www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urtharrilaren 9an

SAN JULIEN ETA SANTA BAZILIZA

Martir hilak 313an

 

        San Julien sortu zen Antiokheko hirian, buraso aberats eta Jainkoaren beldurrean bizi ziren batzuen ganik. Buraso hek bethe zituzten beraz haurraren alderat zituzten eginbideak, haur hura altxatu zuten Jainkoaren amodioan.

        Jainkoak ere egin zion amodiozko begiratze bat haurrari buraso saindu hekien gatik. Eta horrela, haurrak ereman zituen, diteken saindukiena, haurtasuneko eta gaztetasuneko urtheak.

        Hemezortzi urthetarat heldu zenean, aitak erran zion behar zuela hartu laguntzat aipatzen zion andre gaztea, Baziliza zeritzana.

        Julien harritu zen solhas horren entzuteaz. Egotu zen ere luzez ixil-ixila, etzakielakotz zer behar zuen ihardetsi. Ezen alde batetik Jainko Jaunari emana gorphutz eta arima, birjinitatearen botuaren bidez, gogoak etzion onesten botu harren haustea burasoei atsegin egitea gatik; eta halarik ere etzuen aski bihotz errateko bere aitari etzezakela egin harrek erraten ziona.

        Ixilik egotu zenean beraz eta othoitzean oldar edo bulta on bat, ihardetsi zion aitari: «Zuk eta nere amak, biek, eztuzuenaz geroz bilhatzen nere zoriona baizik, indazue zortzi egunen ephea; eta, orduan jakinen duzue nere gogoaren berri».

        Burasoek onetsi zioten galde hori, eta Julien eman zen othoitzean, eskatzen ziolarik Jesus jaunari, adiaraz zezola zer behar zuen egin.

        Zazpigarren egunean Jesus Jaunak erran zion egiten ahal zuela burasoen nahiaren arabera; Bazilizarekin ezkondurik ere, atxikiko zituela bere xede sainduak batere makhurrik gabe.

        Egin zen beraz ezkontza. Eta lehen gabean berean, doi-doia gelarat helduak, Julien eta Baziliza, biak othoitzaren hasterat zohazin, Bazilizak usnatu edo senditu zuenean usain ezti eta gozo bat, arrosek, julufreek eta bertze lore batzuk eman dezaketen bezalakoa.

        Harritua, galdetu zion bere jaunari, nondik zen, neguaren erdian, usainbat hain ona.

        «Usain hori, erran zion Julienek, garbitasun sainduaren usaina da. Jainkoak nahi daroku ezagutarazi, mirakuilu baten bidez, nolakoa diteken zeruan berthute eder hau maite izatu duketenen zoriona».

        Bazilizak aditu zuen errexki zer zion Jesus Jaunak galdetzen. Eta egin zuen ordu berean birjinitatearen botua.

        Hainbertzenarekin agertu zitzaizkoten bi saindu aralde, argidura eder baten erdian. Batzuk Jesus Jauna bera zuten aintzindaritzat, eta bertzek Andre-dena Maria. Batzu eta bertze kantuz hari ziren; bainan batzu bertzen ondotik.

        Jesus Jaunarekin ziren sainduek zioten: «Julien, baduzu bitoria, baduzu bitoria!». Eta Andre-dena Mariarekin zirenek erraten zuten: «Benedizione guziak zuri, oi Baziliza, zeren jarraiki zaren zure Jaunaren kontseluei, eta zeren, utziz bazterrerat lurreko atsegin ez-deusak, merezitu duzun eternitateko bizia!».

        Kantu xoragarri hek ixildu zirenean, bi izpiritu zerutiar agertu zitzaizkoten, korona eder batzu eskuan, eta erran zioten: «Altxa zaitezte, baduzue garhaia. Zatozte, huna zuen korona ederrak». Bertze izpiritu dohatsu batek ere ekharri zion Julieni dena urrezko hitzez iskribatua zen liburu bat. Eta irakurrarazi zion nolako sariak dituzten zeruan birjinitate saindua beiratzen dutenek.

        Azkenean suntsitu ziren izpiritu zerutiar guziak. Eta bi saindu gazteak, Jainkoaren amodio berri batez sustatuak, hasi ziren berthutearen pratikatzen diteken hobekiena, eta nihori deusik iduriarazi gabe.

