www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urtharrilaren 4ean

ANSELA FOLIGNOKOA,
DOHATSUA; ALHARGUNA

Hila 1588an

 

        Dohatsuaren izena baizik garreiatzen eztuen saindu hunen bizitzeak baditu irakaspenik baliosenak gaztetasuna lazokiegi iragan dutenentzat, emazte alhargunentzat, eta oraino saindutasun gora baterat heldu nahi diren guzientzat.

        Sortzez Italiakoa zen, eta Foligno erraten dioten hiri batekoa. Hunen gaztetasunaz eztugu zeren mintza. Ezen adin hartan airean zuen oraino izpiritua; etzuen maite Jainkoa; eta alfer da Jainkoaren amodiotik kanpo ematen diren egunez mintzatzea.

        Gaztetasunean ibili zen zoratua atsegin eta aisia guzien ondotik. Eta gero ezkondu zen, begiratu ere gabe zer eginbideren azpian ematen den ezkontzen dena.

        Hargatik ezkondu-eta zenbeit urtheren buruan, bazuelarik ordukotz haur multxu bat, hasi zen gogoeta hobe batzuen egiten. Egotu ere zitzaion begira pixka bat ordu arterainoko bizitze txar-galduari. Eta ikusirik zenbat bekhatuz hobendun zen, eta nolakoak zitezken haren kontuak, nigarra jauzi zitzaion.

        Joan zen beraz kobesatzera; kobesatu zen behin, bietan eta askotan ere bai; kobesatu eta komuniatu zuen; eta hargatik erraten daroku berak, hari ere gerthatu zitzaiola, bertze hainbertzei gerthatzen ohi zaiotena, lehen aldi hetan guzietan, ahalkeak gaina hartu, eta etzuela bihotzik aski izatu bere buruaren ezagutarazteko zena zenarentzat.

        Ordean, nola bere barneko harrak ezpaitzion bakerik ematen, eta nola gero eta saminago baitzohazkon haren asikiak, egin zion Jainko Jaunari othoitz hainitz, aurkhiaraz zezola kobesor bat argitua eta bere bihotzaren araberakoa, eta berari ere eman zezola bere bekhatuen aitortzeko behar zuen kuraia. Eta hala kobesatu ahal izatu zen behar zen xehetasun guziarekin, dena ahalkatua Jainko maiteari eman ziozkan atsekabez, eta ordu berean, izitua ikusiz zer zorrak zituen Jainkoaren justiziaren alderat.

        Hortakotz egiten zituen artharik handienarekin kobesorak eman penitentziak eta bertzerik ere bai, kobesorak onesten ziozkanean.

        Lehenbiziko grazia horiez ongi baliatu zelakotz, Jainkoak eman zion bertze bat handiagoa: adiarazi zion zein zen ona izatu harren igurikitzeaz, eta hari eskua emateaz bere bekhatuek ezarri zuten lezearen zolatik atheratzeko, joiten eta arthikitzen zituelarik bertze hainitz arima ifernuko su lametarat, zenbeit bekhatu bakhar egin orduko.

        Eta Ansela, egundaino baino ukhituagoa eta urrikituagoa, eman zen berriz ere bere bekhatuen deithoratzen, eta hetaz nigar eta nigar egiten. Bere ezin-bertzean, eta urrikiaren handiz, galdetzen zioten barkhamendu zeruari, lurrari, aingeruei eta bekhatu egiten ikusi zuten gauza guziei. Eta othoizten zituen etzitezela harren kontra athera eta altxa Jainkoaren tribunalean.

