www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

ANDRE-DENA MARIA

 

        Iduritu zitzaionean behar zarokula bere burua ezagutarazi, Jainkoak egin zituen zerua eta lurra ezdeusetarik, eta bethe zuen zeru guzia izarrez. Gero lurraren argitzeko, berotzeko, eta gizonak ikus ahal zezan bere bidea, egin zituen eta ezarri izarrak baino aphalago iruzkia eta ilargia.

        Miragarriagoa da oraino Jainkoak gure arimentzat egin duena. Gure salbatzeko, edo hobeki mintza nadin, guri gure eginbiden irakasteko, eta gure bihotzen sustatzeko bere ganako amodio sainduaz, Jainko Jaunak ezarri darozkigu begien aintzinean bertzelako iruzki bat eta ilargi bat, Jesus eta Maria.

        Bainan Jesusek, agertzera utzi dituen berthutetarik eta botheretik, ezagun du Jainko dela; Jesusen justiziak distiratzen du iruzkiak bezala. Eta non da jendea begia aski garbi duena, ahalkatu gabe, harri begira egoteko.

        Ala Jainkoaren ontasuna handia baita! Jainkoak ikusten zuen ahuleziak behar gintuela lotsarazi, ezkinela abiatzen ere ahal Jesusen ondotik; eta hortakotz, ezarri darokun begien aintzinean norbeit ilargiak lur huntako bidea bezein eztiki, zerurakoa erakutsiko darokuna.

        Gure arimen argitzaile ezti hura, Birjina Maria, gutarteko bat da, Adam eta Ebaren haur denaz geroz. Baina bere berthute miragarrien distiraduraz histen du ilargiaren edertasuna. Zenbatez ezta beraz gu ez-bezalakoa!

        Ikusi dugu gorago Profetak nola mintzo ziren Jesu Kristo Gure Jaunaz, hura mundurat ethorri aintzinetik. Maria sainduaz ere hala-hala mintzo ziren Testament Zaharreko Liburuak.

        Hura zuen gogoan Jainko Jaunak erraten zionean sugeari, lurreko parabisuan: «Noizpeit izanen duk emazte bat zangoaz burua lehertuko darokana».

        Lurreko parabisu hartan gure galgarri izatu ziren birjina bat, zuhain bat eta fruitu bat. Hala-hala Birjina baten sabeleko fruitu benedikatuak merezituko daroku bethi iraunen duen bizitzea, hilez arbola baten gainean, edo batera dohana, ixuriz bere odola gurutze baten gainean.

        Bainan, utziz aiphatu gabe profeten erranak, eta Mariaren saindutasuna eta podoreak nolakoak izanen ziren ezagutarazi behar zituzten gerthakariak, lotzen naiz Gure Ama Maitearen ixtorioari.

        .

 

LEHEN PONTUA

Birjina Sainduaren sortzea,
Tenplorat joaitea eta Tenploko bizitzea

 

        Hain handi izan beharra zen haurraren burasoak Joakin eta Ana, saindu handi ziren hura sortu gabe. Ezen, jadaneko hogoi urthe haurrik gabe zirela, eta oraino othoitzik khartsuenak egiten ziozkaten Jainko Jaunari, ken zezotela haurrik gabe izate harrek ematen zioten ahalkea. Zer berthutea ezta behar, gauza bat galdetu ondoan hogoi urthez ardietsi gabe, aintzina ere galde beraren egiteko?

        Hogoi urtheren buruan Jainkoak egin zioten beren nahiaren arabera. Ana sainduak kontzebitu zuen haur bat. Eta hortakotz buraso saindu hek bozkario handia zuten.

        Bainan nolakoa etzen izanen hekien zoriona jakin balute haur hura kontzebitua zela bekhatu orisinalaren notharik gabe, Trinitateko hiru Presunek eman ziozkatela graziaren nasaienak, eta harrek behar ziola lehertu burua ifernuko suge maradikatuari.

        Etzakiten holakorik.

        Eta hargatik, sortu zenean, eman zioten izen bat zerutikakoa: Deitu zuten Maria. Ez uste gabez, bainan Jainkoak hala nahi zuelakotz.

        Hitz horrek erran nahi du Erregina, Andre guzien Andrea, eta oraino Itsasoko Izarra.

        Zer laguntza, alabainan, etzarokun eman behar gu mundu huntako itsaso ilhun eta kalernatsuan gabiltzanei! Nor da izen gozo eta ezti hori bihotz onez aiphatzen eztuena? Zenbat ama dohakabek eztiozkate gomendatzen eri, edo munduko bide makhurretan dituzketen beren haur maiteak hitz bakhar huntaz: Maria Saindua! Bai, lehenik Jesusen izen sakratua da gehienik maitatua eta benedikatua dena mundu guzian, eta gero Maria sainduarena.

        San Joakinek eta santa Anak ereman zuten beren haurra Tenplorat, legeak manatzen zioten bezala, sortu zenetik lauetan hogoi egunen buruan, eta eskaini zioten Jainko Jaunari amodiorekin.

        Jainko Jaunak ere ikusi eta benedikatu zuen atseginekin haur saindu hura.

        Ezen ordukotz haren adimendua osoki argitua zen eta haren bihotza ere sutan Jainkoaren amodioaz.

