www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urtharrilaren 5ean

SAN JERLAK,
BEKHATOROS URRIKITUA

Hila 1170an

 

        Belsikaren eta Holandaren artean da Linbourgeko probeintzia. Jerlak sortu zen probeintzia hartako jauregi batean. Ezen hango aitoren-semetarik bat zen Jerlaken aita.

        Gaztetasunean etzituen baliarazi behar-bezala Jainkoaren graziak. Hortakotz eman zen lazakeriari; eta berantxago, sartu soldadu, ohoinkeriatik eta gaixtakeriatik bizi zen jaun baten armadetan.

        Soldadukoa hartan errexki atzeman zituen bere iduriko lagunak, eta heiekin batean, are apalago jautsi zen bere bide tzarrean. Eta handik goiti etzuen gehiago nihork igurikitzen harren ganik tzarkeriarik eta tzarkeriarik baizen.

        Hain da nekhe, hain da bakhan gerthatzen den gauza, gero ondoan Jainkoaren ganat bihotz osoz itzultzea, egotu balin bada, gazte denboran, bekhatuan lakhetua.

        Hargatik Gure Jainko maiteak bazuen bertzelako biderik soldadu galdu harrentzat.

        Denbora hetan aitoren semeak kasik bethi gerlan hari ziren. Eta ezpalin bazuten gerla egiazkorik, elkharretaratzen ziren oraino, noizik-behinka, plaza batzuetan, beren zaldirik ederrenen gainean, gudukako harma guziekin eta begitarteak gordeak. Eta gero, mundu bat bazelarik bildua hekien ikusteko, hari ziren, alegia zin zinez eta eginahala egin, batzu bertzekin gerla-orde batean.

        Behin beraz, orai ezagutarazi behar dugun soldadua, ordukotz ezkondua eta kapitein iragana, halako besta hetarik batean zen, ametsik ederrenek burua harrotua, bertzenak ez-bezalakoak zirela haren jakitatea eta indarrak, eta izanen zuela ohore eta laudorio franko egun maite hartan.

        Jadanik plazan zen, bere zaldi ederraren gainean; eta, unhatua zaldi hura ezin atxikiz, gudukan hasteko seinalearen begira zagon, noiz eta ere ethorri baitzitzaion herresekan bere etxeko muthil bat, erratera, andrea hil zitzaiola.

        Ihurtzuria alde-aldean erori litzaiokena bezein laztua eta zoratua, Jerlak ere eman zen gogoeta, Jainko Jaunak berak ematen zion gaztigu bat zela hiltze hura; eta zer othe zion galdetzen azote ukhaldi ikharagarri harren bidez.

        Eta ordu berean, jausten zelarik zalditik, arthiki zituen lurrerat bee gudukako jaunztura eta harma distirantak, zin egin zuen goratik, akhabo zirela harrentzat lurreko jostetak eta irriak, eta, han zen jende guzia harritua uzten zuelarik, joan zen etxerat asto txar baten gainean.

        Antolatu zituenean bere egitekoak, ezarririk soinean zurdazko larru-arraseko bat, eta errainetan burdinazko gerriko bat dena punta zorrotzez bethea, athera zen etxetik orthuts, eta abiatu zen elizaz-eliza, bere Jainkoaren amodioak zaraman toki sainduei buruz.

        Noizpeit heldu zen Erromarat. Eta heldu bezein laster egin zion bere bekhatu guzien kobesioa Aita Sainduari berari urrikizko sentimendurik handienekin.

        Aita Saindua bera ere ukhitua izatu zen haren nigarrez eta hasperenez, eta bereziki egin zion galde huntaz, eman zezola penitentziatzat lanik apalenean eta umiliagarrienean haritzea bere bizi guzia.

        Hortakotz, manatua izatu zitzaion ospitale batean eri arthatzen haritzea zazpi urthez.

        Bainan ospitaleko aintzindariek etzioten uzten egitera barne-nahasgarri diren lanetarik deusere, ezen laster ikusi zuten, bere larru-arte leunetik beretik, gizon hura etzela edo-zein jende. Bizkitartean etzuten holakorik eginen ezagutu balituzte Jerlaken sentimenduak.

        Jerlakek, ahal izan-eta, berak eginen zituen hango lan eta garbiketa guzi-guziak.

        Ordean bazuen bere izpirituan gogoeta bat, handik ken etzezakena: Hura bezalako bekhatoros bati, etzohakola ongi Jesusen haurride berezien arthatzea.

