www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urtharrilaren 21ean

JONDONI MURTHUTS
ETA HAREN BI LAGUNAK

Martir hilak 259an

 

        Galien eta Baleriano Erromako enperadorek, hilarazten hari zituztelarik giristinoak eskualde guzietan, Espainia Tarragoneko hirirat ethorri zen, hango gebernadore bezala, Emilien zeritzan gizon bat.

        Denbora hetan Murthuts saindua zen hiri hartako apezpiku; eta hura zen Jesusen soldadu khartsu bat ongi handia egiten zuena bere predikuez eta bere bizitze sainduaz.

        Gobernadoreak, jakinki etzela deusik hari giristino zenbeit hilarazirik ere, hekien aintzindariak bizirik uzten balin bazituen, manatu zioten sei soldaduri zohatzila gabaz aintzindari hekien preso hartzera.

        Jondoni Murthuts ohean zen soldaduak hasi zirenean athei joka. Bainan, oinetako-herresta batzuekin, joan zitzaioten bera gizon hekiei, zer nahi zuten.

        Soldaduek ihardetsi zioten: «Guk nahi duguna da ethor zakizkiguten gobernadorearen gana, zu eta zure bi lagunak».

        Ongi da, erran zioten Sainduak, zuen eskuko nauzue, eta nere bi lagunak ere errexki atxemanen tutzue. Hargatik nahi baninduzue iguriki apur-apur bat, ezar netzazke abarkak eta zalhuago kurri nezake.

        Soldaduek ihardetsi zioten berriz ere: «Bai-bai, ezarraitzu abarkak zure gustura, joanen gare prest zaretenean».

        Jondoni Murthutsek erran zioten Agurio eta Ulosio bere bi diakrei hekien eguna ethorria zela, soldaduak han zituztela bilha. Lotu zituzten beraz hiruek beren oinetakoak; eta, soldaduen artean, joan ziren gobernadorearen etxera, edo hobeki presondegirat.

        Biharamunak argitu zuenean, hedatu zen laster berria apezpiku saindua eta haren bi diakreak preso altxatuak zirela. Giristinoak bildu ziren beraz gazteluko athetara; eta nola aintzina ere preso baitzaduzkaten giristinoak ere han berean egotu ziren, beren nigarrez eta hasperenez adiarazten zutelarik zein zuten maite beren apezpiku saindua.

        Bertzalde, atseginekin iraganarazten zioten Jesus Jaunaren soldaduei, haizeari eta denbora gaixtoei idekia zen presondegi hartan, bizitzeko behar zutena.

        Murthuts saindua batean othoitzean zagon eta galdua bezala Jainkozko gauzetan, eta aldiz bertze batzuetan, mintzo zitzaioten giristino hekiei eta presondegian ziren guziei. Eta haren solhasek aree hobeki sustatu zituzten giristinoak Jainkoaren amodioan, eta asko pagano ere konbertiarazi zuten.

        Horrela joan ziren lehen bortz egunak. Seigarren egunean gobernadoreak agerrarazi zituen bere aintzinera hirur martirak, eta galdetu zion Jondoni Murthutsi: «Badakik, bai-ala-ez, enperadoren manuen berri?

        »—Nik dakidana, eta dakidan bakharra da giristino naizela.

        »—Enperadore jaunek manatzen zioie jende guziei adora detzaten baitezpada gure jainkoak.

        »—Nik adoratzen dut zeru-lurrak, itsasoa eta munduan diren gauza guziak ez-deusetarik egin dituen Jainkoa.

        »—Bainan badakik badela bertze jainkorik ere?

        »—Nik ez.

        »—Jakinaraziko daiat».

        Ikusi zuenean etzuela gehiago mintzatzerik, Sainduak altxatu zituen begiak zerurat Jainkoari eskerren bihurtzeko eman zion kuraiaz, eta ordu berean othoiztu zuen etzadiela urrunt hekien ganik.

        Gobernadorea ere, dena sutan, erranak izatu zitzaizkon solhasen gatik, hari zen oihuka, ziolarik: «Jendea nori behatuko zaio, noren beldur izanen da, jendeak nor adoratuko du, ezpaditu ohoratzen gure jainko handiak, eta adoratzen enperadoren iduriak?».

        Orduan, Agurio diakreari buruz ematen zelarik, erran zion: «Bederen hik eztezakala konturik egin Murthutsen solhasei. —Nik ere eztut adoratzen bertzerik, baizen Jainko guziz botheretsua», ihardetsi zion saindu harrek.

