www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urtharrilaren 15ean

SAN MAORE,
FRANTZIAKO BENEDIKTANOEN AITA

Sortua 512an-Hila 584an

 

        Maore sainduak, ezpalitz mundutik atheratu, izanen zituen munduan gutizia ditezken atsegin eta ohore guziak, haren familia Erromako familia aberats eta aiphatuenen artean lehenetarik bat zelakotz. Eta, mundutik athera delakotz, baditu lurraren gainean, eta izanen, munduaren akhabantzaraino, ohorerik handienak; eta zeruan ere bai bertzela izanen zituen ohore eta atseginak baino miletan handiagoak.

        Hura zen denbora jendea hainitz mintzo baitzen san Benoatek zaraman bizitzeaz. Eta nola Maoreren burasoak giristino on batzu baitziren, hitzartu zuten elkharrekin behar zutela ezarri beren haurra Benoat sainduaren eskuetan; harrek erakutsiko ziola zerurako bidea bertze nihork baino hobeki.

        San Benoat gure Aita loriosak atseginekin hartu zuen Jainkoak berak igortzen zion haur gaztea. Ezen ikusten zuen zer graziazko onthasunek jautsi behar zuten lurraren gainerat hari esker.

        Maore gazteak iragan zuen bere baithan, komentuan sartu zeneko, behar zela baitezpada saindutu. Eta halako khar sainduarekin eman zen bere saindutasuneko lanari, non denbora laburrik barnean haren berthuteak hainitz distiradura ederra baitzuen, eta san Benoatek ere erraten ahal baitzioten bertze fraidei, nortaz mintzo zen osoki ezagutarazi gabe: Bada nonbeit saindu bat, adinez oraino haurra, hazia izatu dena munduko jende handiak bezala, eta hargatik emana saindutzeari halako su sainduarekin, non adinean aintzinatuak direnen heinera heltzera baitoha.

        Orduan gerthatu zen mirakuilu batek erakutsi zuen hobeki nolako saindua zen haur gazte hura.

        Maore zagon komentuan, edo batera dohana Sublakeko komentuan, bazen bertze zortzi urtheko haur xume bat, Plazide zeritzana, edo deitzen zutena. Haur hura ere Erromako bertze aitoren-seme batek ekharri zion Benoat sainduari, hari ere irakats zezola zer behar zuen egin zerurat heltzeko.

        Egun batez, haur hura, joana zelarik ur handira ur-keta, erori zen ur hartarat, eta urak zaraman. San Benoatek, ikusirik haren behar-ordua bere izpirituko begiez, erran zion Maoreri: «Nere anaia maitea, zohazi, egizu othoi laster, urak darama gure haurra».

        Maorek galdetu zion bere benedizionea eta eman zen lasterrari. Eta nahiz haurra eremana zen jadanik, harri ukhaldiaren bidea baino urrunago, Maorek etzuen konturik eman non zabilan, bainan laster egin zuen harren gana heldu arte. Ordukotz ithotzen hasia, burua zuen doidoia ageri. Hartu beraz iletarik eta ereman zuen uretik kanpo, ohartu ere gabe uraren gainean zabilala.

        Hargatik leihorrera zenean, eta ikusi zuenean zer egin zuen, laztu zen eta harritu. Eta kontatzean bere Aita onari nola atheratu zuen, erraten zion etzuela harrek ikustekorik deus ere mirakuilu hartan, etzenaz geroz ohartu ere zer hari zen.

        Bainan san Benoatek ihardetsi zion Jainkoak ibilarazi zuela uraren gainean, nahi zuelakotz aditzerat eman mundu guziari zein maite zuen jende obeditzailea.

        Handik goiti bertze fraidek ere bazuten ikustate eta amodio gehiago Maore gaztearentzat. Eta ikusi zuten san Benoatek, balin bazuen ere haur harrentzat bertze fraidentzat ez-bezalako estekamendua, bazakiela zer hari zen.

        Obedientzia horri zohazkon bezalakoak ziren Maoreren bertze berthuteak, nork-berak ikus dezaken bezala bizitze huntarik.

        Bazakharren bathi soinean zurdazko larru arraseko latza. Lo pixka bat egin behar baitezpada, eta lo hura egiten zuen hare edo kisu meta baten gainean. Hargatik garizuman, ohe hura bera ere onegia zitzaiolakotz, xutik zagon gau eta egun, non eta etzen loak osoki garhaitua. Eta orduan ematen zen jarririk.

