltzen, desegiten, auts biurtzen dijoan ori serbitzea. Ez, ez: gauza andiagoetarako jaio ziñan, edo zauzka Jainkoak, ez orren esklabo izateko.

        Deadar egin bezate zure bizio, griña, edo gaitzerako inklinazio guziak, gorabite, ta nai duten iskanbilla guztia zure artean, zure kontra jaso bezate: orregatik ere beti egia izango da, etzaudela emen gorputzaren bizioen, ezpada birtuteen ondoren ibiltzeko, ta zure Jainkoa bakarrik serbitzeko.

        Ta jainkoa serbitzea, zer da? Ai! Itzik, modurik ezta, au bear bezala zuri esateko, ta zuk ondo aditzeko! Gure Jaungoikoa serbitzea, egiaz erreinatzea da: Servire Deo regnare est. Pecisti nos Deo Regnum, & regnabimus. O ditxa pare gabea! O suerte ditxosoa! O zorioneko fiña, ta egiteko bakarra!

        Zure mundu txiki, zugan, zure gorputz, ta animan dezun erreino orretan Errege, ta Agintari izateko, ta orrela Jainkoa serbitzeko, ta ez bestetako zaude mundu onetan. Orain, bada, zuganonz biur zaite, zuregan sar zaite: zure barnean kontuak ateraitzatzu, ta zere buruari galde zaiozu.

        Nere anima, zer da au? Fedeko egia da, lurrean Jainkoa serbitzeko zaudela? Bai. Ta munduan zaudela, zenbat urte da? Ogei, berrogei, edo onenbeste. Ta orietatik, zenbat urtetan zure Jaungoikoa bear bezala, serbitu, ta amatu dezu, ori bakarrik zure fin, zure jarduera, ta egiteko guzia izanik? O kontu estua, baña egiazkoa! O lotsa guztien izugarriena!

        Ta bear bada, ainbeste urtetatik urte bakar bat, ez ill bat, ez aste, edo egun oso bat, Jainkoari zuzen bakarrik eztiozu eman, ta ez bera billatu. Baña ai! Zer diot, Jainkoa billatu? Baldin beraren iges, beraren kontra, pekatu, ta bizioetan begi bietaraño sartu, ta beste lan, edo egitekorik, Jainkoa ofenditzea baizik ezpazendu bezala, bizi izan bazera. Ai zure galdua! Ai, ta zer egia ezin ukatuko dezuna! Ai kalte parerik eztuena!

        Munduko beste gauza, joan etorri, artu eman, ta egitekoenzat denbora izan dezu: jan, edan, lo, ta alferkeriak, ta are gaiztoago dana, kulpa, ta bizioak denbora eraman dizute: orretan egunak, asteak, illak, urteak joan zaizkitzu: ta egia esateko, guztirako ezpada Jainkoa serbitzeko, denbora arkitu dezu: guztirako, ezpada zure fin ta egiteko bakarrerako: guztirako, ezpada bearren erako, zeña dan zure Jainkoa bakarrik billatu, ta serbitzea: Unum est necessarium. Au da zure gauza bakarra: au zure egiteko guztia, ta txit bearra.

        Beste gauza, ta egitekoak munduan zureak eztira, ezpada besterenak. Au da zurea, zeren bestek ezin egingo dizun. Au da bearra, zeren beste guziak utsegiñ agatik, au azertatzen badezu, zorionekoa zeran; baña beste guzietan ondo irtenagatik, bakar, ta bear onetan uts egiten badezu, betiko galdua zeran. Ta zure anima bakarrak bere Jaungoiko bakarra galtzen badu, beste Jaungoiko bat non arkituko dezu?

        Ai nere Jaun, ta Jabe bakarra! Ta egia au jakiñik, zu bakarrik serbitzeko emen nagoela, orregatik ere zuk orretako bakarrik eman didazun denbora, zure argi ta grazia guziakin, zure esker gaiztoan, ta nere animaren kaltean biurtu, ta gastatu det? Ai ta nola Jauna? Nere biziaren parte andi bat zuzat azturik, edo zure Kontra biurturik pekatuetan joan zat; beste parte andi bat zorakeria, ezerezkeria, edo alperkeria utsean: ta bizi guztia, ez bear nuena, ezpada bear ez nuena egiten.

        Etzaitut zu nere Jaun bakar, ta bearra serbitu; ezpada zure, ta nere etsairik andien deabrua, mundua, ta aragia. Nere fedea non zan, nere juizio, ta burua? Ai Jauna! Zein gaizki zure amorioa pagatu dizudan! Ai zein damu andia daukadan, ta bizi naizan artean, zu serbitu bearrean, ofendituaz, idukiko dedan!

 

BIGARREN KONSIDERAZIOA

        Gogora ekartzu, ta konsidera ezazu ondo, munduan egin, ta norako Jainkoak zauzkan. Jaun andi zeruan, ta lurrean gauza guziak bere eskuan dauzkan onek, ta bere jakintasunaz gobernatzen dituenak, bere borondate, ta naiera amoriozkoaz, zurekin, ta besteakin mirari andi bat egin zuen: ta au da, emen lurrean Jainkoa serbitzen duenak, gero betiko zeruan ikusi, ta goza dezala: emen denbora puska batean Jainkoa amatu, ta aren Lege santua gorde, ta zeruan betiko amatu, ta bera saritzat gozatzea, ta alabatzea.

        Orrela zeruko gloriarako egiña zera, ta arako zaude? Bai. O Jaunaren amorio neurri, ta kabu gabea! O miserikordia, ta fabore esan al guziak baño andiagoa! Nondik, edo nola zorion guzien andien au zuk merezi zenezakean? Ez, ez: Gure Jaun, ta Jabe guziz aberats, ta ugari onen doarikako mesede, ta grazia da guzia. Etzera lurrerako, ezpada zerurako egiña, etzera lurreko neke, ta negarrezko kezka oietarako, ezpada zeruko atseden bete, ta atsegin gozoetarako egiña.

