www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urtharrilaren 21an

SANTA AINES EDO ANETA,
BIRJINA ETA MARTIRA

Hila laugarren mendearen hastean

 

        Santa Ainesen etxea ezagutua eta aipatua zen Erromako hiri guzian. Halakoak zirelakotz Andre gazte hunen burasoak eta buraso hekien onthasunak.

        Bertzalde Ainesek ere bazuen bere baithan munduak maite eta bilhatzen duen guzia. Aines guziz begikoa zen.

        Bainan, nola oraino giristino baitzen, eta, gehiago dena, Jesus Jaunari emana edo kontsekratua adimendutarat heldu zeneko, bera etzen kontu hari, edo bertze hitzez, berak etzuen axolarik ez izenaz, ez onthasunez, ez munduak haren baithan ederresten zuen gorputzeko eta begitarteko eginduraz.

        Hamalau urthetarat zohalarik Erromako asko Aitoren-semek egiten zuten jadanik beren baithan, agian emana izanen zitzaiotela haur harren izatea beren laguntzat.

        Bertzeak-bertze izena Prokope zuen gizon gazte batek ere, orduko gobernadorearen semeak, ikusi zuen behin eskolatik etxerat zohala, eta ordu berean gogoak eman zion hura zela harrek behar zuen lagun-gaia. Handik goiti, etzuen bertze ametsik baizik-ere Aines behar zuela andretzat.

        Bildu nahiz beraz haur gazte hura, hari onetsarazi beharrez bere nahia, haritu zen lehenbizian adiskide batzuen ariaz; gero aldiz, ikusi zuenean bitartekoek etziotela berri onik ematen, abiatu zen bera. Eta, emana izatu zitzaionean harrekin buruz-buru egitea, mintzatu zitzaion, eztia zarioten solhas samur batzu erraten ziozkalarik.

        Ordean Aines etzen trikatu edo baratu ere; Ainesek etzuen begirik altxatu ere; bainan, aintzina zohalarik bere bidean lehia saindu batekin, ihardetsi zion:

        «Urrunt hadi nere ganik, ifernuko ileti dohakabea. Nere bihotzak badik hitaz bertzelako nagusirik; nere bihotza emana zioiat, ez printze bati, bainan bai, Errege bati, eta etzioiat hitza janen».

        Egunaren erditan, eta hedoiik gabeko zerutik, aldera eror lakikegun ozpinak edo ihurtzuriak ezkinetzazke hala nahas eta izitaraz, nola solhas horiek egin baitzuten gizon gazte hura.

        Zoratua beraz, eta jakin gabe non zabilan, ez zer hari zen, joan zen etxerat. Etxean hala-hala egotu zen, janik ez edanik gabe, lo pixkarik ere egin gabe, eta gero eritu.

        Mirikuek adiarazi zioten Prokopen burasoei, heien semeak bihotzean zuela bere gaitzaren erroa, eta, ardiesten ahal bazioten hark nahi zuenarekin ezkontzea, sendoa zela.

        Gobernadoreak ekharrarazi zuen beraz bere aintzinera Aines gaztea, eta erran zion:

        «Nor zare, zu? nere semearen bazterrerat uzteko? Zu, zer zare? horrela iduriarazteko Erromako gobernadorearen semea bera eztela aski zuretzat?».

        Ainesek ihardetsi zion: «Gobernadore Jauna, alfer duzu mintzatzea. Nere begiek eztiote eginen begiratzerik ez zure semeari, ez bertze nihori; ezen nere bihotzak eztio eskerrik, ez lur huntako onthasun iragankorrei, ez handikeria ustelei. Behin ezagutu eta maitatu dudan Jaunarentzat izanen da bethi nere bihotza».

        Gobernadorea ere harritu zen, eta etzakeien zer erran haur hari, norbeitek adiarazi zionean Aines giristino zela.

        Berri hori eman zionak atsegin egin zion, eta handizki halere. Ezen denbora hetan aski zen gobernadore edo juie izatea, nahi zen guziaren egiteko giristinoez. Dena boztua beraz, eta begietarik sua pindarra zariola, erran zion berriz ere Aines sainduari:

        «Aines, huna nere azken hitzak: ezkonduko haiz nere semearekin, edo behar dun arbuiatu giristinotasuna. Eta erraten badarotan, eztunala eginen, hik, bat ez bertzea, jakin zan gerthatuko zaonala eder eztena. Igortzen haut etxe tzar baterat biluz gorria. Orai, hor ikus».

        Santa Ainesek ihardetsi zion:

        «Ageri da zure semeari eta zuri, biei gaitzitu zaitzuela nere solhas hau, jadanik emana niola nere bihotza zuek ez-bezalako jaun bati. Bai, Jesus Jaunarena naiz, eta bakharrik harena.

