www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urtharrilaren 22an

SAN BIZENTE EDO BIXINTXO MARTIRA

Hila 304an

 

        Saindu hau sortu zen Espainian, Zaragozako inguruetan. Haurtasunetik hasirik hartze ona bide zuen, eta behar bezalakoa zen. Bertzela izan balitz, Zaragozako Apezpikuak etzuen bere etxean hartuko. Orduko apezpikuak Balerio zuen izena.

        Apezpiku harrek hartu eta eskolatu zuen bere etxean berean; eta gero berantxago, ordenatu diakre. Eta nola berak galdua bezala baitzuen mintzoa, eman zion diakre gazteari, Ebanjelio sainduaren predikatzeko eta ezagutarazteko manua.

        Bizente gaztea gai zen lan hari buruz jartzeko; ez bakharrik bazakielakotz zer predika, bainan oraino saindu bat zelakotz. Eta eman zen khar saindu batekin, arimen konbertiarazten, eta, gero eta hobeki, Jainkoaren amodioaren pitzarazten denen bihotzetan.

        Horrela hari zelarik, ethorri zen Balentziako hirira Espainiako giristinoek izatu duten etsaiik gaixtoenetarik bat, Dazien.

        Gizon harren xedea eta nahia etzen bertzerik baizen ere Espainia guzian galaraztea giristino-legea. Bainan nola giristinoz betheak baitziren bazter guziak, ezpaitzitezken beraz hilaraz guziak, Dazienek egin zuen bere baithan, aski zela gure Erlisione sainduaren galarazteko, eliza-gizonei erranaraztea arbuiatzen zutela ordu arte irakatsi zutena.

        Balentziarat heldu zeneko beraz, mintzatu zitzaizkon Balerio sainduaz eta haren diakreaz. Eta ordu berean eman zuen manua altxa zetzatela preso, eta ereman zetzotela Balentziara. Eta Balerio sainduak ere egin behar izatu zuen oinez Zaragozatik eta Balentziarainoko bidea, nahiz jadanik adin handia zuen.

        Dazienek ikusi zuen laster etzitzaiola errex izanen bi eliza-gizon hekiei beren erlisionearen arbuiaraztea. Eta agian errexkiago garhaituko zituela, gosez ahularazten ahal bazituen, ezarri zituen gaztelu zilho batean, eta han utzi jatekorik batere gabe.

        Handik zenbeit egunen buruan, eta ordukotz uste izateko zuelarik, ezpaziren ere hilak bederen aski ahulduak zituzkela, ekharrarazi zituen berriz ere bere aintzinera. Bainan orduan ere ikusi zuen nahi etzukenik: Balerio eta Bizente, biak, gazteluan sartzean baino itxura hobean eta bihotz beroagoarekin zituela.

        Halarik ere erran zioten: «Eta orai, zer egin gogo duzue? Nahi ditutzue adoratu gure jainkoak, ala nahiago zarete hil oinhazerik ikharagarrienen erdian? Balerio, zuri nago, mintza zakizkit».

        Ikusi dugu gorago Baleriok galdua zuela mintzoa. Eta hortakotz etzuten entzun harrek zer ihardetsi zuen. Bainan huna, Bizentek zer erran zuen beretzat eta bere Jaun Apezpikuaren izenean:

        «Zuk nahi balin baditutzu adoratu zurezko eta harrizko jainko batzu, egizkitzu. Guk eztugu bertzerik ezagutzen, ez ezagutuko Jainkotzat, baizik ere zeru-lurrak eta gu guziak ez-deusetarik egin gaituena.

        »Guk adoratzen dugu mundu guzia bere eskuetan daukan Jainkoa, eta Jesu-Kristo haren Seme bakhar guretzat gizon egin dena.

        »Gero, baitiozu hilaraziko gaituzula oinhazerik ikharagarrienen erdian, non-eta eztugun egiten zuk galdetzen darokuzuna; horren gainean erranen dautzugu, Jesu-Kristo gure Jaunak ere ixuri duela bere odola gurutze baten gainean, gure salbatzea gatik; eta etzaiku sobera zerbeiten pairatzea guretzat hainbertze egin duenaren ohoretan. Egizu beraz gutaz nahi duzuna».

        Solhas horien ondotik gobernadoreak igorri zuen Balerio saindua erresumatik kanpo, eta manatu zuen pairaraz zezotela Bizenteri jende biziak paira dezaken guzia.