        Au da zure azkeneko ditxa, ta goieneko kabua: Finem vero vitam aeternam. Ea, nere anima, jaso gora alegin guziaz zure pensamentu, ta gogoak. Gora, gora, nere biotza: gora, gora, nere begiak, nere intenzio, nere nai, edo afektoak: gora gora, Zerura begira, nere borondate, ta animako indar guziak. A lurrezko biotz pobre itsua! Lurrean arrastaka ibiltzeko egiña etzera. Emengo anditasun, ondasun, ta atsegin aizezko utsakin, oraindaño bezala, eroturik, ta emengo bagarela, aurren jostailu, ta ninikeriakin txoratu, ta engañaturik bizitzeko etzera.

        Kontu, ta begira ondo, galdu nai ezpadezu betiko. Munduan zaude Jainkoa ezagutu, adoratu, ta serbitzeko, ta gero Zeruko glorian bera ikusi, gozatu, ta alabatzeko. Zure fin miragarria au da. Orretako, lurrezko gorputz, atskeria loi guzien onzi orretan dezu, ta or, karzelan bezala, daukazu Anima bat, zuk gutxi ezagutzen, ta argatik gutxi estimatzen dezuna, baña Jainkoak beretzat egin, ta beretzat nai duena.

        Zure abere gisako bizitzari begiratu, ta nork esan lezake, Zerurako Jainkoak egin, ta emanikako Espiritu asko balio duen bat zuk dezula? Zure obrak, ta fedea, zure dakartzun bizimodua, ta egia au nola konpon al ditezke? Ala ere, fede kasik ill obra gabeko berez bada ere, badakizu, ta illunean bada ere ezagutzen dezu, zer ondasun, zer joia estimagarria, zer margarita preziosoa, zure Animan Jainkoak emantzizun. Noiz, edo berriz bada ere, munduko pozaldi ero guzien artean ete, Anima ongaltzeko bildurrak artzen zaituzte, ta zure konzienzian nai ta nai ez, sentitzen dituzu.

        Zaude bada, zaude orain puska bat: biurtu, ta sartzaite, pekataria, zure biotzean: fedeko begiak argitu, ta zure Anima ederrari, bear bezala estimatzeko begira zaiozu ondo. Jaungoiko guziz Santu, ta jakintsuak, bera Espiritu, pensa al baño, ederragoa izanik, zu ezerezetik atera zinduenean, bere antzera Espiritu, edo izate bat egin zuen: ta ori da zure Anima, berez Aingeruen urrengoa, ta laguna, gauza askotako, ta andietarako señalatua. O zer Jaunaren obra!

        Anima on ain prestua, ain lurreko gauza guzien gañekoa Jainkoak egin zuen, non lurrean gauzarik ezta, ez eta diran guziak ere, zure Animaren diña, edo ori beretzeko diña: ori munduan ezin dateke, Espiriru, edo Anima bat Jaunak eman dizu, bere gai, bere diña dana: Jaungoiko guztiak baizik ezin betiko duena. Ta Anima ori, aurtxo bateatu batean bezala, grazian dagoela, Jainkoak argitu, ta ikusiko bazendu, aren edertasunaz pozez zoratuko ziñake, ta munduko gauza ederrak, itsusi puskak bezala artuko zinduzke.

        Beraz gorputz orretan Espiritu, edo Anima bat dezu, Jainko guztia zeruan ikusi, ta gozatzeko diña dala? O! Zer diot, Jauna? Zu ikusteko diña dala? Zu nor zera, ta ni nor, edo zer naiz, Zu nizaz oroitzeko? O Jaun andi, ta nere Jabe bakarra! O zure doai guzien, ta Zu zeran guztiaren Emallea! Nola, ta non, Jauna, zure naiera gozo, edo amorio eztizkoen pare gabeak orren ugari isuriezazo dizkitzu zure ondasunak, zeran guztia niri onela emateko?

        Bai, nere anima. Jainkoa serbitzen badezu, ta gorputzeko bizi labur onetan, aren borondatea egiten badezu emen lurrean dan doakabeena, pobreen, ta aztuena izanagatik, geroenean zerura igo bear dezu, ta an gorputz, ta anima, Doatsu, Aingeru, ta Santuen artean, orien lagun betiko izan bear dezu. Zure fin, eta egiazko zoriona zeruraño igorzen da, ta an dago. An arpegiz arpeki zure Animak Jainkoaren edertasuna ikusiko du, Espiritu eder berez-dan, izan edo izate guzien iturri gozo ura, beti ematen, ta beiñere aortu gabe isurtzen dagoena.

        Jaso itzatzu, bada, Kristaba, zure begiak, zure biotza, ta gogo guziak lurreko aurkerietatik, zure Aita amoroso, Errege andi onen zeruko Jauregi, edo Palazio eder artara. An zorioneko auzo, ta Santuen lagun izan bear dezu. An ez izentatu bakarrik, ezpada egiaz Jainkoaren Seme, ta alaba, edo ume izan bear degu.

        An zuk, eta nik ez emen bezala iakiñezak, edo itsuak izan bear degu, ezpada orain egiazko fedearen illuntasunean siñisten deguna, an jakintsu argiak bezala, Jaunaren arpegia klaro ikusten degula, ta beraren argitasunean argiro, nai edo bear degun guztia, ispillu bizi eder argi artan. Nunc per speculum in anigmate, tunc autem facie ad faciem. In lumine tuo videbimus lumem. I. Corin. 13. Ps. 35.

