www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urtharrilaren 17an

SAN ANTONIO HANDIA

Hila 356an

 

        Saindu hau ere Esiptoarra zen sortzez. Eta hunek ere galduak zituen bere buraso aberats eta Jainkotiarrak, hemezortzi urthetarat heldu zeneko. Bainan ordukotz bazakien, aitak eta amak irakatsia, ezkarela lurraren gainean, guk nahi dugunaren egiteko, bainan bai, Jainkoaren zerbitzatzeko. Eta hortakotz, iduritu zitzaionean Jainkoak deitzen zuela bere ganat, athera zen mundutik batere luzatu gabe.

        Egun batez, elizan sartzera zohalarik, kantatzen zituzten, eliza hartan, Ebanjelioko hitz hauk: «Nahi bazare izan osoki perfet, sal zatzu eta eman errumesei ditutzun guziak; eta gero, zato, jarraik zakizkit».

        Eta ordu berean, Antonio gazteak, eginik bere baithan Jesus Jaunak hari erraten ziozkala hitz hek, saldu zituen onthasun guziak, onthasunek eman zioten dirutik iduki zuen, beretzat eta arreba gazte batentzat, bizitzeko doidoia behar zutena, eta gainerako guzia eman zioten errumesei.

        Bertze aldi batez ere, entzun zituelakotz Ebanjelioko bertze hitz hauk: «Etzaitezela grina biharamunean nola biziko zaren», partitu zioten beharretan zirenei oraino eskuetan zuen dirua, gomendatu bere arreba elkharrekin bizi ziren neskatxa batzuei, eta joan zen bortu barnean zagon fraide baten ganat.

        Nagusi bilha zabilan Antonio. Eman zuen beraz kontu haste-hastetik zein ziren fraide harren berthuteak, ibili zen ere, zenbeit denboraz, bertze fraide batzuen etxoletan, ikusten hek ere nola bizi ziren, eta horrela ikasi zuen, urthe laburrik barnean, saindutasunik gorenerako bidea.

        Ifernuko izpiritu gaixtoak berak ere gogoeta eman ziren, ian halako khar sainduarekin abiatua zen gizon gaztea ez othe zen hekien etsai handi zenbeiten gaia. Eta hortakotz etzen hek egiten etzutenik harren lotsarazteko.

        Satanek ematen ziozkan izpiritura gogoeta hauk: «Zergatik behar zuen utzi hain goizik munduan izan zezaken bizitze ezti eta gozoa? zergatik behar zuen ezarri atze batzuen eskuetan oraino hain gaztea zen arreba hura? hainbertzekorik gabe ere salba zitekela».

        Han zituen oraino, bere begien aintzinetik nihola ere ken etzezaken mirail batean bezala, munduan egon balitz, eginen zituen jan-edan gozoak, izanen zituen josteta, besta eta atsegin xoragarriak.

        Eta gero, horrela iragan ondoan eguna, bere burua ezin zainduz lotu nahi zitzaizkon uli-beltz hetarik, bederen gabaz izatu balu bakea! Bainan ez! gabaz ere han zituen ifernuko izpiritu madarikatuak, oihuka, izkirituka edo garrasiaka, eta zer nahi harrabots egiten zutelarik, loharkatzerat ere ez uzteko.

        Halako orduetan Antonio gaztea othoitzean zagon bere Jainko Jaunari, eta ahalaz konturik egin gabe begien aintzinean zituen ikuspen ikharagarriei, eta harren inguruan ziren harrabots handiei.

        Bertzalde, zenbatenaz ere borthitzago baitziren haren tentazioneak, eta hainbertzenaz ere luzeago ziren haren barurak, garratzago penitentziak.

        Eta hala, etsaiaren suak eta errabiak hazkarrarazi zuten hura baithan bortuan bizitzeko eta hiltzeko hartua zuen xede saindua.

        Satanek ikusi zuenean etzuela oraino khordokarazi ere egin zuen azken indarka bat.

