www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urtharrilaren 29an

SAN FRANTSES SALESEKOA APEZPIKUA

Sortua 1567an-Hila 1622an

 

        Saindu hau sortu zen Sabaudia Saleseko jauregian, Italiako mugan, buraso behar-bezalako batzuen ganik.

        Hargatik nola aitak bere gain baitzituen Probeintziako egiteko guziak, hango Dukea edo lehen-nagusia zelakotz, es bide zuen behar zen bezein artha handia izanen haurraren ongi altxatzeaz; bainan saindu hunen ama Jainkoa guziz maite zuen emakume bat zen, eta harrek egin zuen bere egin-ahala haurrari erakusteko haste-hastetik zer behar zuen egin Jainkoaren gogorako izateko.

        Frantsesek ikasi zituen beraz, kasik xutik joan orduko, hiru gauza, Jainkoak maite duela bekhaturik gabe den arima, errumesak direla haren haurrik maitenak, eta Andre dena Maria saindua gure Ama ona dela.

        Eta hortakotz, bera izatera, utziko zituen josteta guziak, eta iraganen zuen othoitzean liburutan hari etzen denbora guzia. Hargatik maite zuen lagunei ere atsegin egitea, bere lagun hek maite zituelakotz; eta, lagunetarat joanez geroz, egiten zuen hek bezala.

        Azkenerat lagunek ere ezagutua zuten zergatik zen hain ona. Eta ikusten zutenean ethortzen zitzaiotela, erraten zuten batzuk bertzei: «Izan gaiten prestu, huna gure Saindua».

        Erran dut bazakiela, amak irakatsia, Jainko Jaunak maite dituela bereziki jende errumesak. Eginez beraz bere baithan errumesei emanez, Jesus Jaunari atsegin egiten ziola, ematen zioten beretzat izaten zuen diru guzia.

        Horrela iragan zuen bere eskola ttikien egiteko denbora. Eta gero, jadanik hasia zelarik aderki berthutearen pratikatzen, igorria izatu zen Pariseko eskoletarat.

        Mundu guziak badaki Parise bezelako hiri batean, badela mila bide txar gizon gaztearentzat. Bainan Frantses gazteak egin zuen, hiri hartan ere, ordu arte bezala. Erran nahi baita egiten zituela eskolako lanak ahalik hobekiena; eta jarraikitzen zela othoitzari, sakramenduei eta liburu onen irakurtzeari.

        Fraide batek adiarazi ere zion zein den on penitentzia egitea, jaidura gaixtoen flakarazteko eta hilarazteko. Eta hortakotz, hasi zen penitentzia egiten, ekhartzen zuelarik larru-arraseko zurdazkoa, astean hiruetan.

        Bainan erranik da Eskritura sainduan arima batek ematen duenean bere gogoari, behar dela lotu bizitze saindu bati, orduan Satanek egiten dituela bere egin-ahalak arima harren lotsarazteko, zenbeit bekhatutan erorraraziz.

        Frantses gazteak ere izatu zituen beraz tentazioneak, eta jazarri zioten gehienei aski errexki. Ordean izatu zuen bat, bertze guziek baino lan gehiago eman ziona; eta hori, zeren etzen menturatu harren ezagutaraztera, ez-eta bere kobesorari berari ere:

        Gure arimen etsaiak sinetsarazi zion, Jainkoak utzia zela bazterrerat, etzela beraz salbamendurik harrentzat, galdua zela. Debruak erakusten bezala ere zion, ifernuan nonago zen harren tokia.

        Eta ezin erran ditekena da, nolako atsegabeak eta trixteziak izatu zituen egun-aldi beltz hetan. Gehien-gehienik gaiztzi zitzaiona, etzen ifernuko su lamen erdian erretzea, bainan hau, Jainko maiteari blasfemioka hari beharko zuela eternitate guzian.

        Gogoeta horrek galarazi ziozkan loa eta jana, xukhatu eta ihartu zen zenbeit egunen buruko. Eta nihork etzezaken asma zer zuen.

        Hortan zelarik, bethi bere izpiritua bethea bere eternitateko zorigaitz ikharagarriaz, sartu zen behin eliza batean; eta joanik Andre-dena Mariaren aldarera, han egin zuen garbitasun osoaren botua, erraten ziolarik ama on hari: «Nere Ama maitea, eztudanaz geroz behar, zeruan, Jesus Jaunaren eta zure maitatzeko zoriona, bederen ardiets diezadazu grazia hori, mundu huntan egonen naizen denbora guziarentzat».