        Emen, zure jakinezagatik ondo barrendik aditzen, edo konprenditzen ez dituzun Sankramentu, edo Misterio eskutatu guziak, an klaro, ta berenez diran bezala ikusi, ta adituko dituzu gozotoro. An amorioz urtu, ta desegingo zera, ta zure Jainkoaren antzeko, edo guztia-Jainkozko egin, ta bera dan bezala ikusi, ta gauza guziak beragan jakingo dituzu: Similes es erimus, quoniam videbimus eum sicuti est. I. Ioan. 3.

        An emengo neke, izerdi, gaitz, ta penak irago, ta gose, egarri, ta beste lurreko kezkaz azturik, zure Jaunak diranak kenduko dizkitzu, ta zure anima bere gloria bizi guztiaz ase, ta beteko du, gaiñez egiteraño: Satiabor cum apparuerit gloria tua. Ps. 16. Emen Anima, ta gorputza, Jainkoaren Tenploa bezala, garbiro gordetzen badezu: an izango dira Jainkoaren Jarleku, edo Trono, ta gloriazko Zeru bizi, ta or bere atsegin, ta gozaldi guziak Jaunak izango ditu betiko. An Anima, ta gorputza bere pakezko ibar gozo, ta bere Biotzeko atsegin guzien ujola betiko artan Jainkoak sartu, ta bere glorian ondatuko ditu inebriabuntur ab ubertare domus tuae, & torrente voluptatis tua potabis eos. Ps. 35. Eta au da, ta onelako esan al guziak baño geiago, andiago, ta obeago da zure zeruko fiña.

        Baña zer? Fede onekin zu bizi izan zera? Espiritu onekin? Zure obrak, itz, pensamentu, ta deseoak, zerurako bizi danarenak bezala izan dira? Jesu Kristo zure Errege, ta Maisuaren humiltasun, pobreza, pazienzia, pake, karidade, orazio, ta mortifikazioan? Edo Kristau antzarekin, jentil baten obra, ta bizimoduan, lurreko gauzetan sartu, lotu, ta josirik, Jainkorik, zerurik, ta animarik ezpazendu bezala? A zer fedea! Zer bizitza!

        Lurreko animali, edo lau oñekoen gisa sabela, lana, ta edana, ta orien ondorengo gorputzaren atsegin loiak baitzen, beste Jainkorik ezpaliz bezala bizi izan zera. Ai nere Jaun andi, ta Jainko maitea!

        Zer da au? Era gabe, fede, ta lege gabe, esker gaiztoan onela zuzaz aztutik bizi izan naiz! Baña zuri eskerrak: Orain guzia ezaguturik, erremediatu nai det: zure miserikordiaz baliatu nai det, guzia utzi, ta galdu eztezadan. Zure grazia bear det. Indazu zure argia, ta zure eskua, nere pekatuen penitenzia egiteko, zu bakarrik billatzeko, zu serbitzeko, zuri jarraitzeko, ta bizi berri santu batean, zu beti amatzeko. Amen.

 

 

BIGARREN PUNTUA.
ZU SALBATZEKO JAINKOAK
EMAN DIZKITZUN ARTEAK

 

        Au gogora ekartzea, zure Animari kanpo zabal, ta guziz eder bat idiki ta agertzea da. Au zure bizi guztiko Konsiderazioen diñako gaia, edo materiarik al datekean ugarien, ta gozoena da, lurreko gauza oietarik zerukoetara zu erraz, ta pozik beti igotzeko. Eskola andi, letra, edo jakintasunik ezpadezu ere, fede bizi, ta biotz ona badezu, atoz ona, ta munduko askojakin arrotu aizezko askok baño askok obeto. Zeruko Libru eder onetan, zure salbaziorako, bear dezun guzia irakurri, ta ikasiko dezu: ta San Pablok dionez, gorputzezko gauza begiaz ikusten diran oietatik, ikusten ez dan, ta gorputzik eztuen Jainkoaren Espiritu garbia, aren birtute, ta Jainkotasuna bera ikusi, ta ezagutuko dezu.

        Sartu, ta jarri zaite, bada, munduko gauzak, edo kriatutak ikusten: eta Erregiña Saba Salomonen Jauregi, edo Palazioan baño ere obeto miretsi, ta arritu zaite, zugatik, zuretzat, ta zu salbatzeko Jainkoak egin duena ikusiaz.

        Lenengo konsidera ezazu munduaren etxe andi au zuretzat, ain ederki egiña, ta alde guzietatik apaindua. Begira, altxa begi oriek gora kristalezko bobeda zeruko miragarri orretara: ta Indietako arri prezioso guziak baño eder, ta argiago diran, tisteatzen beti dauden orietara: ta izar argiz josiak bezala, beñere erori gabe, nola beti dabiltzan. Orien artean, gure Jaunaren begi eder bi bezala, Eguzkia egunaren gaia, ta Illargia zuri gabaz argi egiteko.

        Zenbat urte, ta denbora da, beñere atseden, ta utsegin gabe, gau, ta egun, zuk Jainkoa billatzeko, ta arkitzeko, bakoitza bere birtuteakin zuri laguntzen, beren ekiera, edo ejerzizio orretan dabiltzala? Ta oiek zeruko Jaunaren arteak, edo medioak, zuk bera billatzeko eztira? Bizitzaren Libru argi bat eztira, Zeruko bidea zuk ikasteko, ta oietatik guzien Egillea gana errazago igotzeko?

