www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urtharilaren 2an

SAN MAKARIO ESIPTOKOA, ABADEA

Hila 391an

 

        San Makario sortu zen Esiptoan laugarren mendearen hastean. Huna zertarik dakigun iragan zuela sainduki bere haurtasuna:

        Abere edo azienda zain zagolarik bere kideko lagun batzuekin, lagun hek ebatsi zituzten fikoak. Bainan gero laster egin behar izatu zuten; eta nola, beren lasterka hartan, utzi baitzuten erortzera fruitu hetarik bat, Makariok altxatu zuen eta jan. Nongo haurrak etzuken egin gauza bera?

        Eta bizkitartean saindu hunek auhendatzen zuen bere haurkeria hori, zahartu ondoan ere, urrikizko sentimendurik bizienekin; bere huts hortaz nigar egiten zuen, eta hola, berak batere nahi gabe, adiarazten zarokun zein ongi iragan bide zuen bere haurtasuneko denbora.

        Handitu zenean, kontatu zioten nolako bizitzea zeraman san Antoniok bortu-barnean. Eta ordu berean gogoak eman zion behar zuela egin Antoniok bezala; behar zituela utzi harrek ere mundua eta munduko ezagun eta ahide guziak.

        Erran zioten beraz burasoei, etzitezela griña edo khexa haren gatik, harrek bereaz eginen zuela, eta jarri zen etxola ttiki batean, jenderik batere iragaiten etzen oihan zokho batean.

        Nahiz oraino gazte-gaztea zen, hala ere lotu zen hain khartsuki bere saindutasuneko lanari, non, zenbeit urthe bakharren buruko, bizi baitzen Jainko Jaunarekin batasun oso batean, eta iduri baitzuen, bazuela jadanik hainitz urthe fraide zela. Jainkoak ere ezagutarazi nahi izatu zuen ordu beretik nolakoa zen gizon gazte harren saindutasuna.

        Behin, bera kanpoan zelarik, ohoin bat sartu zitzaion etxolan, hartu ziozkan ere harrentzat on ziren guziak; eta gero, kamelu handi batekin baitzabilan, kamelu harren gainean antolatzera zaramazkan bere gauza hartu guziak, Saindua bera ethorri zenean.

        Bertze edo-zein izatera, Makariok erranen zion: «puska hek han berean utz zetzala, eta berak ere, bai, huts zetzala toki hek arin-arina». Makariok aldiz egin zuen nihola ere guk egin ezkinukena. Alegia nonbeiko arrotz bat izanki, joan zitzaion ohoinari alde-aldera, eta lagundu zuen puska guzien antolatzen kameluaren gainean.

        Denak ongi estekatu zituenean, ohoinak eman zion zaldiari makhila ukhaldi bat, abia zadiela; bainan zaldia etzen higitu ere; jo zuen oraino hobeki, eta kamelua han berean zagon.

        Orduan Saindua joan zen bere etxolara, eta han ikusirik xokho batean pala txar bat, ereman zion ohoinari pala hura, erraten ziolarik: «Horra, segur naiz zure kamelua tresna hunen beha zagola; ikusiko duzu orai abiatuko dela».

        Hainbertzenarekin jo zuen kamelua eta abiatu zen. Saindu gazteak aintzina ere lagundu gogo zuen, bainan, bide pixka bat egin zutenean, berriz ere kamelua gelditu zen; eta hain ongi, non ezin gehiago abiarazi ahal izatu baitzuten.

        Ohoinari etzitzaion oraino halakorik gerthatu. Gogoeta egon ondoan beraz, zer zuken haren zaldiak, galdetu zion lagundu nahi zuen gizon gazte hari, erran zezola othoi, hura nor zen.

        Makariok ihardetsi zion, hura zela bekhatoros bat etxola hartan zagona. Eta ohoina harritua eta ordu berean Jainkoaren graziak argitua, eman zen belhauniko harren aintzinean; galdetu zion barkhamendu, eta othoiztu zuen har zezala bere etxolan, behar ziola irakatsi zer behar zuen egin zerurat joaiteko.

