www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

JESU-KRISTO GURE JAUNA

 

Jesu-Kristo Gure Jaunaz zenbeit hitz

 

        Gure lehen burasoak baztertu zirenean zeruko bidetik, debekatua zitzaioten fruitu bat janez, Jainkoak etzituen halere madarikatu; bainan madarikatu zuen Satan, gure arimen etsai nagusia, eta ordu berean kontsolatu Adam eta Eba, gure lehen burasoak, sugeari buruz erran zituen hitz hautaz:

        «Etsaigoa ezarriko diat emaztearen eta hire artean, emaztearen ondokoen eta hiren artean, eta etsaigo harrek iraunen dik menderen mende, munduaren akhabantzaraino. Eta egun batez, hire amarru guzien gatik ere, emazteak lehertuko darok burua».

        Horra nola egina izatu zitzaion gizonari, bekhatuan erori zeneko, agintza maite hau: ethorriko zitzaiola Bitarteko botheretsu bat, bakeak eginaraziko ziozkana bere Jainko Jaunarekin.

        Hitz horien bidez oraino, agindua zitzaion, Bitarteko harrek atheratuko zuela debruaren esklabotasunetik, eta pagatuko zituela Jainkoaren alderat zituen zor guziak.

        Bainan nor da Jainkoaren eta gizonaren artean jartzen ahal den Bitartekoa? Nork ezezta detzazke bekhatuak Jainkoari egin diozkan laido ikharagarriak? Nor da gai dena jasaiteko hainbertze bekhatuk merezitu darozkiguten gaztigu handiak?

        Jainkoaren Semea; Jainkoaren Seme gure gatik gizon eginen dena.

        Eternitate guzian eztukegu bertze lanik, baizik ere Jainkoaren eta haren Seme bakhar, Jesu-Kristo Gure Jaunaren ezagutzea eta maitatzea.

        Ezta beraz sobera egin dezagun gure egin-ahala, mundu huntan berean, Jainkoaren eta Jesu-Kristoren ezagutzeko eta maitatzeko.

        Munduan gareino, Jainkoaren ezagutzeko dugun bide on bat da, ikustea Jesus Jaunak eta Sainduek zer egin duten, Jainkoaren gatik eta Jainkoaren ohoratzea gatik, eta gero, Jainkoak nola ekharri dituen dela Jesus gure bekhatuak bere gain zituena, dela Sainduak askotan bekhaturik batere gabe zirenak.

        Lehenik, ikusiko dugu Jesus Jaunaren ixtorioa.

        Bainan kontatu baino lehen Jesusen sortzea, bizitzea, hiltzea eta piztea, behar dugu ikusi Jainkoak nola ezagutarazten zioten Juduei Mesias agindua eta igurikia.

        Ikusiko dugu beraz Jainkoak zer erraten zioten Patriarkhei eta Profetei; eta gero oraino, nola munduan izatu diren gerthakari handiek berek adiarazten zituzten Jesus Jaunari gerthatu behar zitzaizkon asko gauza.

 

 

LEHEN PONTUA

Patriarkhek eta Profetek
zer erraten zuten Mesias aginduaz

 

        Salbatzaile Jauna etzen ethorri beharra mundurat, hainitz urthe eta menderen buruan baizik.

        Horra zertako Jainkoak berritzen zioten noizetik-noizera Patriarkhei lehenago Adami egin zion agintza hura bera.

        Huna zer erran zion Abrahami:

        «Zeren zure semea bera hiltzera zinaraman niri obeditzea gatik, nere benedizioneak jautsiko dire zure gainerat. Izanen da beraz lurrean zure odoletikako haurretarik, zeruan izar bezenbat, eta, itsas bazterrean, hare edo sable bihi bezenbat.

        »Eta lurreko jende guziak benedikatuak izanen dire zutarik sorthuko dena baithan».

        Jakop patriarkha eri gaizki zen; hiltzera zohalarik beraz, erran zion Judas bere laugarren semeari, haren familiatik sorthuko zela Salbatzaile agindua.

        Moisek erran zioten Juduei bozkariorik handienean:

        «Jainkoak agerraraziko darotzue, zuen artean, nere iduriko igarle edo profeta bat. Beha zakizkote ongi».

        Jop sainduak ere hura zuen gogoan, hitz hauk erraten zituelarik:

        «Badakit nere Eroslea bizi dela; badakit ere azken egunean piztuko naizela, eta nere begi hautaz berez ikusiko dudala nere Jainkoa».

        Dabit erregeak ikusi ditu eta kondatu, diteken ederkiena, Salbatzaile Jaunaren umiliazioneak eta loria distiranta.

        Ikusi du hura Jainko dena, bere Aita bezala, Gizon egina; eskuak eta zangoak zilhatuak, hezurrak ageri; edaterat ematen diotela beazunez eta ozpinez eginikako edari khirets bat; eta han dituela bere etsaiak, odolez ezin ase ditezken zakhur errabiatu batzuen pare.

        Eta gero, ikusi du Jesus Jauna, bere etsai guziak garhaitu ondoan, jarria bere Aitaren eskuinean, loria eta ohore suerte guzien erdian.

        Isaias profeta irakurtzean, gogoetatzeko ere bada, ian, Jesu Kristo ethorri ondoan ala aintzinean mintzatu den. Hain da garbiki mintzo Nagusi maite hartaz.

        «Hemen dugu, erraten du Profetak, agertzera dohakigu berehala, gu salbatu behar gaituen Jainkoa. Bai, hemen dugu. Errozuete beraz atsekabetan direnei, eta beren nahigabe handien gatik bihotza joana dutenei, pitz ditezela. Ezen Jainko Jauna bera jarriko da gure alde, eta berak atherako gaitu gure etsaien eskuetarik.

        »Orduan, dio aintzina Isaias profetak, orduan itsuak argituko dire eta gorrak ernatuko; orduan zangoetarik galdua zenak eginen du jauzi oreñak bezala, eta mutu zena bera ere mintzatuko da».

        Isaiasek erraten du oraino Salbatzaile hura sorthuko dela Birjina baten ganik; berak ezarriko dituela bide onean jainko faltsuen adoratzaileak; bera izanen dela hekien aintzindaria; eta, haren aintzinean, erregeak berak ikhara saindu batean egonen direla.

        Eta hola ezagutarazi dituenean Salbatzaile Jaunaren botherea eta handitasuna, Isaias profeta oraino ere mintzo da, eta erraten diote Juduei, nolakoak izanen diren haren umiliazioneak eta pairamenak.

        Huna haren hitzak:

        «Agertuko da, lurraren gainean, edertasunik ez distiradurarik batere gabe, eta lur txar batzuetako landarearen pare. Ikusi dugu, bainan etzuen begiratzea ere balio. Hortakotz ez ezagutuarena egin diogu haren aldean iragaitean.

        »Hura da gauza bat deusik balio eztuena, gizon bat eritasunek eta gaitzak dena hartua, eta deusetako on eztena.

        »Horra nola, haren parera direnean, guziek baztertzen duten burua, haren ez ikusteko.

        »Iduritu zaiku Jainkoa bera zela haren joilea eta umiliatzailea.

        »Eta bizkitartean joa izatu balinbada eta funditua ere bai, gure bekhatuen gatik da hoin gaizki ekharria izatu.

        »Gu guziak alabainan errebelatuak ginen mendiko ardi batzuen pare; gutarik batbedera bazohan bere bide makhurrari behera.

        »Jainko Jaunak ezarri ditu beraz haren gainean gure bekhatu eta gaixtakeriak.

        »Salbatzaile Jaunaren nahia ere hori zen. Bai, hartu ditu gogo onez umiliazione guziak. Eta, mintzatu orde bere buruaren zaintzeko, egotu da ixilik hiltzera daramaten ardiaren pare, edo oraino, ilea moxten dioten bildotxaren pare.

        »Hortakotz, dio Profetak, hobiak berak ere erakutsiko du Jainko dela; populu guziek ikusiko dute haren bandera distiranta; eta oraino, zeren hala aphaldu eta umiliatu den, zeren hainbertze laido eta oinhaze ikharagarri jasan duen, izanen da lurraren gainean ere ohoratua eta adoratua menderen mendetan».

        Daniel profetak ere erran zioten Juduei, hek igurikitzen zuten Salbatzailea noiz sorthuko zitzaioten, zenbat denbora zuketen beren artean, eta nola hil beharra zuten. Eta bertzalde erran zioten, zorigaitz guziak erori beharrak zirela hekien gainerat, zeren hilaraziko zuten munduaren Salbatzailea.

