www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urtharrilaren 15ean

SAN PAULO LEHEN BORTUTIARRA

Sortua 227an-Hila 343an

 

        San Paulo lehen Bortutiarra sortu zen Esiptoan hirugarren mendea jadanik hasia zelarik.

        Haren burasoak giristino behar-bezalako batzu ziren, eta bertzalde, jende batzu ezagutuak eta aipatuak beren hiritik kanpo ere egiten zituzten amoina handien gatik. Eztugu beraz zeren erran ongi altxatu zutela Paulo beren semea.

        Etzen hargatik Jainkoaren nahia buraso on hek ikus zezaten beren begiz zein ziren ederrak beren haur harren bihotzean erain zituzten haziek ekharri behar zituzten fruituak. Ezen biak joanak ziren zerurat, haurrak etzuelarik oraino hamabortz urthe baizik.

        Pauloren burasoak hil ziren urthe hartan berean, enperadorek oihu eginarazi zuten Esiptoan eta beren meneko zituzten herri guzietan, etzezaketela gehiago onets giristinorik izan zadin hekien erresuman; giristino zirenek behar zutela beraz arbuiatu beren erlisionea, edo bertzela, hiltzerat kondenatuak izanen zirela.

        Paulo gazteak, jakin zuenean berri hori, egin zuen bere baithan, hobe zuela gordetzea, ezen-ez burrego batzuen eskuetarat erori, eta gero menturaz giristinotasunaren arbuiatzea. Eta hortakotz, joan zen hiritik urrun ezkondua zuen arreba baten etxerat.

        Bainan, handik zenbeit denboraren buruan, jakin eta ikusi zuen bere koinatak berak salhatzera zaramala; nahi zituelakotz beretu haren onthasun guziak. Eta orduan athera zen bere arrebaren etxetik ere, eta sartu bortuan behin-bethikotz.

        Bortuan zenaz geroz, etzuen gehiago lanjerik nihork atxeman zezan. Ordean Jainkoaren graziak hazkartua, joan zen emeki-emeki gero eta barnago.

        Azkenean aurkhitu zuen, mendi mazela batean, harroka bizian eginikako zilho bat, hetsia zaukana harri zabal batek. Eta baztertu zuenean harria, ikusi zuen barrigo ttiki bat, izena palmiera duen zuhain edo arbola eder bat erdi-erdian; eta oraino xokho batean ithurri ttiki bat kristaila bezein garbia.

        San Paulok eman ziozkan eskerrak Jainko Jaunari, zeren hain xuxen ibilarazi zuen egoitza maite hartarat ethortzeko, eta sartu zen, ziolarik bere baithan, harrek etzukela mundu huntan bertze jauregirik ez egoitzarik.

        Eta huna zer egin behar zuen. Behar zuen ereman jendeak izan dezaken bizitzerik luzena harri zilho hartan, bethiereko othoitzean eta penitentzietan, bakhar-bakharra zagolarik, eta nihoiz nihor ikusi ere gabe.

        Bainan nola egin zen bizitze bat hain gogorrari?

        Gizon gazte hura eman zen haste-hastetik berthutearen pratikatzen ziteken khartsukiena; hortakotz bazituen graziarik nasaienak, eta grazia hekiei esker garhaitu zituen bizitze berri harren gatik zituen tentazione guziak.

        Emeki-emeki galdu zuen munduan, ez salhatua izatera, izanen zituen atsegin eta aisien orhoitzapena. Eta azkenean ezagutu zuen munduko atseginek eta aisiek eztutela ikustekorik deus-ere Jainkoak bere haurrei ematen diozkaten barneko atsegin gozoekin.

        Berrogoi-ta lau edo bortz urthetaraino, bizi izatu zen palmieraren fruituetarik janez, eta handik goiti, bele batek hazi zuen, ekharriz egun guziz ogi ttiki baten erdia.

        Bere larruaren estaltzeko behar zuen jaunztura ere berak egina zuen palmieraren hostoz.