        Gero erran zion san Bernaten othoitza, Orhoit zaite, o Birjina... Eta ordu berean tentazionea suntsitu zen. Frantsesek bazuen arimako bakea; ikasia zuen behin-bethikotz tentazionetan denak zer lanak dituen; eta oraino, aintzinetik baino ere maiteago zituen Jesus eta Maria.

        Sei urtheren buruan athera zen Pariseko hiritik; bainan, nola oraino gazte baitzen, eta ezpaitzituen ikasiak, irakasten ahal ziozkaten guziak, joan zen Paduko eskola handietarat.

        Hiri hartan ere, Frantsesek bilhatu zuen bere arimarentzat gidari on bat. Egin zuen ere aintzina othoitz; eta baliatu zitzaion ederki.

        Ezen etsai gaixtoak nahi izatu zuen erorrarazi bekhatuan, lehenik adiskide faltso batzuen bidez. Bainan Frantsesek eman zioten ahalkea gizon gazte hekiei, eta urrundu zen hekien ganik.

        Gero oraino, Satanek igorri zion, bere gelara, tzarkerian bizi zen andre gaixto bat. Saindu gazteak thu egin zion begitartera emakume tzar hari, eta arthiki ileti edo itxindu bat burutik behera; eta horrela kasatu zuen bere ganik ifernuko etsai madarikatua.

        Azkenekotz bera ere iragan zen nagusi eskoletan; eta orduan erran zioten burasoei aspaldion gogoan zuen gauza, apeztu nahi zela. Aitak etzuken halako solhasik entzun nahi; bainan, orhoituz haren semea ere Jainkoarena zela bertze munduko gauza guziak bezala, onetsi zion bere galdea; eta Frantses apeztu zen.

        Ordukotz Jaun gazte harren inguruan zirenek bazakiten saindu handi baten gaia zela; atsegin egin zion beraz harren aldarerat igaten ikusteak.

        Jaun Apezpikuak ere erraten zuen, balin bazen saindurik harren meneko apezen artean, Frantses hetarik bat zela. Eta hortakotz eman zion bere gain egiteko bat guziz handia eta gaitza denbora berean.

        Bazuen bere diosesan eskualde bat dena heretiko bilhakatua. Eta aspaldi hartan, heretiko hekien arterat norbeit igorri nahia zagon, ez jakinez nor igor. Bainan ikusi zuenean Frantses gazteak nolako amodioa zuen Jesusentzat, eman zion bere gain hekiei predikatzera joaitea, berak hautatuko zituen lagunekin.

        Berri hori entzutean, Frantsesen aitari eta amari, biei ilhundu zitzaioten gogoa, ez bakharrik heien semeak hartu behar zituen unhadura eta lanen gatik, bainan iduritzen zitzaiotelakotz etzela bizirik atheratuko paganoak berak baino ere areagokoak ziren heretiko hekien artetik.

        Hargatik amak ikusi zuen laster Jainkoak galdetzen ziola sakrifio hura, eta aitari ere adiarazi zioten nolazpeit etzela ongi Jainkoaren borondateari jazartzea.

        Ordu berean Saindu gaztea joan zen Txableko mendietarat, apez lagun bakhar batekin.

        Mendirik eta mendirik baizen ezta toki hetan. Horrek erran nahi baitu Sabaudiako Jaunaren semea ibili beharra zela tokirik gaitzenak barna, askotan bazter guziak betheak zirelarik elhurrez.

        Lehenbiziko denboretan emazteak eta haurrak gordetzera zohazin lasterka hekien beldurrez, hesten zituzten ere denek beren athe-leihoak lehia handitan; eta gero, ilhundu zuenean, etzen nihor izaten hekiei atherbe pixka bat eman nahi zionik. Halako gisaz non aitoren-seme hura bortxatua baitzen borda edo labetegi batzuetarat joaitera.

        Horien guzien gatik ere eman zen lanari batere lotsatu gabe. Hasi zen beraz katiximaren egiten jende zenbeit biltzen ahal zuela iduritzen zitzaion tokietan. Eta, ikusiz zein zen eztia eta ona, heretikoak ere abiatu ziren emeki-emeki katixima hetarat ethortzen.