        Hortakotz, Tenplotik atheratu-eta, joan zen etxerat graziarik nasaienez bethea.

        Hiru urtheak egin zitueneko, jadanik Jainkoaren zerbitzuan jarri nahia, erran bide zioten beren burasoei, Jainko Jaunak galdetzen ziotela egin zezaketen sakrifizioreik handiena: Jainkoaren nahia zela, athera zadien etxetik, eta joan Tenploan zagozin birjina gaztekin bizitzera.

        Eta buraso saindu hek, nahiz jadanik berak zahartuak ziren, nahiz etzuten haur hura baizik, eta hura ere noizpeit izatua, bizkitartean ezagutu zuteneko Jainkoaren nahia, ereman zuten Tenplorat beren haur maitea.

        Maria ere joan zen alegerarik eta bozkarioa bihotzetik gaindi, izpiritu, gorphutz eta arima, behar zitzaiola zen guzia Jainko Jaunari kontsekratu beren bizi guzikotz.

        Eta orai, nor da haur xume hunek zaraman bizitzea adiarazten ahal duena? Nola adiaraz zein khartsu ziren haren othoitzak, zein handi eta behar-bezalako haren obedientzia, eztitasuna, modestia eta bertze berthuteak; zein ongi egiten zituen bere lan guziak; zer merezimenduak irabazten zituen egun guziz zerukotzat?

        Othoitzak bezenbatean, bere egitekoek hartzen etzioten denbora guzia Tenploan zaraman, bere Jainko maitearekin solhasik samurrenetan. Eta zenbeit aldiz uzten bazuen othoitza, bere lagunei atseginegiteko, orduan ere haren gogoa hartua eta bethea zen Jainko Jaunaz, bere aldean zituen lagunez eta hekien solhasez baino gehiago. Ezen etzen lanik, ez jostetarik, ez bertzerik deus, hari bere Jainko Jaunaren amodioa gogotik kentzen ahal zionik.

        Eta horren gatik Tenploan zagon ahalaz, bera bakhar-bakharra, eta kanporat agertu ere gabe.

        Gu, Birjina Maria ez-bezala, bekhatuan sortuak gare, guk Maria sainduak ez-bezala bekhatu guzien haziak edo erroak hemen tugu gure baithan, eta halarik ere behar dugu jakin, eta ahal bada ikusi non zer iragaiten den, non zer den; gu, ezin gaudezke agertu gabe eta gure buruak ezagutarazi gabe.

        Zer du horrek erran nahi? Horrek erran nahi du, gu, bagabiltzala non-nahi eta nola-nahi, eta konturik eman gabe etsai errabiatu batzuez inguratuak garela. Bederen ondoan, baldin erori bagare, eztezagun sobrarik mirets nola erori ahal izatu garen.

        Ikusi-eta Maria saindua nola bizi zen, errex da sinestea egunetik egunera gero-eta khartsuago zohala, eta gero-eta sainduago.

        Horra nola, birjinen Erregina izan behar zenak ezagutu zuen egundaino nihork egin etzuena: birjinitatea zein den berthute ederra; zein den beraz Jainkoaren gogarakoa, eta nola berthute horrek egiten duen gizona Aingeruen pareko. Ezen ordu arteraino, bazter guzietan, eta oraino gehiago Judu-Herrietan, hainitz ahalkegarri zen, neskatxa batentzat, ezkondu gabe egotea.

        Ordean Mariaren begi garbiak ikusi zuen ongi zertan zen egiazko ohorea, eta, bihotza zerutikako zorion batez bethe-bethea, egin zion Jainko maiteari birjinitatearen botua.

        Tenploan zen oraino Birjina Maria hil zitzaizkonean bere aita eta ama. Eta nola legeak, halako orduetan, apezei berei manatzen baitzioten Tenploan zauden umexurtxen aita-orde izatea, apezek artha hartu zuten Mariaren egitekoez, eta hek bilhatu zioten behar zuen laguna.

        Apezek beraz hautatu zioten Josep: Hura zen gizon bat justua eta osoki Jainkoaren bihotzaren araberakoa.

        Mariak hamabortz-bat urthe zituzken Tenplotik atherarazi zutenean; eta san Josepek berrogoi-bat urthe.

 

 

BIGARREN PONTUA

Inkarnazioneko mixterioa eta Birjina Sainduak
Santa Elizabeti egin zion bisita

 

        Ethorri zenean Jainkoak mundua salbatu gogo zuen egun benedikatua, Gabriel Arkanjelua jautsi zen zerutik Maria Sainduaren gana, Birjina hau othoitzean hari zelarik; eta erran zion: «Agur Maria, graziaz bethea, Jauna da zurekin, benedikatua zare emazte guzien artean».

        Maria aldiz, harritua aingeruaren ikusteaz, zagon bere buruarekin, zer erran nahi zuketen hitz horiek, noiz-eta ere aingeruak erran baitzion berriz: «Eztuzu zeren beldurrik izan, Maria, ezen amodiorekin begiratu darotzu Jainkoaren begiak. Kontzebituko duzu eta mundurat emanen seme bat Jesus deituko duzuna. Jainko Jaunak emanen dio Dabit bere aitaren tronua, eta Jakopen etxeko errege izanen da menderen mende».