        Eman zen emakume baten itxuran, eta agertu zitzaion ederki jauntzia eta jendea izatu balitz bezala. Bainan itzal trixte hura joan zitzaioneko begien aintzinera, saindu gaztea eman zen begira ifernuko su ikharagarriei, egin zuen gurutzearen seinalea, deitu Jesusen izen saindua, eta Satan suntsitu zen khe zikhin bat zariolarik. Eta ondoko egun batez gure arimen etsaiak aitortu zion, hura baino hazkarragoak ere garhaitu zituela, bainan hura nagusi zuela.

        Etsaia ihesi igorria zuen arren, Antonio saindua etzen lazatu. Bainan, menturaz berriz ere ethorriko zitzaiola, behar zituela beraz ongi hezi bere jaidura gaixtoak, sartu zen lehenagoko hobi ilhun batean. Barne beltz hartan etzion ematen bere gorphutzari doidoia bizirik egoteko behar zuena baizik.

        Etzuen alabainan egunean othuruntza bat baizik egiten, hura iruzkia sartu ondoan, eta orduan ere ogi pixka bat zuen hartzen, gatz bihi zenbeitekin, eta ur xorta bat. Bertzalde bazagon bi-hiru egunetaraino deusik hartu gabe.

        Jende biziak behar du loa jana bezein ongi. Bada san Antoniok egiten zuen baitezpada behar zuen lo pixka, hura edo lur hutsaren gainean, edo belhar idor batzu bildu, eta heien gainean.

        Ordean ifernuko printze dohakebeari min handia egiten zioten san Antonioren berthutek.

        Izpiritu gaixtoek etzuten beraz luzez utzi nahi zuenaren egitera hobi harren barnean. Ageri zen ere bazutela leheneko aldietan baino esku edo bothere gehiago.

        Ezen leheneko aldietan ezartzen bazioten ere zer-nahi ikuspen gaixto begien aintzinean, eta egiten bazuten ere, haren xolaren inguruan, zer-nahi oihu eta harrabots, bederen etziren menturatzen harren ukhitzera. Bainan bigarren aldian, ethorri gabaz, eta joiten zuten, umatzen eta xehakatzen.

        Behin, bere ogia ekhartzen zion fraideak aurkhitu zuen lurraren gainean hedatua zagola luze-luzea, batere ezagutzarik gabe, gorphutz guzia uspeldua edo urdindua, eta iduri osoki hila. Hartu zuen beraz bizkarrean eta ereman bere komenturat.

        Komentura heldu zenean, aintzina ere galdua zagon; hargatik emeki-emeki ezagutzaratu zen. Eta ordu berean othoiztu zuen harat ekharri zuen fraidea, ereman zezala bere hobirat.

        Eta gero, etzanik zagolarik, errainak hautsiak zituelakotz, erraten zion debruari: «Suge madarikatua, eztezakala uste izan gordetzerat joanen naizela edo ihesi hire beldurrez, hemen nauk eta hemen berean egonen hire beldurra gatik».

        Debruari gaitzitu bide zitzaizkon solhas horiek. Ezen ordu berean, xixtu batez adiarazi baliote bezala bere lagunei, izpiritu gaixto hetarik nork-daki zenbat eman ziren Sainduaren inguruan, etxolaren barneak eta kanpoak denak hartzen ziozkatelarik.

        Batzuk iduri zuten harruliak, muskerrak edo sugeak; bertzek, otsoak, hartzak, tigreak edo bertze holako basa-ihizietarik. Eta denak hari zitzaizkon urhurika, orroaz eta marrumaz. Baziren ere hainitzak etxeari lotuak zagozinak, iduri behar ziotela arthikarazi; eta bertze batzu aldiz berari asikika eta zarrapoka edo aztaparka, errabiarik handienean.