        »Zuk baitiozu beharko dudala ikusi eder eztena; bai, egia da nere bizia zure eskuetan dela, bainan ezartzen baninduzu ere, tigreak berak baino areagoko gizonen aztaparretan, baduket zuk uste eztuzun zaintzailerik, eta orhoit zaite nere erranaz, nihork ez nau ukituko; ez nihork-ere».

        Gobernadoreak, kasurik egin gabe birjina saindu harren hitzei, manatu zioten burregoei, ken zetzotela arropa guziak, eta ereman zezatela karrikaz-karrika tzarkerietako etxe baterat. Etzuen amesten nolako bihotzminak behar zituen bere lan harren gatik.

        Burregoek kendu ziozkaten beraz arropak, bainan ordu berean buruko ilea hala handitu eta emendatu zitzaion, non estaltzen eta gordetzen baitzion ederki gorputz guzia.

        Gero, heldu zenean ezarri nahi zuten etxe hartarat, Aines sainduak ikusi zuen eman zioten gela edo ganbara hartua zela zerutikako argi batek, eta bertzalde, aingeru eder bat bazagola han, ganbara harren erdian, suzko ezpata bat eskuetan, eta oraino, soin bat elhurra bezein xuria.

        Ainesek jauntzi zuen atseginekin soin hura, eta eskerren ematera zohan Jesus Jaunari, gizon gazte galdu batzu agertu zirenean ganbarako athearen gainean. Bainan etzen nihor menturatu barnago sartzera, gela hartako argiak izitzen zituelakotz.

        Bertzen ondotik agertu zen Prokope bera. Itsutua osoki lohikeriaren lanhoek, hark etzuen konturik eman, ez gela guzia hartzen zuen argiari, ez Ainesek zuen soin xuriari; eta haur gazte hari buruz zohan, kopeta beltzik, aingeruak jo zuenean, eta han berean arthiki hil-gogorra.

        Kanpoan egotu zirenak, etzirelakotz beldurrik gabe, hurbildu ziren berriz ere ganbarako athera. Eta etzen ttikia izatu hekien izialdura, ikusi zutenean gobernadorearen semea eroria zabal-zabala, eta jadanik osoki hila?

        Bainan nihola ere adiaraz eztezakeguna hau da, nolakoa izatu zen gobernadorearen bihotz-mina, jakin zuenean bere semea hila zuela.

        Zoratua bere seme harren galtzeaz, joan zitzaion ordu berean Aines sainduari. Eta bere lehen su mindu hartan erran zion ahora ethorri guzia.

        Ainesek aldiz ihardetsi zion ezti-eztia: «Prokope hila bazen ere, etzuela harrek hobenik; Jainkoaren aingeruak jo zuela, menturatu zelakotz, bertzeak ez-bezala, ganbara hartan sartzerat; bazakiela berak zertako».

        Ematua edo fazegatua solhas horiez, Gobernadoreak erran zion: «Hori hola balin bada, Aines, zuri nago, othoi urrikal zakizkit. Egiozu othoitz zure Jainko Jaunari, pitz dakidan nere seme maitea».

        Santa Ainesek ihardetsi zion: «Ez lohautzuke holako graziaren izatea, egin behar zarotedatenaz geroz, zure baiarekin eta zure manuz, gaizki bat hain handia. Halarik ere othoitz eginen dut eta ikusiko dugu».

        Hitz horiek erran ziozkanean, eman zen belhauniko, egin zuen othoitz labur bat, eta han baitzen jende keta handia Prokoperi begira zagona harritua, gizon gazte hura piztu zen jende hekien guzien aintzinean. Eta erraten zuen goraki etzela Ainesen Jainkoaz kanpo bertze Jainkorik; giristinoek adoratzen zuten Jainkoa zela egiazko Jainkoa.

        Bainan gobernadoreak, ikusi duenean bere semea piztua, eta entzun dituenean solhas horiek bere semearen ahotik, ez othe du harrek ere ezagutuko eta aitortuko sinesten duela gure Jainkoak dituela merezi gizonaren ohoreak eta adorazioneak?

        Ez! Prokopen aita itsumendu handiegian zen. Igorri orde beraz etxerat Aines saindua, ezarri zuen bere ordain Aspazio zeritzan edo deitzen zuten gizon bat, eta bera zen joan etxerat bere semearekin.

        Aspaziok, ikusi zuelakotz alfer zela mintzatzea ere gehiago, pitzarazi zuen su handi bat, eta hartarat arthikarazi birjina gazte hura.

        Bainan haren bihotza garbiegi zen lur huntako atseginen amodiotik, suak hari minik egiteko.