        Mariak ihardetsi zion aingeruari: «Nola diteke hori, eztudanaz geroz ezagutzen gizonik?». Eta aingeruak erran zion: «Izpiritu Saindua jautsiko da zure ganat, eta Jaun-Goikoaren berthuteak itzal eginen darotzu. Hortakotz, zure ganik sortuko den fruitu saindua Jainkoaren Semea deituko da. Eta horra non, Elizabet zure ahideak, adin handia izana gatik, kontzebitu duen seme bat; eta haurrik gabea deitzen zutenak, badu sarri sei hilabethe esperantzetan dela; zeren ezpaita Jainkoak egin eztezakenik». Eta Birjina Sainduak ihardetsi zuen: «Huna Jaunaren neskatoa, gertha bekit zure hitzaren arabera».

        Gerthakari miresgarri hortarik lekhora, Maria Saindua, san Josepek lagundua, joan zen Zakarias eta Elizabet zagozin mendi arteko herrirat, behar ziola bere kusinari egin egiten ahal zion laguntza guzia.

        Luzez ibili ondoan, heldu zen etxe hartarat; eta hura sartzearekin batean, hark lehen hitza ahotik athera bezein laster, jauzika abiatu zitzaion haurra Elizabeti. Elizabetek ere izatu zituen argi bereziak Izpiritu Sainduaren ganik; eta erran zion Maria Sainduari, bozkariorik handienean: «Benedikatua zare emazte guzien artean eta benedikatua da zure sabeleko fruitua.

        »Eta nola dut nik hain zorion handia; zer gatik behar nuen ikusi nik, nere etxean, nere Jaunaren Ama!

        »Nere sabelean daukadan haurrak nabaitu edo sumatu dueneko hemen zarela, zure boza entzun dueneko, jauzika edo saltoka abiatu da atseginez.

        »Zein zaren dohatsu, Jainkoak erranarazi darotzun guzia sinhetsi duzulakotz. Ezen Jainkoak osatuko ditu, hasi dituen gauza handiak, errana izatu zaitzun bezala».

        Solhas eder horien guzien gatik ere, Andre-dena Maria etzen urguilutan sartu; ordean, umilitatezko sentimendurik handienekin, erran zuen kantika hau:

        «Nere arimak goresten du Jainko Jauna, eta nere izpiritua bozkarioz bethea da Jainko nere Salbatzailea baithan.

        »Begiratze bat egin nahi izatu dio Jaun Handiak bere neskatoaren ezdeustasunari; eta horra non, orai beretik hasirik, jende guziek deituko nauten dohatsua.

        »Ezen Guziz Botheretsua denak egin du nitan gauza handirik, haren izena saindua da, eta haren urrikalmenduzko graziak jautsiko dire menderen-mende, haren beldur direnen gainerat.

        »Suntsiarazi ditu, hats batez, beren buruaz hartuak direnen gogoeta urguilutsuak.

        »Arthiki gizon botheretsuak beren alkhietarik eta altxatu xumeak; bethe onthasunez erromesak; eta igorri etxerat aberatsak eskuak hutsik. Eta aldiz hartu du bere besoetan Izrael bere semea, bere lehenagoko amodioaz orhoituz.

        »Hori da gure arbasoei eta Abrahami erran eta agindu ziotena, beren ondoko guzientzat, mende guzien akhabantzaraino».

        Maria saindua egotu zen bere kusinarekin Jondoni Batixta sortu arteraino, eta egin-ahala lagundu zuen.

        Gero joan zen berriz ere Nazareterat; eta han zagon san Josepekin, noiz eta ere biek joan behar izan baitzuten Bethleemera Erromako enperadorearen manuz.

 

 

HIRUGARREN PONTUA

Birjina Saindua, Jesus Jaunaren
sortzeko egunetan eta bere Purifikazionean

 

        San Josep eta Maria Saindua Bethleemerat zireneko, Haurraren sortzeko eguna zen. Hargatik etzioten hirian nihork leihorrik eman nahi izatu.

        Hortakotz, eta Jesus Jauna han nahi zelakotz sortu, joan ziren heia baterat. Bai, munduaren nagusia han sortu zen. Eta Mariak, xatarrez inguratu ondoan, ezarri zuen othalakoan edo aberen jan-askan, lasto pixka baten gainean.

        Aingeru baten mintzora ethorri ziren artzainak, eta haukien ondotik Errege Magoak izar batek gidatuak.

        Maria Sainduak aldiz gogoan zaduzkan ikusten eta entzuten zituen guziak, eta bere izpiritua ere alha zuen gauza hekien gainean.

        Jesus sortu, eta berrogoi egunen buruan, Maria saindua joan zen Jerusalemera, Haur-Jainko hura besoetan. Ezen legeak manatzen ziozkaten ama guziei Purifikazioneko edo elizan sartzeko zeremonia batzu.

        Bertzalde Maria Sainduak behar zuen Jainkoari eskaini eta eman bere haur hura, eta gero, berriz erosi bertze zerbeit gauza emanez harren ordain. Zeren-eta Jainkoak erran baitzioten Juduei, Harrek beretzat nahi zuela familia guzietako lehen semea, non-eta burasoek etzioten, aldaren oinetarat ekharri ondoan, erosten bertze zerbeit gauza emanez harren ordain.