        «Hirur-hogoi urthezko asteren buruan, zion Profeta hunek, hilaraziko dute Kristo Jauna. Ordean hura hilarazi duen populua ezta gehiago deithua izanen Jainkoaren populua.

        »Ezen populu etsai bat ethorriko da bere aintzindariarekin; eta arthikiko ditu eta fundituko, behin bethikotz, hiria eta eliza».

        Baliteke, Profeten erranetarik, bertzerik asko hemen ezagutarazi behar ginukenik; ordean uzten ditut, eta ikusiko dugu nola Jainko Jaunak ematen zuen aditzerat, munduko gerthakari handien bidez, zer izan behar zen haren seme Gizon eginaz.

 

 

BIGARREN PONTUA

Munduko gerthakari handiak
Jesusen ixtorioaren itxura batzu zirela

 

        Aiphatu ditugun Profeta horiek eta bertzeak hola mintzo zirelarik Mesias aginduaz, Jainkoak ezagutarazten zuen oraino haren seme bakharraren ixtorioa munduko gerthakari handien bidez.

        Abel bere anaiak hil zuen.

        Bada justo haren ixtorioak erakusterat ematen zuen nola Jesu-Kristo Gure Jauna ere hil behar zuten bere haurridek berek.

        Kainek hil zuen Abel bere anaia bekhaizgoz; badakigu arras ongi Juduek ere bekhaizgoz hilarazi zutela Jesus Jauna.

 

        Berantago Jainkoak manatu zion Abrahami, har zezala Isaak, hain maite zuen bere seme bakharra, eta sakrifika zezola erakutsiko zion mendiaren gainean.

        Abrahamek estekatu zion beraz bere semeari, bizkarrean, egur zama edo haxe bat, eta, hirur egunez ibili ondoan, heldu zen Galbarioko mendiaren gainera.

        Han, Abrahamek egin zuen aldare bat, aldarearen gainean antolatu egurra, eta erran zion bere seme maiteari, eman zadiela etzanik egur haren gainean; Jainkoak manatu ziola haren sakrifikatzea.

        Eta Isaak, hogoi urthetako gizon gaztea, eman zen egurraren gainean, Jainkoaren nahia hala zenaz geroz, jo zezala.

        Ordean ez! etzen Jainkoaren xedea, Abrahami hilaraztea bere seme umila.

        Ezen jadanik estekatua zuelarik, eta ezpata ere altxatua ukhaldiaren emateko, aingeru batek iduki zion besoa.

        Jainkoak nahi eta bilhatzen zuena, hau zen, adiaraztea ordu beretik, nola egun batez, Jesus dibinoak behar zuen garreiatu gurutze dorphe bat mendi gain hartarat bererat; eta nola, gurutze hari itzatua, behar zuen ixuri bere odol guzia gure salbatzeko.

 

        Josep Patriarkharen ixtorioak ere badu egiterik handiena Jesus Jaunarenarekin.

        Bere anaiek berek saldu zuten Josep saindua tratulari arrotz batzuei.

        Jesus jauna apostolu batek saldu zioten Juduei hogoi-ta hamar diru pezentzat; eta gero ezarria izatu zen Erromanoen eskuetan.

        Josepek, preso zelarik bi gaizki egilekin, agindu zion hetarik bati, atherako zela laster presondegi hartarik, eta Erregek hartuko zuela bere ganat; erran zion aldiz bertze gaixtaginari estekatua izanen zela phaldo edo zuthoin handi bati.

        Jesus Jaunak ere, gurutzeari itzatua zelarik bi ohoinen erdian, erran zion solhas hau ohoin hetarik bati: «Gaur, nerekin izanen zare zeruko lorian; eta aldiz bertze ohoina utzi zuen hiltzera bere bekhatuekin».

        Josep athera zen presondegi hartarik, hirur urtheren buruan. Eta presondegitik athera zenean, izatu zituen gizonak izan detzazken ohore guziak.

        Jesus Jauna ere piztu da, eta atheratu hilen artetik hirugarren egunean. Eta, zeruetarat igatean, Aita Eternalak jarrarazi du bere eskuinean, eta eman diozka bothere guziak zeruan eta lurrean.

        Josep Esiptoko lehen ministro zelarik, idorte ikharagarri batek funditu zituen Esiptoa eta Esiptoko inguruak. Gosetea izatu zuten beraz zazpi urthez. Bainan nola aintzineko zazpi urtheak hainitz onak izatu baitziren, Josepek bildu eta bere selaruetan ezarri zuen erosi ahal izatu zuen bihi guzia. Eta gero, gosetea ethorri zenean, jendea haren gana zohan bazter guzietarik; eta harrek ematen zioten guziei behar zutena.

        Jesus Jaunak, zerurat igatean, manatu zioten apostoluei berak predikatu zuen Ebanjelio hura bera ezagutaraz zezatela mundu guziari.

        Eta hala banatu edo hedatu zen, jenden artean, bizitze eternala ematen duen Ebanjelioa.

        Josepek barkhatu zioten bere haurridei, eta bertzalde, ekharrarazirik Esiptorat, eman ziozkaten berentzat hango lurrik gizenenak.

        Jesus Jaunak ere galdetu dio Aita Eternalari bekhatore guzien barkhamendua, Gurutzearen gainean zelarik. Eta oraiko egunean ere, haren atseginik handiena da bekhatorosen konbertitzen ikustea.

        Hemen aiphatzen dut oraino Juduek urthe guziz egiten zuten zeremonia bat; hura ere egina zelakotz adiarazteko Jainkoak zer grazia handiak behar zarozkigun aman Aldareko Sakramendu Sainduan.

        Legeak manatzen zioten Judeako etxe guziei bildotx baten jatea Bazko egunean.

        Jainkoak eman zioten lege hori etzezaten ahantz, nola hekien arbasoak begiratuak izatu ziren aingeru funditzailearen ukhaldietarik, gorritu zituztelakotz beren atheak bildotx baten odolaz.

        Guk ere badugu, bederen Bazkoetan, Jainkoaren Bildotxaren jateko manua. Guk ere, janez Jesu-Kristoren haragitik eta edanez haren odoletik, begiratzen dugu gure arima gure etsaiaren ukhaldietarik. Eta, denbora berean, izaten ditugu berthutearen pratikatzeko, eta zerurat heltzeko behar ditugun indarrak.

 

        Huna oraino Lege zaharreko ixtorio bat, erein sugearen ixtorioa, eta nola Jainkoak ezagutzerat ematen zuen, geroan, zer grazia handiak egin behar zarozkigun.

        Izraeldarrak eremuan edo bortuan zirelarik, Jainkoak igorri ziozkaten suge ikharagarri batzu, nahi zituelakotz gaztigatu zeren zinkhurdiaka edo erasiaz zagozin Moisentzat.

        Bazter guziak betheak ziren suge hetaz, eta hekien pozoina halakoa zen, non ezpaitzen nihor sendatzen asikia izanez geroz.

        Izraeldarrek ezagutu noizbeit, suge hek ere beren gaizkien gaztigutan zituztela.

        Eman ziren beraz Jainkoari buruz, eta galdetu zioten barkhamendu.

        Eta Jainko Jaunak, bethi ekharria delakotz barkhatzera, manatu zion Moisi egin zezala kobre-urthuzko suge bat, eta ezar zezala guzien ikusmenean, phaldo edo zuthoin handi baten puntan.

        Handik aintzina sugek asikiak zirenek aski zuten suge-iduri edo bulto hari buruz jartzea, hari begiratzea, eta ordu berean sendo ziren.

        Guri ere gerthatzen ahal zaiku, mundu huntako bide lanjerosetan, asikiak izatea ifernuko suge madarikatuak; eta garbikiago mintza nadin, gerthatzen ahal zaiku bekhatu egitea.

        Bainan nahi balin bagare sendatu, nahi badugu arthiki gure bihotzetik bekhatuarekin batean iretsi dugun pozoina, eman gaiten begira Jesus gure gatik gurutzefikatua izatu denari. Eta ezagutuko dugu bekhatua zer den.

        Eta behin ezagutzen ahal badugu egiazki, ekharriak izanen gare haren higuintzera, eta Jainkoaren maitatzera geroago eta gehiago.

 

 

HIRUGARREN PONTUA

Jainkoaren Semearen Gizon-egitea
eta sortzea Betleemeko heian

 

        Ikusi dugu goraxago Jakop Patriarkha, hiltzera zohalarik, nola mintzatu zen Judas bere semeari.