        Garizuman, etzuen jaten astean bietan baizik. Eta orduan ere ogi-pixka bat; doidoia aski, errateko jan zuela. Hortarik asma diteke nolakoa zen haren jana gainerako egunetan.

        Gau guziz ematen zituen Dabiten zazpitan hogoi-eta-hamar salmoak; eta aldiz egunaz, Eskritura sainduko liburuak eskuan zagon, ez-balin bazen Erregela sainduak manatzen darozkigun esku-lanetan.

        Horien guzien gatik, eta Jainkoaren hobeki maitaraztea gatik, san Benoatek hartu zuen laguntzat. Eta uzten zituen harren gain fraiden alderako lanetarik hainitz. Komentu guzia ere haren gomendioan zen, san Benoat norapeit zohanean.

        Eta huna zer gerthatu zen behin, san Benoat kanpoan zelarik:

        Egun batez buraso dohakabe batzuk ekharri zuten komentura sortzez maingu eta mutu zuten haurra. Jakinki bertze hainitzek izaten zituztela nahi zituzten graziak, san Benoati esker, gogoak erraten zioten hekiei ere etzabiltzala alferretan. Etzuten ere etsitu aditu zutenean san Benoat etzela etxean. Ezen Maore gazteaz ere jendea hainitz mintzo zen.

        Ikusirik beraz lanetik komentuan sartzera zohala, bere fraide lagunen aintzinean, eman ziren haren bidean, eta, erakusten ziotelarik beren haur gaixoa, galdetu zioten othoi urrikal zakiola.

        Ordean Maore sainduari gaitzitu zitzaion osoki hekien othoitza. Eta aintzina abiatzera zohan, erranik ez bide zakitela nori mintzo ziren; etzela emana hura bezalako bekhatorosei mirakuilu egiten haritzea. Bainan ordu berean, bertze haurrideak bildu ziren harren ingurura. Eta hek guziek hainbertzekoak egin ziozkaten jende dohakabe hekien onetan, non azkenekotz bihotza hautsi baitzitzaion.

        Eman zen beraz belhauniko eta ahuspez lurrari, eta erran zion Jesus Jaunari:

        «Jesus nere Jaun guziz botheretsua, badakit zuri dela, eta zuri bakharrik, eri direnen sendatzea. Othoizten zaitut beraz eztakizun gaitzi jende gaizo haukien alde mintzo banautzu. Ez, Jauna, eztezazula konturik egin ni zer naizen; ordean bai, ikusazu jende haukien fedea».

        Gero, xutik ematen zelarik, eta ezartzen zuelarik haurraren gainean bere diakre-estola, egin zuen gurutzearen seinalea eriari buruz, eta erran zion ahalke saindu batekin: «Manatzen darotzut Trinitate Sainduaren izenean, eta san Benoat nere Aita maitearen izenean, altxa eta mintza zaitezen».

        Eta haurra altxatu zen, nihoren laguntzarik gabe, eta mintzatzen ere hasi zen.

        Ageri zen beraz, ezin hobeki, san Benoaten izpiritua eta botherea fraide gazte hura baithan zirela. Eta guzien ustekeria zen hura izanen zela hekien aintzindaria, Jainko Jaunak bere ganat hartu zioketenean beren Aita maitea.

        Bainan bertzelakoak ziren Jainkoaren xedeak.

        Aipatu dugun mirakuilu hortarik laster, ethorri zitzaizkon san Benoati, Frantzia Manzeko apezpikuak bialtzen ziozkan bi gizon, Flodegera, katedraleko diakre-nagusia, eta Harderarde, jaun apezpikuaren etxe-gizona. Manzeko apezpikuak othoizten zuen gure Aita loriosa, igor zetzola zenbeit fraide; behar zuela egin komentu berri bat haren meneko ziren herrietan.

        San Benoati etzitzaion oraino gogoratu fraide igortzerik hain urrun. Bainan, ezagutuz Jainkoak galdetzen ziola egin zezaken sakrifiziorik handiena, deitu zuen Maore bere ikasle maitea, eta erran zion behar zela Frantziarat igortzera zaramazkan fraiden aintzinean jarri.

        Maore sainduak etzuen ordu arte bertzerik egin, baizik ere obeditzea Erregela sainduari eta bere aintzindarien manuari, eta hortakotz etzuen erran ezetz. Nahiago zuken hargatik, eta ez gutiz, egon komentuko azken-azken herronkan.