        Bainan huna mirakuilu bat mundu guzia harritu zuena, eta fede onean ziren heretiko guziei adiarazi ziotena misionest gazte hura saindu handi bat zela, behatzen ahal zirela beraz haren erranei:

        «Oraino ongi konbertitua etzen emakume bati, hil zitzaion bere haurra, sortu-eta zenbeit egunen buruan. Eta nigar-eta-nigar bere harren ondotik zohan hilerrietarat buruz-buru egin zuenean san Frantsesekin. Ordu berean Jainkoaren graziak argitua, hartu zuen haurra eskuetan eta ereman zion Sainduari erraten ziolarik:

        »Nere Aita ona, urrikal bekizu haur gaixo hau. Ez nion oraino emanarazia bathaio saindua. Bainan, Jainko Jaunak entzunen du zure othoitza, galde zozu pitz dakidan, bederen uraren emateko denbora».

        Sainduak ikusi zuen laster mirakuilu batek eginen ziotela on handia fedea galdua zuten jende hekiei. Eman zen beraz belhauniko bide bazterrean, egin zuen ere othoitz labur bat, eta ordu berean haurra piztu zen. Eta nahi zuten guziek ikusi zuten bizirik bi edo hiru hilabethez.

        Mirakuilu horrek egin zuen harrabots handia, konbertiarazi ere bai hainitz arima, bainan koleran eta sutan ezarri zituen heretiko hekien aintzindariak.

        Jaun batek bereziki hartu zuen begietan. Eta, behar zuela hil, tiratu nahi izatu zion tiroa hiru aldiz. Eta hiru aldiz, harma eskuetarik erori zitzaion tiratzera zohalarik.

        Jaun harrek etzuen hetsia hartu oraino: igorri zituen gizon gaixto batzu, Saindua iragan behar zen bide batzuetarat, han hil zezotela. Eta aldi hartan ere Jainkoak begiratu zuen nolazpeit. Ezen, nahiz bide hartarik iragan zen, etsaiek etzuten ezagutu.

        Gau batez oraino protestant batzu athera zitzaizkon bidera, behar zutela hil, zeren konbertiarazi zituen hekien lagun batzu.

        Aldi hartan san Frantsesek bazituen hiru lagun eta hek ere harmekin ziren, etzirelakotz beldurrik gabe, edo menturaz entzuna zutelakotz heretikoek egin gogo zutela gaixtakeria zerbeit Sainduaren galarazteko.

        Ikusi zituztenean beraz gaixtagin hek atheratzen beren oihan zokhotik, hek ere hartu zituzten harmak. Bainan Sainduak erran zioten: «Utz zatzue harma horiek. Nerekin dituzte gizon horiek beren egitekoak, neronek ikusiko dut zer galdetzen darotedaten».

        Hainbertzenarekin joan zitzaioten beren artera, eta bere mintzo eztiarekin galdetu zioten zer gaizki egin zioten bada harren hil nahi izateko: eta hori bera aski izatu zen. Gizon hek, ahalkatuak egin gogo zuten gaizki handiaz, jarri zitzaizkon belhauniko, eta galdetu zioten barkhamendu.

        San Frantses haritu zen horrela hiru urthez, katixima egin-eta-egin, herri batetik jo bertzera, konturik egin gabe ian bideak eta aroa onak ziren ala-ez, eta oraino penitentziarik handienak egiten zituelarik. Azkenekotz beraraziak edo guriaraziak zituen bihotzik gogorrenak, bere eztitasunaz eta saindutasunaz. Eta hiru urthe hekien buruan, Jaun Apezpikuak deitu zuenean bere ganat, bazituen hiruetan hogoi-eta hamabi mila heretiko konbertiaraziak; erran nahi baita kasik denak ezarriak zituela bide xuxenean.

        Ordukotz Jenebako apezpikua adin batean zen eta bertzalde ezindua. Etzetzazkela beraz joanaraz ongi bere egiteko guziak, kontsekrarazi zuen Frantses apezpiku bezala eta hartu laguntzat. Bizi izatu ziren ere elkharrekin eta batasun saindu batean hiru urthez; eta orduan, apezpiku egiazkoa hil zelakotz, Aita-Sainduak manatu zion san Frantsesi, bera jar zadiela Jenebako apezpiku.

        Saindua nahiago ziteken egon halako kargurik eta kargarik gabe, hargatik erori zen Aita-Sainduaren erranera. Eta Jainko Jaunak daki zer ongia egin duen hogoi urthez, edo batera dohana, apezpiku izendatua izatu zenetik eta heriotzeraino.