        Bigarrena, konsidera itzatzu Jainkoaren lau elementuak, sua, ura, aizea, ta lurra, eta orien artean diran mirariak: nola zure gorputza oriez egiña dan, oriek zure bizitzari, zeruko Aitaren izenean, diran, ta orieran bizi zeran. Begira ainbeste txoritxo nabar mota, kantari ederrak airean: ainbeste arrai itxasoan, ainbeste egasti, ta abete lurrean, zure janari, erregalo, ta jantzirako, zu serbitzeko, zuri zeruko bidean laguntzeko, ta diranak zure mendean: Omnia subjecisti sub pedibus eius, &c. Ps. 8.

        Galde zaiezu: Nork orrela egin zaituzte? Ta eranzuten dizute: Ez guk geren buruak, ezpada zu egin zinduen Kriadoreak berak egin gaitu: Ipse fecit nos, & non ipsi nos. Ps. 99. Zu, ta gu aren eskuak, beraren itz, edo borondateak egin ginduen: Ipse dixit, & facta funt: ipse mandavit, & creata sunt. Pl. 148. Guztiok berak egin gaitu: zuk gurekin bera serbitzeko; baña gu zuretzat, ta zu beretzat, bera alabatzeko.

        Pensa ezazu ondo, zeruko, ta lurreko ondasun oiekgatik zure Jaungoikoari zenbat zor diozun, emendik aurrera esker obeak emateko.

        Pensa ezazu ondo, nola zeruko eskala bat bezala kriatura guztiak begien aurrean jartzen zaizkitzun, orietatik, nai badezu, zu zerura igotzeko: nola bakoitzak bere aldetik egoak ematen dizkitzun, aietatik guzien Jabeagana, ta zure fin, ta tokira erazago egatzeko.

        Pensa ezazu ondo, nola guztiak, eta bakoitza Jaunaren borondatea egiten beti ari diran, ta ejerzizio ori zuri beti erakusten: Zeruak beren argi ederrarekin: lurra bere frutakin: soroak beren loreakin: txoriak beren kantakin, abereak beren nekekin. Losa zaite, ta lurperaño humillatu, ikusirik, kriatura guziak Jainkoaren edana egiten, fin orretara ain zuzen beti dijoazela: ta zu bakarrik, ainbeste amoriozko lokarriz Jainkoak bereganonz tiratzen zaituela, orregatik ere beti ain oker, aren iges, ta aren borondatearen kontra.

        Ikara zaitez, zeren zure Jauna ofenditzeko, gauza oriez beraz ainbeste bider baliatu zeran, era gabe janaz, edanaz, jantziaz, osasun, ondasun, edertasunaz, ta beste Jainkoaren doaiaz, gaizki, edo pekaturako usatuaz, ta zure biotzeko atsegin usia batean zure azken fin, edo ditxa ifiñiaz. O arrigarrizko gauza! O esker gaiztoko pagu itsusia!

        Oiek guztiok emen ikusten diran asteak, edo medioak dira: igo zaite orain gorago, sartzaite barrenago.

        Irugarrena, zu salbatzeko Jaunaren beste arte, ongite, ta bideak konsidera itzatzu. Oietatik batzuek guzientzat, edo komunak dita, besteak zuri berezkiro egiñak, edo partikularak, batzuek jakiñak, besteak ezagutu gabe beti artzen zaudenak, ta guziak miragarriak.

        Orien artean zeruko Aingeru bat eman dizu zure lagun, zure zai, zurekin gau, ta egun dabillen. Mesede onegatik zer zor diozu? Begira ondo, edozein leku, ta bazterretan Aingeru Santu ori begira dagokizula. Begira ondo, zeruko lagun, ta Mandatari orren aurrean nola zabiltzan, zer egiten, zer esaten dezun.

        Baña, oiek ezer ezpalira bezala, badezu oraindik zer konsideratu, Jainkoak, zu salbatzeko, lurrean egin duen miraririk andiena, ta zeruak, eta lurra sekulako arritu zituena. Bada zu zerura eramateko, Jainkoa bera jatxi zan lurrera: Aita Jainkoak bere Seme bakar maitea bialdu zuen mundura. O mirari guzien miragarriena! Nori sekulan gogorako zitzaion onelako gauzarik? Nongo munduko buru aizez andituk bere bizian onelako gauzatan pensatuko zuen? Nor orien artean atrebituko zan Aita Eternoari eskatzera, zu, ta guziok salbatzeko, bere Seme bakarra bialtzezala, aragiz jantzi, aur txiki, ta gizon egin, ta gero gurutze batean gugatik illtzedilla?

        A! Zuk, eta bestek iñork eskatu gabe, Jainkoak bere onez, ta zure onagatik obrarik andien au egin zuen: ta jaun andi au onela jatxi, humillatu, ta ezerez bezala, zugatik egin ezkero, beste aren biziko mirari, ejenplo, ta Sakramentuak, pasio, ta eriotza, orren ondore berez bezala datozkion gauzak dira. Ill nai zuen, ta illtzan, pekatua illtzeko, ta zuri bere eriotzarekin bizi berria emateko.

        Ill baño len zure amorioak bere kateakin lotu zuen, ta zu umezurtza bakarra, ta bearra, munduko bide onetan ez utzitzeagatik, zure janari egin zan, ta Aldareko Sakramentuan eskutaturik geratu zan. Ta au fineza guzien koroa, ta sillua bezala da. Baña, zure Jainkoaren arte oiez, onelako miserikordiaz, fabore, ta amorio, gozoaz zu nola baliatu zera? O Jaunaren amorioa! Ta, o zure esker gaiztoa! Ai! ta zenbat dezun, zer pisatu, zergatik lotsatu, ta zer erremediatu! Alaere, nai badezu, zure Erredentore amorezkoa bera da zure erremedio guztia. Penitenziaz, bizitza berriaz bera billa ezazu, ta zure bidea, ta betiko bizitza beragan arkituko dezu.