        Eta denborarekin hura ere fraide bilhakatu zen.

        Mirakuilu horren gatik, eta gero oraino, jasan zuelakotz pairurik handienarekin, belztua izatea mihi tzar baten solhasaren gatik, jendea hasi zen ohartzen gizon gazte hura saindu handi bat zela. Eta hortakotz san Makariok bazituen maiz ikustiarrak alde guzietarik.

        Bainan, nola ezpaitzen ohore gose, ihesi egin zuen bortu barnerat.

        Hargatik, bortu-barnean bere etxe-tokia hautatu baino lehen, joan zen san Antonioren ikustera, nahi ziozkalakotz galdetu xehetasun batzu komentuko bizitzaren gainean.

        Hamabortz egunez ibili ondoan, joan ahala joan, heldu zen san Antonio zagon etxolara. Saindu handi harrek ikusi zuenean gizon gazte bat bere etxolako athean, galdetu zion hura nor zen. Arrotzak erran zion hura Makario Esiptokoa zela. Eta ordu berean Antonio sainduak hetsi zuen athea; ezen entzuna zuen handia zela saindu gazte harren pairua, eta nahi zuen jakin ian hala zena ala etzena erran othe zioten.

        Makariori etzitzaion batere gaitzitu san Antonioren egitate hura: eta emanik ongi bere gogoari, etzuela harrek egiazki zohakona baizik jarri zen belhauniko, eta egotu zen luzez hala-hala.

        Bizkitartean san Antoniok ere ikusi zuen gizon gazte harrek bazuela egiazko umilitatea. Ideki zion beraz athea, besarkatu zuen amodiorekin, eta, erraten ziolarik atsegin zuela harren ikusteaz, eman zion bide luze baten ondoan behar zuen guzia.

        Makario, egotu zenean nagusi handi harren eskolan berak nahi zuen bezenbat, joan zen bertze bortu zokho baterat, su berri batek hartua, eta ongi iragana bere gogoarekin, behar zuela egin ordu arteraino baino hobeki.

        Egun hartarik goiti, etzuen jaten astean behin baizik, eta gabak eta egunak lanean eta othoitzean zaramazkan, kasik loik ez pausarik gabe, eta bertzalde, jasanarazten ziozkalarik bere gorphutzari jende biziak jasan detzazken guziak. Ura bera ere, askotan, nakhaizgarria edo desgustagarria zuen, zeren behin untzitara bat ekharriz geroz hartarik hari baitzen ziraueino, eta hartarik ere edaten zuen ez nahi zuken bezenbat, bainan aldian zenbeit xorta bakhar.

        Harren lana saski egitea zen. Eta gero, egin zuenean jasan ahal zezaken bezenbat, bazohan heien saltzera.

        Behin hargatik ohartu zen bazuela ereman ahal baino gehiago ere.

        Bidean zelarik beraz, eta joan behar zuen tokitik oraino hainitz urrun, ikusi zuen etzezakela egin urratsik ere gehiago, lehertua zela. Orduan erran zion Jainkoari bere bihotzaren zolatik: «Jauna, badakizu zer heinetan naizen; zuri nago». Eta handik berehala aurkhitu zuen bere burua Esiptoko ur handiaren bazterrean. Etzen urrunago joan baharra oinez.

        Makario sainduak maite zituen, bertzen gainetik, bi berthute hauk: bere buruaren mortifikatzea gauza guzietan eta ixiltasuna. Harren meneko jarri ziren fraidei ere gomendatzen ziozkaten bereziki bi berthute horiek. Eta nahi zuen bidean ere, bia balin baziren elkharrekin, etzitezela egon bat bertzearen aldean, bainan zohala bat aintzinaxago.

        Egun batez, hola zohan bere fraide lagunarekin, bera gibeletik eta lagun hura aintzinean, noiz eta ere gerthatu baitzitzaioten nahi etzuketen ixtorioa.