        Hortakotz kendu ziozkaten bere soineko guziak. Eta, lotzen ziozkatelarik lau soka lau zango-besoetarik, haritu zatzaizkon tiraka tira-ahala-tira, jauzarazi arteraino zango-besoak beren krosketarik.

        Halako oinhaze ikharagarrietan zelarik Jesusen soldadua, Dazien han zagon begira, noiz emanen zuen amor, noiz erranen zuen bazuela aski. Bainan Bizente etzen hartan. Eta burregoak gelditu zirenean harren laurdengatzetik, erran zion gizon gaixtagin hari:

        «Nik, nahi nuke jakin orai, zergatik gelditzen zaren. Gobernadorea, emazu aintzina, non-eta eztiren huntan akhabo zure indar guziak. Ezen nere oinhazen araberakoak izanen dire nere eternitateko atseginak».

        Hitz horiek ezarri zuten gobernadorea dena sutan. Eta haren manuz burregoak hasi zitzaizkon burdinazko aztapar batzuekin, zakhurrak azienda hilari lotzen diren bezala. Gorputz guzia xehakatu eta funditu zioten beraz, hezurrak ere-bai, agerian ezarri.

        Eta halarik ere saindu gaztea etzen garhaitua. Aitzitik zerbeit gehiagoren jasaiteko irritsarekin zagon; eta agian edertuko ziotela oraino bere zeruko korona.

        Bai-bai! edertu behar zioten oraino gehiago korona hura.

        Tiranoak ikusi zuenean hainbertze oinhazeren gatik ere egundaino bezein hazkar zagola bere giristinotasunean, eginarazi zuen ikhatzezko su haundi bat. Saindua bera ere estekarazi zuen burdinazko ohe baten gainean, eta gero, ezarrarazi su harren erdian.

        Bertzalde, ongi baino hobeki errearaztea gatik, ezarrarazten ziozkan, surat etzagozin alderdien gainean, suan gorrituak eta sua zarioten kobrezko hosto mehe batzu; eta oraino arthikarazten zion gatza zauririk eta zauririk baizen etzen gorputz hartara. Gatz urthu harren erredura samina sar zakion hezurretan barna.

        Bainan oinhaze hekien guzien erdian, giristino gazte harrek hain zuen arin eta alegera begia, non errexki ezagun baitzen alferretan zirela tiranoaren lan eta indarka guziak; eta etzuela zeren iguriki Bizenteren garhaitzea.

        Noizpeit beraz, eta ordukotz Sainduak egiten zukelarik bere baithan hurbiltzen hari zela bere azken orenerat, kendu zuten bere ohe lazgarriaren gainetik. Eta orduan ezarri zuten zena zen bezala, erran nahi baitut erre-belztua eta batere soinekorik gabe, baxeraki kaskoz eta berinakiz dena bethe zuten presondegi batean.

        Presondegiaren zain ezarriak izatu ziren soldaduak loharkatu ziren denak, eginik elkharren artean, etzuela balio gauik galtzea jadanik erdi hila zen gizon baten gatik.

        Bainan gau minean zerutikako argi eder batek hartu zuen presondegia. Aingeru batzu ere agertu zitzaizkon martir loriosari; eta, adiarazteko nolakoak zitezken zeruan behar zituen atseginak, eman ziren kantikarik xoragarrienen kantatzen.

        Argi distirant harrek atzarrarazi zituen soldaduak, eta mintzo ziren elkharren artean galduak zirela, giristinoek ereman zuketela beren nausia. Bainan san Bizentek erran zioten:

        «Zaudezte ixilik, hemen naiz, eta hemen nago zerutiar izpiritu dohatsu batzuen erdian. Hortik ikusazue zein den ona eta botheretsua nik adoratzen dudan Jainkoa. Ordean, zuek ere, emazue ongi zuen gogoari, nik adoratzen dudan Jainkoa dela egiazko Jainkoa, eta hartaz kanpo eztela bertze jainkorik. Eta orai, zohazte, errozue zuen nausiari, asma dezala oinhaze berri zerbeit, sendatua naizela osoki, eta egundaino baino ekharriagoa berriz ere pairatzera».