        Emendik zure animaren estimazio, al dezun andiena atera bear dezu, ikusirik zure Jainko, iñoren bearrik etzuenak, nola estimatzen duen, bada zu salbatzeagatik ainbeste egin zuen, ta onenbeste desegintzan. Pensa ezazu ondo, ta Jaunaren balantzan, al dezun moduan pesa ezazu, zenbat Jainkoaren begietan balio dezun.

        Onetarako jakizu, Kristau, gizon, edo andrea, mundu onen azkeneko fin, edo kabua, burua, kunpligarria, perfekzio, edo konplementua dala Gizona: mundu guzia, ta zuzaz kanpora, emen Jainkoak egin duena, zuretzat da. Zu egin zinduen beretzat, ta Jainkoa bera da zure fiña. Jainkoa da zure Guztia, ta Jainkoaren gauza guzien gañeko amorioa da zure betegarri, perfezio, ta kunpligarri guztia.

        Aita San Ignazioren Ejerzizioen obra andi guztia au da, ta ez besterik: Lan andi onetarako traza, ta ejenplar bizia da Jesu Kristo Jaungoiko, ta Gizon egiazkoa. Orregatik zimendu seguru onetatik Santua asizen da: Ate onetatik, zeña dan Kristo bera, sartzen zaitu, zeruko bidean: Jesus maitearen Bizitzan, ejenplo, doktrina, Pasio Eriotza, ta Erresurrekzioan, gero beraren amoriora igotzeko: Amorio santu au da zure betiko bizitza: ta onetan San Ignaziok bere Ejerzizio guztiak akabatzen ditu.

        Azkenik pensa ezazu, zugan, ta zuzaz konpara diran gauzak diranak, beste ainbeste bide, ta lagun Jainkoak eman dizkitzula: Oriez ondo usatu nai badezu Jainkoaren izenean, edo aren borondarea egiñaz, zerurako eskala bat dira. Ta ara nola: Osasuna, ta eritasuna; ondasunak, ta pobreza: anditasuna, ta txikitasuna: jakiña, ta jakiñeza. Zer geiago? Lurreko neke, ta lazeria guziak, munduko etsai guzien persekuzioak, infernuko deabruen tentazio, ta lazo guziak. Ta are geiago. Zer? Zure pekatuak berak, zure kulpak, ta Jainkoaren kontrako ofensak, eragabeko traizio, ta gaitzik lotsagarrienak, zuk nai badezu, orien egiazko damu, ta proposituaz, Penitenziako Sakramentu, edo kontrizio Konfesio on batean, erraz zure salbazioko arte, ta bide diranak, egingo dituzu, ta zeruko eskala izango dira.

        Ala Dabid batek, ala San Pedrok, San Pablok, ta beste Penitente askok egin zuten. Oriek beñ betiko konbertitu ziran. Eta ejenplo eder oiek, ta Jainkoaren zurekiko ontasuna, zu billatzen, zuri etxedeten, ta onelako era ematen ikusirik: zer aitzakia izan dezakezu, beraren aurrean, zuk, oriek egin zutena, ez egiteko, ta ain aisa bertatik egin dezakezula?

        O nere Jaun maite mirari guztien Egille, ta miserikordia guztien Emalle ugaria! O zure piedadezko naiera, edo kariño gozoa, onela gure anima galduaz kabu gabe zaletu, edo enamoratu zaituena! Zer zure amorio fin gabeak, ta guzien fiñenak, zer gu salbatzeagatik egin eztu? Ta orain ondo. Jainkoak, zu salbatzeagatik orrenbeste egin ezkero: orrenbeste arte, edo medio eman ezkero: nola zu baliatu zera? nola bide orietan ibilli zera? O esker gaisto beltzen, ta itsusiena! Zure Jainkoa ofenditzeko, ta zure anima kondenatzeko, diranaz etzera baliatu? Ai zer pagua!

 

 

IRUGARREN PUNTUA.
ZURE AZKENEKO
FIÑ ONEN INPORTANZIA

 

        Nola konsiderazio onen faltak zure animari kalte andiak ekarri dizkan: ala ondo oraiñ arten badezu, probetxu andiak ekarriko dizka. Biurtzaite, bada, nere anima, zure barrenera, ta zure bakarrean gogora ekarzu, zenbat, edo zer egiteko bakar onetan dijoazkizun. Ai! Erremediorik eztago, ta bitarterik ezta. Bienen bat izan bear dezu. Edo zorionekoa, edo zorigaiztokoa, ta ori betiko: edo ditxosoa zeruan, edo desditxadua infernuan, ta ori beriko. Jainkoak beraren gai, ta zure jabe egin zaitu: zure libertadean, zure naiean, zure eskuan dago guzia. Zer naizu? Begira ondo, ta ondo pisatu, zer irabaztera, edo zer galtzera zoazen, ta ori betiko.

        Demagun, bada, Kristau bi dirala: bata txit ona, ta Jaunaren bildur, ta omorioan, bera fede on, ta borondare guziaz billatzen, ta serbitzen duen justua. Bestea berriz txit gaiztoa, fede gabe, lege gabe, Jainkoaren kontra pekatuetan begi bietaraño sarturik bizi dana. Orregatik ere, askotan ikusten dana, demagun, ona txit persegitua dala, ta neke, lazeria, ta gaitz guziak alde guzietatik darraizkala, eta kriatura, edo gizon, ta deabru guztiak aren kontra dirala; baña guzien artean ere bera firme beti, beti leial, Jainkoa serbitzen, ta amatzen.