        Bainan nolakoak ziren haren othoitzak, barurak eta bertze penitentziak? Ezta ondikotz nihor galde horri ihardesten ahal dionik behar bezala.

        Bazituen ehun eta hamahiru urthe san Antonio Bortutiarra joan zitzaionenean ikustera. Eta huna nola:

        San Antoniok, hura ere heldua zelarik ordukotz lauetan hogoi eta hamar urthetarat, izatu zuen urguiluzko tentazione hau: bazuela merezimendu Jainkoaren aintzinean, zeren bertze nihor ez-bezala, eta bertzek baino lehen, utzi zuen mundua bortuan bizitzeko.

        Bainan ondoko gauean, Jainko Jauna mintzatu zitzaion, eta erran zion, «Nahi ziola ezagutarazi nor eta zer zen bortuan lehenik saindutu zena; hargatik, etzuela denbora galtzekorik, abia zadiela laster».

        Argia hasi gabe, san Antonio, makhila bat eskuan, bideari lotua zen, eta bazohan bortu barnerat buruz; jakin gabe norat, bainan segur, Jainkoak eremanen zuela bere zerbitzariaren gana.

        Eguerdi gainean, etzakielarik gehiago zein eskualdetarat har, Satanek erakutsi zion bidea. Ezen izpiritu gaixto hura agertu zitzaion; alegia basa-jauna, burua eta lephoa gizonarenak bezalakoak zituen, eta hargatik gibel-aldetik eta bere lau zangoetarik iduri zuen zaldia. Debrua zen agertzen zitzaiona planta basa hartan, ez, zerbitzu egitea gatik, bainan hura izitarazi beharrez.

        San Antoniok ikusi zuen laster norekin zuen bere egitekoa, eta halarik-ere galdetu zion zein aldetan zagon Jainkoaren zerbitzari handia. Eta ordu berean basa-jauna zelakoak altxatu zuen besoa mendi-arte batzuei buruz, eta gero eman zen berehala lasterrari.

        Sainduak ere kurritu zuen aintzina. Eta ibili zen bi egunez, beroak-beroari eta oihanez-oihan.

        Bigarren gaua othoitzean iragan zuen oso-osoa. Eta handik ondoko goizean, argia hastera zohalarik, begira zagon norat joan behar zuen, ikusi zuenean otso bat mendi mazela bati harat zohana, unhatua, mihia kanpoan eta arrapoa edo haguna zariola. Hargatik egin zuen sar-eta-athera ageri zen leze batean, eta gero joan zen aintzina.

        Hainbertzenarekin, san Antoniori ere gogoak egin zion, etzela bertzerik, Jainkoak nahi ziola adiarazi non zagon gordea harrek bilhatzen zuena. Eta bozkariorik handienean abiatu zen mendiari gora.

        Bere laster heltzeko lehiarekin, egin bide zuen harrabots. Ezen san Paulo ere ohartu zen han bazela norbeit, eta berehala altxatu zuen harri zabal bat lezearen hesteko.

        San Antonio hasi zitzaion galdetzen eta galdetzen idek zezola athea; «berdin bazakiela nor zen, eta zergatik joaiten zitzaion; egin ondoan hainbertze bide harren ikhustea gatik, eman zezola atsegin hura».

        Bainan othoitz horien guzien gatik ere, Paulo ixil-ixila zagon. Azkenekotz, bazuen jadanik sei oren, san Antoniok othoitz berak eta galde berak egiten ziozkala; noiz eta ere, ordukotz etsitzen hasia, erran baitzion Ermitau sainduari:

        «Etzarozkidanaz geroz agertu nahi, badakikezu hemen berean egonen naizela hatsak diraudano. Eta ez nauzunaz geroz bizirik ikusi nahi, bederen ikusiko nauzu hil ondoan eta nere ehorzteko».

        San Paulo ezin egotu zen gehiago ixilik. Mintzatu zen beraz ziolarik: «Nork egundaino egin du holakorik, othoitz eta dixidu denbora berean?». Eta gero, irri ezti bat egiten ziolarik bere ikustiarrari, zabaldu zion athea, eta bi sainduak lotu ziren elkharri besatraka, batek bertzea deitzen zuelarik bere izenaz.