        Jakopek hitzeman zion Judasi Mesias agindua haren arrazatik atherako zela, eta bertzalde, hitzeman zion erregegoa haren ondokoetan egonen zela Mesiasen denbora ethorri arteraino.

        Azkenean beraz ethorri zen ordua, Judasen odoletikako erregerik gabe, eta Erromako enperadoren meneko baitziren Juduak.

        Daniel profetak aiphatu denborak ere akhabatzera zohazin. Bada ordu hetan bazen, Nazareteko hiri ttikian, birjina gazte bat, kontzebitua izatu zena bekhatu orisinalik gabe. Hura zen Andre-dena Maria saindua.

        Jo zuenean Jainkoaren orenak, Gabriel Arkanjelua joan zitzaion Birjina hari erratera, kontzebituko zuela seme bat Izpiritu Sainduaren berthutez, bere birjinitatea galdu gabe; eta haren ganik sorthuko zen haurra deithuko zela, Jainko guziz botheretsuaren Semea.

        Mariak sinhetsi zuen Aingeruaren solhas hori. Eta nahiz etzitzaion iduritzen, bazohakola holako ohore baten izatea, hala ere onhetsi zuen Jainkoak egiten zion galdea.

        Hainbertzenarekin, Jainkoaren Seme bakharra gizon egin zen, bere Jainkotasuna galdu gabe. Ezen Jesu-Kristo, Jainko da eta gizon denbora berean.

        Hortakotz, haren aphalmenduen eta pairamenen balioa neurririk gabekoa izatu da; Maria Saindua ere Jainkoaren Ama da; eta gu geroni, Jainkoaren haur gare, Jesusen haurride eta zeruko primu.

        Aingeruaren berri handi horren ondotik, Andre-dena Maria joan zen Elizabet bere kusinaren etxerat, eta egin ziozkan, hirur hilabethez, egiten ahal ziozkan lan eta laguntza guziak.

        Eta gero, hirur hilabethe hekien buruan, joan zen berriz ere Nazareterat, san Josep bere espos eta lagun ona ganat.

        Han zagon, othoitzean eta hatsperenetan, begira gogoz eta izpirituz, zenbeit egunen buruko, bere belhaunen gainean eta bere besoetan ikusi behar zuen Seme dibinoari.

        Bainan Nazareten balinbadago bururaino nola izanen da egia Profeten erran hau, munduaren Salbatzailea Betleemen sorthuko dela?

        Huna zer gerthatu zen:

        Jadanik Josep eta Maria begira zagozilarik noiz agertuko zen Mesias agindua. Erromako Enperadorearen manu bat ethorri zen Nazaretera.

        Manu harrek ekhartzen zuen nongo ere baitzituen batbederak bere aintzinekoak edo arbasoak, eta, han behar zuela eman eta harrarazi bere izena.

        Eta horrela Josep eta Maria bortxatuak izatu ziren joaitera Betleemerat; hura zelakotz hekien burasoen herria.

        Betleemeko hirirat heldu zirenean, edo-zeinek ikus zezaken Andre-dena Maria haur-esperantzetan zela. Bainan hala Josepek nola Mariak, biek ezagunago zuten oraino jende beharretarik zirela.

        Eta hortakotz igorriak izatu ziren, tokirik etzelako aitzakian, etxe batetik bertzera, handik bertzera, eta azkenean hiritik kanpo, piaiantentzat egina zen leihor edo heia txar baterat.

        Jesus Jaunaren xedea zen, erratea eta ezagutaraztea, berantxago, mundu guziari zein diren handiak onthasunek berekin dakarzketen lanjerak, eta oraino, pobrezia bere nahitarakoari, edo bederen gogo onez hartzen denari darraizkon abantailak. Eta hortakotz nahi zen sorthu, ez jauregi batean, bainan haize hotzari idekia zagon, eta jenderik ere egoten etzen heia txar eta hautsi batean.

        Heia hartan sarthu zen beraz zeru lurren Erregea bere baithan zakharrena, eta harekin batean san Josep.

        Eta erran dezakegu sarthu zirela bihotza arinik. Ezen ikusten zuten hala zela Jainkoaren nahia; ikusten zuten Salbatzaile dibinoak nahi zuela predikatu munduari, haste-hastetik, zein diren ez-deusak hain artha handiarekin bilhatzen dituen onthasunak, atseginak eta ohoreak.

        Han beraz, gauerdi gainean, eta etzelarik harrabotsik ttikiena ere bazterretan, sorthu zen lau mila urthe hetan agindua eta igurikia zen Kristo Jauna.

        Horra zer erraten darokun Ebanjelio Sainduak.

        Eta huna, zer irakurtzen dugun, Maria Agredakoa deitzen den Jainkoaren zerbitzari eta adixkide handi baten liburuetan:

        Heia hartaratu zirenean, san Josepek ezarririk xokho batean beren zaldi ttikia, garbitu eta antolatu zuen barne hura, egin ziteken bezein ongi.

        Gero oraino, san Josepek piztu zuen sua; ezen hotz handia hari zuen; eta suaren ondoan, Mariak eta Josepek egin zuten othuruntza ttiki bat, Jainkozko gauzez mintzo zirelarik.

        Othuruntzaren ondotik, ordukotz beranta, san Josepek antolatu zituen estalki batzu Andredena Mariarentzat, eta bera joan zen zoko baterat.

        San Josep etzen berehala etzan, ordean behar zituela egin othoitz batzu, eman zen belhauniko. Ordu berean Jainkoak erakutsi ziozkan gauzarik xoragarrienak, eta haren izpiritua galdu zen gauza hekiei begira.

        Bizkitartean Andre-dena Mariak ere ezagutua zuen bere orena ethorria zuela.

        Ikhara saindu batean beraz, zeren bere begiz ikusi eta bere eskuez ukhitu beharra zuen Jainko Gizon egina, eman zen othoitzean.

        Bainan othoitzean hasi zeneko, haren izpiritua ere xoratu zuen Jainkoak erakutsi ziozkan mixterio batzuen bidez.

        Eta bere baitharatu zenean, han zuen Jesus-Haurra, san Mikael eta san Gabriel arkanjeluen eskuetan, atheraia beraz haren sabel sakratutik, eta atheraia haren birjinitatea kolpatu gabe.

        Haur dibino hura, orduan eder eta distirant zen, gero ondoan Taborreko mendiaren gainean agertu behar zuen bezala.

        Eta Maria sainduak ikusi zuen atseginik handienarekin begira zagokola.

        Hartu zuen beraz bere besoetarat eta ezarri bere bihotzaren gainean.

        Eta nork adiaraziko darozkigu nolakoak izatu ziren bere Seme maite hari erran ziozkan amodiozko solhasak, eta ordainez Jesus Jaunaren ganik izatu zituen barneko kontsolazioneak!

        Bai, Maria Sainduaren bihotza, kontsolazione guzien erdian igeri zagon. Bainan hala ere etzuen atxiki luzez bakharrik beretzat Jesus Jaunaren adoratzeko zoriona. Ez! oihu egin zion laster san Josepi, ethor zadiela.

        Eta Patriarkha saindu harrek, ikusi zuenean Haur dibino hura Amaren besoetan, adoratu zuen, ematen zelarik belhauniko haren aintzinean; eta, bihotza gaindi egina barneko kontsolazionerik gozoenez, besarkatu zituen errespeturekin haren zango sakratuak.

        San Josep egonen zen gehiago ere Haur maite haren oinetan, ordean Maria Sainduak ohartarazi zuen hotz handia hari zuela, behar zutela beraz troxatu; eta ekharrarazirik bere aldera aintzinetik prestatuak zaduzkan oihalak, inguratu zuen hekien barnean gure Jesus maitea.

        Gauza xoragarri horiek iragaiten zirelarik Betleemeko heia batean, argidura handi batek harritu zituen, han inguru hetan, beren arthalden zain zagozin artzain batzu.

        Eta nola ikharetan baitzagozin, ezin asmatuz zer zen argi hura, Aingeru batek erran zioten:

        «Eztuzue zeren izit; ekhartzen darotzuet bozkariozko berri handi bat: Gaur sorthu zaitzue Betleemen Salbatzaile bat. Eta huna zertarik ezagutuko duzuen: Aurkituko duzue haur bat xatharrez inguratua, eta azienden aska batean etzana».