        Bai, egin izatu du ongi handia bere predikuez, katiximez, liburuez, eta santa Xantalekin batean altxatu duen emazten ordena sainduaz.

        Eta gero, etzuelarik oraino berrogoi eta hamasei urthe baizik, eritu zen Liongo hirian, eta han berean hil bizitzearen araberako heriotze sainduaz, abendoaren 2an, 1622an.

        Erranak erran, eta ezpanu bertze xehetasunik ematen, geldi nindeke saindu hau, ez-eta ere erdizka, ezagutarazi gabe. Ezen nahiz erran dudan san Frantses ona zela eta eztia. Hargatik eztut deusik kondatu bi egia horien aldera.

        Huna beraz ixtorio labur batzu, adiaraziko darokutenak hobeki nolakoak ziren saindu hunen ontasuna eta eztitasuna.

        Behin, ordukotz apezpiku zelarik, jeiki zen bertzenaz egiten zen baino lehen, eta sua pizturik hari zen liburutan, su harrek ematen zion argian, ethorri zitzaionean muthila argiarekin, bere tenore edo ordu egun guzietakoan.

        Bainan gizon hari osoki gaitzitu zitzaion zeren Jaun Apezpikuak berak egin zituen suaren piztea eta bertze lan batzu. Erran zion beraz mintzo idor batekin: «Jauna, gaizki egin duzu nere ez ekharraraztea».

        Eta orduan Sainduak ihardetsi zion ezti-eztia: «Haurra, zuk eztuzu hobenik, nik ezpadezaket loik egin. Eta hortakotz ezta ongi atzarraraz zaitzadan, jeikitzen banaiz behar liteken baino goizago».

        Ontasun bera zuen bertze sehien alderat ere. Sehi hetarik batek bazuen sobera edateko aztura edo kostuma madarikatua. Eta nahiz Nagusi maite harrek egin zituen bere egin-ahalak sehiari adiarazteko etzela ongi hainbertze arnoren edatea, sehi ondikozkoak ahanzten zituen bere xede eta agintza guziak, zohazkon adiskideak atxeman zetzazken aldi guziz.

        Gau batez, orduan ere edana eta burua nahasia, ethorri zen, jadanik bertze sehiak oherat joanak zirelarik. Eta hargatik nola ezpaitzen kanpoan egon nahi, egiten zuen harrabots, atheari joka. San Frantses etzen oraino loharkatua. Jeiki zen. Ideki zion athea. Eta ikusirik muthil trixtea osoki joana zela eskuetarik, eta xutik ere ezin egon zitekela, hartu polliki besotik, eta lagundu zuen bere ganbararat. Eta gero, ezarri zuen ohean haur ttikitto bat ezartzen ohi den bezala.

        Biharamunean muthil hura orhoitu zen, nork ezarri zuen ohean eta gainerakoez. Eta ahalkez urtua, Sainduari iheska zabilan. Hargatik elkhar atxeman ere zuten nonbeit. Eta orduan Sainduak erran zion:

        «Eta haurra, atzo arratsean, ongi eri zinela iduri zinuen. Zer egin zaitzu?».

        Aree gehiago ahalkatua halako ontasunaz, muthil gaizoa eman zen belhauniko, eta nigarra zariola galdetu zion barkhamendu. Sainduak, harturik bere besoetan, besarkatu zuen, eta eman zion penitentziatzat, arnoari ur xorta baten ezartzea zenbeit egunez.

        Eta muthilak egin zuen penitentzia hori, ez zenbeit egunez bakharrik, bainan bere bizi guzian.

        Aski zen Sainduaren ikustea, ezagutzeko guziz ona zela. Eta san Bixintxo Paulokoak erraten zuen solhas hau zenbeit aldiz: «Jainko Jaunaren ontasuna nolakoa ahal den, Jenebako Jauna hain ona denaz geroz!».

        San Frantsesi oraino, ekharri zioten behin aintzinera muthil gazte bat, nihork ezin moldatua zela; eta othoi, erran zezola zenbeit gaizki biphil-biphila. Bainan saindua mintzatu zitzaion eztiki, eta bethi bezala. Eta ikusiz nola gogortua zen haren bihotza, nigar egin zuen, ziolarik gaizki hil beharra zela.

