www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urtharrilaren 5ean

SAN SIMEON PILARREKOA

Hila 459an

 

        Simeon Pilarrekoa sortu zen Ziriako herri batean, aita eta ama giristino batzuetarik. Aita artzaina zuen, eta bera ere ibili zen lehenbizian azienden ondotik.

        Hamahiru urthe zituelarik, entzun zituen elizan Ebanjelioko hitz hauk: Dohatsu nigarrez dagozinak, dohatsu bihotzez garbi direnak, zeren ikusiko baitute Jainkoa. Elizatik atheratu zenean, galdetu zuen gizon adinetako bati, zer egin behar zuen hitz hekien arabera bizitzeko. Eta jakinik behar zela penitentzia egin, eta hortakotz, mundutik athera, utzi zituen etxea eta etxekoak, eta joan zen eremu edo desertu baterat.

        Desertu hartan, bizi izatu zen zazpi egunez, deusik jan ez edan gabe. Eta ezaguturik bazela komentu bat, handik hurbil, joan zitzaion hango aintzindariari galdetzera, othoi har zezala hura ere fraidetzat.

        Abadeak ikusi zuen laster haur hura Jainkoaren izpirituak hartua zela, eta hortakotz ideki zion athea.

        Komentuko bertze fraidek ere ezagutu zuten, denbora laburrik barnean, saindu handi baten gaia zela; halako suarekin lotu zelakotz penitentzia egiteari, eta berthute guzien pratika sainduari.

        Behin fraideak ohartu ziren gorphutz guzia funditua zuela zorne edo materia zikhin bat zariola. Eta jakin zuten, aspaldiko egun hetan jauntzia zadukala, edo hobeki erratera, josia bere gorphutzari, itze zorrotzez dena bethea zen espartzuzko athorra bat.

        Komentu guzia harritu zen, nola jende biziak jasan zetzazken hainbertzekoak, oinhazerik batere bazuela ere iduriarazi gabe.

        Hortakotz, nahiz bazuen jadanik hamar urthe fraide-etxe hartan zela, Aita Abadeak othoiztu zuen zohala bertze norapeit; gai zela, bere penitentzia heiekin, batzuen lotsarazteko, eta buruaren beroarazteko sobra bertze batzuei.

        Manu horrek etzuen trixtarazi Simeon gaztea. Bainan Jainkoari berari galdeturik zer behar zuen egin, joan zen mendi zokho baterat.

        Han moldatu zuen nolazpeit etxola txar bat; eta eman zen osoki penitentzia egiteari. Lehen-lehenik utzi zituen bazterrerat jateko eta edateko guziak, behar zuela egin Jesus Jaunak bezalako garizuma bat.

        Heldu ere izatu zen bururaino, bainan hala ahuldua eta trenkatua, non ezpaitzagoken ez xutik, ez jarririk.

        Bizkitartean, apez batek ekharri zion komunione saindua Bazko egunean; eta komunioneak eman ziozkan bet-betan, edo kolpe-kolpez, barur egiten hasi aintzinetik zituen indar guziak.

        Erran nahi baita, Jainkoak egin zuela mirakuilu bat, adiarazteko bere haur maiteari, onesten zituela haren penitentziak. Eta Simeon eman zen penitentzia egiteari egundaino baino khar gehiagorekin.

        Horrela iragan zituenean hiru urthe bere mendi zokhoan, igan zen mendiaren gainerat.

        Mendi gain hartan, eginarazirik asentu edo murru bat inguru-inguru eta batere teilaturik gabe, sartu zen harren barnerat.

        Egina zuen bere baithan, behar zela egon mendi kasko hartan, paratua iruzkiari, haize hotzari eta nekhaitzei, edo denbora gaixtoei.

        Eta etzadien nihoiz handik athera, ez-eta tentazioneak nola-nahiko izaturik ere, eman zen estekan zangotik harroka bati burdin gathe edo khadena batez.

        Inguru hetako jendeak ohartuak ziren Simeonen berthute handiaz; eta nahiz urrundu zitzaioten, halarik ere joaiten zitzaizkon ikustera.

        Antiokheko apezpikuak berak ere ikusi eta mintzatu nahi izatu zuen, jakiteko ian egiak othe ziren saindu hartaz erraten ziozkatenak.

        Apezpiku hura ere harritu zen nola bizi ziteken jendea halako penitentzen erdian. Hargatik erran zion: «Adimendurik gabe diren kreaturentzat zirela sokak eta gatheak, bainan harrek, aski zuela Jainkoaren Izpiritua harroka harren gainean egoteko handik jautsi gabe».