        Aingeruak erran zitueneko hitz horiek, haren ganat ethorri ziren bertze nork-daki zenbat aingeru; eta denak eman ziren kantuz, ziotelarik:

        «Loria Jainkoari zeru gorenetan, eta bakea borondate oneko gizonei lurrean».

        Aingeruak urrundu ziren emeki-emeki; hekien kantu xoragarriak ere histu eta gero osoki galdu; orduan artzainek erran zuten elkharri:

        «Gohazen Betleemeraino; eta ikus dezagun solhas hunek zer duen erran nahi».

        Joan ziren beraz Betleemerat. Eta aurkhitu zuten, haizeari eta hotzari paratua zen heia barraiatu hartan, Haur bat sorthu berria, xatarrez inguratua, etzana lastoaren gainean, eta idi batek eta asto batek berotzen zutela beren hatsaz. (Idi hura bera ethorria zela, dio Maria Agredakoak).

        Artzainek ikusi zuten oraino, emazte bat eta gizon bat, bazagozila Haur haren aintzinean belhauniko, eta Haurrari begira amultsuki.

        Ordu berean, Jainko Jaunak argitu ziozkaten arimako begiak artzain on hekiei. Ikusi zuten beraz Haur hura nor eta zer zen; Haur hura baithan adoratu zuten beren Jainko Salbatzailea; eta gero, joan ziren beren arthaldetarat, bihotza zorionik handienean.

        Aingeru eta Artzain hek bozkariotan ezarri zituen Haur dibinoa eremana izatu zen tenplora, sorthu-eta zortzigarren egunean.

        Legeak manatzen zioten Juduei beren muthiko sorthu berrien Elizarat eremate hori. Eta Elizan bazuten zeremonia bat hainitz pairarazten ziotena, zirkonzizionea.

        Haurrek jasaiten zuten oinhaze hura, jakin gabe zer min egiten zioten.

        Ordean Jesus Jaunaren izpiritua argitua zen hogoi-ta hama-hirur urthetan bezein ongi. Bazakien beraz zer pairatzen zuen.

        Eta gogo onez eskaini bide ziozkan Aita Eternalari, oinhazeak eta odol ixurtzea ere bai; hasi nahia zelakotz, lehen-bai-lehen, gure zorren pagatzen.

        Zirkonzizioneko egun hartan, eman zioten gure Salbatzaile dibinoari izena Jesus.

        Izen hori osoki zerutikakoa da. Eta Aingeru Gabrielek ekharri zuen zerutik lurrerat, ekharri zionean Andre-dena Mariari Jainkoaren Ama izanen zelako berria.

        Jesus, hitz horrek erran nahi du Salbatzailea.

        Eta izen hori guziz ongi dohako Jainko gizon eginari.

        Ezen hitz horrek berak adiarazten daroku ezin hobeki, zergatik gizon egin den: gizon egin dela guk Jainkoaren justiziaren alderat gintuen zorren pagatzeko, gure ifernutik libratzeko, eta zeruko loriaren guri merezitzeko.

        Izen saindu horren entzuteak zenbat graziez ezkaitu beraz orhoitarazten? Zer esperantza eta kuraia eztitu gure baithan pitzarazten?

        Izan dezagun izen saindu horrentzat errespetu handi bat; eztezagun sekulan aipha, bertze edo-zein hitz bezala, eta aho bethegailu liteken hitz bat bezala; ordean bai, debozionerekin eta amodioz, ahalik maizena; eta gure arimen etsaia urrunduko da gure ganik, eta ordu berean, Jainkoaren benedizioneak jautsiko dire gure gainerat.

 

 

LAUGARREN PONTUA

Errege Magoen ethortzea.
Haur inozenten hiltzea.
Familia sainduaren Esiptorat joaitea.
Jesusen bizitze gordea

 

        Jesus Jauna ethorria zen mundu guziaren salbarazterat, eta hortakotz, deithu ondoan bere gana lehen lehenik artzainak, eta hekien ariaz munduko jende umil eta xehe guzia, ekharrarazi zituen oraino iruzkirako eskualdetarik, hirur Errege edo Printze handi.

        Iruzkirako eskualde hetan, bazen jenden artean erran hau, izar batek behar ziotela ezagutarazi noiz sorthuko zen, Izraelgo erresuman, mundu guziaren Errege izan behar zen haurra.

        Noizpeit agertu zitzaioten izar berantetsi hura. Eta iruzkirako alde hetan ziren guziek ikusi zuten haren argidura ederra.

        Ordu berean hirur Errege eman ziren Jerusalemerat buruz, harturik berekin beren eskuko zituzten gauzarik baliosenak. Eta, bethi begien aintzinean zuten izarrari jarraikiz, heldu ziren Jerusalemeko hirira.

        Hiri hartarat heltzean izarra gorde zitzaioten. Hala ere Errege Magoak hirian sarthu ziren, eginez beren baithan, izarra gorde zenaz geroz, hek bilhatzen zuten Haurra han zitakela.

        Galdetu zuten beraz, non zen Errege sorthu berriaren etxea; ikusi zutela haren izarra, eta ethorriak zirela haren adoratzera.

        Herodes erregearen aintzinerat eremanak, hari ere egin zioten galde bera: «Non zen Errege sorthu berriaren etxea».

        Berri hori entzutean gogoeta jarri ziren Herodes eta hiriko jende guziak.

 

        Bizkitartean Herodesek jakinik, Profeten arabera, Betleemen sorthu beharra zela, erakutsi zioten Errege Magoei hiri hartarako bidea eta ongi gomendatu, aurkhitu zuketenean Haur dibino hura, ethor zakizkola, berrien ematera, harrek ere adora ahal zezan.

        Errege Magoek izatu zuten laster Jerusalemeko hirian erakutsi fedearen saria, ezen hiri hartarik athera zireneko, beren izar maitea berriz ere agertu zitzaioten.

        Jarraiki ziren beraz aintzina izar hari, eta izarrak ereman zituen Betleemeko heiara.

        Hekien fedea halakoa zen, eta Jinko Jaunak ematen ziozkaten graziak ere halakoak ziren, non, ezpaizitzaioten gogoratu ere, ian, heia hartan sartzea etzen, hekientzat, aphalegi jaustea.

        Ez! sarthu ziren holako gogoetarik gabe.

        Ikusi zuten xatarrez ingurutua eta lastoaren gainean, jan-aska batean etzana, mundua salbatu behar zuelako Haur hura. Bainan halarik ere belhaunikatu ziren haren oinetan eta eman ahuspeka.

        Ezagutu eta adoratu zuten, Haur xume eta ahul hura baithan, Jainko gauza guzien kreatzailea, Jainko guziz botheretsua; eta eman ziozkaten berekin ekharri zituzten gauza balios guziak.

        Jesus Jaunak onhetsi ziozkaten hain gogo onez egiten ziozkaten emaitza hek, eta ordainez, bethe bihotzak kontsolazionerik gozoenez.

        Horrela egotu zirenean Jesus maitearen aldean berei zohakoten guzia, gibelat itzultzera zohazin, ethorri bideaz; ordean Jainkoak adiarazi zioten Herodesek etzuela jakin nahi Haurra non zen, haren hilarazteko baizik. Eta hortakotz joan ziren etxerat, Jerusalemetik iragan gabe.

 

* * *

 

        Hemen, berehala gogorat heldu diren irakaspenetarik bat hau da: Jainkoak baituela bere orenak, eta oldarrak edo mementoak bere grazien emateko.

        Hanbat gaixtoago beraz, Jainkoaren graziez baliatuko eztenarentzat, eskainiak izanen zaizkon ordu berean.

        Hirur erregek izatu zuten Jesus Jaunaren ikusteko zoriona, eta nork-daki bertze zenbat grazia, Jainkoaren lehen grazia hari jarraiki zirelakotz batere luzatu gabe.

        Eta bertzerik zenbat jende etziren gelditu, Jainkoak erraten ziotelarik hekiei ere, izarraren bidez, zohazila Errege sorthu-berriaren ikustera.

        Eta zeren etzuten obeditu, aldi bakhar hartan, Jainkoaren mintzoari, egotu ziren aintzina ere, beren jaidura gaixtoen esklabo eta ifernuko bidean.

        Juduez bezenbatean, hek bazuten hainitz grazia izaturik Errege Magoak ethorri baino lehen ere. Eta egun hartan izatu zuten bertze grazia bat, ordu arterainokoak baino handiagoa: ikustea nonbeiko arrotz aberats batzu, ethorriak hekien herriraino, presentik handienekin: «Present hek hekien Errege sorthuberriarentzat zituztela; eta haren adoratzerat ethorriak zirela».