        Horrela egotu zirenean aphur on bat, eta Jainkoari ere eskerrak eman ziozkatenean, hasiak ziren beren berrien kontatzen, ethorri zitzaiotenean bele bat ogi bat osoa mokoan.

        Eta san Paulok erran zion Antonio sainduari: «Begira, begira, nere haurride maitea! Zein den ona gure Jainko Jauna! Bazuen hiru hogoi urthe igortzen zarotala, egun guziz, ogi baten erdia; eta orai, bia garelakotz, bidaltzen daroku osoa. Nonbeit egia baita, Jainkoak badakiela zenbat soldadu duen bere zerbitzuan».

        Bainan zeini zagokon ogiaren haustea? Batek ez nahi, etzela hari, bertzeak ere ez nahi, horren gainetik izatu zuten umilitatezko guduka saindu bat. Eta azkenean ere, hautsi zuten ogia, bainan elkhar garhaitu gabe, eta bakhotxak bere aldetik zadukalarik.

        Othuruntzaren ondotik, berriz ere hasi ziren othoitzean, eta solhasean zeruko loriaz. Biak alabainan zein khartsuago ziren, eta biak bat bertzea bezein berandetsiak zagozin, noiz izanen zuten beren Jainko maitearen ikusteko zoriona.

        Biharamunak ere argitu zioten batere uste gabe. Eta orduan san Paulok erran zion bere ikustiar maiteari:

        «Aspaldi du Jainkoak jakinarazi zarotala desertu huntan zinaudela; eta hitzeman zarotan ikusiko zintudala. Orai beraz, heldua nere sailaren burura, hautsiko ditut gorphutz hilkor huni estekatua naukaten lokharriak, eta nere arima joanen da Jesus Jaunak zor darotan sariaren hartzera.

        »Horra zergatik Jainkoak igorri zaituen bortu zokho huntara, ezar zinezan lur pixka bat gorphutz ihartu hunen gainean, edo, hobeki mintza nadin, ezar zinezan lurpean lur pizka hau».

        Solhas horiek erdiratu zioten bihotza san Antoniori; eta, nigarrez zagolarik, othoiztu zuen san Paulo, galde zezola Jainko Jaunari, edo utz zezala bizirik, oraino denbora pixka bat, edo ardiets zezola hari ere, zerurat joaiteko zoriona.

        Bainan Paulo sainduak erran zion: «Eztezazula bilha gehienik lohautzukena, bainan hobekienik dena Jainkoaren loriakotzat. Nahiago zinuke notharik gabe den Bildotx Sainduaren ondotik ibiltzeko zoriona, ezen-ez egotea bethi lurrerat zaramazkan gorputz horren azpian; bainan zure haurridek badute oraino zure irakaspenen beharra.

        »Othoi, beraz, zohazkit Atanasio Apezpiku eta Elizako Nagusi handiak eman darotzun kaparen bilha. Eta gero, ezarririk nere gorphutza kapa harren barnean, hala-hala ehortziko duzu».

        Bainan san Paulok zergatik nahi zuen kapa batez inguratua izan hil ondoan, etzuenaz geroz hostozko jaunztura bat baizik, bizi zelarik?

        San Paulok etzuen bertzerik gogoan baizik ere, guri adiaraztea sinhesten zituela Eliza Katolikoak irakasten darozkigun fedezko artikulu guziak.

        San Antonio egotu ondoan oldar edo ixtant bat ixilik, harritua ikusteaz nola, nihork deusik erran gabe, bazakien haren eskuetan zela san Atanasioren kapa, belhaunikatu zen saindu maite harren oinetan, hari bere benedizionearen galdetzeko, eta athera zen harpe hartarik nigarra zariola. Joan zen ere lehiarik handienean, eta eginez bere baithan menturaz ethorriko zela oraino saindua hil gabe.