        Othoiztu zuen beraz Aita Saindua, eman zezola bere penitentzia haren orde bertze zerbeit apalagorik eta umiliagarriagorik. Eta Aita Sainduak eman zion bere nahiaren araberako lana, azienda beltz batzuen zain egotea zazpi urthez.

        Bere azienda beltz hekien ondotik zabilalarik, gerthatu zitzaion zangoan hartzea ukhaldi bat hainitz pairarazi behar ziona bere bizi guzian.

        Bainan orhoituz, lehenago haurrean, zango hartaz beraz jo zuela bere ama, eskerrak ematen ziozkan Jainkoari, zeren jasanarazten zion zor zuen penitentzia, harren damuztatzeko altxatu zuen zango hartan berean.

        Bethe zituenean bere penitentzien denborak, joan zitzaion oraino ere Aita Sainduari, galdetzera zer behar zuen egin handik goiti. Eta nola ezpaitzaitzaion iduritzen oraino ardietsia izaten ahal zuela bere zorren barkhamendua, Aita Sainduak onetsi zion bizitzea lagunik gabe eta bakhar-bakharra, errexkiago egin ahal zetzan gogoak ematen ziozkan penitentziak. Hortakotz, joan zen bere sorherrirat, han biziko zela ermitau bezala.

        Etzen hargatik bere etxean sartu; ordean, saldurik bere ontasun guziak, eman zuen dirua erromesei.

        Gero barne-hustua zen haritz zahar baten zola bethe zuen harri xehez, harri hek estali zituen lasto pixka batez, eta eman zen haritzaren barnean.

        Ohetzat beraz, harri meta hura zuen; janharitzat, garagarrezko ogi pixka bat, dena ere hautsez zikhintzen zuena, eta edaritzat ur hutsa.

        Haren soinekoak ere etziren hobeak. Uda ala negu, jauntzia zagon bethi, fraide arropa zuhail batez. eta arropa harren azpian bazakharzkan, nihoiz kendu gabe, larru-arraseko zurdazkoa eta gerriko punta zorrotzez bethea.

        Eta gero, huna nola bizi zen:

        Lehen-lehenik eguna othoitzean edo Jainkozko lanetan zaraman; eta gabaren parte on bat ere hari zen hala-hala. Hargatik ematen zion bere gorphutzari pausa pixka bat. Gero bethi atzarria gauerditik berehala, bazohan, oilarrak kantuz hasi zirenean, oren bat bidetan Maestrixeko hirira, san Jerbasioren komentuko fraidek erraten zituzten ofizioetarat.

        Ofizioak ziraueino Jerlak ere othoitzean hari zen. Eta gero, ofizioak erran-eta, fraideak atheratu zirenean edo pausatzerat, edo bertze zerbeit lanetarat, Saindua han berean zagon othoitzik khartsuenetan, edo Jesus Jaunarekin solhasik maitenetan. Goiz aldera hasirik, bazituen mezak laguntzeko, edo bederen entzuteko, eta horrela iragan ondoan kasik goiz guzia, bazohan bere haritz-zilhorat.

        Jendea behar zen mintzatu nahi-ta-ez hain bizitze garratza zaraman gizonaz. «Jerlak saindu bat da», zioten batzuek: «Ez, bainan alfer-gezurti bat da», zaasaten bertze batzuk.

        Ondo hetako fraide batzu ere mintzo ziren, eta ondikotz saindua galdu nahiz; haren bizitzeak kondenatzen zuelakotz goraki hekien lazakeria.

        Orai aipatzen ditugun fraidek helarazi zioten Jaun Apezpikuari ere berria Jerlak ermitaua nihork uste etzuen bezalako gizona zela.

        Eta apezpiku harrek, sinetsi bazuen eta ezpazuen bidali zioten mezua, berak bere begiz ikusi nahi izatu zituen Jerlak eta haren haritza.

        Erran zioten haritzaren zolan gordetzen zituela ematen ziozkaten amoina handiak, han zaukala ere gordea etxea salduz egin zuen dirua, Jaun Apezpikuak egoitzarazi edo pikarazi zuen haritza ondo-ondotik. Eta erori zenean, han baitzen harat bildua jendeketa handia, jende hek guziek ikusi zuten, ez dirurik ez, baina harri meta bat, eta penitentzia egiteko diren bertze asko gauza.