        Eta halarik-ere, etzen izatu nihor hekiei jarraiki zenik.

        Ez! aldi hartan ere, Juduek hetsi zituzten beharriak Jainkoaren mintzoaren ez entzuteko. Eta hala, aree gehiago gogortu ziren hekien bihotzak.

        Jainko Jaunak erraten balauku, behar tugula hautsi gure aztura edo kostuma txarrak, eta behar garela konbertitu, eztezagun gerorat igor lan hortan hastea.

        Zeren-eta ezpaita errana, gero ere izanen dugula hortakotz behar dugun grazia.

 

* * *

 

        Errege Magoak joan zirenean, Jainkoak manatu zioten bezala, Jerusalemeko hiria bazterrerat utziz, Aingeru bat agertu zitzaion san Josepi, eta erran zion: «Har zetzala Haurra eta Ama, eta zohala hekiekin Esiptorat; Herodes erregeak nahi zuela galarazi Haurra. Geroan jakinen zuela noiz behar zuen ethorri etxerat».

        San Josep jeiki zen ordu berean. Eta gauez-gau eman zen bidean Jesus Haurrarekin eta Maria Sainduarekin.

        Bainan, hala ihesi joan orde, gizon hilkor baten beldurrez, zer gatik Jesus Haurrak ez diote galdetuko bere inguruan dituen aingeruei, ager ditezela suzko ezpata bat eskuan eta zain dezatela.

        Bainan, hala nahi lukelarik, ez luke batere manu emate beharrik-ere: zilhegi balitzaiote, iruzkiak erre lezake Herodes, edo oraino, lurrak irets, eta jautsaraz gorphutz eta arima ifernuko su lamen erdirat.

        Bai, iruzkiak eta lurrak galaraziko eta suntsiaraziko zuten Errege dohakabe hura; bainan zer zen Jesus Jaunaren xederik maitena, gizon egitean eta heia batean sortzean? gure gogoan ongi sarraraztea eta finkaraztea egia hau: umilitatea dela berthute bat baitezpada pratikatu behar duguna.

        Jesus Jaunak erran behar zarokun bere Ebanjelio sainduan: «Ikasazue nere ganik, ezti naizela eta umil bihotzez». Hortakotz batere ezagutarazi gabe nolakoak diren haren bothereak, badoha gordetzera Herodesek eztezan atxeman, eta nahiago du san Josepek eta haren Ama Sainduak izan detzaten jasaiteko handik eta Esiptorainoko bide luzeak emanen dioten unhadura, eta bertzalde, pagano batzuen artean izan detzazketen lanak eta atsekabeak.

        Jadanik Familia Saindua atheratua ziteken Judeako erresumatik, norbeitek ereman zionean berria Herodesi, etzuela zeren egon gehiago Errege Magoen begira, joanak zirela aspaldion etxerat.

        Eta orduan Herodesek, kolerarik ikharagarrienean, zeren etzuen atxematen haren ordain eta hura bezala errege izaterat deithua zela uste zuen Haurra, eman zuen nihork egundaino eman eztuen bezalako manu basa: «Hilaraz zetzatela, Betleemen eta hango inguruetan, oraino hirur urthe etzituzten haur guziak».

        Bai, hil zituzten haurrak ehunka eta milaka; eta, hekien amak ezin kontsola zitezkelakotz, etzen entzuten egun hetan, Betleemeko inguruan, nigarrik eta nigarrik baizen.

        Etzakiten alabainan ama hek zer zoriona zuten hekien haurrek, Jesus Jaunarentzzat beren odolaren ixurtzeaz, eta nola gozatu beharrak ziren zeruko lorian, martirek izanen zituzten sari xoragarriez.

        Herodesek izatu zuen laster hainbertze gaixtakeriari zohakoten gaztigua. Ezen bizirik usteldu zen; usainik tzarrenak hartua bizi-bizia zelarik oraino, hil zen harra zariola.

        Orduan aingerua agertu zitzaion berriz ere san Josepi, eta erran zion, «bazohakela Judeako herrietarat, Herodes hila zela».

        Eta Familia Saindua joan zen bere Nazareteko etxe ttikirat.

        Nazareten Familia Sainduaren lana bethi ohikoa zen: san Josep hari zen bere zurgintzan, edo maaxturuntzan, Andre-dena Maria, bere sukhaldeko eta etxeko lanetan, eta aldiz Jesus Haurra, bere Aita-ordearen eta bere Ama Sainduaren laguntzen.

        Eta han zagozin urthe guzia, kasik bethiereko ixiltasunean eta bildura saindu batean.

        Hargatik, legeak hala manatzen ziolakotz, san Josep joaiten zen, urthe guziz, Jerusalemeko Tenplorat, Bazkoko besten iragaitera. Jesus Jaunak egin zituenean hamabi urtheak, Mariak eta Josepek ereman zuten berekin.

        Eta han egotu zirenean legeak manatzen zioten denbora, eman ziren etxerat buruz, eta ibili egun bat osoa, ohartu gabe Jesus Haurra Jerusalemen gelditua zutela.

        Bainan Buraso saindu hek nola ibil zitezken jakin gabe, ian Jesus Jauna han zuten bai-ala-ez?

        Huna:

        Jerusalemetik etxeratekoan, gizonak ematen ziren gizonekin, eta emazteak emaztekin; eta aldiz haurrak, berek nahiago zuten bezala, edo aitarekin edo amarekin.

        Maria sainduak uste zuen beraz Jesus Jauna san Josepekin zela; eta aldiz san Josepek, bere Ama maitearekin zela.

        Eta horra nola gerthatu zitzaioten, arrats hartan elkharretaratu zirenean, beren biziko atsekabe handienetarik bat.

        Ikusi zutenean galdua zutela beren Jesus maitea, eman ziren ordu berean, Jerusalemerako bideari gora, beren bihotza erdiratua atsekaberik handienak, eta aintzina ere galdetzen zutelarik batzuei eta bertzei, ian Jesus Haurra etzen hekiekin.

        Bainan alferretan galdetu zituzten Jesusen berriak bide hartan guzian. Bai-eta, Jerusalemen ere, alferretan ibili ziren, hirur egunez, beren haren bilha, galdetuz bazter guzietan, ian-bada etzuten ikusi hekien Jesus maitea.

        Ez, munduak etzioten Jesusen berririk ematen ahal: munduak eztu ezagutzen Jesus Jauna.

        Bazuen jadaneko hirur egun, Maria eta Josep zabiltzala beren Haur maitearen ondotik, noiz-eta-ere, Tenplorat joan, eta han aurkhitu baitzuten, jarria Jainkoaren legearen irakasten hari ziren nagusien erdian: nagusi hekiei egiten ziozkatela galde batzu, hek egiten ziozkaten galdei ere ihardesten ziotela hainitz ederki, eta hortakotz jende guzia xoratua zagola hari begira.

        Maria Sainduak eta san Josepek errexki ahantzi zituzten ordu arterainoko atsekabeak eta nigarrak; eta hek ere egotu zitzaizkon begira atseginekin.

        Hargatik, Tenplotik athera zenean, Maria Sainduak erran zion ezti-eztia: «Haurra, non zinen, zure Aita eta ni ginabiltzalarik nigarrez zu ezin atxemanez?».

        Jesusek ihardetsi zioten: «Etzinakiten bada, niri dela nere Aita zerukoaren egitekoen joanaraztea?».

        Orduan jautsi zen, Nazareterat; eta han egotu hemezortzi urthez, gordea, bethi lanean, eta bethi obeditzen ziotelarik Maria bere Amari eta san Josepi.

 

* * *

 

        Gauza espantagarria! Jesusek eztu, lur hunen gainean iragaiteko hogoi eta hamahirur urthe baizik; eta zer egiten du hogoi-ta hamahirur urthe hetan?

        Lehen hogoi-ta-hamar urtheak, bizi da gordea, eta hirur urthez bakharrik hari da Ebanjelio sainduaren predikatzen.

        Ala baikare bortxatuak aithortzera, handiak bide direla bizitze ilhun eta obedientziazko batean, zerukotz egiten ahal diren irabaziak.

        Zuk, laboraria, edo lanetik bizi zaren jendea, egizu kontu Jesus Jaunak ematen darotzun irakaspen huni.