        Hala ere egin zuten elkharren artean, abiatuko zela urtharrilaren hamekan. Egun hura ethorri zen nihork nahi baino lehenago. Eta orduan Kasingo fraide guziek, gurutzea aintzinean, lagundu zituzten komentuko athetaraino Frantziarat heldu ziren bortz haurrideak.

        Athe-alhasearen gainean, san Benoatek eman ziozkan Maoreri Erregela sainduaren liburua, eta haurridek egun guziz behar zuten ogiaren eta arnoaren neurriak; bortzei oraino eman zioten bere azken benedizionea; eta gero, san Benoat eta bertze fraideak han gelditzen zirelarik, bihotza ilhunik, san Maore abiatu zen Frantziarat buruz, bere lagunekin, eta Frantziatik athorririkako bi mandatariekin.

        Bi benediktano zagozin komentu ttiki batean iragan beharra zuten lehen gaba. San Benoatek igorri ziozkaten komentu hartara bertze bi haurride. Ezen nahi zuen jakin baitezpada haur maite hek nola ibili zitzaizkon lehen egun hartan. Eta bertzalde nahi zion eman oraino Maoreri orhoitzapen balios bat.

        Bidaltzen zion Gurutze sainduaren zathi xume bat, erraten ziolarik, izanen zuela harren beharra. Erraten zion ere letra batean, «bazuela oraino berrogoi urthe lurraren gainean egoteko; berrogoi urthe hetan bazukela lan borthitzik eta atsegabe handirik, gure arimen etsaiak etziolakotz onesten ahal egin behar zuen ongia; bainan garhaituko zuela Satan beltza, Jainkoaren miserikordiari esker; zohala beraz beldurrik gabe, eta egin zezala bere gain zuen lan handia, Jainkoaren amorea gatik».

        Orhoitzapen saindu harrekin eta bere Aita maitearen letra on harrekin, san Maore berriz ere eman zen bideari; eta, hamalau egunen buruan, heldu zen izena Verzeile zuen herri handi baterat. Han zirelarik, Jainkoak nahi izatu zioten adiarazi heiekin zela.

        Manzeko jaun apezpikuaren etxe-gizona harat-eta-hunat zabilalarik selaru batean, erori zen selaru hartarik, eta hain itsuski funditu zuen besoa, non mirikuek erran baitzuten etzezaketela antola; behar zutela pikatu.

        Bainan Frantziako bertze mandatariak othoiztu zuen Maore saindua, urrikal zakiola haren laguna; gauza trixtea zela beso baten galtzea. Eta Maorek, harturik Gurutze sainduaren erlakia, egin zuen gurutzearen seinalea eriari buruz, eta ezarri zion galdu behar zuen beso hura egundaino minik izatu ezpalu bezala. Eta gero, nola mirakuilu horrek egin baitzuen azantz handia, joan zen aintzina bere lagunekin lehen-bai-lehen.

        Huna oraino bertze mirakuilu batzu:

        Italietako mendiei behera hari zirelarik, erori zitzaioten zalditik gizon gaizo bat, gidari bezala hartua zutena, mendiko bide gaixtoetarik iragan arteraino, eta hautsi zuen zangoa hiru tokitarik. Bortu ikharagarri hartan, etzezaken nihork artha gizon hura behar bezala, eta hortakotz san Maorek sendatu zuen ordu berean, gurutzearen seinale bakhar batez.

        Jadanik Frantziarat heldua zelarik, ikusi zuen eliza-athe batean sortzez itsu zen gizon bat; itsu hari argitu ziozkan begiak. Urruntxago, mintzatu zitzaizkon azken hatsetan zen gizon gazte batez; gizon gazte hura ere sendatu zuen. Eta mundu huntako bizia luzatuz, irabazarazi zion eternitatekoa.

        Horrelako asko mirakuilu egiten zuelarik bere bidean, eta ordukotz aste sainduaren erdia zelarik, heldu ziren san Erromano zagon komentura, erran nahi baita Auzerreko hiriaren aldera.

        San Erromano, hura zen gure Aita loriosa bere harpean hiru urthez hazi zuen fraidea bera. Hortarik asmatzeko da, ian atseginekin ikusi othe zituen bere komentuan san Benoaten ikasle batzu.

        Ordean ondikotz! haren zoriona laster histu beharra zen.