        Bazuelarik jadaneko denbora pixka bat elkharrekin bizi zirela, bi haurride saindu bezala, beren burasoak hil zitzaizkoten biei. Eta orduan buraso hekien onthasunen eta beren buruen jabe bilhakatu ziren.

        Eta huna, zer egin zuten: beren onthasun handi hek guziak eman erromesei, atxikiz bakharrik pixka bat Bazilizaren biziarazteko; eta gero, behar zutela penitentzian ereman beren bizia, urrundu elkharretarik behin bethikotz.

        Elkharretarik urruntzean etzuten bertzerik gogoan baizik ere Jainkoaren zerbitzatzea, bakhartasunean eta lagunik batere gabe. Bainan denbora laburrik barnean, birjina keta handia bildu zen Bazilizaren ingurura; eta hainitz gizonek ere othoiztu zuten Julien saindua, erakuts zezotela zerurako bidea. Eta horrela, hari ziren biak, ezin ederkiago, Jainkoaren ezagutarazten eta maitarazten, Marzien enperadoreak berritu zuenean giristinoen galarazteko lehenago ekharria izatu zen legea.

        Banatu zenean berria, nola gorriaraztera zaramazkaten hibaiak giristinoen odolez, san Julienek eta santa Bazilizak othoiztu zuten Jainko Jauna, edo eman zezola bakea Elizari, edo bederen hazkar zetzala, bere grazia sainduaz, gomendatu ziozkaten arimak.

        Jainkoak adiarazi zioten etzela ethorria oraino Elizarentzat bakean izateko denbora; etzela hergatik hekien meneko ziren fraide edo seroretarik nihor-ere galduko. Jakin zuten ere Julien eta haren lagunak martir hil beharrak zirela, eta aldiz Baziliza eta haren serora lagunak bakean hilen zirela beren komentuan berean. Eta hala gerthatu zen.

        Santa Bazilizaren lagunak beraz eritu ziren batzu bertzen ondotik, eta denak hil zenbeit egunik barnean. Baziliza saindua ere hil zen bertze guzien ondotik, Jesus Jaunaren amodioaz dena sutan; eta haren arima ederra hegaldatu zen bere Espos maitearen besoetarat.

        Bertzelako gudukak eta heriotzea zagozin Julienentzat eta haren lagunentzat.

        Antiokheko hirirat igorria izatu zen gobernadoreak, Marzien zuen izena. Gizon hark, jakinik Julien saindua hainitz giristinoren nagusia zela, ekharrarazi zuen bere aintzinera, eta erran zion harrek eta harrekilakoek behar zituztela adoratu enperadore jaunen jainkoak.

        Julienek ihardetsi zion: «Eztugu holakorik eginen, ez nik, ez nere azpiko denetarik nihork».

        Solhas horrek jauzarazi zuen gobernadorea bere gontzetarik. Igorri zuen beraz Julien presondegirat. Eta manatu zioten soldadu batzuei, zohazila haren komentuari su ematera; eta erre zetzatela bizirik fraide guziak, non-eta etzuten hitzematen hekien jainkoen adoratzea.

        Bai, sutan ezarri zuten komentua, ordean fraide hetarik nihork etzuen arbuiatu bere fedea. Denak itho eta erre ziren beren komentuaren barnean.

        Eta badire liburuak erraten darokutenak, gero ondoan, inguru hetarik iragaiten zirenek entzuten zituztela toki hartan zerutikako kantika xoragarri batzu.

        Gobernadoreak etzuen luzez ahantzi Julien saindua bere presondegian. Ekharrarazirik bigarren aldian tribunalera, eta ikusirik ohiko hitzetan zela, fundiarazten hari zuen azote eta makhila ukhaldika, noiz-eta-ere burrego batek lehertu zion begia, uste gabetarik, gobernadorearen adiskide bati.

        Burrego eta ikustiar, denak begira zagozilarik harrituak beren lanari, sainduak erran zioten ezti-eztia, eta berari minik batere egin ezpaliote bezala: «Zer egin dezakezue orai, zareten guziek, zuen jainko faltsuekin, gizon horren sendatzeko? Ezen zuen jainkoek badituzte begiak eta eztute ikusten, beharriak ere bai, eta eztute entzuten.