        Bainan elizan-sartzea, zergatik eginen du Birjina Sainduak, eztenaz geroz egundaino hura baithan izatu bekhatuaren notharik ttikiena? Mariak, bai, ikusi zuen lege hori etzela harrentzat egina, bainan bertzerik ere gogoratu zitzaion ordu berean: «Ez othe liteke bertze asko emakume, zeren eztudan urrats hau egin, egon litekenik pontu huntan legeari obeditu gabe?». Birjina Mariak etzuen niholaz-ere nahi, nihork haren gatik bekhaturik egin zezan. Eta hortakotz jarri zen, hura ere, bertze ama bekhatorosen herronkan, eta bertze Ama guzien zeremoniak izatu zituen.

        Maria Sainduaren erakuspen horren aintzinean kontu emateko dugu, nola behar diotegun obeditu Elizaren manamendurik ttikienei berei, eta zer artha behar dugun, nihork eztezan egin bekhaturik gure gatik.

        Purifikazioneko zeremonia hortarik lekhora, egin zion Andre-dena Mariak Jainko Jaunari egundaino nihork egin dion eskaintzarik ederrena: eskaini zion alabainan bere Seme bakharra, haur ttiki baten gorputz ahularen azpian gerizatua eta osoki gordea.

        Jesus Jaunak ere berritu bide zion bere Aita Eternalari, lehenago ere egina zion eskaintza, erraten ziolarik:

        «Gizonek etzautzuten zure maiestate handiari dohakon bitimarik ematen ahal; ordean, nere Aita, huna non naizen, gorphutz bat jauntzia. Hartzen dut nere gain gizonaren zor guzien pagatzea, eta gizonak merezi dituen gaztigu guzien jasaitea. Hemen nauzu, nahi duzun guziaren egiterat ekharria».

        Ordu berean zeruko aingeru guziak eman ziren ahuspeka horrela mintzo zen Jesus Jaunaren adoratzeko. Eta Jainko Jaunak egin zioten begiratzerik eztiena eta samurrena hala bere Seme maiteari nola harren Ama sainduari.

        Zeremonia hortan aberatsek eman behar ziozkaten apezei urtheko bildotx bat eta etxe-uso ume bat edo uso-ttorttoila bat. Jende xeheari aldiz etzion legeak galdetzen bi etxe-uso ume edo bi uso ttorttoila baizik. Maria etzen aberats, baina Judeako erregen odola izanki bere zainetan, eta zergatik eztu, bederen aldi huntan, aberatsek bezala eginen? Ez, Maria Sainduak etzuen iduriarazi zen baino aberatsago zela. Eta bi uso ttiki eskuetan agertu zen Tenploko athean.

        Jainkoaren nahia zen Birjina Sainduak iragan zezan bere bizia bethiereko trixtezian eta atsegabetan. Hortakotz gertharazi zuen aperiko azpian Simeon profetarekin. Eta Profeta harrek ezagutarazi zion zenbeit hitz bakharrez zer izan beharra zen Haur hartaz.

        Simeonek beraz, hartu bere eskuetan Jesus Haurra, eta, mintzo zitzaiolarik Jainkoari, erran zuen: «Orai, Jauna, utz dezazuke zure zerbitzaria bakean hiltzera. Ezen badut agindu zinarotana; nere begiz ikusi dut munduari ematen diozun Salbatzailea, lurrak hazten dituen jende guzien argia, eta Izrael zure populuaren loria».

        Josep eta Maria beha zagozilarik xoratuak solhas horiei, Profetak eman zion Haurra bere Amari erraten ziolarik: «Huna Izraeldar hainitzen kondenazioneko eta salbarazteko ethorria den Haurra. Hunek jasan behar dituen atsegabek eta tormentek zilhatuko darotzute bihotza, alderen-alde, ezpata zorrotz batek bezala».

        Zer solhas pisuak Mariarentzat!

        Ordu beretik Ama maite hura eman zen ethorkizunari begira. Eta ethorkizunean ikusten zuen Herodesek hilarazten zituela haurrak ehunka, milaka eta milaka, haren hura atxeman nahiz.

        Bertzalde ikusten zuen zein handiak izanen ziren Juduen itsumendua eta gaixtakeria, eta nola behar zioten bere Jesus maitea funditu azote ukhaldika, arrantzez koroatu eta hilarazi bi ohoinen artean. Ikusten zituen Jesus Jaunak bere amodiozko Sakramenduan hainbertze giristinoen ganik hartu behar zituen laido ikharagarriak; eta nola, Salbatzaile dibinoaren aphalmenduen gatik-ere, gehienak damnatu beharrak ziren. Eta gauza horien jakiteak behar zioten iduki bihotza, bere bizi guzian, dena herstutua eta lehertua. Zer bizitzea, edo hobeki errateko, zer martirio luzea!

        Purifikazioneko zeremonien ondotik Josep eta Maria joan ziren Nazareterat beren Haur maitearekin. Nazareten bizi beharrak ziren elkharrekin hogoi-ta-hamar-bat urthez. Eta nolakoa ziteken egundaino lurrak hazi duen familiarik sainduenaren bizitzea, Ebanjelio sainduak hitz bakhar batez ezagutarazten daroku: Jesus hekien eskupeko zen.