        Lagun harrek, urrunsko joana zelarik aintzinean, ikusi zuen apez pagano bat, lasterka zabilana bere jainko faltsuaren ohoratzea gatik, makhila handi bat eskuan zut-zuta.

        Hura ere ixilik utzi orde, fraide ondikozkoak erran zion: «Haizen bezalako debrua, norat oha laster hortan?». Solhas hori erran zueneko, paganoa joan zitzaion berari buruz, eta haritu zitzaion bere makhila handiaz jo-ahala jo. Halako gisaz non xehakatu baitzuen eta funditu. Eta gero eman zuen berriz ere bideari.

        San Makarioren parreratu zenean, harrek erran zion mintzorik eztienarekin: «Egun on, egun on; zer lanak dituzun, eta nola unhatua bide zaren!».

        Paganoa, harritua horrelako agurraren izateaz, joan zitzaion sainduari aldera; eta galdetu zion: «zer zuen hain onik ikusten harren baithan, halako solhas onen errateko».

        Sainduak ihardetsi zion: «Hitz horiek erran darozkitzut, zeren-eta ezagutu baitut zure buruaren funditzen hari zinela deusik balio eztuen lan batean».

        «Orai ageri da Jainkoaren zerbitzari bat zarela, erran zion berriz ere paganoak; eta ezta segur zure idurikoa, hantxet aurkhitu dudan fraidea. Atrebitu harrek erran darot solhas bat xarra eta behar ezten bezalakoa; bainan, makila huni esker, baditu bereak».

        Horrela mintzo zelarik, Makario saindua othoitzean zagon harrentzat. Eta etzuen alferretan egin othoitz; ezen argitua betbetan bere ordu arterainoko zoramenduaren gainean, eman zen belhauniko Sainduaren oinetan, erraten ziolarik, etzuela urranago joaiterat uzten, non etzion agintzen hartuko zuela hura ere fraidetzat.

        Orduan joan ziren fraidea eroria zagon tokira. Eta nola ez-paitzagoken bere zangoen gainean, ereman zuten biek handik hurbil zen komentu baterat.

        Apez paganoa zin-zinez emana zen Jainkoari buruz; hartu zuen beraz fraide-arropa. Eta zeren hura konbertitu zen , bertze hainitz paganok ere egin zuten harrek bezala, utzi jainko faltsuen adoratzea eta giristino bilhakatu.

        Jainko Jaunaren xedea zen beharretan ziren asko jenderen sokhorritzea saindu hunen bidez. Hortakotz eman zion nagusitasun osoa ifernuko izpiritu gaixtoen gainean. Eta saindua baliatu zen bere bothere handiaz hala bere fraiden onetan, nola ethortzen zitzaizkon bertze jenden sokhorritzeko.

        Behin bere etxolaren aintzineko bidearen gainean zelarik ikusi zuen Satan harren alde-aldean iragaitera zohala. Alegia jaun arrotz bat izanki, ifernuko printzea lihozko arropa batez jauntzia zen. Baina arropa hura dena bethea zen zarpa edo sakela ttiki batzuz, eta zarpa bakotxean bazuen fiola ttiki bat.

        Sainduak galdetu zion norat zohan. Eta izpiritu gaixtoak erran zion: «Banohak hire fraidetara, behar diat ikusi, ian ez othe diotedan harraraziko hemen tudan erremedio hautarik zerbeit-bat».

        Fraiden etxolak barna ibili zenean, eta egin ondoan bere egin-ahal guziak hekien erorrarazteko bederen gogozko zenbeit bekhatutan, berriz ere agertu zen san Makarioren aintzinean; eta nahi bazuen-eta-ez, bortxatua izatu zen erratera zer egin zuen.

        Sainduak galdetu zionean beraz zer berri zen, Satanek ihardetsi zion:

        «Hire fraide horiekin etzukek egin deusere. Eztire neretzat trufarik eta trufarik baizik. Eztarokat nihork konturik egin nahi izatu.