        Egur guziak erretzen hari zirelarik beraz, eta jendea hari begira zagolarik xoratua, Aines hasi zen Jainkoaren laudorioen kantatzen eta hari eskerren ematen, ziolarik:

        «Jainko guziz botheretsua, onets zazu eman dezaitzudan nere adorazioneak eta ohoreak, zeren, zure Seme Jaunari esker, garhaitu ditudan etsaiaren tentazioneak, ezartzen nuelarik zangoen azpian lurreko atseginen amodioa.

        »Zuri eta zure Seme Jaunari esker oraino, izar-ihintz gozo bat jautsi da nere gainera. Hortakotz suak eztu izatu indarrik ni erre nahi nindutenentzat baizik. Eta orai hiltzera doha niri minik ttikiena ere egin gabe.

        »Oi, Jainko bazter guziek ezagutu behar zintuzketena, izan zaite ere laudatua eta benedikatua zeren eman darotazun aski bihotz, zuri buruz ethortzeko, suak batere lotsatu gabe.

        »Orai ikusten dut nere begiz fedeak erakusten zarotan egoitza dohatsua, eta berehala han izanen naiz. Ethortzen nazaitzu beraz; nere bihotzak eztu onik, non ezten zurekin zure zeruko lorian.

        »Jaun ona, ordu da, urrikal zakizkit, har nazazu zure ganat».

        Solhas horiek entzutean jendea hasi zitzaion oihuka Aspaziori, zer gaizki egin zuen haur gazte harrek hilarazteko eta bizirik erre nahi izateko.

        Orduan gobernadorearen kapitaina beldurtu zen eskuetarik kenduko ere baziotela, eta hortakotz kondenatu zuen ezpataz hiltzera.

        Ainesek ikusi zuen beraz azkenean haren mundu huntako egunak akhabatzera zohatzila, eta bozkarioak bihotzetik gaindi egin zion. Bazakien alabainan notharik gabe den Bildotxaren eternitateko ezteietarat zohala; eta aldiz harren inguruan zirenetarik hainitzek eta hainitzek bihotza hautsia eta erdiratua zuten; nigarrez ere zagozin, ikusiz andre gazte harrek zein axola guti zuen lurreko gauza guziez, eta nolako su saindua bere Jesus Jaunarentzat.

        Heldu zirenean hil behar zuen tokira, Aines sainduak egin ziozkan Jainkoari bere azken othoitzak; eta gero, jarri zen burregoaren eskuko. Belhaunikatua eta burua apaldua, ezpata kolpearen beha zagon, ohartu zenean burregoa bera ikhara daldaretan zuela, eta ezin mentura zitekela besoaren altxatzera; erran zion beraz:

        «Zeren beha zaude? zergatik ez nauzu joiten? Zuk, egizu zure lana; ken diezadazu bizia, utz dezadan gizonek ikus eta maita dezaketen gorputz hau, eta nere arima joan dadin bere espos guziz maitearen ganat».

        Orduan berriz ere apaldu zuen burua, eta, ezpata kolpea izatearekin batean, haren arima saindua joan zen zerurat bere birjinitatearen eta martirioaren gatik hartzen zuen bethiereko zorionaz gozatzera.

 

 

Irakaspena

 

        Andre gazte batek, hamahiru urte baizik eztuelarik, ezartzen du zangoen azpian munduan maite eta bilhatzen den guzia.

        Andre gazte bat badoha, bihotza alegerarik eta irria ezpainetan, tiranoen eta burregoen bidera; eta egiten du, josteta hari delarik, munduan izan zetzazken abantail guzien sakrifizioa, bai-eta biziaren beraren sakrifizioa ere.

        Zergatik?

        Bere birjinitate sainduaren begiratzea gatik.

        Horra fede egiazkoak zer indarrak ematen dituen. Horra zer egiten den egiazko erlisionearekin, eta nahi denean baliatu Jainkoaren graziez.

        Guk ere, badakigu behar garela zeruko loria hartarat heldu, badakigu Jesus Jaunak ixuri duela bere odol guzia guri zeruko loria harren merezitzeko. Eta dugun fede horrekin, eta Jainkoak ematen darozkigun grazia guziekin, zer egiten dugu gure jaidura gaixtoei jazartzeko, eta gure aztura edo kostuma txarren hausteko?

        Gauza gutti! Deusik ez!!!

        Guk, nahiago dugu abantail eta atsegin ezdeus batzuz gozatu orai berean, ezen-ez, bethiereko mendetan, Jesus Jaunak merezitu darozkigun ezin erranezko atseginez eta zorionaz.

        Zer zoramendua!

        Ez, eztugu aski fede! Jaun ona, emenda diezaguzu fedea!

 

aurrekoa hurrengoa