 

 

BORTZGARREN PONTUA

Jesus Gure Jaun Handiaren
biziko azken hirur urtheak,
eta hirur urthe hetako
asko solhas eta mirakuilu

 

        Jesus Jaunak etzuen gehiago, mundu huntan egoteko, hirur urthe baizik. Eta jadanik, Jondoni Joani-Batixtak predikatzen zioten bazter guzietarik ethortzen zitzaizkon bekhatorosei, itzul zitezela Jainkoaren ganat, eta egin zezatela penitentzia.

        Bada egun batez, Joanes-Batixta hari zelarik penitentziazko bathaioaren ematen bekhatoros urrikituei, Jurdango ur handian, Gure Nagusi Dibinoa jarri zen bekhatoros hekien artean, hark ere behar zuela penitentziazko bathaioa.

        Ordean Jesus Jaunaren aphaltze eta umiliatze harrek halako atsegina egin zion Aita Eternalari, non entzunarazi baitziozkaten hitz hauk, han ziren guziei: «Horra nere Seme guziz maitea».

        Jondoni Joanik etzuen mintzo haren beharrik jakiteko Jesus Jauna nor zen; etzenaz geroz hari predikatzen haren ezagutarazteko baizik.

        Mundu guzia harritua zagolarik, ez jakinez zer zen ihurtzuriaren pareko mintzo hura, Jondoni Joanik erran zion Jesus Jaunari: «Jauna, nik nuke behar bathaioa zure ganik, nola beraz ethortzen ahal zitzaizkit nere ganat?».

        Bainan Jesusek erran zion egin zezala, aldi hartan, galdetzen ziona. Eta Jesus Jauna bathaiatua izatu zen.

        Bathaio hortarik lekhora, gure Salbatzaile Jauna sarthu zen eremuan edo desertuan, han egotu berrogoi egunez, deusik jan ez edan gabe, eta gero, hasi Ebanjelio sainduaren predikatzen, ezagutarazten zuelarik Jainko bezala zuen botherea mirakuilurik handienez.

        Huna mirakuilu hetarik zenbeit:

        Behin, Jesus Jauna joana zen Kana Galileako eztei batzuetarat. Maria bere Ama sainduarekin eta Apostoluetarik zenbeitekin.

        Eztei hetarat joan zen Jesus Jauna, nahi zuelakotz adiarazi mundu guziari, ezkontzako sakramendua ere saindua dela.

        Ezteietan zelarik beraz, Andre-dena Mariak erran zion, jende gaixo hek etzutela gehiago arnorik, eta othoiztu zuen urrikal zakizkola.

        Orduan Jesusek bethearazi zituen untzi handi batzu urez; eta ur hura, arno bilhakarazi zuen.

        Bertze behin Salbatzaile Jauna Simon Petriren etxean zen bere adixkidekin eta etsaiekin. Ezen ordukotz Farisauak eta Iskribatzaileak, erran nahi baita, gizon batzu gaixtoak eta urguiluz hantuak, Jesusen ondotik zabiltzan, hura galdu nahiz; eta hortakotz, bilha non zer huts atxemanen zioten.

        Adixkide eta etsai hekien erdian zelarik beraz, ekharri zioten gizon bat, zain guziak hilak zituena: «Othoi, sendaraz zezala».

        Eta Jesusek nahi zuelakotz han zirenek eta etzirenek ezagut zezaten hura nor zen, erran zion eriari: «Baduzu zure bekhatuen barkhamendua».

        Hitz horiek entzutearekin, Iskribatzaileak eta Farisauak eman ziren gogoeta beren baithan, ziotelarik: «Nor da hau? eta zergatik erraten ditu holako blasfemioak? Nork barkha detzazke bekhatuak Jainkoak baizik?».

        Jesus Jauna itzuli zen hekiei buruz, eta erran zioten: «Zer ditutzue gogoeta horiek zuen izpirituan? Zein da errexago, erratea bekhatuak barkhatuak ditutzu, ala altxa zaite eta zohazi?

        »Bada, jakin dezazuen gizonaren Semea Jainkoaren Semea dela denbora berean, eta hortakotz baduela bekhatuen barkhatzeko botherea, erran zion eriari: "Altxa zaite, har zazu zure ohea, eta zohazi etxerat"».

        Eta ordu berean eria xutitu zen, eta, ohea bizkarrean, joan etxerat, Jainkoari laudorioak eta eskerrak ematen ziozkalarik.

        Salbatzaile Jaunak, norat-nahi zohala, argitzen zituen itsuak, ernarazten gorrak eta pitzarazten hilak.

        Egun batez, Jairreko Tenploko apez-nagusiak othoiztu zuen gure Erostaile Jauna, «ethor zakiola etxera: alaba hainitz eri zuela; behar ziola sendarazi». Bainan nola haur hura hil baitzen Jesus Jauna harat heldu gabe, Jesusek egin zuen galdetzen ere etzioten mirakuilua: Haur hura pitzarazi zuen.

        Bertze aldi batez, Jesus Jaunak, Naimeko hirian sartzera zohalarik, buru egin zuen, hil baten ehorztera zohan jende multzu handi batekin.

        Hil hura gizon gazte bat zen, ama alhargun baten seme bakharra, eta egiten zukena bere baithan bazuela oraino hainitz urthe lur hunen gainean egoteko, etzuenaz geroz hogoi-bat urthe baizik.

        Haren amak ere etzuen uste hain goizik galdu beharra zuela. Eta hortakotz, haren nigarrak eta auhenak erdiragarriak ziren.

        Jesus Jaunari berari ere hautsi zion bihotza haren ikusteak. Erran zion beraz ama gaixo hari: «Emakumea, etzazula nigarrik egin».

        Orduan joanik hilaren gana, eta ezarririk eskua haren gainean, erran zion: «Haurra, jeiki zaite, ni naiz manatzen darotzudana».

        Eta hila eman zen jarririk, mintzatzen ere hasi zen, eta, mundu guzia harritua zagolarik, Jesusek ereman zion bere amari.

        Bertze aldi batez, Jesus Jaunak bazituelarik ordukotz hamabi Apostolu hautatuak Ebanjelioaren predikatzeko, jende keta handi bat bildu zen haren ingurura.

        Jesusek ikusi zuen bere etsai errabiatuak ere han zituela, eta nahi izatu zioten ezagutarazi hala Apostoluei nola bere etsaiei, egin zituen mirakuiluak egin zituela Jainko zelakotz.

        Bertzalde eman zioten aditzerat etsai hekiei, hek hilaraziko zutela, bainan etzela hilen berak hala nahi zuelakotz baizik; eta oraino, piztuko zela hirugarren egunean.

        Hortakotz erran zuen denek entzuteko gisan:

        «Populu hunek nahi lituzke ikusi mirakuiluak, bainan eztu bertze mirakuilurik izanen, baizik ere Jonas profetaren mirakuilua. Jonas profeta egotu zen bezala, hirur egunez, arrainaren barnean; Gizonaren Semea ere egonen da, lurraren barnean».

        Farisauek eta Iskribatzailek ederki aditu zuten Salbatzaile Dibinoaren solhas horiek zer erran nahi zuten, eta hekien errabia hainbertzetarainokoan handitu zen, non, haren ondotik baitzabiltzan haren preso altxatzeko eta hilarazteko.

        Halarik ere Jesus Jauna, joanik Jerusalemerat, han ibili zen bere etsai hekien artean, eta gero handik atheratu berari iduritu zitzaionean.

        Hiritik kanpo, aurkhitu zuen egun batez, bide bazterrean, sortzez itsu zen erromes bat. Itsu hura han zagon, Jainkoaren nahia zelakotz Jesusek ezagutaraz zezan bere burua haren bidez.

        Itsu haren aldera zenean beraz, Jesus Jaunak hartu lur pixka bat, egin thu bat lur hari, eta hala izatu zuen lohiaz gantzutu ziozkan begiak. Gero igorri zuen begien garbitzera Siloeko ithurrira, eta itsua argitua zen.

        Haren sendatzeak airean ezarri zuen hiri guzia, eta jendeak etzuen aski mihi Jesusen laudatzeko.

        Hortakotz Nagusi Dibinoaren etsaiek, ekharrarazirik berengana itsu-argitu hura, nahi izatu zioten erranarazi Jesus Jauna izpiritu gaixtoek hartua zela, eta hekiei esker izatu zela argitua. Bainan harrek zion, hain ongi handia egin ziona etzela izpiritu gaixtoek hartua izaten ahal, aitzitik hura Jainkoaren adiskidea zala. Eta solhas horien gatik ezarri zuten Tenplotik kanpo.