        Eta errex da asmatzea, Maria Sainduak eta san Josepek, biek egiten zutela Jesusen etsenpluen arabera; bai, eskola maite hartan, biak igan ziren saindutasunik gorenera.

 

 

LAUGARREN PONTUA

Birjina Saindua, Jesus Jauna
predikatzen hari zelarik eta Pasioneko denboran

 

        Jesus Jaunaren urratsez, predikuez eta mirakuiluez mintzo zaizkigun Ebanjelioek eztute aipatzen Maria saindua bi edo hiru aldiz baizik. Eta erran diteke, orduan ere aipatua dela, baduelakotz apalmendu zerbeit jasaiteko.

        Kanako ezteietan, Maria Sainduak, ez nahiz ahalkatuak ikusi jende gaixo batzu, erran zion Jesusi: «Eztute arnorik gehiago». Eta orduan Jesusek egin zion Amari ihardeste gogoetarazgarri hau: «Emakumea, zuk eta nik, zer egiteko dugu elkharrekin?». Erran balio bezala: «Noren ganik daukat, nik, dudan botherea? Zure ganik, ala nere Aitaren ganik? Eta nere Aitaren ganik balin badut, izan othe diteke bertze norbeit, erraten ahal darotanik, zer behar dudan egin? Orai oraino, ezta ethorria zer indar eta ahal dudan erakusteko ordua».

        Bertze behin, Andre-dena Maria, jakinik Jesus bere biziaren gal-ordean zela, joan zen hura ere, Nagusi Dibino harri begira zauden jenden aldera. Eta berehala norbeitek erran zion Jesusi haren ama eta ahideak ere han zirela.

        «Nere ama eta ahideak, ihardetsi zuen Jesusek, huna non diren». Eta besoaz erakusten zuen han zen jende ostea. «Ezen nere Aita zerukoaren nahia egiten duena da nere anaia, nere arreba eta nere ama».

        Huna oraino, nola, bertze aldi batez ere, aipatua den Maria Saindua Ebanjelioan. Behin batez, Jesus Jauna predikatzen hari zelarik, emazte bat bozkariorik handienean hasi zen oihuka, jende guziaren artetik: «Dohatsu ekharri zaituzten erraiak! Dohatsu esnea eman darotzuten bulharrak!».

        Eta beldur izan balitz bezala haren Ama bozkaria zadin solhas eder horien gatik, Jesusek ihardetsi zuen ordu berean: «Dohatsuago Jainkoaren hitza entzuten dutenak eta hari jarraikitzen direnak!».

        Birjina umil harrek etzuen ohorerik, ez laudoriorik behar mundu huntan; aitzitik bai bethiereko atsegabeak eta apalmenduak. Hargatik ezta errana Maria Saindua han zela, emakume khartsu hura mintzatu zenean.

        Ordean huna non garen Maria Sainduaren biziko egunik beltz eta ilhunenean, Jesusen Pasioneko egunean.

        Salbatzaile dibinoa abiatu zeneko, gurutzea bizkarrean, Jerusalemeko karrikak barna, bere Ama athera zitzaion bidera. Eta, handik aintzina, etzen gehiago urrundu harren ganik, bainan jarraiki zitzaion bururaino, ahuspeka ematen zelarik, bereziki bere gurutzearekin batean erori ziteken tokietan.

        Galbarioko mendirat heldu zirenean, han ere Maria Sainduak entzun zituen Jesusi egiten ziozkaten trufak eta irriak. Eta gero, trufek eta irriek baino saminkiago bihotza hautsi behar ziotena, entzun zituen eskuak eta oinak itzatzen ziozkaten marteilu ukhaldiak.

        Azkenean landatu zuten gurutzea, eta ikusi zuen gurutze hartarik dilindan bere Guziz Maitea, dena funditua eta gizona ez-bezalakatua. Halarik ere Maria han berean egon zen, bere haren aintzinean, xutik eta ixilik.

        Hemen gogoratzen ahal zaio norbeiti, Maria Saindua xutik eta ixilik zagola, zoratua zelakotz eta sorraiotua, atsekabearen handiz. Zenbatak munduan, holakorik gabe, ezinbertzeratuak direnak! Bainan ez! Mariaren bihotza, etzen hein hartan.

        Jakinki, edo hobeki mintzatzera, ikusten Aita Eternalak sakrifikatzen zuela bere Seme bakharra, gure salbatzea gatik, eta Seme Jaunak xede bera zuela bere burua gaixtaginei largatzean, Mariak ere egin zuen bertze hainbertze. Maria Sainduak onetsi zuen, egundaino amak bere haurra baino miletan maiteago zuen bere Seme hobengabeak eman zezala bizia gizonaren ifernuko bidetik atheratzeko, eta Jainko Jaunaren ezagutarazteko eta maitarazteko.

        Eta erranez Maria Sainduak onesten zuela Jesusen hiltzea, eztitut gauzak adiarazten diren bezala. Mariak, ordu lazgarri hartan eskaintzen zion Jainko Jaunari harren maiestateari guziz ongi zohakon bitima. Eta horra, nola zagon xutik. Xutik zagon mezaren ematen hari den apezaren pare; eta aldiz ixilik, etziolakotz Jainkoak kontsolazionerik ttikiena ere eman nahi gure Erostaile amultsuari, gure bekhatuez penitentzia egiten hari zelarik.