        Horren gainean erran zioten amak ere madarikatua zela. Eta orduan san Frantsesek ihardetsi zuen: «Ai! haur dohakabearen ama dohakebeagoa! eta zer eginen du haurrari gerthatzen zaionean bere madarizionearen arabera?».

        Ondoko egun batez, ama harrek jakin zuen haren semea eta bertze bat, biak hilkarrean haritu zirela ezpataz, eta haren semea gorputz zela. Eta orduan egin zuen nigar eta heiagora.

        Bizkitartean Sainduari galdetu zioten, zergatik etzion erran gaizki edo erreportxu saminagorik. Eta ihardetsi zioten: «Zer nahi duzue? egin dut egin-ahala bekhaturik gabeko kolera bat hartu nahiz, nere bihotzari ere lotu natzaio bi eskuz, eta ezin arthiki ahal izatu diot begitartea.

        »Eta gero, nahi balin baduzue jakin egia guzia, erranen darotzuet, beldur nintzela ixur oren laurden batez, nere bihotzera, hogoi-ta bi urthe hotan, xorta-xorta biltzen hari dudan ezti-ura».

        Bertze behin, san Frantsesek eginarazten hari zuen komentu berri bat, eta bera harren aldean zen santa Xantalekin, ikusi zutenean gizon eskale zirtzil bat, hari zela gaixtakeriaz zimenduetarik uraren baztertzeko egina zuten pezoinaren barraiatzen. Sainduak galdetu zion, ian bazakien zer hari zen, utz zezala lan hura. Utz zezala lan hura, erran zion berriz-ere. Eta eskalea aintzina hari zen, deusik entzun ezpalu bezala.

        Orduan santa Xantalek erran zion bizi-bizia: «Emazu aintzina, zaren bezalakoa, eta gero, zathorzkigula, komentuko athera, gosea zarela, eztuzula zer jan! Zato-zato berriz ere, izanen duzu!».

        Eta orduan san Frantsesek erran zion errumesari: «Bai-bai! joanen zare! Eta aldiz zuk, Xantal, manatuko diozute zure serora lagunei, eman dezotela gogo onez eskas duen guzia».

        Santa Xantalek ihardetsi zion san Frantsesi: «Zu bethi hola izanen zare, bethi onegia; eta gero, munduak ederki irri eginen zutaz.

        »Baditeke munduak irri eginen darotala, erran zion Sainduak, bainan eztut axolarik, Jesu-Kristoren erranei jarraikitzen banaiz. Eta aldi huntan, segur naiz Nagusi Dibino harren nahiaren arabera mintzo naizela».

        Ixtorio hautan eta bertze mila holakotan, ageri da ezin hobeki nolakoa zen san Frantsesen ontasuna.

 

 

Irakaspena

 

        Bada asko jende iduritzen baitzaiote, gutarik bat-bederak behar duela bizi eta hil, sortzeak eman darozkigun jaidura gaixtoekin; ezkaitezkela beraz izan ezti, umil eta on gure lagunentzat, non ezkaren sortu horrelako berthutekin.

        Huna bizkitartean saindu bat, sortzez borthitza zena eta idor hutsa. Eta hargatik bilhakatu dena Jainkoaren graziarekin batean den hoberena eta eztiena. Kendu ditu beraz bihotzetik bi jaidura gaixto bederen, hain ongi non, gauza guziak infrentsuz gora izanik ere, ezpaitzen ez-eta pizten ere batere.

        Jainko Jaunak nahi daroku adiarazi saindu hunen bidez, balin bagine ere sortzez jaidura gaixto guziekin, hala ere ganbiatzen eta saindutzen ahal garela, Jainkoaren graziarekin batean.

        Zer behar eta aski ginuke hortakotz! Salbatzeko eta saindutzeko nahi egiazkoa. Ez nahikunde hil bat, bainan nahi egiazkoa.

        Jainko Jaunak galdetzen gaitu denak bere zerbitzura, eta oihu egiten daroku, athera gaiten, galarazi behar gaituen etxe hartarik, utz dezagun bekhaturat lerraraz gaitzazken jende harekilakoa.

        Eta guk, egiten diogu menturaz ez entzunarena. Guk, ematen dukegu gure eternitateko zoriona ez-deuskeria batzuentzat. Zer lazakeria! Zer itsumendu deithoragarria! Jainko maitea! iguzu salbatzeko egiazko nahia, eta gero oraino, salbamenduaren egiteko eta saindutzeko behar dugun grazia.

 

aurrekoa hurrengoa