        Ondoko egunetan Jesus Jaunak buruz-buru egin zuen gizon itsu izatu harrekin, eta galdetu zion, ian sinhesten zuen Jainkoaren Semea baithan.

        Itsu izatuak ihardetsi zion: «Nor da, Jauna, Jainkoaren Semea?».

        Jesusek erran zion: «Jadanik ikusia duzu, eta zuri mintzo zaitzuna bera da Jainkoaren Semea». Eta bertzeak ihardetsi zion: «Bai, Jauna sinhesten dut». Eta, ematen zelarik ahuspeka, adoratu zuen.

        Handik zenbeit egunen buruan, ekharri zioten berria Jesusi, haren Betaniako ikasle edo dizipilu maite bat, Lazaro, Maria Madalenaren eta Martaren anaia, eri gaizki zela.

        Halarik ere Salbatzaile Jauna egotu zen han berean bertze bi egun; eta gero, joan Bethaniarat, erraten ziotelarik apostoluei, lehenik hekien adiskidea lo zagola, eta azkenean, batere hitz-estalkirik gabe, hila zela.

        Bethaniarat heldu zenean, Martak eta Mariak, biek erran zioten: «Jauna, hemen izatu bazine, gure anaia etzen hilen». Jesusek ihardetsi zioten: «Hila izanik ere pizten ahal da».

        Hargatik nigar egin zuen ikusiz hekien bihotzmina. Eta gero, bi ahizpa heiekin eta han ziren jende guziekin, joan zen Lazaroren hobira. Hobira zenean, manatu zuen ken zezatela hobia hesten zuen harria.

        Martak erran zion orduan: «Jauna, usaindua da, badu jadanik lau egun hila dela».

        Bainan Jesus Jaunak egin zion oraino ere othoitz bat bere Aita Eternalari; eta, mintzo zelarik hilari buruz, erran zion: «Lazaro, zato kanporat!».

        Eta Lazaro, piztua, atheratu zen hobitik, bere hil-mihiseaz inguratua; eta han zirenetarik hainitzek ezagutu eta sinhetsi zuten Jesus Jauna Jainko zela. Hortakotz, egun hartarik goiti, bazen jende oste bat harren ondotik zabilana. Farisauak aldiz eta Iskribatzaileak errabiarik handienean ziren, etzakitelakotz zer asma Jesusen galtzeko.

 

 

SEIGARREN PONTUA

Jesus Jaunaren pairamenak,
hiltzea, piztea, eta zeruetarat igatea

 

        Horrelako lanetan joan ziren Jesus Jaunaren mundu huntako azken hirur urtheak. Eta jadanik bere azken egunetarat hurbildua zelarik, erran zioten apostoluei, bazohala Jerusalemerat, eta han apezek eta populuko aintzindariek azotatuko zutela, laidoz betheko eta azkenean hilaraziko; bainan piztuko zela hirugarren egunean.

        Apostoluen ustekeria haste-hastetik, eta orduan ere, hau zen: Jesus Jauna mundu huntako errege bat izan beharra zela. Eta hortakotz egin zituzten egin-ahalak Jesusen ez uzteko Jerusalemerat joaitera.

        Bainan alferretan.

        Jerusalemeko hirian ere banatu zen berria Salbatzaile Jauna ethortzen zitzaiotela. Eta ordu berean jende keta handi bat athera zitzaion bidera, zuhain edo arbola adar ferde batzu eskuan, eta kantatzen zutelarik:

        «Hosanna Dabiten Semeari! Benedikatua izan bedi Jaunaren izenean ethortzen zaikuna!».

        Horrela sarthu zen Jesus Jauna Jerusalemen, jende oste baten erdian, eta nihork oraino azpian izatu etzuen asto baten gainean. Hirian egotu zen berari zohakon guzia; Tenploan ere predikatu zuen, nahiz ezinbertzeratuak ziren haren etsaiak. Eta gero athera zen hiritik, berari iduritu zitzaionean, nihork deusik egin gabe, nihor ukhitzera menturatu gabe, etzelakotz oraino ethorria haren orena.

        Ortzegun saindu egunean, berriz ere Jerusalemerat itzulia, han nahi zuelakotz jan legeak manatzen zion bildotxa bere apostoluekin, egin zuen hekiekin bere azken afaria.

        Orduan ere aditzerat eman zioten apostoluei, bazakiela ongi hekien gogoaren berri, eta ethorkizunean ere zer izanen zen.

        Erran zioten beraz jaten hari zirelarik:

        «Egia erraten darotzuet, zuetarik batek saldu beharra nauela».

        Bertzalde erran zioten, gau hartan hura utzi, eta joanen zirela denak haren ganik urrun.

        Eta nola Jondoni Petrik erraten baitzion, bertze guziak urruntzen baziren ere, hura leial egonen zitzaiola; Jesusek erran zion apostolu harri nola eta zenbat aldiz arnegatuko zuen harrek.

        Bizkitartean, othuruntzaren akhabantzan, Gure Jesus maiteak egin zuen mirakuilu bat, diteken handiena: eman zioten apostoluei bere haragia jatera eta bere odola edatera, ogiaren eta arnoaren itxuren azpian. Berei ere eman zioten mirakuilu beraren egiteko botherea; eta gero, ordukotz gaba, joan zen Olibetako baratzerat, othoitz egitera.

        Baratze hartan agertu zen bere Aitaren aintzinean, munduko bekhatu guziak bere gain hartua, eta ekharria behar zen guziaren pairatzera, guri gure bekhatuen barkhamenduaren merezitzeko.

        Eta bekhatu hek halako ahalkea eman zioten, hala tinkatu zioten bihotza, non, odolezko izerdi bat jauzi baitzitzaion; eta ez bakharrik soinekoak bainan lurra ere busti zuen izerdi hartaz.

        Azkenekotz hala flakatua zen, non erran baitziteken, bere azken hatsaren ematera zohala.

        Hargatik kontsolatua Jainkoak igorri zion Aingeru batek, eta ekharria bere gorputzean ere jasaitera gure bekhatuei zohakoten gaztigua, Jesus xutik zen, Judas apostolua sartu zenean baratze hartan, soldadu multzu baten aintzindari.

        Han ere gure Nagusi dibinoak erakutsi zuen, etzutela preso hartzen eta hilarazten berak hala nahi zuelakotz baizik. Ezen galdetu ondoan guziei, noren bilha zabiltzan, eta hek ihardetsi zutenean, Jesus Nazaretakoaren bilha zabiltzala, Jesusek erran zioten: «Ni naiz!». Eta solhas hori entzutearekin batean, guziak erori ziren, ihurtzuriak jo balitu bezala.

        Uzten ahal zituen beraz han berean soldadu hek, eta joaiten ahal zen nahi zuen tokirat. Bainan ez, etzuen egin holakorik. Aitzitik utzi zituen guziak altxatzera; eta orduan gaixtagin hek iragan zioten soka bat lepotik, eskuak ere estekatu ziozkaten, eta ereman zuten herrestan Apez Handiaren gana.

        Nahiz gaba zen, halarik ere Apez Handiaren etxe hartarat bilduak ziren populuko aintzindariak. Eta hala apezek nola aintzindariek, denek atseginekin ikusi zuten Jesus Jauna estekatua eta beren soldaduen eskuetan. Egin ere zioten hainitz laido eta azkenean, oihu egin zuten guziek, hiltzea merezi zuela.

        Pilatus gobernadorearen ganik zohan Jesusen hiltzea edo bizirik uztea.

        Hortakotz biharamunean ereman zioten Pilatusi Jesus Jauna: hekien arabera hiltzea merezi zuela.

        Gobernadoreak laster ikusi zuen Jesusek etzuela hobenik; eta jende guzia sutan eta errabian bazen Jesusentzat, hori apez eta Farisau hekien lana zela.

        Bainan nola athera etsai errabiatu hekien aztaparretarik?

        Etzakielarik bertzerik zer asma, gogoak egin zion: Agian populua fazegatuko zela, ikusten ahal bazuen Jesusek izatu zuela gaztigaldi bat ona.

        Eta, gaixtakeriarik handiena egiten zuelarik, kondenatu zuen Jesus azotatua izatera.

        Azotatzeko estekatu zuten, arroparik gabe, harri-oin bati; eta sei burrego haritu zitzaizkon jo-ahala-jo, aldian bia, beren indar guziak joan arteraino. Eta horrela ezarri zioten gure Jesus maiteari bere gorphutz guzia, ez bakharrik dena odola zariola, bainan haragi puskak dilindan eta hezurrak ageri.