        »—Zer, erran zion berriz ere Sainduak, eztuk beraz nere haurridetan nihor-ere adiskiderik?

        »—Dena den bezala erratera, baduk bat sinesten nauena. Eta ni ikusi orduko itzulia duk niri buruz haizea bezala.

        »—Nola dik izena fraide hark?

        »—Teopemto, ihardetsi zion oraino ere debruak; eta hitz horrekin batean suntsitu zen».

        Hemen erran behar dugun gauza bat, hau da, san Makario bera fraide bakhar batekin zagon, eta haren bertze ikasle guziek bazuten beren etxola ttikia, eta etziren elkharretarat biltzen larunbat arratsaldetan baizik kobesatzeko; eta gero hargatik igandea elkharrekin zaramaten.

        San Makariok entzun zituenean debruaren solhas hek, etzuen denborarik galdu; ordean joanik berehala fraideak elkharretara biltzen ahal zituen tokira, egin zuen zenbeit solhas bakhar batzuekin eta bertzekin, eta gero, erran zion Teopemtori behar zuela iragan gaba harrekin, haren etxolan.

        Teopemtorentzat ohore handia zen ermitau guzien Aitaren izatea bere etxolan gau bat osoa; eta atsegin handia zuen.

        Etxolara zirenean, eta gero jarri bat bertzearen aldean, Sainduak galdetu zion: «Eta, haur maitea, zertan gare?».

        —Arras ongi, nere Aita, zure othoitzei esker.

        —Bainan, erran zion Sainduak, gogoeta horiek etzaituzte unhatzen pixka bat?

        Teopemto etzen menturatu egiaren erratera; eta ihardetsi zion, ezetz.

        —Eta nik, erran zion berriz ere san Makariok, baduelarik bortu huntan naizela hainbertze urthe, nik lanak ditut, gogoeta gaixtoen kentzen nere izpiritutik.

        Sainduaren solhas horrek hazkartua, ermitaua ere mintzatu zen, ziolarik: «Nere Aita ona, ez nagoke gehiago ixilik, erranen darotzut zertan naizen: Bai, badire aldi batzu, gogoeta gaixtoek tinkatzen eta hestutzen bainaute».

        San Makariok etzuen bertzerik entzun nahi. Horrela aitortu ziozkanean bere tentazioneak, erran zion xehe-xehea zer behar zuen egin halako orduetan, eta gero biharamunean joan zen bere etxolarat.

        Handik zenbeit denboraren buruan, ikusi zuen berriz ere debrua, eta galdetu zion, ian bazuen hainitz adiskide haren fraidetan.

        Eta izpiritu gaixto harrek ihardetsi zion: «Eztiat egitekorik deusere hire fraidekin, eta gehiago dena, orai arte nahi nuen guzia eginarazten nion fraide harrek ere eztarotak konturik egiten. Horra zeren erratera bortxatua naizen».

        Orai emanen dudan ixtorioak adiarazten ahal daroku nolako sinhestea zuen Jesus Jauna baithan:

        Behin, bere fraiden ikusten ibilia, etxerat buruz hari zen, noiz-eta-ere denbora gaitz ikharagarri batek hartu baitzuen. Etzela halako aroarekin urrunago joaiten ahal, begira eman zen non aurkhituko zuen atherbe pixka bat. Eta ikusirik bazirela han hemenka paganoen hobi batzu, dorre punta xorrotz batzu iduri, joan zen hetarik hurbilenerat.

        Etzen ere lotsatu ikusi zuenean bazirela hobi hartan gorphutzak oraino oso-osoak; ordean egin zuen gurutzearen seinalea fede bizi batekin, eta sartu zen beldurrik gabe.

        Barne hartan haritu zen othoitzean berant arte. Azkenean hargatik, ordukotz gauerdi iria, eman zen etzanik, behar zuela egin lo pixka bat. Eta loharkatu zen harturik gorphutz hetarik bat bururditzat.