        «Eta hik Ulosio, erran zion gobernadoreak bertze diakreari, zer egiten duk? adoratzen hik ere Murthuts? —Ez! eztut adoratzen Murthuts; bainan bai Murthuts nere apezpiku jaunak adoratzen duen Jainkoa».

        Hunen gainean gobernadoreak galdetu zion Murthuts sainduari: «Apezpiku haiz hi?». «Bai, apezpiku naiz», ihardetsi zion Sainduak. «Erraten bahu apezpiku hintzela hobeki lukek»; egin zion tiranoak.

        Eta, errabiarik handienean, manatu zuen errearaz zetzatela hiruak.

        Hiru sainduak errearaztera zaramanzkatelako berri horrek trixtarazi zituen hiriko jende guziak. Ezen, pagano eta giristino, denek maite zuten apezpiku saindua, ageri zirelakotz hura baithan Jondoni Paulok apezpikua baithan aurkhitu nahi dituen berthuteak.

        Bizkitartean giristinoek bazakiten merezimendu handiak irabazten dituela bere odola Jesus Jaunarentzat ixurtzeko zoriona duenak; bazakiten beraz hekien Apezpiku saindua guziz botheretsu izanen zela Jainkoaren aintzinean, eta gogoeta horrek eman zioten kuraie eta kontsolazione.

        Bidean hainitzek eskaini zioten martirei edatera, on zuketela tormenten aintzinean ez izitzeko. Bainan Jondoni Murthutsek igurikitzen zuen oraino indar gehiago Jainkoaren ganik ezen-ez jenden edari guzietarik. Eta nola barur eguna baitzuten, eta ezpaitziren oraino hamar orenak baizik, joan zen aintzina, erranez etzirela oraino baruraren hausteko orenera helduak.

        Iduri sobra zitzaiotela gelditzea edateko denbora bera ere, bazohazin lehia saindu batekin zerurako bidean, zeruan emana izanen zitzaiotela, ez bakharrik baruraren haustea, bainan igeri egotea Jainko Jaunak profetei eta martirei preparatuak dauzkan atsegin eta zorion ezin erranezkoen erdian.

        Egur metaren aldera heldu zirenean, burrego bat hurbildu zitzaion san Murthutsi, eta erran zion, nigarra begian, othoi barkha zezola, bainan behar ziozkala kendu oinetakoak egur metaren gainerat igan baino lehen.

        Eta Sainduak ihardetsi zion: «Haurra, utz nazazu, neronek errexki eta atseginekin eginen dudan lana da hori; halakoak direlakotz Jainkoak egin darozkigun agintzak, eta zeruan guretzat dauzkan sariak, harrentzat gure biziaren emateko zoriona balin badugu». Hainbertzenarekin soldadu giristino bat ethorri zitzaion alde-aldera, eta, hartzen ziolarik esku eskuina bere bi eskuen artean, othoiztu zuen orhoit zadiela hartaz zerurat heldu zitekenean.

        Hitz horiek entzutean, gogora ethorri zitzaizkon giristinoek bazter guzietan zituzten guduka ikharagarriak. Ihardetsi zuen beraz han ziren guziek entzuteko gisan: «Lurraren gainean hedatua den Eliza guziaz behar naiz orhoitu, eta guzientzat behar dut othoitz egin».

        Bertze norbeitek ere eman zion oraino aditzera behar ziotela agur edo adio bat egin han ziren giristinoei; eta itzulirik gibelat buruz erran zioten:

        «Nere haurride eta haur maiteak, ikusten duzuen bezala, ni banoha, hala ere etzarete artzainik gabe izanen, maitegi zaituzte Jainkoak horrela zuen uzteko. Eta bertzalde gurekin izanen dela orai eta geroan ere bai, berak erran daroku. Bai, izanen duzuen nere ordaina, zaudezte beraz hazkar zuen Erlisione sainduan.

        »Hemen piztera daramaten su hunek lazten eta harritzen zaituzte menturaz, bainan guziaren buruan zer da? ongi ezkaren batean, oren bat irauten duen oinhazearen pare».

        Horrela hazi eta hazkarrarazi ondoan Jainkoaren amodioa giristino guzien bihotzetan, Jondoni Murthuts igan zen sakrifiziok aldarearen gainerat bere bi lagunekin.

        Jainko Jaunak etzetzazken utz saristatu gabe hura baithan halako sinestea zutenak. Eta hortakotz emana izatu zitzaioten lehenago Babiloniako suaren erdian ibili ziren hiru haurrek izatu zuten fagorea. Erran nahi baita, luzez ibili zirela suaren erdian batere erre gabe, eta Jainkoari eskerrak ematen ziozkatelarik.