        Ortzirale sainduz, Jainkoak adiarazi zion Maore sainduari, biharamunean berean galdu behar zutela san Benoat beren Aita maitea.

        Berri horrek ahantzarazi ziozkaten guziei gainerako atsegin eta atsegabe guziak.

        Eman ziren beraz othoitzean beren Aita onarentzat. Eta hala-hala haritu ziren, gau guzia eta biharamuneko eguna goizeko bederatzi orenak arte.

        Orduan Jainkoaren Izpirituak erakutsi zion Maore sainduari Kasingo menditik eta zeruraino zohan karrika edo bide eder bat, estalia bururen-buru oihalik baliosenez; eta haren bi bazterretan bazirela bi argi lerro, guziz distirantak.

        San Maore begira zagolarik halako ikusgarri xoragarriari, hainitz arropa ederrekin zen gizon adinetako batek erran zion bere atsegina oraino ere gehiago handitu behar zion solhas hau: «Ikusten duzun bide horri gora igan da Benoat Jainkoaren zerbitzari maitea».

        Gero, histu eta galdu zirenean karrika eder hura eta gizon adinetakoa ere bai, Maore sainduak kondatu zioten san Erromanori eta bere fraide lagunei zer gerthatu zitzaion eta zer ikusi zuen. Eta denek elkharrekin eman ziozkaten eskerrak Jainko Jaunari.

        San Maore eta haren lagunak egotu zirenean zenbeit egun san Erromanoren komentuan, berriz ere lotu ziren bideari eta heldu Orleango hirira.

        Hiri hartan jakin zuten hila zutela Frantziarat ekharrarazten zituen apezpikua. Eta orduan, nahi-ta-ez, ilhundu eta belztu zitzaioten gogoa denei. Ezen, apezpiku hura hila zenaz geroz, etzuten gehiago zeren joan Manzerat. Eta hortakotz, etzakiten zer bilhakatu behar zuten.

        Bainan ezagutu zuten laster Jainko Jauna alde zutela oraino ere.

        Jaun apezpiku zenaren etxe-gizonak, Harderardek bazuen Erregeren gortean, izena Flores zuen adiskide bat guziz aberatsa. Harderardek beraz ikusi zuenean zer egunaldi beltzak atxeman zituen Frantziarat ekharrarazten zituen Benediktano saindu hek, egin zuen Floresen etxerainoko bat, eta erran zion Jaun hari zer gerthatu zitzaion.

        Floresek etzuen denborarik galdu, berri horiek jakinez geroz; ordean joan zitzaioten bera san Benoaten haurrei, egin zuen solhas astiroki fraide saindu heiekin, eta eman ziozkaten berentzat behin-bethikotz, Orleango hiritik hurbil, hango ibai edo ur handiaren bazterretan zituen lur gizenetarik, nahi zituzten guziak; han egin zetzatela beren komentua eta eliza, berei zohakoten bezala; eman zioten ere behar zuten dirua; eta berantxago, ikusi zuenean hobeki norekin zuen bere egitekoa, ezarri zuen, san Maoreren eskuetan, Bertulfe bere seme bakharra.

        Jainkoak zor zion Floresi sari berezi bat, emaitza horien guzien gatik. Eta hortakotz Floresek berak ere izatu zuen azkenean fraidetzeko zoriona. Hura ere bilhakatu zen san Maoreren ikasle. Eta hil zen sainduki, komentuan bizi izatu ondoan hamabi urthez.

        San Maorek izatu zuen Teodeber erregearen eta haren semen ganik ere emaitza ederrik. Eta horrela landatu eta gogortu zen Frantziako lurrean Benediktanoen ordrea.

        Lehen abadia edo komentu hura fraidez bethe zenean, san Maorek egin zuen bertze bat. Eta, aintzina ere bethi eta bethi bazirelakotz fraide gai berriak, egin behar izatu zituen komentuak non-nahi.

        Hil gabe, bazituen seietan hogoi, denak fraidez betheak. Halakoak ziren, alabainan, haren bizitzea eta egiten zituen mirakuiluak.

        Ifernuko izpiritu gaixtoak ezin jasanez hainbertze arima sar zadin zeruko bidean, erranarazi ziozkaten hiru gaixtaginei, Maore sainduaren gain, hala etziren hainitz gauza pisuak.