        Gaiztoa berriz, nai duen guzia, egiten: eta konta egizu, munduko anditasun, onra, ta estimazioak darraizkala: munduko ditu, ta ondasun guzien jabe dala, ta gusto, edo atsegin loi guziak dituela; baña beti Jainkoaren kontra, ta lege gabeko etsai. Orain demagun, eun, edo milla urte biak orrela bizi dirala. Ekuskizun dago ori: milla urte iñor bizi ezta, ta egun, edo ordu seguru bat eztu. Beiñ, edo beiñ bataren zorionak, ta bestearen gaiztoak bukatu bear dute. Iltzeko zorian biak ikusten dituzu.

        Ordu artan, Kristau on justu orri bere igaroko neke, ta penakgatik zer zaio; baldin zeruko ateak zabal zabal idiki, ta Aingeruak bere anima ara eramateko datorkiola ikusten baditu? O Kristau zorionekoa! Orain persegidore, ta etsaien alegiñak non dira? Diranak desegin, ta artu ziran, ta anima ori Aingeruakin zeruko ondasun, atsegin, ta gloria bizira, Jainkoaren edertasuna ikustera dijoa. O anima fiel doatsua! Zure azken fiñ gloriazkoan sar zaite ordu onean: Intra in gaudium Domini tui.

        Beste gaistoak berriz, erioa begien aurrean dakusela, arekin burruka asitzen da. Ai zer larria! Algaraz, ta isekaz deabruak datozkio infernura eramareko. Ea, lengo atsegiñak, ondasun, andinai, adiskideak oraiñ non dira? Demonioen atzaparretatik, ta infernuaren eztarri zabal artatik libra dezazela. Zer? Etzan besterik, lege gabe, Jainkorik ez baliz bezala, bildur gabe bizitzea? Ara anima doatsu Jainkoa billatu zuenari bere etsai guziak instante bateko gloria ezin kendu, ta ez eragotziko diote: ta orra ire anima sekulako galdua emengo gezurrezko adiskide, ondasun, ta atsegiñak infernutik aterako eztute.

        Orain begira ondo, triste onek mundu guzitik zer probetxu atera zuen, ta ortik ezagutuko dezu zuk zer aterako dezun: Quid prodest homini si mundum universum lucretur; anima vero sua derrimentum patiatur. Matth. 16. Au da Jesu Kristoren sentenzia, ainbeste anima mundutik atera, ta zeruan sartu dituena: ainbeste Santu egin dituena.

        Sentenzia onen konsiderazioak Ejerzizio oietan San Franzisku Xabier Santu añ andi atera zuen, ta aren ondoren beste asko. Argatik Santuak nai zuen, sentenzia au, zeruko erremediorik eragilleena bezala, guziak begien aurrean beti artu, iduki, ta biotzetan jositzea. Sentenzia onen indar, edo birtutez Santuak ainbeste anima galdu Jainkoarenzat irabazi zituen. Santu onez, ta Santuaren ejenploaz balia zaite, ta Santu au bezala zure salbaziorako aprobetxatuko zera.

        Pensa ezazu, bada, ondo Santuaren gisa: zer baliatuko dit niri, irabaztea mundu au, galtzen banaiz ni nerau? Emen lurreko ondasunetatik zer aterako det, zerukoak galtzen baditut? Eta nere anima galtzen badet, orren ordaña non arkituko det? Quam dabit homo commutationem pro anima sua? Matth. 16. Eztezu ondo ezagutzen, zeren ondo pensatzen eztezun zer dan, nolakoa, ta zenbat zure fin bakar, ta bear onek balio duen: ta gauza bakarren, ta bearren onetan zer irabaztera, edo galtzera zoazen. Arri zaitezte zeruak, eta lurra, Kristau asko puntu onez ain aztuak ikusirik.

        A nere Jaun guzien goiena, edo soberanoa! A egiazko onra, ondasun, ta atsegin guzien kausa, ta jatorrizko iturri ugari, beti isurtzen, beti ematen, ta beñere aortzen etzerana! Ai! Ta zeñ laburra, zeñ illuna, ta esan diteke, zeñ illa dan zurekiko gure fedea, emen lurrean! Orregatik, Jauna, asko, edo geienak zuzaz azturik, euren begiz dakusten gauzetan nastu, ta txoratu, ta arrastaka, nekez, aranzaz beterik orien ondoren dabiltza beti!

        Noiz artean, nere Jaungoikoa, noiz artean orrela itsutu, ta gezurren, utsaren, ta banidadeen billa ibilli bear dute? Noiz artean zuganonzko bidea utsegin, ta beren zoriona guziak nai dutela, ezin arkituko dan leku, ta gauzetan, añ utsuan beatz topaka, orren billa ari bear dute? Ta zu bakarrik bakoitzaren, ta guzien zorioneko fin gozoa, osoro, neurri betean, ta gañez egiteraño izanik, zure argi eder, ta bide zuzenetik iges beti dabiltza. Ai zer kaltea!

        Begiaz, ta egiaz, Jauna, zure azkeneko zorionen berri mundukoak jakin bear lukee. Zu ondo ezagutu, ta ezin dateke ez billatzea. Zeruko Doatsuak bezala, al baliz, oiek zure Izan, edo Espiritu ederra, bera dan bezala, bear lukee arpegiz arpegi ikusi, ta orain bertan gozatu, azkeneko ditxa onen inportanzia, bear bezala, jakiteko: orrela munduko erokeria, ta era gabeko joko, ta gauzetan esku aldi batean, zer galtzera, edo irabaztera dijoatzen ezagutuko lukee. A Jauna! Zu pekatuaz galtzean, esku batean, pieza batean guzia galtzen da!