        Jainkoaren nahiaren arabera izanen du Jesusek. Nihork, eztio erranen, ez eta bere Amak berak ere, oinhazerik ikharagarrienen errexkiago hartzen lagunduko duen solhas bakhar bat.

        Ordean, Maria sainduak, han egonez, ez othe du, kontsolatu-orde, handitzen bere Seme Jaunaren bihotzmina? Nola etzitzaion gaitzi izan behar, Seme on hari gurutzefikatua izatea bere Amaren aintzinean? Eta Mariak berak ere ez othe luke hobe handik joaitea, eta ezpalu begien aintzinean ikusgarri trixte hura?

        Bai, baditeke! Hala Amak nola Semeak, biek arinago zuketen beren atsegabea. Ordean etzion Jesusek manatu bere Amari handik urruntzea; eta han berean egon zen Salbatzaile Dibinoaren pairamen hek guziak jasaiten zituelarik bere baithan. Halako gisaz non Jainkoaren grazia berezi bati esker, Jesusi ezarri zioten khoro harren punta zorrotzak heldu baitziren Mariaren bihotzeraino; eta Jesusen eskuak eta oinak gurutzeari josi zituzten itze lodiek arima bera ere zilhatu baitzioten Mariari, eta Jesus Jaunak izatu zituen laidoek eta trufek xukharazi eta iharrazi bihotza.

        Eta halarik ere Ama samur hark hartu zion, bere Seme Jaunari ezpainetarik, jastatu-orduko utzi zuen edari kirets hura. Bai, gure Ama maiteak hartu zuen bi eskuz kalitz hura, eta han zen edari guzia edan zuen eta hustu azken xortaraino; erran nahi baita, Jesusen laido eta oinhaze guziak denditu zituela bere baithan ezin borthizkiago.

        Eta atsekabezko itsaso harren erdian ithoa bezala zelarik, bazuen oraino, izpirituan landatua, handik ken etzezaken bertze gogoeta bat: «Jaun zerukoak hainbertzekoak ikusten, eta gizonak nola egin zezaken hain kontu gutti haren merezimendu neurri gabekoez? Nola etzen ifernua behin-bethikotz hetsia egonen».

        Gogoeta horietan zen galdua, eta bihotza lehertua, Jesus Jaunak erran ziozkanean hitz hauk, erakusten ziolarik ordu berean Jondoni Joanes: «Emakumea, horra zure Semea». Gero Maria Sainduak ongi sinhets zezan Jesusen errana, ongi ezagut zezan Jondoni Joanesen ama izan behar zuela, eta, ordu berean lurrak hazi behar zituen jende guzien ama, entzun zituen Jesusek bere apostolu maiteari buruz erran zituen solhas hauk: «Horra zure Ama».

        Bainan Semetzat Jainko bat duena nola bilhaka diteke munduko bekhatoros guzien ama, munduko Judas berri guzien ama? Berak ere nola izan dezake ama on baten amodioa higuintzarik baizen izanen eztuten arima dohakabe batzuentzat? Eta oraino, zer gatik maita eternitate guzian ifernuko su lamen erdian ikusi behar dena?

        Ezen ikusten zuen, harrek emanik ere argi eta laguntza guziak, hainitzak joanen direla alegerarik ifernuko bideari behera; eta zenbatenaz ere grazia gehiago galtzerat utzi baitukete eta hainbertzenaz ere lazgarriago dituzketela beren tormentak ifernuan.

        Horiek guziak han zituen bere begien aintzinean. Bainan ikusten du, hartaz baizik, zenbatak galduak litezken; bertzalde Jesus Jaunak ere manatzen diola onets dezan jende guzien ama bilhakatzea; eta erran zion bere Seme Jaunari, bihotzaren zola-zolatik: «Huna, Jauna, zure neskatoa, egizu nitaz nahi duzun guzia». Eta gure Ama bilhakatu zen.

        Jondoni Joanik ere onetsi zuen Jesusen errana, eta ordu beretik izatu zuen bere Nagusi Dibinoaren Amaz, bere amaz izatu zuken artha.

        Hemen, guk ere ikusi behar ginuke, ian, Andre-dena Mariak ezagutzen ahal gaituen bere haurtzat; edo, hobeki mintza nadin, behar ginuke ikusi, ian aski bilhatzen othe dugun Andre-dena Mariari atsegin egitea, harren ezagutaraztea eta maitaraztea.

        Maria Saindua gurutzearen oinetan egotu zen Jesus Jaunaren azken hatseraino; eta, aintzina ere bai, Jesus gurutzetik jautsi arte. Jautsi ziotenean, lotu zen besatraka dilindan zagon buru hil eta funditu harri. Garbitu ere zuen, egin ziteken bezenbatean, azotek eta arrantze puntek odola zariola ezarri zuten begitarte maitea, egotu zitzaion begira astiroki mila ezpata kolpek baino saminkiago bihotza zilhatzen zion ikusgarriari, eta gero, lagundu ondoan gorphutz adoragarri hura, bi gizon sainduk eman zioten hobiraino, itzuli zen Jerusalemerat Jondoni Joanirekin eta bertze emakume sainduekin.