        Bainan mintzatu baziren, mintzatu ziren. Debruek hartu zituzten hiruak. Bertzalde debruek itho zuten gizon dohakabe hetarik bat, hari bere gaixtakeriaz urrikitan sartzeko astirik eman gabe. Eta bertzei ere baliatu zitzaioten ederki Maore saindua hazkar baitzen eta botheretsu Jainkoaren aintzinean.

        Maore sainduak beraz othoiz egin zuen, konturik egin gabe hil harrek eta haren lagunek zergatik zuten gaztigu bat hain ikharagarria. Eta haren othoitzera, hila piztu zen, eta bertze haren bi lagunak ere athera ziren debruaren aztaparretarik.

        Hargatik Sainduak manatu zion pitzarazi zuen gizon harri, zohala toki hetarik urrun bere bizi guzikotzat. Etzuelakotz nahi nihork jakin zezan hil bat pitzarazi zuela.

        Ordean alferretan bilhatzen zuen bere mirakuiluen gordetzea. Bazakiten bazter guzietan, bazituela Jainkoaren aintzinean bothererik handienak. Eta alde guzietarik jendeak ethortzen zitzaizkon, batzu gorphutzeko osasunaren bilha, bertzeak arimako eritasunen gatik, eta othoiztera, erakuts zezotela zerurako biderik laburrena eta hoberena.

        Bazuen jadaneko hogoi-ta hemezortzi urthe Frantziarat ethorria zela, bilharazi zituenean bere aintzinera bere komentuko fraide guziak. Eta erran zioten etzituela urrun Aita san Benoatek aipatu berrogoi urtheak, behar zela beraz prestatu bere Kontu-Hartzaile Handiaren aintzinean agertzera; eta hek ere behar zutela hautatu aintzindaritzat bertze norbeit.

        Eta gero, fraidek hautatu zutenean Bertulfe, Flores zenaren semea, Maore saindua eman zen othoitz eta penitentzia egiteari, ordu arteraino deusik egin ezpalu bezalako su sainduarekin.

Bainan ifernuko izpiritu gaixtoak etzezaken utz bake oso batean eta ikusi gabe, ian ez othe zezaken bada izitaraz. Hortakotz agertu zitzaion bertze hainitz debruren erdian, eta erran zion: «Bazuela azkenekotz aspaldi hartan bilhatzen zuena; jakiten ahal zuela beraz, ordua arterainoko lanak alferretan zituela; eta, denbora laburrik barnean, haren komentu guziak fraiderik gabe zitezkela eta osoki hustuak».

        Sainduak erran zion etzela egiarik atheratzen ahal haren ahotik. Eta haizatu zuen Satan bere lagun guziekin, egiten zuelarik gurutzearen seinalea.

        Hargatik halako beldur bat gelditu zitzaion izpirituan; eta egiten zuen bere baithan: «Bainan izpiritu gaixto hek erranen othe zarotedaten holakorik, ezpalitzait gerthatu behar zer-edo-zer?».

        Bere grina hortaz mintzo zitzaiolarik Jesus Jaunari, Nagusi maite hark adiarazi zion etzuela zeren beldurrik izan ifernuko izpiritu gaixtoek bazuketela indarrik aski, haren lanen eta izerdien ez-deus bilhakarazteko; egiaren erratera, Jainkoak nahi ziozkala hartu bere ganat hainitz fraide, bainan hartzen ziozkala onduak zirelakotz zerukotzat.

        Solhas on horiek ezarri zuten bakea Maore sainduaren bihotzean. Eman ziozkan beraz eskerrak Jainkoari; eta gero egin zuen bere egin-ahala, ongi prestatzeko bere Jaun Handiaren aintzinean agertzera.

        Ezagutu zuenean hurbildua zuela jadanik bere azken orenera, eremanarazi zuen bere burua elizarat, hartu zituen elizakoak, eta, handik beretik, haren arima saindua joan zen hiru hogoi-eta-hamabi urthez maitatu eta zerbitzatu zuen Jainko Jaunaren ganat.

 

 

Irakaspena

 

        Liburu egilek eta predikariek, mintzatu behar dutenean obedientziaz, erraten dute atseginekin, nola Jainkoak ibilarazi zuen saindu hau uraren gainean.

        Guk ere ikus dezagun gure aintzindari eta nagusietan Jainkoaren itzala; egin dezagun manatua zaikun guzia, Jainko Jaunak berak manatzen larokukena egin ginezaken bezala, den guzia Jainkoari atsegin egitea gatik, eta eztiteke ttikia guk zeruan izanen dugun zoriona.

 

aurrekoa hurrengoa