        Ordu arteraino ere jenden ustekeria zen Jerlak Jainkoaren zerbitzari leial bat zela; bainan, egun hartan, agertu zen oraino hobeki haren saindutasuna. Eta nola Jaun Apezpikuak eman baitzuen manua, egin zetzotela haritzaren orde etxola bat eta kapera ttiki bat, eta haritzaren barneko zabor hek, ezar zetzatela asentuan, han ziren jende hek berek egin zioten gogo onez lan hori.

        Horra nola, gaixtagin batzuen gatik, Jerlaken saindutasuna izatu zen aree hobeki ezagutua.

        Bertzalde Jainko Jaunak egin zituen mirakuilu batzu, aditzerat emateko Jerlaki berari, onetsiak zirela haren nigarrak eta auhenak, eta, guri ere bai, nolako kontua dadukan gure hautura eta nahitara egiten ditugun penitentziez.

        Huna bia:

        Apez bat ethortzen zitzaion noizik-behinka mezaren ematera. Eta harrek ekhartzen zion behar zuen ura.

        Bada Pasioneko igande batez apez hura ohartu zen, Sainduaren etxolara zenean, uraren orde arnoa zuela bere untzian. Eginez bere baithan untzi bat hartu nahi, eta bertze bati lotu zela, itzuli zen gibelat ur keta.

        Eta bigarren aldian ikusi zuen aree gehiago miretsi zuena, orduan ere etzuela bere untzian arnorik baizen. Harritua eta etzakielarik zer asma, joan zen bigarren aldi hartan ithurrira, han bederen etzuela arnorik izanen. Bainan orduan ere Jainkoak egin zuen mirakuilu bera; eta apeza eta Jerlak biak eman ziren belhauniko Jainkoari eskerren emateko.

        Eta, bere bethiereko uraren orde, Sainduak hartu zuen egun hartan Jainko Jaunak ematen zion arnotik.

        Huna oraino nola Jesus Jauna heldu zitzaion san Jerlaki, bere biziko behar-ordurik handienean.

        Bazuelarik ordukotz urthe multzo on bat bizi zela erran dugun bizitzeaz, eritu zen. Lehenbizian etzitzaion iduritzen haren minak merezi zuela arthatua izatea ere. Ezen etziteken erran eritasunak bazuela lanjerik, eta bertzalde oraino franko gazte zen.

        Bainan nola bere penitentzia garratzek kendu baitziozkaten bere indar guziak, betbetan ohartu zen hainitz gaizki zela, eta hatsa bazohakola.

        Lotsatua beraz eta trixtatua, ez mundutik joaiteaz, bainan zeren agertu behar zuen Jainkoaren aintzinean Biatiko Saindua gabe, zion bere baithan: «Egia da baduela hogoi urthe Jainkoaren nahiaren arabera bizi beharrez nabilala; bainan hala ere, nola ager naiteke Juje justoaren aintzinean, ez balin badut nerekin nere Jesus maitea. Bizkitartean bizia badohakit eta, oi Jaun zerukoa, eztut nork ekhar Biatiko Saindua!».

        Ordean Jainko Jauna bera heldu zitzaion bere zerbitzari maiteari ezinbertze handi hartan. Erran tugun hitz hauk athera zireneko haren ahotik, agertu zitzaion begitarterik eztiena zuen apez bat, ziboara eta Ostia Saindua eskuetan, eta egin zuen komunionea.

        Etzuen bertze gutiziarik; bere baithan zuen Jesus maitea, eta harrekin batean joan zen zerurat, bere merezimendu handiez irabazia zuen zorionaz gozatzera.

 

 

Irakaspena

 

        Gure arimen etsaiak, jende gazte batzuen galarazteko, egiten duena da hekiei gogoaren ongi bethetzea gauza huntaz, Jainkoa ona dela, ona dela erran diteken baino gehiago, eta bethi barkhatzerat ekharria.

        Gero aldiz, bekhatu eginarazi balin badiote, eta hainitz eginarazi balin badiote, orduan egiten du egin-ahala, hekien lotsarazteko eta etsimendutan erorrarazteko.

        Erranen diote beraz, berantegi dela bide onerat itzultzeko, eta Jainkoaren maitatzen hasteko.

        Bainan zuk, irakurtzailea, eroria bazare, ikasazu saindu hunen eskolan altxa zaitezkela, eta lezearen zolaraino jautsia bazine ere, athera zaitezkela.

        Jesus Jaunak hedatzen darotzu eskua. Lot zakizko bihotz onez, eta denborarik galdu gabe, eta zu ere joanen zare zerurat.

 

aurrekoa hurrengoa