        Simeonek ezagutu zuen arrazoin zuela apezpikuak, eta hautsarazi zuen bere burdinazko gathea.

        Eta halarik ere han berean egotu zen, nahiz bazuen egun guziz penitentzia bat hainitz pairarazten ziona: bethi eta bethi jendez inguratua izatea.

        Egia da bazuela bere egoitza ttikiaren inguruan harresi bat, eta etzela emakumerik sartzen harrasi harren barnerat, bainan gizonak han zituen kasik bere gainean; gizonek behar zuten ukhitu, eta, bere azienda-larruzko arropatik, behar zioten kendu pixka zerbeit.

        Unhatu zen beraz noizpeit jenden artean izateaz; eta asmatu zuen egoitza bat egundaino nihork izatu etzuen bezalakoa.

        Eginarazi zuen pilar bat, lehenik bederatzi piakoa. Gero, oraino ere jendeak hurbilegi zitzaizkolakotz, handiarazi zuen bere pilar hura, bi-hiru alditaraino.

        Hirugarren aldikotz gorarazi zuenean, ezarri zioten berrogoi-ta hamalau pietan. Eta orduan igan zen bere bizi guzikotzat, batere gerizarik ez arherberik gabe zen punta hartarat. Eta handik aintzina han zagon, izan zadiela uri ala atheri, uda ala negu, gau eta egun; batean iruzkiak errea, bertzean hotzez ikharetan, eta zenbeit aldiz nekhaitzak funditua. Eta han zagon nihoiz jarri ez belhaunikatu gabe, edo xut-xuta, edo osoki ukhurtua.

        Egun guziz ekhartzen zioten komunione saindua. Eta hura zen haren janhari bakharra. Ezen etzuen jaten berrogoi egunetarik berrogoi egunetara baizik.

        Haren izpiritua osoki bethea zagon bethi Jainko Jaunaz, eta Jainkozko gauzez. Bizkitartean ematen zen egun guziz, ilhun nabarrean, barneko bildura handiago batean: eta othoitzik khartsuenetan zaraman handik hasirik-eta, biharamun eguerdirainoko denbora, besoak zabal-zabala, batere erortzerat utzi gabe, eta begiak ere zerurat altxatuak.

        Gure bihotz nagiek zer erraten othe dute horrelako bizitzeaz?

        Alde hetako Fraide-Aintzindari batzuk ere, ezin sinetsiz Jainkoaren izpirituak harrarazi ziola bide bat hain borthitza, bidali edo igorri ziozkaten mandatariak erratera jauts zadiela pilar hartarik, eta etzezala egin bertzek ez bezalako penitentziarik.

        Hargatik mandatariei errana izatu zitzaioten, utz zezatela han berean, hekien manua ongi hartua balin bazen.

        Mandatariek erran zioten beraz Simeoni, bere aintzindariek manatzen ziotela pilar hartarik jaustea, eta eman zadiela bertzeak bezalako bizitze batean.

        Eta Simeon saindua abiatu zen, ordu berean, manu harren arabera egitera.

        Ordean mandatariek etzuten utzi zolaraino ethortzera, eta erran zioten berriz ere: «Orai badakigu Jainkoaren Izpiritua zurekin dela, zaude zure pilarraren gainean, eta hemendik aintzina ere jarraik zaite Jainkoaren graziari».

        Bertze aldi batez, nonbeitik ethorririkako fraide bat egotu zitzaion begira luzez saindu gogoetarazgarri hari; etzezakelakotz sinhets, jendea bizi zitekela hura bezala. Eta azkenean egin zion galde hau: «Simeon, erraguzu etzarela aingeru, bainan bai gizon».

        Eta Simeon sainduak ihardetsi zion: «Haurride maitea, zato, igan zaite hunaraino; behar duzu ikusi zer naizen». Eta gainera zenean, fraideak ikusi zuen oraino are gehiago harritu zuena: bere ixterrean edo azpian bazuela zauri bat ikharagarria eta dena harrez bethea.

        Erran gabe doha sainduak etzuela deusik egiten zauri harren sendarazteko. Ezen maite zituen zauri hura eta har hek, mundutarrek perlarik baliosenak baino gehiago.

        Eta ohartzen balin bazen har hetarik zenbeit erori zitzaiola, berriz ere ezartzen zuen bere zaurian, erraten ziolarik: «Jan zazu Jainkoak eman darotzun janharia».

