www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urtharilaren 2an

SAN ODILON ABADEA

Hila 1049an

 

        San Odilon sortu zen Auberñan 962an. Haren aitaren izena urrunean ere aipatua zen; halakoak zirelakotz haren kuraia eta jakitatea gerlan haritzeko. Haren Ama ere aitoren semen alaba zen. Eta, gehiago balio duena, hala aita nola ama biak giristino khartsu ziren.

        Odilon oraino haurra zen, bere gisako paralesia batek hartu ziozkanean kasik menbro guziak; hain ongi, non ezpaitzagoken gehiago bere zangoen gainean, eta bere eskuetan ere ezpaitzezaken deusik atxik.

        Bainan haur hura hasia zen ordukotz Andre-dena Mariaren ohoratzen; eta Andre-dena Mariak ere egiten ziozkan begiratze maite batzu.

        Behin bada, Odilonen zaintzaileak ereman zuen haur ttiki hura zeruko Erreginaren ohoretan egina zen eliza baten athera. Eta hara ekharri zuenean han utzi zuen erraten ziolarik, han berean egon zadiela, bazuela mezu edo mandatu bat egiteko.

        Haurra, ohartu zenean bera zela, itzuli zen berehala elizarat buruz. Eta, bermatuz zangoen eta besoen gainean, sartu zen elizan. Elizan sartu-eta, etzen han berean gelditu. Bainan, herrestan eta herrestan, joan zen aintzina aldarearen oinetaraino, lotu zen aldareko oihalei, ikusteko bezala, ian bada etzen altxatzen ahal, eta ordu berean, Andre-dena Mariari esker, xutitu zen, egundaino eri izatu ezpalitz bezala eta osoki sendatua.

        Handik goiti bazuen bethi debozione berezi bat bere Ama zerukoarentzat. Eta nahiz munduko eskoletan ibili zen, eta munduan ere bai egotu, hogoi-ta sei urtheak arteraino, halarik ere bizi ahal izatu zen garbiki eta sainduki.

        Hogoi-ta sei urthetan, emanik ongi bere gogoari behar zuela Jainkoa maitatu ordu arteraino baino hobeki, eta Andre-dena Mariak zerbeit gatik sendatu zuela bere haurtasunean, athera zen mundutik, eta egin zen benediktano Kluniko komentuan.

        Denbora hetan san Maiul zen komentu hartako abadea edo lehen aintzindaria, eta saindu hari esker komentua hainitz ederki zohan. Odilon ere eman zen haste-hastetik eta hain gogo onez berthutearen pratikatzen, non, handik lau urtheren buruko, fraiderik hoberenak begira baitzagozin haren su sainduari.

        San Maiulek ere ezagutua zuen ongi gizon gazte hura nor eta zer zen. Eta, hiltzerat zohalarik, galdetu ziotenean nor beharko zuten hautatu haren ordain, erran zioten, hauta zezatela Odilon; hura zutela hoberena.

        Kluniko fraidek egin zuten errana izatu zitzaioten bezala; nahiz Odilonek etzuen oraino hogoi-ta hameka urthe baizik, eta bakharrik bortz urthe komentuan zela; eta bertzalde berak ere egin zituelarik egin-ahal guziak, bertze norbeit hauta zezaten.

        Bai! Jainkoaren nahia zen Odilon izan zadin hekien abade. Eta hari esker Kluniko komentuak eta bertze hainitz komentuk behar zuten Jainko Jauna maitatu eta zerbitzatu diteken hobekiena.

        Odilonen baithan gehienik ageri zen berthutea hau zen, Jainkoaren eta lagunaren amodioa. Jainkoaren gatik, Jainkoari atsegin egitea gatik hartzen zituen gogo onez fraidegoari darraizkon nahigabe eta atsegabe guziak.

        Jakinki mezaren indarrak hainitz handiak direla, mezak ematen diola Jainkoari ohore berezi bat, eta purgatoriotan diren arimei eta oraino lurraren gainen direnei ardiesten diozkatela graziarik nasaienak, etzuen nihoiz huts egiten mezaren ematea.

        Lagunaren alderako karitateaz bezenbatean, hainbertze eta halako amoinak egiten zituen, non askotan fraide lagunek erraten baitzioten urrunegi zohala. Bainan Odilon sainduak bazuen konfiantza itsu bat Jainkoa baithan, eta hortakotz aintzina zohan hura bere bideari. Eta Jainkoak etzuen uzten saririk gabe haren sinheste handia.