        Bainan Antoniok egin zion bihotz-altxatze bat Jesus Jaunari; eta gero, gogoa laxo eta batere beldurrik gabe, eman zen begira hekien lanari; eta adiarazteko, oraino hobeki, zein axola guti zuen hekien errabiaz eta indarka guziez, erran zioten: «Nola etzareten ahalke, hoinbertze izateaz, ni bakharrik naizenaren garhaitzeko! Zein ederki erakusten duzuen nolakoa den zuen ahulezia!».

        Azkenean egin zuen gurutzearen seinalea, eta ordu berean izpiritu gaixto hek guziak suntsitu ziren ximixta bezala.

        Hargatik Sainduak berak funditua zuen gorputza, eta haren etxea edo hobia arthikia zen eta barraiatua. Bainan debruak joan zireneko, argidura eder batek hartu zituen toki hek, eta ordu berean saindua sendo-sendoa zen, eta hobia ere xutik, batere barraiatua izatu ezpalitz bezala.

        Zer zen bada argi hura, edo hobeki, argidura hartan nor jautsi zen san Antonioren gana? San Antoniok Jesus Jauna bera zuen han bere alde-aldean. Dena boztua, Bortutiar sainduak erran zion Jesusi: «Nere Jaun ona, non zinen, ni etsai horien erdian nintzelarik? Zergatik etzaizkit ethorri haste-hastetik?».

        Eta Jesus Jaunak ihardetsi zion:

        «Haurra, hor nintzen, zure aldean, begira atseginekin zure gudukatzeari. Ikusi zaitut, haritu zare ederki, beldurtu ere gabe bakharrik uzten ahal zintudala. Eta hortakotz, zure izenaren omenak joko ditu bazter guziak, eta zurekin izanen nauzu zure azken hatseraino».

        San Antonio haritu zen horrelako penitentzia eta guduka handietan hogoi-ta hamabortz-bat urthez; eta gero, utzi zuen presondegi hura. Ordukotz egina zen gure arimen etsaiarekin gudukatzeari, bertzalde, Jesus Jaunaren solhasek aree gehiago su ezarri zioten bihotzean; eta harturik ogi bat, joan zen bortu barnerat fraide lagun batekin.

        Noizpeit aurkhitu zuen, mendi kasko batean, gaztelu zahar bat leihorik gabekoa. Halako zerbeiten bilha zabilan oihanez-oihan. sartu zen beraz gaztelu hartan bere ogiarekin, eta untzi ttiki bat urez betherik; eta egin ziozkan bi othoitz bere fraide lagunari, lehena, hets zezola harriz gaztelu hartako athea; eta gero oraino, ekhar zezola, sei hilabethetarik, bertze ogi bat eta untzitara bat ur.

        Eta fraideak egin zuen galdetu zion bezala: hetsi zion athea, eta gero, teilatuan zilho bat eginez, ematen ziozkan bere ogia eta ura urthean bietan; bainan hitz-erdi bat ere erran gabe, ixil-ixila, eta ikusi ere gabe zer heinetan zen.

        Gu harritzen gare, guk eztezakegu ere sinhets jendea bizi ditekela holako bakhartasunean, eta holako penitentzietan; eta bizkitartean horra nola egon beharra zen san Antonio hogoi urthez.

        Hargatik diogunean bakharrik zagola, eztugu osoki egia erraten. Jesus Jaunak nola utz zezaken bera eta kontsolazionerik handienak eman gabe, harren gatik hainbertze sakrifizio egiten zuena? Han zuen beraz Jesus Jauna. Eta han ere bazuen harren beharra.

        Ezen gaztelu harren ondorat hurbiltzen zirenek entzuten zituzten azantzik eta harrabotsik ikharagarrienak, eta batzuetan oihuka hari zitzaizkola debruak: «Zergatik ethorria haiz gaztelu huntarat, gaztelua eta desertua gureak dituk; huts zatzik beraz toki hauk».