        »Errazue, nahi duzue nik senda dezautzuedan?».

        Solhas horien gatik ere, pagano apezek egin zituzten beren egin-ahal guziak eri harren sendarazteko. Bainan alferretan.

        Etsitzen zutela erran zutenean, Julienek egin zuen gurutzearen seinalea, eta eria sendo zen. Eta gehiago dena, Jainkoaren graziak argitua betbetan, oihu egin zuen, etzela Julienen Jainkoaz kanpo bertze jainkorik.

        Ordean gobernadoreak etzezaken utz horrelako solhasa ongi gaztigatu gabe. Galdetu zion beraz, ian zin-zinez mintzo zen. Eta baietz erran zionean, han berean hilarazi zuen; eta, bere odolean bathaiatua, joan zen sekulako zorion ezin erran bezalakoaz gozatzera.

        Marzienek ere ederki eginen zuen Jainkoaren grazia hartaz baliatu eta konbertitu balitz. Bainan etzen hartan. Abiarazi zuen Julien saindua karrikaz-karrika, xehakaraziz, azote eta makhila ukhaldika, karrikak gurutzatzen ziren toki guzietan.

        Giristino baten hola funditzea josteta bat zitzaioten paganoei eta bereziki haurrei. Bazen beraz hainitz jende harren ondotik zabilanik.

        Bertzeak-bertze, gobernadorearen seme bakharra, Zelze ttikia ere han zen bere hineko lagunen artean; hura ere han gaindi zabilana, bere ustez irri egitea gatik, bainan egiazki bere aingeru begiraleak eskutik zaramana, Jainkoak bazituelakotz bere xedeak haur harren alderat.

        Ezen, bertzerik nihori ez-bezala, Jainko Jaunak erakutsi zion haur ttiki hari nola zadukan, Julien sainduaren inguruan, aingeru multzu bat, gizon gazte eder batzuen itxuran.

        Hortakotz sartu ziren haurraren irriak; ezagutu zuen Julienen Jainkoa zela egiazko Jainkoa; eta, joaiten zitzaiolarik Sainduari alde-aldera, othoiztu zuen har zezala laguntzat, hura ere nahi zela giristinoi izan.

        Eztugu zeren erran, gobernadorearentzat atsegabe handia izatu zela jakitea bere semea ere giristino zuela. Ekharrarazirik bere aintzinera, egin ziozkan alferretan agintzarik ederrenak eta dixidurik ikharagarrienak. Eta ikusi zuenean etzela deusik hari, manatu zuen Julien eta haurra biak ezar zetzatela presondegi ilhun batean.

        Egina izatu zen manu horren arabera. Bainan presondegian sartu zireneko argidura eder batek hartu zuen barne guzia. Eta argi hura ikusirik, hekien zain zauden hogoi soldaduk ere galdetu zuten bathaio saindua.

        Bathaioaren grazia hori Antonio apezak eman behar zioten. Antonio zen apez saindu bat, preso altxatua izatu zena, hura ere, giristino zelakotz, eta gero arthikia izatu zena Julien zagon presondegirat bertze zazpi lagunekin.

        Gobernadoreak jakin zuenean soldadu hekien giristinotzea, eman zuen manua denak hilaraz zetzatela tormentarik handienetan. Bethe zituzten beraz olio eta bikhe irakituz hogoi-ta hamar zuan. Bazaramazkaten ere hogoi-ta hamar martirak, bizirik egosi nahi zituzten tokirat, hekien aldean iragan zenean pagano multzu bat hil batekin.

        Orduan Marzienek erran zion Julien sainduari, trufaz: «Zuk, okherraren begia sendatu duzuna, zergatik eztuzu hil hori ere piztuko?».

        Julien sainduari gogoak egin zion, halako mirakuilu batek behar zuela, nahi-ta ez, salbarazi hainitz jende. Egin zuen beraz gurutzearen seinalea, eta hila piztua zen; eta zion harrek ere goraki, etzela Julienen Jainkoaz kanpo, bertze jainkorik, hura zela bakharrik adoratu behar.