        Erran dut gau guzia, eta goiz guzia ere bai, othoitzean zaramazkala; arratsaldetan aldiz, bazuen bertze lanik. Ezen nola gau eta egun, jende oste handi batez inguratua baitzagon, hekiei guziei predikatzen zioten arratsaldetan. Eta Jainkoak berak daki zenbat mila bekhatorosei adiarazi zioten zer zorigaitz ikharagarria den bekhatu mortalean bizitzea.

        Bertzalde, bere prediku hekien sarrarazteko hobeki aditzailen bihotzetan, egiten zituen egun guziz mirakuilurik handienak.

        Behin jende-alde baten aintzindaria ethorri zitzaion, othoi urrikal zakiola paralesian erori zitzaion soldadu gazte bat.

        Sainduak erran zion ekhar zezola gizon gazte hura, eta gero, galdetu zion erieri berari, ian sinesten zuen Jainkoa baithan badirela hiru Presuna, Aita, Semea eta Izpiritu Saindua?

        «—Bai, Aita, ihardetsi zion eriak, sinesten dut».

        Eta berriz ere san Simeonek erran zion:

        «—Egia hori sinesten baduzu, manatzen darotzut Aitaren, Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenean, altxa zaitezen, har dezazun bizkarrean zure aintzindaria eta ereman zuen oihalezko egoitzetarat».

        Eta paralesiatua zenak egin zuen manatua zitzaion bezala; ezen sendatua zen osoki.

        Inguru hetako gizon batek ere egin zuen behin botua, etzuela gehiago haragirik janen; hark ere behar zuela egin penitentzia pixka bat, Simeon sainduak hainbertze egiten zuenaz geroz.

        Bainan egun batez, atxeman zuen hegastin bat, eta konturik egin gabe bere botuaz eta kontzientziaren oijuez, prestatu zuen eta erre bere ihizia. Jatera ere zaraman, ohartu zenean haren haragia harria bezein gogor zela.

        Dena ahalkatua eta osoki urrikitan bere bekhatuaz, joan zitzaion Sainduari erratera zer egin zuen.

        Eta hari esker, ardietsi zuen bere gormandizaren barkhamendua.

        Egun guziz egiten zituen mirakuilu berriak, eta etzuen uzten egunik iragaitera erran gabe etxerat zohazinei, nahi zituzten graziak ardietsirik: «Norbeitek galdetzen badautzue, nork sendatu zaituzten, erranen duzue Jainkoak sendatu zaituztela. Eta ez aipa Simeon bekhatorosaren izenik».

        Azkenean, lurreko jaunik handienak eta apezpikuak berak ere ikustera ethortzen zitzaizkon saindua, Simeon mundu guzian aipatua eta ezagutua zena, ukhurtu zen oraino aldi bat, bere othoitzaren egiteko, eta etzen gehiago xutitu. Ezen haren arima saindua hegaldatu zen Jainkoaren ganat; eta joan zen bizitze bat hain garratzari zohakon zorionaz gozatzera.

        Hil zenean, ereman zuten haren gorphutza Antiokheko hirirat. Eta haren hobiaren gainean ere, egiten ohi ziren mirakuilu handiak.

        Hortakotz, Leon enperadoreak nahi izatu zuen hartu Konstantinopoleko hirirat. Bainan Antiokheko jendek gaztiatu zioten, hekien hiriak etzuela bere inguruan harresirik, eta horren gatik, zadukatela san Simeonen gorphutza hiriaren erdian, beira zaitzan beren etsai guzietarik.

        Enperadoreak onetsi zuen arrazoin hori, eta aintzina ere san Simeonen erlakiek izatu zituzten Antiokheko hirian ohorerik handienak.

 

 

Irakaspena

 

        Egia da Jainkoak eztarokula galdetzen saindu hunen urratsei jarraikitzea. Bainan ezta gutiago egia, ezkarela zeruan sartzen ahal, non ezkaren sainduki bizi.

        San Simeonen bizitzeaz orhoituz, bederen utz detzagun hartu gabe hainbertze jan-edan, pausaldi eta aisia behargabeko, eta har detzagun gogo onez eta penitentziazko izpirituz, ethorriko zaizkun atsegabe eta unhadura guziak.

        Ezen alfer da uste izatea Jesus Jaunaren zorionera helduko garela, ez balin badugu, lur huntan gareino, edan nahi haren kalitzetik, eta ezpagaizko jarraiki nahi, gure gurutzea bizkarrean Galbarioraino.

        Eta horra zer grazia behar diogun galdetu Jainkoari, san Simeonez arartekotasunaz: penitentziazko izpiritua.

 

aurrekoa hurrengoa