        Soldaduek eman zioten berri hori Dazieni. Eta gizon gogor, itsu eta gaixto hura gogoeta zagolarik zer behar zuen egin, aingeruen kantuek pizten zuten Martir sainduaren bihotzean Jainkoaren ganako amodio handiago bat.

        Huna, zer kantatzen zioten:

        «Jesusen Martir loriosa, heldua zare zure bidearen burura, zure aintzinean dohazilarik ihesi, zure beldurrez, zauriak, oinhazeak eta herioa bera ere bai. Baduzu aski guduka jasanik eta aski bitoria irabazirik. Zato! Jesusen nahia da ethor zaitezen zeruko loriaz gozatzera!».

        Biharamunak argitu zuenean, Dazienek ikusi zuen bere begiz ordu arterainoko haren lanek etzutela deusik balio, Bizente osoki sendatua zela. Eta horrek eman zion atsegabe handia.

        Halarik ere etzuen oraino etsitu. Eginik beraz bere baithan, menturaz lausenguen eta atseginen bidez ardietsiko zuela, oinhazen ariaz ezin ardietsi zuena, erran ziozkan lehenik solhasik eztienak, eta gero ezarrarazi zuen ohe guri eta gozo baten gainean.

        Eta Bizente, ordu arteraino ixilik egotu zena oinhazerik ikharagarrienen erdian, eman zen Jesus Jaunari buruz, eta erran zion:

        «Badakizu, nere Jaun maitea, ekharria naizela nahi tutzun atsegabe eta oinhaze guzien jasaitera; badakizu ere eztudala nahi atseginik mundu huntan; ezpadut beraz gehiago pairatu behar, nere Jaun ona, nere Jaun maitea, har zazu nere arima zure ganat».

        Eta ordu berean san Bizenteren arima ederra igan zen zeruetarat harren beha han berean zagozin aingeruekin batean.

        Sainduaren hain laster hiltzeak aree errabia handiagoan ezarri zuen gobernadorea; gaitzi zitzaion ezin gehiago garhaitua izatea. Bere ezin-bertzean, eta bere asperraren iraganarazteko bezala, ezarrarazi zuen san Bizenteren gorputza oihan edo larre baten erdian, basa-ihizien bazka bilhaka zadiela, eta giristinoek ezetzatela izan bederen harren ohoratzeko atseginik.

        Bainan gizona gauza gutia da, joan nahi denean Jainkoari eztohakon bidetik.

        Oihan harren erdian bele bat jarri zen gorputz saindu harren zain. Eta begiratu zuen ihizi guzietarik. Erranik da ere otso bat ethorri zela, eta beleak haizatu zuela hura ere; bi beharrien artean jarri-eta, nahi ziozkalakotz atheratu begiak moko ukhaldika.

        Azkenean gobernadoreak arthikarazi zuen itsasorat harri handi bati estekatua. Ordean handik ere Jainkoak ekharri zuen leihorrerat, eta itsas bazterrean urak berak estali zuen hare meta batez. Denborarekin giristinoek izatu zuten egun aldi hoberik, eta orduan ehortzia izatu zen zohakon ohorearekin.

 

 

Irakaspena

 

        Horra nolakoak izatu diren san Bizenteren gudukak eta garhaiak edo bitoriak. Jasan ditu oinhazerik eta tormentarik ikharagarrienak irriz zagolarik. Eta erran diteke zenbatenaz ere gehiago pairatzen baitzuen, eta hainbertzenaz ere gehiago handitzen zitzaiola pairamenen gosea eta egarria.

        Jainkoaren graziak egin dezake gure baithan gauza bera.

        Zenbeit aldiz iduritzen zaiku badugula jasan ahal baino gehiago; gure gurutzeak, edo bertze hitzez erratera, gure atsegabeak eta oinhazeak handiegiak direla. Bainan zergatik ez galdegin Jesus Jaunari gurutze hekien jasaiteko graziak? Gauza segura da, eman letzauzkegula.

        Galdetu ondoan beraz behar tugun indarrak, lot gakizkon gurutzeari bihotz onez. Eta ikusiko dugu eztela iduri zuen bezein pisua. Eta gehiago dena, jarri balin bagare laxoki Jainkoaren eskuetan, eta nahi balin baditugu jasan atsegabe eta oinhaze hek Jesus Jaunaren ohoretan, ezagutuko eta ikusiko dugu badutela berekin atsegabe baino atsegin gehiago.

 

aurrekoa hurrengoa