        Bainan, ongi loharkatu zeneko, ethorri ziren debruak harrabotsik handienetan, iduri behar zituztela errotik athera hobi guziak. Bizkitartean harrituak gure sainduaren atrebentziaz, hasi ziren oihuka erraten ziotelarik bururditzat hartua izatu zenari: «Hi, holakoa, jeiki hadi, eta athor gurekin mainhu baten hartzera».

        Bertze debru batek ere ihardetsi zuen, hilaren barnetik, eta alegia hila bera mintzo: «Ez naitekek altxa, badiat norbeit nere gainean».

        Hainbertzenarekin Saindua hasi zen ukhail-ukhaldika, bururditzat zuen gorphutzari, erraten ziolarik: «Ian jeikiko haizen! ian higituko ere haizen!».

        Eta ordu berean debru guziak joan ziren handik, erraten ziotelarik Sainduari: «Bagohazik, bagohazik! nagusi haiz, gaina duk!».

        Kontatzen dut oraino bertze mirakuilu bat:

        Behin gizon gaizo bat joan zitzaion san Makariori, «othoi urrikal zakiola, han zituela bere ondotik preso altxatu nahi zutenak, harrek hil balu bezala hekien gizon bat; gaizki zabiltzala, harrek etzuela hil nihor egundaino».

        Ethorri zirenean beraz gizonak, Sainduak erran zioten: «Zuek baitiozue, hau dela zuen gizonaren hiltzailea, eta aldiz hunek, eztuela egundaino nihor hil, zatozte eta gohazen gorphutz hartara».

        Hilera zirenean, Sainduak erran zion: «Zu norbeitek hil zaituenak, behar darokuzu jakinarazi, ian gizon hunek kendu darotzun bizia; mintza zaite; manatzen darotzut Jesusen izenean».

        Eta guziak harrituak zagozilarik, zer behar zuten ikusi, hila mintzatu zen, erran zuen, «ezetz», eta ikhararik handienean joan ziren etxerat preso altxatu nahi zutena, eta harren bilha zabiltzanak.

        San Makariok bazuelarik jadanik larogoi eta hameka urthe, harren aldean ziren fraideak ohartu ziren indarrak ttikitzen hari zitzaizkola. Galdetu zioten beraz egin zezala oraino ager-aldi bat bere meneko fraiden artean.

        Saindua joan zen gogo onez. Eta nola hainitz ahuldua baitzen, erran ziozkaten bakharrik hitz hauk: «Nere haurride maiteak, egizue nigar zuen bekhatuez, mundu huntzan zareteino. Ezen uzten duenari nigar egitea bertze munduko, hango nigarrak etzaizko baliatuko baizik ere harrentzat ditezken su-gar ikharagarrien hazteko eta hazkartzeko».

        Solhas horiek entzun zituztenean, fraide guziak eman ziren belhauniko eta ahuspeka, nigarrez zagozilarik; eta galdetu zioten egin zezala othoitz heientzat.

        Sainduak benedikatu zituen, eta gero utzi behin-bethikotz. Ezen handik berehala hil zen ezti-eztia, eta haren arima ederra joan zen zeruko loriaz gozatzera.

 

 

Irakaspena

 

        Ikusi dugu nola saindu hunek aipatzen eta deitoratzen zuen haurtasuneko huts xume bat; eta nola huts harren gatik egin dituen penitentziarik handienak.

        Bertzalde, huna oraino, ixtorioaren akhabantza huntan, nola erraten darokun, behar dugula, guk ere, egin nigar eta penitentzia gure biziko hainbertze bekhatuz, non-eta eztitugun egin nahi eternitatean batere baliatuko etzaizkunak.

        Bekhatuan litekenak beraz har beza xede egiazkoa, bekhatutik atheratzeko. Garen guziek ereman dezagun gure bizia urrikizko sentimendu on batzuetan, hartuz penitentziatzat eta Jainkoaren eskutik izan detzazkegun lan eta atsegabe guziak.

 

aurrekoa hurrengoa