        Hargatik azkenerat suak erre ziozkaten eskuetan zituzten lokharriak, eta orduan jarri ziren hiruak belhauniko begiak eta eskuak zerurat altxaturik, eta erran zioten Jesus Jaunari aski ongi ezagutaraziak zituela bere ontasuna eta botherea, uzten ahal zituela beraz hiltzera su harren erdian.

        Jesus Jaunak entzun zituen hekien othoitzak. Ezen handik berehala hiru arima eder hek athera ziren beren gorputzetarik, joaiteko zeruko loriaz gozatzera.

        Jainkoak egin zuen orduan asko mirakuilu bere zerbitzari hekien saindutasunaren hobeki ezagutarazteko. Azken hatsa eman zutenean, gobernadorearen etxeko bi esklabu giristinok eta gobernadorearen alabak, hiruek ikusi zituzten Jondoni Murthutsen eta haren bi diakren arimak joaiten zerurat distiradurarik handienean. Gobernadoreari ere hasi zitzaizkon oihuka, athera zadiela arima eder hekien ikustera, nahi zutelakotz ezagut zezan nolazpeit gaizki zela hobenik batere etzuten jende batzuen hilaraztea.

        Bainan gobernadorearen begia etzen aski garbi saindu hekien loriaren ikusteko. Harrek etzuen deusik ikusi.

        Tarragoneko giristinoek bazakiten arras ongi martir sainduak zeruan zirela, eta hargatik trixte ziren; ez baitezpada galdu zituztelakotz, bainan zeren etzitzaioten emana hekiei ere Jesus Jaunarentzat beren odolaren ixurtzea.

        Bada ilhundu zenean, oraino ere gorputz saindu hek han zirelakotz suaren erdian erretzen hari, giristinoak joan ziren, untzi batzuetan arnoa harturik; eta bakhotxak bildu zuen arno hartara atseginekin hezur edo haragi puska zerbeit.

        Ordean ondoko gabean Jondoni Murthuts agertu zitzaioten erlaki saindu hetarik beren etxean bazuten guziei. Saindua distiradura eder baten erdian zen eta begitarte on-on batekin.

        Harren ikusteak eman zioten guziei kontsolazione handia. Bainan gero, zorion saindu batean ezarri ziozkatenean bihotzak, adiarazi zioten etzela ongi parti zetzaten beren artean heien erlakiak. Aitzitik behar zituztela ezarri guziak elkharrekin toki berean.

        Elizetan eta komentuetan begiratuak eta ohoratuak izatu dire beraz dohakoten ikustatearekin; eta giristinoek othoitz egin dutenean heien aintzinean ezagutu dute hainitzetan Jondoni Murthutsek eta haren lagunek bothere handia dutela Jainkoaren aldean.

 

 

Irakaspena

 

        Jondoni Murthutsek eta haren lagunek erraten darokute goraki beren etsenpluaz zer behar dugun egin munduak nahiko gaituenean zeiharrarazi zeruko bidetik.

        Saindu hauk ekharriak ziren jasaiterat atseginekin su ikharagarri baten erdian izan zezaketen pairamen guzia. Eta hori, guk dugun Erlisione beraren begiratzea gatik.

        Bere fedearen irakaspenen arabera hari denak ikus dezake beraz, gosta behar bazaio ere bethi eta bide guzietan giristino gisa bizitzeko, hainitzak direla oraino hark baino gehiago egin dutenak.

        Bainan ondikotz zenbat giristinok eztituzte ahanzten Jainko Jaunari behin baino gehiagotan egin diozkaten agintza sainduak. Eta gero, bazterrerat utziak othoitzak, komunioneak, eta batzuetan meza bera ere, bizi dire lazakerian, eta zeruaren merezitzeko deusik egin gabe.

        Bertze batzuk, gerthatzen badire Erlisioneaz, sakramenduez eta Eliza-gizonez irri egiten eta trufatzen diren jenden aintzinean, egiten dute hek bezala irri eta trufa; aditzen balin badute hala eztiren gauzak erraten Erlisionearen gainean, orduan ere egonen dire menturaz burua apalduak ahalkez, ixil-ixila eta ahorik ideki ere gabe.

        Horra nola asko giristino hobendun bilhakatzen diren.

        Ian, guk ere eztukegun hunelako zenbeit bekhatu gure kontzientzian? Ian, etxean bezein giristino othe garen kanpoan? Eta har dezagun xedea egiaren eta Jainkoaren alde garela erakusterat emateko gure bide guzietan, orhoituz Jesus Jaunaren hitz hautaz: Bere nausitzat ezagutzen nauena jenden aintzinean, nik ere, ezagutuko dut nere haurridetzat nere Aitaren aintzinean.

 

aurrekoa hurrengoa