        San Antoniok errexki zaramazkan gabak eta egunak guduka eta kontsolazione hekien erdian, bainan hainitzak ziren jakin nahi zutenak harren ganik zer behar zuten egin saindutzeko. Eta egun batez, elkhar sustaturik, jende batzuk arthiki zuten presondegia hesten zuen harrasia.

        Sainduak ere ezagutu zuen Jainkoaren nahia zela, has zadien bertzei zeruko bidearen erakusten. Eman zen beraz komentu egiten eta jendei irakasten nola saindutzen ahal ziren. Eta etzen lanik gabe, bazituelakotz ikasleak, ehunka eta milaka.

        Huna ikasle hekiei ematen ziozkaten irakaspenetarik zerbeit:

        Erraten zioten: «Zeruko bidean kurritu nahi zuenak behar zuela ahanzterat utzi egiten zuken ongia, egin bezein laster; eta egun guziz, behar zitzaiola lotu lanari, ordu arte deusik egin ezpalu bezala».

        Erraten zioten oraino: «Jainko Jauna maite zuenak aurkhi zezakela parabisua, edo bihotzeko bakea, non-nahi».

        Bertze behin oraino: «Arima Jainkotiarren othoitzek, barurok eta penitentziek, eta bereziki hekien pobreziak eta umilitateak izitzen eta lotsarazten zituztela ifernuko izpiritu gaixtoak».

        Irakasten zioten ere: «Munduan onthasun handiak utzi eta, komenturat ethorria zenak etzuela egin behar bere baithan haren lana nihoiz ezin aski pagatua izaten ahal zen lan bat zitekela, zeren-eta ezin erran ez-asma baititeke lurreko urre eta zilhar guziak zein diren gauza ez-deusak zeruko ontasunik ttikienen aldean; eta bertzalde, beharko baitire utzi guziak goizxago edo berantxago».

        Bertze egun batez erran zioten: «Erregek manatzen dionean norbeiti lan bat edo bertze, haina-harrek eztu utziko lan hura egiteko, emanez bere gogoari, baduela ordu arteraino ere eginik lan hainitz erregerentzat; bainan eginen du erregek manatzen diona ahalik xuxenena eta lasterrena.

        »Hori bera da zeru-lurren Erregearekin ere egin behar duguna. Eztugu beraz uste izan behar aski zaikula lanean hastea, edo oraino lanean haritzea zenbeit egunez, hari behar gare lanak diraueino».

        Behin bere ikaslek galdetu zioten zer behar zuten egin ez lazatzeko. Eta sainduak ihardetsi zioten: «Nahi balin baduzue iraun orai duzuen khartsutasunean, emazue ongi zuen buruari, goiz guziz, menturaz etzaretela arratsera helduko, eta arratsean ere, menturaz eztela biharamunik izanen zuentzat».

        Bertze mintzaldi batean ere erran zioten bere fraide maite hekiei: «Ifernuko izpiritu gaixtoek badute aiherkunde edo malezia handia giristino guzientzat, bainan eztetzazkete jasan nihola ere komentuan bizi direnak. Hortakotz ezta egiten eztutenik hekien galarazteko. Bainan beren amarru guziarekin ere eztire deusik hari, fraidek eta serorek, ezagutzen balin badute ongi beren ez-deustasuna, eta Jainkoaren ganik bakharrik igurikitzen badituzte beren salbamenduaren egiteko graziak».

        Horrelako irakaspenez eta zaraman bizitze sainduaz argitu zituen luzez ikasleak, eta aintzina ere hari zen lan berari, jakin zuenean berria, Erromako enperadoreak hari zirela Esiptoan atxeman zetzazketen giristino guzien preso altxarazten eta hilarazten.

        Eta ordu berean, joan zen hura ere Alekzandriako hirirat, egiten zuelarik bere baithan, agian-agian emana izanen zitzaiola, hari ere, bere odolaren ixurtzea Jesus Jaunarentzat.