        O mundu galduaren Argi, ta erremedio bakarra! Zure argi golpe bizi bat bial zaguzu, Jauna, gure anima itsuak argitu ditzan, ta lurreko gora bera guzien artean, Zu, gure zorion guzia, ta zure azkeneko ditxa, ta gloria onen balioa biziro ezagutu, ta obeto estimatzeko. Au galtzen badegu, Zu galdu, ta sekulako galduak gera. Au irabazten badegu, beste guztiak galduagatik, zu bakarrik irabazi, ta sekulako aberatsak, beti zorionekoak izango gera zurekin.

        Oriez gañera konsidera ezazu, zure salbazioaren guztizko inportanzia au, nola, ta zertaraño Jainkoak alde batetik, ta deabruak berak besterik erakusten dizuten.

        1. Begira ondo, zure Jaungoiko maitea, beste egitekorik munduan ezpalu bezala, gau, ta egun nola beti zuri begira dagokizun, zu zaitzen bezala, zu gordetzen, ta anparatzen. Baña nola? Munduko amarik onenak beren sabeleko umetxo laztanak ez bezala. Milla bider obeto. Onetan Jaunak berak dionez, parerik eztu, ta bere begietako niniak bezala zauzka gorderik. O gure Aita gozoaren amorio, besterik ez, ta bera bezalakoa!

        2. Begira ondo, zeruko Aita, ta Errege andi onek bere egiazko erregalo, ta afari gozoz, ta atsegiñez bete, ta betiko artara nola, ta zenbat amoriorekin konbidatzen zaituen, ango bere glorian zure neke, gose, egarri, ta emengo negarrak kendu, ta betiko aztu erazotzeko: bere Izan, edo Izate, bere Espiritu, bere arpegia, bera dan guzia, dan bezein ederra, ta gozoa, zuri eman, ta zuk ikusi, ta gozatzeko: ta emengo illdura, edo mortifikazio txiki, ta penitenzia laburren pagu, ta Sari-Jainkoa bera zuretzat izateko: sari guztizko andia: Ego ero merces tua magna nimis. Ai Jauna: ta zure ona, ta zure geiegia! Ai Kristau on garbia: ta zorionekoa!

        3. Beste aldetik gogora ekartzu, Aita maite onek zenbat egiten duen zu irabazteko, zeruko bidean zu enpeñatzeko. Bidezko argala bezala desmaia etzaitezen, zer arte, ta trazak artzen ez ditu. Orrerako Jesus bere Semearen, ta Ama Birjiñaren dolore, ta penak begien aurrean ipintzen dizkitzu, ta orien ondorengo gloria, zureak zuk arinago eramateko. Seme, ta Amaren, ta Santuen zer ejenplo ederrak, berariaz bezala, zu alaitu, ta animatzeko? Zenbat zeruko mandatu, dei, ta inspirazio zure biotzean?

        A! Ate ori zuk idikiko baziñio, aiñ gor egiten ezpaziña, nola Jaberik maiteen au zure biotzean sartuko litzakean! Otsez dagokizu: idiki zaiozula: Ecce fio ad ostium, & pulso. Aperi mihi soror mea, dilecta mea. Apoc. 3. Cant. 5. Bigunduko etzera? Onenbeste goraintzi erregalatu, onenbeste mandatu gozo, onenbeste amoriozko deirekin mobituko etzera? Arriak baño ere gogorrago bear dezu izan.

        Ai anima sortua! Zer da au? Zure zorionaren iges orrela zabiltza? Zer? Bildur ote zera, zure Jaunari eranzun, atea bereala idiki, ta bera artuaz, geiegi serbituko dezula? A zure itsua! Ta zer ditxa geiago: Zertako egin zinduen, zertako zauzka munduan? Beste egitekorik badezu? A bildur, ta atzerapen lotsagarria! Begira ondo: orren kalte andia zure animarenzat deritzatzu, bertatik, ta beti zure Jainkoa billatzea, ta amatzea? A! Zure bearrik eztuela, Jaungoikoa beti zure begira, zure zai eztago? Zure billa eztabill? Ta badakizu noiz artean? Bear bada, eztizu geiago deituko.

        Pensa ezazu, zure lotsagarrian, zuri burla egiteko, nola deabruak arrazoi andia daukan. Onek zuk baño obeto daki zure animaren balioa: Badaki, zeiñ gutxi zuk estimatzen dezun, ta Jainkoak zure, edo bere joia bakar ori zenbat estimatzen duen. Badakus, zu salbatzeagatik, zenbat alegiñ, Jainkoa bera lurrera jatxi, gizon egin, ta gurutzean ill arteraño egin zuen, ta zure, amorioz katibu Sakramentuan geratu, ta beti egiten dagoen, ta zenbat nai dizun.

        Badakus deabruak, orregatik ere, zure salbazioagatik pauso bat zuk eman nai eztuzula: ta orretako, ta Jainkoaren esan, edo borondatea egiteko, oiñ bat mugitzea, karga andi pisutzat daukazula: Jainkoa geiegi serbitze, ta amatzearen bildur baziña bezala. Badakus ark, zure salbazioa geroko beti utzitzen dezula: beñere egiaz, ta gogotik asi etzerala: zure propositu, ta naiak eragilleak eztirala, ezpada engañagarri: nai erdi, edo nai usiak.

        Oiek guziak, ta onelako nai bezalako era zure animan deabruak ikusi, ta zer alegiñak zu galtzeko, ta kondenatzeko egiten eztitu? Zer asmo, zer traza, edo moldeak, zer intenzio biurrak, zer gezurrak, zu txoratzeko, ta engañatzeko? Ta aiñ goi zalea, edo soberbioa deabrua izanik zer gauza billan, itsusi, nazgagarrietaraño jatxitzen ezta, zure anima azpiratu, ta galtzeagatik?