 

 

BORTZGARREN PONTUA

Birjina Sainduaren
mundu huntako azken egunak

 

        Jesu Kristoren pairamenen ixtorioa kondatuz geroz Ebanjelioaren iskribatzailek eztarokute gehiago deusik erraten Maria sainduaz. Ordean geronek asma eta errexki sinets dezakeguna da, Jesus Jauna bere Amari agertu zitzaiola, Bazko goizean, bertzerik nihori baino lehen, eta orduan, ederki kontsolatu zuela eta halaber saristatu harren gatik hartu zituen atsekabe guziez. Nolakoak etzitezken Mariaren atseginak bere Jesus Jauna ikustean bizi-bizia eta edertasun guziez jauntzia!

        Erran diteken guzia da egun hartan hasi zirela Mariarentzat, zeruan, menderen-mende, bethiraute guzian izanen dituen zoriona eta bozkariak.

        Egia da, Salbatore egunean, Jesus Jauna zerurat igan zitzaiola, eta aldiz berak bazuela oraino hainitz urthe lur huntan egoteko, bainan egun hartan berean ere, bazen Ama maite harrentzat atsegabe baino atsegin gehiago. Ezen nola ez izan bozkariorik handiena, bere Seme Jauna ikustean zerurat igaten, nihoren laguntzarik gabe, eta Jainko bezala zuen bothereari esker.

        Ordu arteraino, Judu eta pagano, guzien ustekeria zen: Jesus langile ttiki baten Semea zela. Populua ere haritua zen oihuka, eta izkirituka, iduri bazter guziak hautsi behar zituela, nahiago zuela bizirik eta libro ikusi Barrabas, erran nahi baita, gizon bat ohoina eta jende hiltzailea, ezen ez Jesus Saindutasuna bera zena.

        Maria sainduak etzituen ahantziak horrelako laidoak.

        Harren bihotz kolpatu eta zaurtuak zer gudukak etzituzken noiz-nahi izpirituarekin: Jesusek argitu diozkate itsuak, ernearazi gorrak, eriak sendatu, hilak piztu, zernahi ongi egin diote!

        Juduak, errazue, egintza horietarik zeinen gatik egin darotazue nere Semea jende hiltzailearen pareko, eta hura baino ere areago? Zer gatik ematen diozue gaixtaginari libertatea eta nere Semeari gurutzea? Eta izpirituak ihardesten zion: Etzakiten zer hari ziren.

        Bainan Salbatore egunean, Mariak erraten zioken gogoz eta bihotzez bere Jesus maiteari: «Orai arte ezpazaituzte ere ezagutu, bederen orai, zerurat zohazin huntan, beharko dute ikusi Juduek eta bertzek Jainko biziaren Semea zarela.

        »Zohazi beraz zerurat. Han emanak izanen zaitzu gizonaren Salbamenduaren gatik jasan ditutzun laido eta pairamen lazgarriei dohazkoten atseginak eta ohoreak.

        »Errege izanen zare, zeru lurren Errege! Mundu guziak, bazter guziek ezagut zaitzatela beraz beren Nagusi eta Jainkotzat. Eta nitaz, bai, nitaz izan bedi nahi duzun guzia».

        Horiek zitezken, edo bederen zerbeit holako, Birjina Sainduaren sentimenduak Jesusen zerurat igatean. Eta, aingeruak manatu ziotenean harri eta apostoluei Jerusalemerat joaitea, jautsi zen hura ere mendi gain hartarik apostoluekin batean.

        Jainkoaren xedea zen, guri irakastea, bere Ama maitearen bidez, zertan den saindutasuna eta nola saindutzen ahal garen.

        Egon behar izatu zitzaion beraz lurraren gainean, hainitz urthe, eta bizi izatu zen ordu arteraino bezala, ahal guzian ixilik, eta izpiritua Jainkozko gauzez bethea.

        Andre-dena Mariaren lana oraino, Jesus Jauna zerurat iganez geroz, hau zen, othoitzean haritzea eta othoitzik khartsuenen egitea, populu guziek entzun eta sinhets zezaten apostoluen mintzoa, Ebanjelio saindua heda zadin, lehen-bai-lehen lurreko zokho eta bazter guzietaraino, eta hala, Jesus Jauna izan zadin ezagutua eta maitatua.

        Azkenean ethorri zitzaizkon aingeruak erratera, akhabatzera zohazkola lur huntako egun beltz eta luzeak, zeru guzia berandetsia zuela; hurbildua zuela zerura joan behar zen egun ederra.

        Eta huna Elizako Nagusiek zer erraten darokuten Mariaren heriotze horren gainean:

        Maria Sainduak bethe zuenean bere mundu huntako denbora, Jesusek eman nahi izatu zion oraino bizi ziren apostoluen ikusteko zoriona, hala nola apostoluei ere bai, beren Ama onaren ikustekoa.

        Jesus Jaunak igorri ziozkaten beraz aingeruak apostoluei erratera, Maria Sainduak etzuela gehiago, lurraren gainean egoteko, hiru egun baizik.

        Horrela apostoluak bildu ziren Andre-dena Mariaren ingurura, Jainkoaren mirakuilu bati esker.

        Gure Ama maiteak bazituen orduan hiruretan hogoi-ta zenbeit urthe; bainan hala-ere, etzen ezindua edo hautsia adina, ez eritasune.