        Hilaren pizteak eta haren solhasek konbertiarazi zuten hainitz jende; eta etzezan egin oraino gehiago, gobernadoreak manatu zuen hura ere hilaraz zezatela.

        Bizkitartean gogoak etzion ematen Marzieni martir hekiei jarraikitzea bururaino. Etzezaken alabainan ahantz han zuela bere semea. Eta gero, nola jasan, bihotza erdiratzen senditu gabe, haur harren izkirituak eta nigarrak, olio irakiturat arthikiko zutenean? Erran zioten beraz bere gizonei nola egin, eta joan zen etxerat.

        Bai, egina izatu zen harrek erran bezala. Arthiki zituzten sainduak olio eta bikhe irakiturat. Ordean, oihurik ez izkiriturik edo garrasiarik gabe, hasi ziren berehala Jainkoaren laudorioen kantatzen. Ezen ez olioak, ez bikheak etzuen indarrik aski hekiei minik egiteko.

        Burregoak eta bertze ikustiarrak egotu ziren luzez, ezin sinetsiz beren begiz ikusten zutena. Hargatik ezagutu zuten noizpeit etzutela hoberik hekiei begira egonez, eta berriz ere ereman zituzten presondegirat.

        Gobernadoreak, jakin zuenean oraino ere presondegian zuela bere semea, bidali zion ama: «Ian bada, ez othe zen nihola ere gogoz ganbiarazten ahal haur hura».

        Ordean, amaren othoitz eta nigar guzien gatik ere, Zelze ttikiaren fedeak etzuen amor eman. Aitzitik huna zer gerthatu zen: haur hura hain ongi mintzatu zitzaion bere amari gure Erlisione sainduaz, eta Jainko Jaunak bere zerbitzari maitei emanen diozkaten sari xoragarriez, non andre-harrek igorri baitziozkan bere jaunari mandatariak, erratera hura ere giristino zela, eta hura ere bere semearen aldean aurkhituko zuela.

        Berri horrek nahasi bezala zion burua gobernadoreari; etzakien gehiago non zen. errearazi zituen beraz bizirik hogoi soldaduak, eta Antonio apezarekin ethorri ziren zazpi giristinoak; eta bertze guziak ereman zituen berekin tenplorat.

        Tenploan bazter guziak betheak zirelarik paganoz eta hekien apezez, Marzienek erran zion Julieni: «Hire bothereak hain handiak direnez geroz, zergatik eztuk eginen oraino kheinu bat gure jainkoen iduri edo potret haukien guzien fundiarazteko gai ditekena?».

        Eta Marzienek ikusi zuen uste etzuen mirakuilu lazgarria: Julienek gurutzearen seinalea egitearekin batean, lurra ikharatzen eta erdiratzen, iresten zituelarik jainko faltsuen iduriak, apezak, hainitz pagano eta azkenekotz tenploa bera.

        Eta halarik ere gizon itsu harrek ezagutu eta aitortu orde gure Jainkoa dela bakharrik egiazko Jainkoa, arthikarazi ziozkaten basa ihiziei bazkatzat bere semea, bere andrea, Anaztazio hil piztu hura, Antonio apeza eta Julien.

        Bainan basa ihiziek ere etzioten minik egin saindu hekiei, aitzitik bai milikatu, ezti-eztia eta errespeturekin, zangoak eta eskuak.

        Marzienek etzakielakotz gehiago zer asma, kondenatu zituen ezpataz hiltzerat.

Eta horrela joan zen Julien saindua, Jesus Jaunak laguntzat eman ziozkan hainbertze arimekin batean, harrentzat zagon zorionaz gozatzera.

 

 

Irakaspena

 

        Giristino batek aski fede hazkarra duenean ikusteko zer irabaziak egiten dituen bizitze saindu baten bidez, eztu munduaren beldurrik ez axolarik.

        Orduan mundutarrak izan dezala irri zuria ezpainetan, solhas gaixtoa mihian, edo, Marzienek bezala, ezpata eskuan; giristino fededuna badoha aintzina bere bideari.

        Saindu handi haukien arartekotasunak ardiets dezaukula horrelako fedea.

 

aurrekoa hurrengoa