        Behin, bertze komentu batera joana zelarik, bere karguak ematen zion eginbide baten gatik, bildu zen komentu hartara nihork igurik zezaken baino hainitz eta hainitz fraide gehiago. Eta komentuan etzuten zer eman jaterat jende hekiei guziei, ez eta ardiei ere. Lan handiak zituzten beraz, eta etzakiten soberarik non ziren. Bizkitartean Sainduak manatu zuen eman zezatela zutena; eta gero, ikusiko zutela zer beharko zen egin.

        Mahain zerbitzariak hasi ziren beraz zathien partitzen. Eta bethi begira zagozilarik, noiz izanen zuten ahalkea errateko etzutela gehiago deusere, ikusi zuten atseginekin bazutela mundu guziarentzat, eta berentzat ere bai, behar zen ogia eta jakia.

        Bertze aldi batez, Odilon sainduak, komentu batetik bertzera zohalarik asko fraiderekin, kausitu zituen mendi bizkar batean jende gaixo batzu, lehertuak kargaren azpian, eta egarria ezin gehiagoa jasanean zirenak.

        Nola utz jende hek sokhorritu gabe?

        Ez, bere bihotzak etzion holakorik onesten ahal, eta manatu zioten bere fraide lagunei, eman zezotela jaterat eta edaterat. Fraidek egiten bide zuketen beren baithan: «Eta gero guk, ditugun guziak eman-eta, zer dukegu?». Bainan hala-ere egin zuten manatua zitzaiotena, eta beren edari untziak hustu zituzten kasik osoki.

        Urruntxago zirenean Sainduak erran zioten behar zutela jan ahotara bana, indar pixka bat hartu-eta kurrituko zutela errexkiago. Fraideak etziren gose, bainan bai egarri. Eta hortakotz jarri ziren ziotelarik beren baithan: jan baino lehen nahiago zuketela edan.

        Bainan etziren berek uste zuten bezein gaizki. Ezen, edari untziak hartu zituztenean eskuetarat, ohartu ziren untzi hek betheak zirela gaineraino, eta Jainko Jaunak nahi ziotela adiarazi zer atsegina egin zion hekien Abade sainduak bere amoina handia egitean.

        Lagunaren alderako karitate hori agertu zen oraino hobeki jende xeheari hainitz sofriarazi zuen gosete handi batean.

        Orduan, eman ondoan beharretan zirenei bere komentuko jatekoak, eta bihia bera ere bai, saldu zituen elizako untzi sakratuak. Gero, untzi sakratu hekien dirua ere bazohala ikusi zuenean, abiatu zen bera eske jauregiz-jauregi eta hiriz-hiri. Eta Jainkoak berak daki zenbat mila jendei salbatu zioten bizia, eta zenbat mila erik ardietsi zuten, haren benedizioneari esker, batzuk bixta, bertzek zentzua, eta bertze batzuk bertze asko gaitzetarik sendatuak izatea.

        Bere meneko fraide guzientzat eztitasuna bera zen. Behar zuenean eginarazi norbeiti lan bat edo bertze, etzen nihoiz mintzo othoizka baizik. Eta erraten ziotenean onegia zela, harrek ihardesten zioten: «Baditeke onegi naizela zenbeit aldiz, bainan bietarik bat, nahiago dut Jainko Jaunak kondena nazan onegi izatu naizelakotz, ezen-ez, borthitzegi edo idorregi».

        Bere burua zuen bakharrik ekhartzen borthizki eta idorki. Haren barurak bethierekoak ziren; etzuen loik egiten hainitz gutti baizik, bazakharzkan bethi larru arraseko zurdazkoa eta punta zorrotzez bethea den gerrikoa; eta, janaz bezenbatean, etzuen jaten dodoia gosez ez hiltzeko behar zena baizik.

        Huna hargatik zer gerthatu zitzaion hauste egun batez: Egun hartan, behar zuela egin bertze orduz baino penitentzia handiagoa, ongi bethe zuen hautsez jan gogo zuen ogi piska; eta bertze fraidek baitzuten Erregela sainduak onesten duen arno xorta ere, Odilon sainduak hitzartua zuen mahain zerbitzariarekin hari ura ezarriko ziola arnoaren orde.