        Bere komentura zenean, fraidek galdegin zioten, non egotu zen hainbertze denbora. Eta, heien galdeari ihardetsi orde, san Antoniok erran zuen: «Zorigaitz, ni bekhatorosari, zeren hain gaizki garreiatzen dudan fraidearen izena! Ikusi dut Elias, ikusi dut Joanes-Batixta bortuan! Ez! Ikusi dut Paulo parabisuan!».

        Eta, uzten zituelarik bere fraide guziak harrituak, berriz lotu zen bideari san Atanasioren kapa bizkarrean.

        Bazohan ere joan-ahala-joan, noiz-eta ikusi baitzuen ezagutu orduko galdu behar zuenaren arima, zeruan sartzen, elhurra bezein xuri, eta bertze hainitz sainduren erdian.

        Ordu berean san Antoniori ere, hil zitzaizkon zain guziak. Eta begitartea lurrera zagolarik, eta burua ere herrautsez bethetzen zuelarik, hasi zen oihuka:

        «Paulo! Paulo! zergatik ez nauzu hartu zure lagun, zurekin egon ahal nindadin menderen-mende? Zergatik joan zaizkit, adiorik ere erran gabe? Hain laster galtzekotz, zergatik behar zintudan ezagutu?».

        Horrela egotu ondoan aphur bat, san Antonio abiatu zen berriz ere eta azkenean heldu zen lezerat.

        Lezearen barnera zenean, izatu zuen uste gabeko bozkarioa: ikusi zuen san Paulo belhauniko zagola, eskuak xut-xuta. Bizi zela beraz, bertzerik iduritu bazitzaion ere bidean zelarik, eman zen hura ere belhauniko, behar zuela harrek ere othoitz egin.

        Hargatik ezagutu zuen laster san Paulo hila zela, etzuela bere aldean haren gorphutza baizik.

        Orduan nigar turrusta batez busti zuen lehenik sainduaren begitartea; gero eman zituen hilen othoitzak, eta athera zuen lezetik san Antonioren kapaz inguratua.

        «Bainan, nola ehortzi behar du, eztuenaz geroz deusere hobiaren egiteko?». hori zen bere buruarekin zaasana Antoniok, ikusi zituenean bi lehoin handi ethortzen zitzaizkola alde-aldera.

        Ezagun zuten Sainduaren galtzeak min egiten ziotela hekiei ere. Ezen ferekatzen ziotelarik gorphutza buztanez, iharrosten zituzten beren marrumez inguru hetako erreka guziak.

        Gero egin zuten zilho bat zarrapoka edo aztaparka, san Antoniori ere milikatu ziozkaten eskuak, eta haren benedizionearekin batean joan ziren beren oihanetarat.

        San Antoniok ehortzi zuen beraz gorputz saindu eta maite hura, eta eman zen komenturako bidean, berekin zaramalarik san Pauloren hostozko arropa.

        Erranik da ere arropa hura jaunzten zuela urtheko bestaburu handietan.

 

 

Irakaspena

 

        Saindu huni begiratu-eta, bortxatuak gare aithortzera gizonak egin dezakela zenbeit aldiz iduritzen zaion baino gehiago.

        San Paulo hura ere gorputz hilkor batekin zena, bizi izatu da hiru-hogoi urthez, ogi pixka bat zuelarik janharitzat eta ur hutsa edaritzat, nihor ikusi gabe eta leze baten barnean.

        Eta ereman du horrelako bizia Jainkoaren hobeki zerbitzatzea gatik eta zeruko loriarat heltzea gatik.

        Ah! guk ere balin baginu fede gehiago, balin baginu fede bizia, gauza segura da egin ginezakela egiten eztugunik; edo bederen egin ginetzazkela gure egun guzietako lanak egiten eztitugun bezala.

        Eztugu aski fede. Edo, bederen, eztugu aski fede bizia! Galde dezagun Jainko Jaunari saindu hunen arartekotasunaz.

 

aurrekoa hurrengoa