        Bainan ez! etzuten preso altxatu, nahiz bertzek ez-bezalako jaunztura zuhail batez beztitua zen, eta bazabilan burregoen artean gaindi, eta giristinoak hilarazten zituzten tokietan ere bai, hekiei errateko jasanarazten ziozkaten pairamenak eta oinhazeak apur edo ixtant batez zirela, eta aldiz pairamen hekien bidez irabaztera zohazin sariek eta zorionak etzuketela nihoiz akhabantzarik.

        Etzuen beraz izatu martir hiltzeko zoriona. Eta, Konstantin enperadorea atheratu eta altxatu zenean giristinoen alde, san Antonio joan zen bere fraidetarat. Hargatik handik goiti, bakharrik zagon ahalaz, non etzen agertzen, beren beharrez, harren gana ethorri zitezkenen gatik. Eta, jende dohakabe hekien sokhorriteko, egiten zituen noiz-nahi mirakuilurik handienak.

        Bainan gero, nola laudorio eta ohore handiak ematen baitziozkaten ,joan zen ihesi eta gordetzera handik urrun ziren mendi arte batzuetarat.

        Uste zuen han bederen izanen zuela bakea, eta etziola nihork laudoriorik emanen. Ordean etzen oraino ere aski urrun, ez-eta aski toki gaitzean. Jendeak atxeman zuen mendi hartarako bidea ere. Eta hortakotz saindu handi hura igan zen mendi gain baterat, eta han bizi izatu zen, zenbeit denboraz bere ohiko penitentzietan.

        Ehun eta bortz urthe bazituen jakin zuenean bere azken eguna hurbildua zuela. Orduan egin zuen bere ikasletarainoko bat, hekiei egiteko gomendio batzu. Gero, nola baitzituen bi fraide berekin zauzkanak, egun hetan, hekiei manatu zioten ehortz zezatela haren gorphutza nihork etzakiten tokian; eta haren arimak hautsi zituen lurrari estekatua zadukaten lokharriak, joaiteko bizitze bat hain aberatsaren bidez irabazi zuen zorionaz gozatzera.

 

 

Irakaspena

 

        Behin san Antoniok ikusi zuen, amets miragarri batean, ifernuko izpiritu gaixtoek estalia zaukatela lurra, eta etzela nihon ageri arima hartzeko sarerik eta sarerik baizen.

        Atzarri zenean, oraino ere dena ikharetan, hasi zen oihuka: «Hoinbertze etsaiei, nor espakatuko ahal zaiote? Nor da salbatuko ahal dena?».

        San Antoniok ikusi zuena etzen osoki ametsa.

        Ezen ihiztariek ihizi hartzeko hedatzen dituzten saren edo arten pare dire, salbatu behar diren arimentzat, munduko urguilua, mundutarren erranak, irriak eta trufak, mundutarren bekhatuak eta eskandalak.

        San Antoniok ikusi zuen nekhe izanen zitzaiola, munduan egonez, sare hetarik batzutara edo bertzetara ez erortzea; eta hortakotz athera zen mundutik, nahiago zuela egin bere arimaren salbamendua, gostarik ere gosta ziteken guzia, ezen-ez, lurreko aisien eta atseginen erdian egotu ondoan, ehortzia izan ifernuko leze ikharagarrietan.

        Guk ere aski ginuke menturaz begiratze bakhar baten egitea ikusteko bizi garela, munduaren erdian, lanjerrik batere ezpaginu bezala, eta menturaz jarri garela askotan lanjerean gure nahitara. Eta gero, zer gerthatu zaiku? Bekhatuan erortzea.

        Hemendik aintzina, urrun gaiten bekhatuzko okasione guzietarik, utz dezagun mundua bazterrerat, jarraik gaiten othoitzari eta sakramenduei, eta segur da Jainko Jaunak emanen darozkigula salbatzeko behar ditugun grazia guziak.

 

aurrekoa hurrengoa