        Bazkariteko denboran beraz, jan zuenean ogi pixka bat, hartu zuen eskuetarat gathilua, behar zuela edan bere ura; bainan ordu berean ikusi zuen nahi etzuenik; uraren orde arnoa zuela.

        Ekharrarazirik zerbitzaria, erakutsi zion arno hura; galdetu balio bezala, zergatik etzuen egin erran ziona.

        Zerbitzaria harritu zen. Ezen bazakien arras ongi etziola arnorik eman. Gero, kendurik arnoa, ereman zion bere gathilua urez betherik. Eta aldi hartan ere, ura arno bilhakatu zen sainduaren ezpainetara zeneko.

        San Odilonek ikusi zuen orduan, Jainkoak etzuela nahi urik edan zezan egun hartan, eta edan zuen arnoa.

        Saindu hunen debozione maitenetarik bat oraino, hau zen: Purgatorioetako arimentzat othoitz egitea, eta hekien sokhorritzea bere egin-ahal guzian. Haste-hastetik ere bazuen debozione hori, bainan hainitz gehiago handitu zitzaion beilatiar batek kondatu zionean zer gerthatu zitzaion bere bidean.

        Behin fraide frantses bat, Jerusalemetik etxerat hari zelarik, bortxatua izatu zen gelditzera Ziziliako inguruetako isla ttiki batean, denbora eta itsasoa gaiztu zirelakotz.

        Fraideak, isla hartan zabilalarik, aurkhitu zuen han harpe batean zagon ermitau bat, eta eman ziren solhasean elkharrekin. Ondoko egunetan ere egin zuten solhas hainitz aldiz.

        Azkenean ermitauak, ikusirik fraide frantses batekin zuela bere egitekoa, galdetu zion: ian ezagutzen zituen Kluniko komentua eta Odilon, hango abade saindua. Eta fraideak ihardetsi zionean Odilon saindua eta haren komentua hainitz aipatuak zirela Frantzia guzian, ermitauak erran zion:

        «Hemen harrokarik baizik ezten zokho batean, bada, noizik behinka zabaltzen dena, leze ikharagarri bat suzko itsaso batez hartua. Su hartan ageri dire orduan arimak, ez bakharrik ehunka, bainan ehun milaka; eta han dagozi nigarretan, hatsperenetan eta auhenik erdiragarrienetan.

        »Badire, arima heien tormentatzen hari diren debruak, uliak bezala, nork-daki zenbat ehun mila: Izpiritu gaixto heien oihuak eta izkirituak edo garrasiak ere entzuten ohi dire, eta nola errabian ematen diren, eskapatzen zaizkotenean aztaparretarik oraino behingotz han zituztela uste zituzten arimak.

        »Beren koleran aipatzen dituzte maiz Odilon abadea eta Kluniko fraideak, hekien othoitzen eta penitentzien gatik dutelakotz galtzen gehienik.

        »Eztezazula beraz hutsik egin Odilon sainduari erratea nik zer kontatu darotzudan, eta aintzina ere egin eta eginaraz dezala ahal duen guzia arima gaixo heien onetan eta Jainkoaren loriakotz».

        San Odilonek, jakin zituenean gauza horiek, ezarri zuen legea hilen ofizioak emanen zirela Umiasaindore biharamunean, haren ordenako komentu guzietan.

        Handik zenbeit denboraren buruan, Aita Sainduak ere ekharri zuen lege bera Eliza guziarentzat. Eta horrela hasi zen giristino guziek hain maite duten Umiasaindore biharamuneko besta.

        San Odilonen karitatea eta bertze berthuteak halakoak zirelakotz, jendea hartaz mintzo zen bazter guzietan. Eta bazter guzietarik jendeak ethortzen zitzaizkon, batzu arimako, bertzeak gorphutzeko onaren bilha.

        Behin san Anri edo Henri Alemaniako enperadorea ere ethorri zitzaion bere gorteko jauneria guziarekin. Eta nola enperadore harrek baitzuen kristailezko untzi bat hainitz baliosa, eta nonbeiko printze batek present igortzen ziona, untzi hura eskaini eta eman zion san Odiloni.

        Untzi hura hain zen ederra, non komentuko fraide guziek nahi izatu baitzuten ukhitu beren eskuz. Eta, han zabilatelarik batetik bertzera, izatu zen fraide gaizo bat erortzerat utzi zuena. Hautsi zen beraz untzia eta pusketan eman. Orduan zituzten lanak eta bihotzminak.

        Sainduari ereman ziotenean berri hori, harrek ere etzioten gorde zer atsekabe handia zuen, ez untziaren beraren gatik, bainan enperadorea bera oraino han zelakotz, eta hura gai zelakotz, ezartzeko untzi haren haustea, hura Abade sainduari ereman zuten zerbitarien gain.

        Joan zen beraz elizarat bere fraide guziekin; eta han othoitz pixka bat egin zuenean, manatu zuen ekhar zezotela untzi hura zena zen bezala.

        Fraideak joan ziren bilha. Eta bozkario handitan, eta irriz zagozilarik, ekharri zioten untzia oso-osoa.

        Bainan sainduak etzuen irririk. Ezen ikusi zuenean untzia etzela hausten hasia ere, eta fraideak aintzina ere irriz zaudela, gogoak egin zion hari egin nahi izatu ziotela trufa bat; eta galdetu zioten bizi-bizia, ian, halako trufaren egitean, etziren beldur Jainkoak gaztiga zetzan?

        Orduan fraidek erran zioten untzi hura hautsia izatu zela egiazki eta pusketan ezarria, eta Jainko maiteari zor ziotela haren berriz ere osorik ikustea. Eta guziek elkharrekin eman ziozkaten eskerrak Jainko Jaunari.

        Erran ditugun berthuteak pratikatzen zituelarik, eta Jainkoak ere aditzerat ematen ziolarik zein zuen maite, aipatu eta aipatzeko utzi ditugun grazia handiez, heldu zen lauetan hogoi eta zazpi urthetara. Eta, adin handi hartan, oraino erretreta baten predikatzen hari zelarik, eritu zen.

        Ezagutu edo jakin ere zuen etzuela gehiago lur hunen gainean egoteko zenbeit egun bakhar baizik, eta hortakotz Jainkoaz eta Jainkozko gauzez bethea zagon haren gogoa. Iduri zuken beraz gure arimen etsaia etzela menturatu ere behar harren ganat hurbiltzera. Ordean eztitugu ongi ezagutzen izpiritu dohakabe harren gaixtakeriak.

        San Odiloni ere agertu zitzaion azken eritasun hartan, behar ziola oraino eman iharros-aldi on bat. Bainan eri maiteak, harturik gurutze saindua eskuan, erran zion hazkarki:

        «Ifernuko suge madarikatua, manatzen daiat Jesus nere Nagusi eta Jaunaren izenean, eta hi garhaitu hauen Gurutzearen izenean, ohakit begien aintzinetik, Jesusen gurutzean aurkhitu diat nik bizia, eta hik heriotzea. Eta nere gatik gurutzefikatua izatu den Jainkoaren eskuetan nahi diat ezarri nere arima».

        Horrela kasaturik izpiritu gaixtoa, aintzina haritu zen othoitzen eta solhasean bere Jesus maitearekin zortzi bat egunez. Eta gero, azken aldikotz benedikaturik bere komentuko fraide guziak, loharkatu zen ezti-eztia Jauna baithan. Bazuen hiruetan hogoi-ta bat urthe komentuan zela.

 

 

Irakaspena

 

        Zergatik san Odilon joan zen komenturat, utzirik mundua eta munduan izan zetzazken abantailak? Jesus Jaunak egin darozkigun agintza ederren gatik. Jesus Jaunak hitzeman diote harren gatik mundua eta munduko gauzak utziko dituztenei, emanen diotela lur huntan berean ehunetan gehiago, eta bertze munduan bizitze eternala.

        Eta horra san Odilonek zer zuen nahi segur baino segurkiago, lurreko onthasun, atsegin eta ohore guziak zangoen azpian ezarri-eta, komenturat joan zenean.

        Irakurtzailea, agintza horiek zuretzat dire san Odilonentzat bezein ongi, nahi balinbaduzu beiratu zure bihotza onthasunei eta atseginei sobra estekatzetik; nahi balinbadiozute ihesi egin bekhatuzko okasionei, eta nahi balinbaduzu Jainko Jauna maitatu zure bihotz guziaz.

        Galde dezogun Jesus Jaunari grazia handi hau san Odilonen arartekotasunaz.

 

aurrekoa hurrengoa