        Ezen Maria Agredakoaren arabera, Andre-dena Mariaren gorphutza eta itxura egotu ziren, hogoi-ta hamahiru urthetarik goiti, ganbiorik batere gabe.

        Irakurtzen da oraino Maria Agredakoaren liburuetan, Maria Saindua joan zitzaiotela atheraino bere ongi-ethorriaren egitera Jondoni Petriri, Jondoni Paulori eta bertze apostoluei.

        Hekiei guziei galdetu zioten beren benedizionea; eta gero, jarria zagolarik bere ohearen gainean, egin ziozkaten bere azken gomendioak, eta eman zioten hark ere bere benedizionea.

        Andre-dena Maria heldua zen bere biziaren burura.

        Orduan hautsi zituen lurrari estekatzen zuten lokharriak azken amodiozko akta baten bidez, eta haren arima saindua igan zen zerurat aingeruen bozkariozko kantiken erdian.

        Apostoluentzat eta lehenbiziko giristino hekientzat atsegabe handia izatu zen Ama on harren galtzea. Hargatik kontsolatu ziren, eginez bere baithan, zeruan izana gatik ere, Maria Saindua hekien Ama botheretsua izanen zela, eta ehortzi zuten Jerusalemetik kanpo hobi berri batean.

        Erran dut Mariaren arima igan zela aingeruen bozkariozko kantiken erdian. Aingeru batzu zerurat zohazilarik bertze hainitz gelditu zen haren gorphutzaren inguruan. Hek ere haritu ziren, hiru gau-egunez, bozkariozko kantika kantatzen. Eta gero, hiru egunen buruan, ixildu ziren.

        Bainan zergatik etziren gehiago kantuz hari?

        Apostoluek jakin behar zuten hori san Tomasi esker.

        Apostolu hura heldu zenean Jerusalemera, bazuen jadanik hiru egun Andre-dena Maria ehortzia zela. Halarik ere galdetu zuen egin zezotela hobiaren idekitzeko atsegina: behar zuela harrek ere, oraino aldi bat, ikusi bere Ama maitearen begitartea. Eta hortakotz apostoluak joan ziren berriz ere Andre-dena Mariaren hobira.

        Bainan, ideki zutenean hobi hura, ikusi zuten etzela han gorphutzik; Mariaren arropa batzu zirela han bakharrik zerutikako usain on-on batekin. Eta orduan apostoluek eta giristinoek ezagutu zuten Maria Sainduaren gorphutza piztua zela eta zerurat altxatua.

        Nola izan ziteken bertzela?

        Ez, hobiko harrek etzuten ikustekorik notharik gabeko gorphutz harren gainean. Altxatu zuten beraz aingeruek zerurat, hil-eta hirugarren egunean. Eta, gorphutz eta arima, Andre-dena Maria jarri zen bere Seme Dibinoak aphaindua idukitzen zion alkhi distirantaren gainean.

        Jainko Jauna du bakharrik bera baino gorago, eta bera baino apalago, han ikusten ditu Aingeruak eta Arkanjeluak, Patriarkak eta Profetak, Apostoluak, Martirak eta bertze saindu guziak.

        Tronuari dohakon bezalakoa da haren jaunztura; buruan duen korona Jainkoaren Amari dohakon bezalakoa; eta aldiz haren bothereak dire zeru-lurren Erreginari dohazkonak. Ezen, Jainko Aitak zeru-lurren Erregina egiten zuelarik, Jesus Jaunak ere ematen ziozkan bere pairamenen, eta heriotzearen bidez egin zituen irabazi guziak. Eta hori, zen baino ere miletan aberatsago eta botheretsuago izan ahal zadin.

        Han ditu beraz bere eskuetan gure sokhorritzeko eta salbarazteko behar dituen indar eta grazia guziak.

        Zerurat altxatua izatu zen ordu hartan berean hasi ziren, gure Ama maitearentzat, bethi eta bethi iraunen duten bestak eta kantu zoragarriak.

        Lurrean ere eman zen jendea, ordu beretik, Maria Sainduaren ohoratzen. Eta egundaino geroz baditu eta izanen elizak bazter guzietan, eta aldareak eliza guzietan.

        Bertzalde egiazko giristino den guziak badakharke bere Ama onaren iduria medaila batean; eta haren haur dela erakusterat emateko oraino hobeki, giristino egiazkoak izanen du soinean, gau eta egun, Ama Birjinak guziz maite duen ordre zenbeiten arropa edo abitua.

        Erran nahi baita, Maria Sainduari gerthatu zaiola bere solhas hunen arabera: Jainkoak ikusi du haren neskatoak zer gauza gutti eta ezdeusarentzat daukan bere burua, eta hortakotz jende guziek deituko dute dohatsua mende guzien akhabantzaraino.

        .

 

Irakaspena

 

        Nahi balinbadugu egiazki Andre-dena Maria hel dakigun gure behar-orduetan, eztezagun uste izan aski zaikula haren medailaren eta arroparen garreiatzera, erakuts dezagun haren haur garela, harenak garela gure bizitzeaz beraz. Eta, orai arteraino, izatu balinbagine ere bekhatoros, eztugu zeren etsi gure salbamenduaz.

        Maria gure Amak bere gerizan hartzen duena ezta nihoiz galduko.

 

aurrekoa hurrengoa