        Badaki deabruak, zeiñ amore onez Jainkoa begiratzen dizun: ta batzuetan Aita guziz beraak, ta maiteak bezala, besteetan juez Justu aserreak bezala eriotzaren, ta infernuaren bildurraz abisatzen, ta ikaratzen zaituela. Ta orduan, ta beti zure gorrotoz deabruak zer arteak, zer engañuak asmatzen, ta irabiatzen eztitu? Alde guzietarik zure ondoren dabill: bein, ta berriz aren tentazio, ta tranpai zuk arpegi eman, kendu, ta ordu gaiztoan arentzat bota agatik; orregatik ere aren arrabia ezta aspertzen: berriz, ta berriro batetik, ta bestetik zure kontra, beñere nekatu gabe, zu tentatzera biurtzen da, ta beti peleatzen dago.

        Konsideratu azkenik, lurrean bizi zeran artean nola auzi, edo leia onetan beti zauden, Alde batetik zure Jainkoa, bestetik deabru gaiztoa dauzkatzula. Bien artean zaude beti. Zure Jainkoak zerura, deabruak infernura eraman nai zaitu. Jainkoak adiskide maitearen gisa, egia beti, deabruak, eriozko etsaiaren gisa, gezurra beti esaten dizu, Jesus zure Salbadoreak bere gisa gurutzeak, tormentuak emen, ta atsegin, ta kontentuak zeruan; deabru zure galgarriak emen gezurrezko atsegin usiak, ta kontentuak, ta betiko pena, ta tormentuak infernuan eskeñi, ta eman nai dizkitzu.

        Ta zer? Zure fedean, ta biotzean kabi diteke au? Zere burua bien artean onela beti ikusi; ta zure anima, zeren gogoak ematen dizun, Jainkoari ukatu, ta kendu, ta deabruari eskeñi, ta ematea? Zure Jabe maitearen besoetan, ta biotzeko laztan gozoetan sartu bearrean, zure etsairik gogorrenaren atzaparretan zere burua aiñ ariñ, gogotik, orren merke, edo doarik betiko infernuan ezartzea? Au izan liteke? A! Ta zenbat bider izanda! Zenbat bider ori bera egin dezu? Pekatuan sartu zeran guzian. O trajedia tristea! O trukada itsusia!

 

 

AZKENEKO ITZKETA, EDO KOLOKIOA

 

        Ai nere Jaungoikoa! Ai nere Jabe bakarra! Zer da au, Jauna? Zer da au? Egia da, pekatu bakoitzetan zure amorio guziaren trazak desegiñ, ta anima deabruari betiko ematen zaiola? Bai. Egia au sinisten det? Ta ala ere, nere lotsagarri andian, bere gezurrakin egia au deabruak berak onela erakutsi bear dit? Nere anima ezagutzen, ta estimatzen nere etsairik andien demonioagandik ikasi bear det? Ai era gabeko fedearen falta lotsagarria! Zer egin det? Nola biurtuko naiz nere anima galdu, ta kalte guztizko au erremediatzeko?

        Nora, Jauna, biurtuko naiz, ezpada niganonz, ta altxatu, ta Seme prodigo galduaren gisa, zuganonz: ad fe reversus dixit: surgam, & ibo ad Patrem meum. Ai Aitarik onena! Ai zeruko Aita maiteena! Zu beti izan zera Aita ona; baña itsu esker gaiztoko onek, ni jakin eztet, ta izan ez naiz zure Seme, edo umea; ezpada nere bizio agintarien, nere oitura galduen, ta nere etsai deabruen menpeko esklabo billan izan naiz.

        Ai Jauna! Nere desditxaz onelako izan banaiz ere, orain nator, ta biurtzen naiz, nere gaitz guzien lotsa, ta damuz beterik, nere kulpak zure oñetan aitortzera: Pater, peccavi in coelum, & coram te. Zure umearen izenik eztet merezi: orren diña ez naiz ni: non sum dignus vocari filius tuus. Ai Jauna! Artuko nazu zure oñetan? Baña zer diot, nere Jesus ona? Baldin ainbeste denbora, laztanga ni arteko besoak zabaldurik nere begira bazaude?

        Zer artu, zer eman, zer egin, ta zer eraman eztezu ni salbatzeagatik? Nere pekatuak artu zinduen zure gañean. Nigatik Zure gorputza, pena, izerdi, negar, odol, ta biziarekin eman zenduen. Mirari, ta bizitzako alegin guziak egin zinduen. Nigatik pobreza, gose, egarri, karzelak, sokak, azoteak, arantzak, burlak, isekak, gurutzea, ta eriotza eraman zinduen, ta guztiak pozik, ta amorez: ta ala ere gutxi zeneritzan, ta merke guztiakin nere anima erosi, ta salbatzeagatik.

        Ta zer? Nere eskuan dagoela, onelako anima pekatuaz deabruari saldu, onelako joia estimatua doarik galdu, ta etsaiari bereaz irteten utzi bear diot? Ez, ez, nere Jaungoiko maitea. Zuk egin ninduzun zuretzat: zu emen serbitzeko, ta zeruan gozatzeko. Ona, bada, Jauna, nere anima zure eskuetan, ta betiko. Zer naizu, nik egitea? Domine, quid me vis facere? Zure borondate santu gozoa egiten erakutsi zadazu. Doce me facere voluntatem tuam. Ps. 142. Zu serbitzea, ta amatzea, naizu. Nerea da ditxa, ta zoriona. Ori nai det, Jauna: ordu onean, ta amore onez izan bidi orrela: Paratum cor meum, Deus: paratum cor meum: Ona nere biotza prest: ona nere borondatea zure eskuetan, beti zurea egiteko: nere pekatuen penitenzia, konfesio on bat, bizitza bernia, zu beti amatzeko emen, ta gero betiko glorian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa