www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urtharrilaren 26an

SAN POLIKARPE,
APEZPIKUA ETA MARTIRA

Hila 166an

 

        Huna saindu bat Jondoni Joani apostoluaren etxean ibili dena eskolatzen; saindu bat apostolu harrek berak bathaiatu zukena, eta bederen harrek ordenatua, lehenik apez, eta gero Esmirnako apezpiku.

        Ondikotz, liburuek eztarokute erraten kasik deusere saindu hunek pratikatu dituen berthutez, ez egin duen ongiaz, ez eta ere erabili dituen lanez. Eta egiazki deithoragarri da.

        Ezen Jondoni Joaniren eskolan ibilia zenaz geroz, erraten bide ziozkaten, bere meneko giristinoei, gauza baliosak, dela bere Nausi maiteaz, dela Jesus Jaunaz.

        Dakigun gauza bakharretarik bat, hau da, san Polikarpek bazuela heretikoentzat Jondoni Joanik bezein higuintza handia. Hortakotz maite zuen ixtorio hunen kontatzea:

        «Behin nere nagusi maitea joan zen mainhuak hartzen ziren etxe baterat. Ordukotz zahartzen hasia zen, eta bazuen berekin asko ikasle. Mainhuaren hartzera zohalarik beraz, erran zioten, orduko heretiko bat, Zerinto deitzen zutena, etxe hartan zela, mainhuaren hartzen hari. Eta ordu berean Saindua hasi zitzaioten oihuka bere lagunei:

        »Nere haurrak, gohazen hemendik, athera gaiten laster, beldur naiz etxea leher dadin heretiko gaixto horren gatik».

        Bazakielakotz ere giristino batek zein errexki gal dezaken bere fedea, gerthatzen bazaio heretikoekin maiz ibiltzea eta mintzatzea, san Polikarpek etzuen nahi giristinoek izan zezatela egitekorik ttikiena ere heretikoekin. Eta kontatzen ziozkatenean heretiko hekien blasfemioetarik zenbeit, erraten zuen hasperen batekin: «Nere Jainko maitea, nolako denborek atxeman behar ninduten!».

        San Polikarpen lanez bezenbatean oraino, liburuek erraten darokute, jadaneko adin handia zuelarik, joan zela behin Erromara, Aita-Sainduarekin mintzatzera Elizako egiteko batzuez.

        San Anizet orduko Aita-Santuak, eta Erromako giristinoek ere bai, egin zioten hainitz ongi-ethorri ona. Zeren-eta baitzakiten denek zer khar sainduarekin predikatzen zuen Ebanjelio saindua, eta bertzalde, predikatzen zuela Ebanjelio saindua Jondoni Joani apostoluak irakatsi bezala.

        Eta nola Erroman ere heretikoek egiten baitzituzten beren egin-ahalak gure Erlisione sainduaren nahasarazteko, saindu hunek egin zioten ongi handia hiri hartako giristinoei, han egotu zen denbora laburrean.

        Hiri hartan zelarik, ethorri zitzaion behin aintzinera heretiko nagusi bat, Marzion deitzen zutena. Hura zen gizon bat kalte handia egiten zuena gure Erlisione sainduari.

        Marzionek beraz galdetu zion sainduari, ian ezagutzen zuen. Eta Sainduak ihardetsi zion: «Bai! sobera ongi, ezagutzen haut. —Nor naiz bada?», erran zion Marzionek.

        Eta san Polikarpek ihardetsi zion, kolera saindu batekin eta burua ere itzultzen ziolarik, harren ez ikusteko: «Hi haiz debruaren seme gehiena».

        Heretikoak ez bide zion egin bertze galderik.

        Erromako aldia eginik, joan zenean bere Esmirnako hirirat, aintzina ere hari zen bere ohiko lanari, soldaduek ekharri zutenean hiri hartara san Inazio Antiokheko Apezpikua.

        Saindu hura Erromarat zaramaten, kondenatua izatu zelakotz hango basa ihizien bazka bilhakatzera. Eta hura zen san Polikarpen ezagun eta adiskide bat, biak elkharrekin ibiliak zirelakotz Jondoni Joaniren etxean.

        Errex da beraz asmatzea bi apezpikuek atseginekin besarkatu zutela elkhar; eta san Polikarpek eta Esmirnako giristinoek egin zituztela beren egin-ahalak san Inaziori ahantzarazteko soldaduen bideko egitate txar guziak.

        Bainan joan ziren laster san Inaziok hiri hartan ereman behar zituen egunak ere, eta bi adiskidek behar izatu zuten berriz ere urrundu elkharretarik. Eta orduan, jauzi zitzaizkon nigarrak san Polikarperi. Ez, zeren galdu behar zuen bere adiskide maitea; ordean, zeren etzitzaion emana hari ere, bere odolaren ixurtzea gure Erlisione sainduaren lekhuko bezala.

        Hargatik san Inazio Erromarat joanez geroz, Esmirnako Apezpiku sainduak ere denbora guti zuen lur hunen gainean egoteko. Ezen hura ere martir hil beharra zen.

        Eta huna haren martirioaren ixtorioa:

        Egun batez banatu zen berria soldaduek bazituztela giristino aintzindari guzien preso altxatzeko manuak. Eta ordu berean Saindua joan zen lagun batzuekin hiritik kanpo, giristinorik baizen etzen etxe baterat. Eta hori, othoiztu zutelakotz gorde zadiela zenbeit egunez. Bizkitartean gobernadoreak jakin zuen nolazpeit Polikarpe saindua non zagon, eta igorri zituen soldaduak, preso altxa zezatela.

        Bainan aldi hartan alferretan ibili ziren Sainduaren ondotik, eta joan ziren etxerat, erematen zituztelarik berekin bi giristino gazte. Soldaduei gogoratu zitzaioten, hekiei erranaraziko ziotela nahi-ta-ez Polikarpe saindua non zen.

        Eta Esmirnako hirian halako oinhazeak jasanarazi ziozkaten, non azkenekotz bietarik batek amor eman baitzuen, eta hitzeman erranen ziotela non utzi zuen Apezpiku saindua.

        Soldaduak joan ziren beraz, Judas berri hura gidari. Polikarpek ere jakin zuen giristino gazte batek salhatu zuela. Eta, oraino ere gorde zitekelarik, ongi nahi izatera, egotu zen han berean, egiten zuelarik bere baithan, bazuela aski atsegin emanik giristino populuari; eta Jesus Jaunak ere nahi bide zuela han berean egon zadin, bazenaz geroz giristino arnegatu bat, Judas berri bat, preso altxatu behar zuten soldaduen aintzindari.

        Hortakotz soldaduak etxe hartako athera heldu zireneko, Saindua bera joan zitzaioten galdetzera noren bilha zabiltzan. Soldaduek ihardetsi zioten Polikarpe apezpikuaren bilha ethorriak zirela.

        «Hola denaz geroz, erran zioten Sainduak, sar zaitezte; ongi unhatuak izanen zarete! Behar duzuen hatsa hartu eta jan pixka bana; nik ere eginen ditut bi othoitz jaten hari zaretelarik, eta gero eremanen nauzue zuen nagusiaren gana».

        Hitz horien araberekoa zen san Polikarpen eztitasuna eta mintzoa ere bai. Hain zuen ezagun ona zela eta eztia, non soldaduak ahalkatuak baitzagozin, zeren hain nonbre handian ethorri ziren, eta zeren behar zuten preso ereman, gaixtagin bat bezala, gizon bat hain saindua, eta ongirik baizen egin etzezakena. Hortakotz utzi zuten gogo onez othoitz egitera nahi zuen bezenbat denbora.

        Saindua haritu zen othoitzean bi orenez, galdetzen ziozkalarik Jainko Jaunari Elizak behar zituen grazia guziak.

        Azkenekotz inguru hetako giristinoak ere bilduak ziren etxe hartara; eta denak nigarrez zauden, zeren galdu behar zuten beren Aita ona. Soldaduek ere, erran dugun bezala, ezagun zuten etzirela alegera. Hargatik nola iduritzen baitzitzaioten etzezaketela egin bertzerik, othoiztu zuten Saindua eman zadiela asto baten gainean, eta abiatu ziren Esmirnako hirirat buruz.

        Jadanik hirirat hurbiltzen hari zirelarik, jandarme aintzindari bat ethorri zitzaion bidera Sainduari, karrosa eder batean. Jandarme harrek hartu zuen aspaldiko ezagun xahar bat bezala, eta jautsarazirik bere astoaren gainetik, iganarazi zuen karrosara.

        Gero, bidean bazohazilarik aintzina, erran zion:

        «Zu ihesi joana baitzinen beraz eta gordea baitzinauden. Zergatik hori? Zer gaizki uste duzu eginen duzula zin eginik ere gure enperadoren jainkoen izenean, eta errearazirik ere isentsu pixka bat jainko hekien aldaren gainean? Eta bizkitartean horren egitea aski zinuke! Zergatik eztuzu eginen?».

        Polikarpe saindua egotu zen luzez deusik ihardetsi gabe. Eta, nola bertzea hari baitzitzaion erran-eta-erran, bethi gauza beren erraten, Sainduak ihardetsi zion:

        «Jauna, alfer duzu mintzatzea. Jainko maiteak beiratuko nau holako lanaren egitetik gaur eta bihar, eta etzi ere bai».

        Apezpiku sainduak erran zituen hitz horiek hain lañoki, eta halako segurantzarekin, non jandarme aintzindariak ikusi baitzuen berehala etzela nihor izanen hari bere bidea hautsaraziko zionik. Arthiki zuen beraz karrosaren gainetik pusaako batez. Eta Jesusen ministroak egin behar izatu zuen oinez gainerako bidea, nahiz behartu zuen zangoa bere eroriko hartan.

        Bainan hala ere, haren arima etzen goibeldu. Ez-eta ere etzen lotsatu ereman zutenean Esmirnako plaza nagusira, eta ikusi zuenean hiriko pagano guziak harat bilduak zirela, eta, errabian eta sutan harrentzat eta giristino guzientzat, hari zirela oihuka eta izkirituka. Ez, etzen lotsatu! Ordean sartu zen adiskide batzuen arterat joan balitz bezein ezti eta botz.

        Gobernadorearen aintzinera eremana, harrek galdetu zion, ian hura zen Polikarpe deitzen zuten apezpikua.

        «Bai Jauna, ihardetsi zuen Sainduak, izen hori garreiatzen dut».

        Gobernadoreak erran zion berriz ere: «Emazu beraz kontu zer hari zaren; baduzu hauta; izan detzazketzu onthasunik eta ohorerik handienak, edo beharko tutzu pairatu, zu ez-bezalako gizonen lotsarazteko gai diren tormentak. Sinets nazazu; zin egiten duzularik gure enperadoren jainkoen izenean, errazu: Maradikatuak eta hiltzara kondenatuak izan bitez jainkorik eztela dioten jendeak».

        Saindua eman zen orduan plaza guzia estalia zaukan populu hari beira; eta erran zuen denek entzuteko gisan: «Bai-bai, madarikatua izan bedi, eta hiltzerat kondenatua, Jainkorik eztela dion jendea!».

        Bainan gobernadoreak nahi zuken bertzerik ere entzun. Erran zion beraz: «Egizu nik galdetu darotzudan zina edo juramentua; emazu madarizione Kristori, eta uzten zaitut etxerat joaitera orai berean».

        San Polikarpek ihardetsi zion:

        «Badu lauetan hogoi eta sei urthe ezagutzen dudala Kristo Jauna nere Jainkotzat; eztarot egin egundaino ongirik eta ongirik baizen. Eta orai, nola nahi duzu athera dadin nere ahotik Jesus Jaunarentzateko madarizione bat?».

        «—Bederen zin egizu enperadoren jainkoen izenean».

        Sainduak ihardetsi zion berriz ere:

        «Hari zaizkit baitezpada zin edo juramentu hori eginarazi beharrez, ezpazinaki bezala ni zer naizen. Jakinazu beraz behin bethikotz giristino naizela. Eta gero, hori ez aski, nahi balin baditutzu jakin nolakoak diren giristinoaren eginbideak, ezagutaraziko darozkitzut nahi duzunean».

        Gobernadoreak erran zion orduan: «Mintza zaite orai berean, eta konbertiaratz zatzu jende hauk guziak».

        Apezpiku sainduak ihardetsi zion:

        «Eztut nik egitekorik jende horiekin. Horiek ere ez lukete hargatik ikustekorik nere biziaren gainean. Eta ez natzaiote mintzatuko, zeren eta Jainkoak ezpaitu nahi horiei erakuts diozodaten zeruko bidea. Bainan zuri, ematen darozkitzut nahi tutzun irakaspenak.

        »Utz zatzik solhas horiek, erran zion gobernadoreak, dena hasarretua, gogo emak, aski diat kheinu baten egitea, eta basa ihiziek funditzen haute beren aztaparretan.

        »Egizu nahi duzun bezenbat kheinu, ihardetsi zuen Polikarpe sainduak, zenbatenaz ere tormenta handiagoak jasanaraziko baitarozkidatzu, eta hainbertzenaz ere loria gehiago izanen dut».

        Gobernadoreak erran zion: «Ezpahaiz basa ihizien beldur, errearaziko haut bizirik».

        Eta oraino ere aldi bat Sainduak ihardetsi zion:

        «Zer dire zuk pitzaraz detzazketzun su guziak Jainkoaren justiziak gaixtaginentzat piztua duen bethiereko su harren aldean? Berriz ere erraten darotzut, bai, egizu dohatzun bezala. Ematzu nahi tutzun manuak. Eta lehen-bai-lehen halere».

        San Polikarpek erran zituen solhas horiek guziak eztitasun saindu batekin. Gobernadorea aldiz sutan zen eta errabiarik handienean.

        Behar zuela beraz gaztigatu halako kuraiarekin mintzo zitzaion gizona, eginarazi zuen oihu populuari, hiru aldiz, Polikarpek aitortu zuela giristino zela. Eta populuak ihardetsi zuen hiruetan izkiritu ikharagarri bat egiten zuelarik: «Kali eta hilaraz bedi giristinoen nagusia; jainkorik eztela dion gizona, gure jainkoen etsaia!».

        Oihu egiten zioten ere basa-ihizien kargua zuenari, atheraraz zezala lehoin bat. Bainan gizon harrek erran zioten etzitzaiola zilhegi, memento hartan, basa-ihizien atheratzerat uztea.

        Eta orduan populu guzia hasi zen oihuka berriz ere: «Errearaz bedi Polikarpe! Errearaz bedi Polikarpe bizirik».

        Eta ikusi nahiz, lehen-bai-lehen, sua piztua, eta giristino hura suaren erdian, on ziren guziak atheratu ziren egur keta. Aphur bat edo memento baten buruko, eta Sainduak kentzen zituelarik baitezpada behar zituen arropak, burregoek eta soldaduek ezarri zituzten, burdinazko pilar baten inguruan, populuak ekhartzen ziozkaten egurrak. Eta berehala egin zuten egur meta bat gaitza.

        Gero, nola burregoek nahi baitziozkaten estekatu eskuak burdinazko krako batzuei, Sainduak erran zioten: «Uzten ahal zutela estekatu gabe; Jainko Jaunak emanen ziola aski indar egoteko suaren erdian, ez estekatua izana gatik ere».

        Burregoek sinetsi zuten. Eta ezarri orde haren eskuak burdin krako batzuetan, bertze erretzen zituztenei egiten zioten bezala, estekatu ziozkaten doi-doia bizkarrean, eta iganarazi zuten egur metaren gainerat.

        Orduan san Polikarpe eman zen Jainkoari buruz eta erran zion:

        «O Jainko botheretsua, Jesus nere Salbatzailearen Aita, eskerrak darozkitzut, zeren nahi nauzun ezarri martiren herronkan. Bai, eskerrak darozkitzut zeren deitu nauzun egun handi huntan behar dudan ohorera, eta zeren nahi darotazun eman edatera Jesusen kalitzetik. Orai badakit, ni ere piztuko naizela Jesus Jauna bezala, eta eztela hiltzerik izanen gehiago neretzat. Laudorio eta benedizione Jainko guziz onari eta Jesus haren Seme bakharrari».

        Azkenekotz piztu zuten sua, eta garrek laster hartu zuten egur meta edo phulo guzia. Jendek uste zuten beraz Saindua ere erretzera zohala, bainan ohartu ziren laster garrak, goiti joan-orde xuxen-xuxena, bazterretarik zohazila, Sainduaren ukhitzera beldur izatu balire bezala; eta gero, urrundik inguratzen zutela, haizeak hantzen eta bethetzen duen untzietako bela baten pare.

        Luzez egotu ziren begira, ian bada gar hek etzuten eginen beren lana. Bainan aldi hartan suaren lana zen, adiaraztea gaixtakeriak itsutzen etzituen guziei, Polikarpe sainduak adoratzen zuen Jainkoaz kanpo eztela bertze jainkorik.

        Hortakotz oraino, senditu orde jende erretzen hari denaren usain borthitza, senditzen zuten guziek bertze usain bat ona eta nihoiz usnatu etzuten bezalakoa.

        Paganoek etsitu zuten noizpeit Martir sainduaren erretzen ikustea. Orduan burrego batek, iganik egur metaren gainera, sarthu zion ezpata bihotzean. Eta hainbertzenarekin haren arima saindua hegaldakatu zen Jesus Jaunaren besoetarat.

 

 

Irakaspena

 

        Huna saindu bat goizik hasi zena Jainkoaren maitatzen eta zerbitzatzen; eta gero, hasian-hasi, joan dena zeruko bidean, batere gelditu gabe.

        Jadanik adinean aintzinatua zelarik, nahi izatu zioten arbuiarazi bere erlisione saindua, eta eginarazi blasfemio bat. Bainan holakorik egin baino lehen, gogotik emanen zuen bizia miletan.

        Eta nik, zenbat denbora dut jarraikitzen natzaiotela Jainkoaren manamendu guziei hautsakeriarik batere gabe.

        Ondikotz! egin orde Jainkoaren zerbitzatzea, bilhatu orde Jainkoari bakharrik atsegin izatea, bizi izatu naiz menturaz lazakerian eta hil-hila; eta menturaz zangoen azpian ezartzen nuelarik, egun guziz, nere Jainkoa Jaunaren legea! Ez! burregoen edo heriotzaren beldurrez, bainan atsegin ez-deus batzuen gatik, onthasun iragankor batzuen gatik!

        Eta orai, nola konda egin tudan bekhatuak? zenbat eta zenbat bekhatu eztut egin?

        Jainko maitez, ahalke ere banaiz zure aintzinean agertzeko. Eta hala ere, Jaun ona, galdetzen darozkitzut behar ditudan graziak, jarraik ahal nadin zure lege sainduari, nere azken hatseraino.

 

aurrekoa hurrengoa