        Bertzalde soldadu batzuk egin eta ezarri zioten buruan arrantzezko korona lazgarri bat. Eta arrantze puntak sarrarazi ziozkaten buru fuinetan barna, makhila ukhaldika; eskuetan ere ezarri zioten kanaberazko makhila bat, bizkarrera arthiki kapa gorri puska bat; eta zena-zen-bezala Pilatusek ereman zion populuari, erraten ziolarik: «Horra zuen Gizona!».

        Bainan jende eskergabe eta sorraio hekien bihotza etzen hautsi, ez-eta ere guritu; nahiz entzun zituzten azote ukhaldi hekien zartak edo klaskak, nahiz Jesus Jauna gizona ez-bezala ezarria zen eta dena funditua. Aitzitik ihardetsi zioten Pilatusi, gurutzefika zezala Jesus, edo, Erromako enperadoreak jakinen zituela haren berriak.

        Eta orduan Pilatusek etzuen izatu aski indar, aski zain bere eginbidearen bethetzeko; eta kontzientziak erraten ziolarik Jesusek etzuela hobenik, hala-ere ezarri zuen Juduen eskuetan, egin zezotela nahi zuten guzia.

        Juduek etzuten bertzerik bilhatzen!

        Eta nola haste-hastetik ere baitzuten esperantza, eginaraziko ziotela Pilatusi nahi zuten guzia, bazaukaten gurutze handi bat egina Jesus Jaunarentzat.

        Entzun zuteneko beraz, hilaraz zezaketela Jesus nahi zuten bezala, ekharri zioten aintzinera gurutze ikharagarri hura: behar zuela berak ereman Galbarioko mendi gainera.

        Jende basak! Aintzineko gau guzia, atxikia zuten Jesus Jauna lorik gabe; azote ukhaldika odol hustu zuten; eta halarik ere, ez aski gurutzearen gainean hilaraztea, behar diote berari eremanarazi bere heriotzeko tresna lazgarria!

        Bainan sutan jarri orde Juduentzat, eman dezagun ongi gure gogoari, guk dugula kondenatu Jesus Jauna hiltzera, guk dugula kondenatu gurutzearen erematera eta haren gainean hiltzera! Bai, eman dezagun ongi gure gogoari, Jesus Jaunak gure bekhatuen gatik pairatu duela pairatu duen guzia, gure bekhatuen gatik hil dela, eta har dezagun higuintza saindu bat bekhatuarentzat.

        Jesus Jauna etzen izitu, ez lotsatu gurutze dorphe hura ikustean; aitzitik, izitu-orde, besarkatu zuen atseginekin gurutze hura, ezarri ere bai bere sorbalda fundituen gainean; eta, hiriko jende guzia han zuelarik bere inguruan, eman zen Galbariorako bidean.

        Bide hartan egin zuen asko eroriko, eta izatu trufa eta burla asko; bide hartan oraino, buruz-buru egin zuen bere Ama sainduarekin; eta mila ezpata ukhaldik eginen zioten baino min handiagoa egin zion ikusteak nolakoa zen Ama maite haren bihotzmina.

        Hargatik noizpeit heldu zen Galbarioko mendi gainera.

        Mendi hartara zenean, kendu ziozkaten berriz ere, bere soineko guziak. Bainan nola zauriei lotuak baitzituen, kendu ziozkaten haragi puskak ere soinekoak kentzean.

        Biluzi zutenean, manatu zioten, eman zadiela etzinik gurutze haren gainean. Jesus Jaunak, zeru-lurren Erregeak, egin zuen hekien nahiaren arabera.

        Galdetu ziozkaten ere eskuak, bat bertzearen ondotik. Jesus maiteak eman ziozkaten gogo onez, eta utzi lehenik eskuak eta gero zangoak lotzera gurutzeari itze handi batzuz.

        Azkenean biziaren arbola agertu zen xutik, eta egiazko biziaren fruitua ere bai agertu zen arbola adarretik dilindan. Edo hobeki mintzatzera, harat bilduak ziren jende hek guziek ikusi zuten Salbatzaile Jauna, gurutze hari lotua hiru itze handiz.

        Gurutzeari itzatua izateak ematen ziozkan oinhaze ikharagarriez bertzalde, Jesus Jaunak behar izan zituen jasan oraino bere etsaien atseginezko irriak eta trufak. Eta horiek guziak hiru orenez.

        Laugarren orenera heltzera zohalarik, egin zuen oihu handi bat: «Akhabo dire guziak».

        Hainbertzenarekin aphaldu zuen burua eta eman azken hatsa.

        Jainkoaren justizia zein den ikharagarria! Edo hobeki, bekhatua zein gauza lazgarria bide den, hainbertze gosta behar izatu zaionaz geroz Jainko bati haren barkhamenduaren merezitzeko!

        Arratsaldeko hiru orenak ziren, Jesus Jaunak eman zuenean azken hatsa. Orduan haren arima dohatsua jautsi zen Linboetarat, han zagozin sainduen kontsolatzera, eta hekiei erratera, hurbildua zutela zeruan sartzeko eguna.

        Eta aldiz bi gizon sainduk ezarri zuten haren gorphutza hobi berri batean.

        Erran gabe doha, Jesusen hila ikusteak atsegin handia egin ziotela haren etsaiei. Eta hargatik etzitzaioten iduritu oraino lanik gabe zirela.

        Ordean orhoituz Jesusek erran zioten solhasaz, piztuko zela hirugarren egunean, jo edo markatu zuten hobia hesten zuen harria hiriko zigiloez edo kaxetez, eta haren inguruan ezarri zuten soldadu multzu bat, apostoluek etzezaten ereman gorphutz hura, eta gero, erran bazterretan piztua zela.

        Nonbeit zabiltzan!

        Apostoluak gorderik zauden beren Nagusi Jauna galduz geroz, trixteziarik handienean eta osoki lotsatuak.

        Horrela joan zen ortziraleko gaba eta larunbata ere bai. Eta biharamunean, Bazko goizean goizik, Jesus Jauna piztu zen eta atheratu hobitik.

        Bai! Jesus Jauna piztu zen, berak Jainko bezala zuen bothereari esker.

        Jesus Jauna hobitik atheratzean, lur-ikhara handi batek iharrosi zuen Galbarioa. Ordu berean, bazterturik hobia hesten zuen harria, aingeru bat eman zen jarririk haren gainean.

        Aingeruaren ikusteak hala harritu zituen soldaduak, non erori baitziren ezagutza galdua eta osoki aldi-xartuak.

        Eta gero, iragan zitzaiotenean beren izialdura, joan ziren Juduei erratera zer gerthatu zitzaioten eta zer ikusi zuten.

        Judu ondikozkoek etzuten sinetsi Jesus Jauna Jainko zela, eta hiletarik piztu zela; eta hortakotz egotu ziren, eta oraino ere hainitzak daude zeruko bidetik kanpo.

        Bainan guk badakizkagu eta sinesten ditugu bi egia horiek. Guk badakigu apostoluei eta Jainkoaren graziari esker, Jesus Jauna hiletarik piztu dela. Ezen apostoluak etzaizku mintzo beren begiz ikusi eta beren beharriz entzun dutenaz baizik.

        Hiletarik piztu ondoan, Jesus Jauna egotu zen lurraren gainean berrogoi egunez, eta berrogoi egun hetan agertu zen Maria Madalenari, emakume saindu batzuei, Jondoni Petriri, Emauseko dizipuloei, apostoluei bi aldiz, lehenik San Tomas kanpoan zutelarik, eta bigarren aldian San Tomas ere han zelarik, eta oraino bertze behin Jondoni Petriri, arrantzan hari zelarik bertze dizipulu batzuekin.

        Bertzalde, berrogoi egun hekien buruan, Gure Erostaile Jaunak bilarazi zuen, Olibetako mendiaren gainera, bortz ehun ikasle edo dizipulu baino gehiago; eta, hekien aintzinean, erran zioten apostoluei, zeruko eta lurreko bothere guziak bere eskuko zituela; zohazila beraz munduaren argitzera, eta gizon guzien bathaiatzera Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenean.

        Agindu ere zioten, hekiekin izanen zela, munduaren akhabantzaraino; eta azkenean, emanik bere benedizionea han ziren guziei, igan zen hekien aintzinean zeruetarat, non jarria baitago bere Aitaren eskuinean.

 

aurrekoa hurrengoa