        Hainbertze urrikizko nigar eta auhenen gatik, Jainko Jaunak aditzerat eman zion bazuela bere bekhatu guzien barkhamendua. Eta nola ordutik hasia baitzen, ezagutu nahiz zer gosta zitzaion Gure Salbatzaile Jaunari gure salbamendua, Jesus onak eman ziozkan amodiozko mixterio horren gainean ere hain argi handiak, non ikusi baitzuen, ezin hobeki, Jaun maite harrek zer pairatu zuen bertze bekhatorosen gatik, eta berak ere zer pairarazi zion. Eta jakitate horrek eman zion halako urrikia bere bekhatuez, non haren bihotzak iduri baitzuen alderen-alde iragana zela ezpata batek.

        Hargatik bazen Anselaren bihotzean bertze sentimendu bat batere ttikiagoa etzena. Anselaren bihotza bethe-bethea zen ezagutzaz eta ikustatez Jainko Jaunaren alderat, zeren ematen zion penitentzia egiteko denbora. Eta hortakotz, barkhaturik berak ere bihotzaren zola-zolatik zerbeit nahigabe edo hoben egin zioten guziei, jarri zen osoki Jesus maitearen eskuko.

        Erratean osoki Jesus Jaunaren eskuko jarri zela, menturaz aintzinegi gohazi. Ezen etzezazken hain errexki trenka estekatua zaukaten lokharri guziak, orduan oraino bizi zituelakotz ama, senharra eta haurrak. Hargatik, handik goiti, bere jende hek berak ere etzituen maite behar zen baino gehiago.

        Haren amets bakharra zen Jesus Jaunari atsegin egitea. Eta, Jesus Jaunari atsegin egitea gatik, uzten zituen zokhoan ailamendu eder eta baliosak; besta eguna izanik ere, soineko histu eta higatu batzuekin zabilan; janean-ere hautatzen zuen gutienik zohakona; eta gero, hartuz Jainkoaren eskutik eta penitentziazko izpirituz egun buru batetik bertzera gerthatzen diren atsegabeak eta lanak, egiten zituen zerukotzat irabazirik handienak.

        Bizkitartean ezin gaudezke erran gabe orai aipatzen ditugun penitentzia eta sakrifizio horiek egin zituela luzez, geroan, halatsuko sakrifizioak egitean, Jainko onak eman behar ziozkan barneko kontsolazionetarik batere gabe.

        Hortaz orhoitzeko lukete, zenbeit aldiz, Jainkoa ganat berriki itzuli arima batzuk. Beren lehenbiziko su hartan egiten dute asko sakrifizio; badohazi ere aintzina, zenbeit egunez; bainan gero, Jainko Jaunak eztiotelakotz berehala erakutsi bere begitarte adoragarria, eskasten zaiote bihotza. Unhatuak direla beraz urrunago joaiteko, ematen dire begira zenbat bide egin duten, eta berek eztakitelarik nola, han diren beren ustez behin bethikotz utzia zuten bide zabalaren erdi-erdian.

        Eztezagun holakorik egin. Bainan Jainko maiteak kontsolazionerik gabe utzi nahi bagaitu ere, gohazen gu aintzina lotsatu gabe.

        Gogoeta on eta xede maite horietan zen Ansela saindua, hil zitzaizkonean, batzu bertzen ondotik, eta arte laburrik barnean, ama, senharra eta haurrak. Erran gabe doha, pikoa pikoaren gainera bezala izatu zituen ukhaldi horiek lazki kolpatu ziotela bihotza. Bainan ikusi zuen laster Jainko Jaunak berak hautsi ziozkala zeruko bidean kurritzetik gibela zezaketen traba guziak. Adoratu zuen beraz haren manu saindua, eta egin zuen garbitasunaren botua, ematen zelarik ordu berean Jesus maitearen eskuetan, ekharria harrek nahi zuen guziaren egitera.

        Jesusek adiarazi zion, nahi zuela harren iduriko jar zadiela, haren Pasioneari ongi kontu eginez, eta haren Pasioneko urratsei jarraikiz, egin ziteken bezenbatean. Eta izan ahal zezan zeren gainean gogoeta egon, gure Salbatzaile Jaunak ezagutarazi ziozkan nolakoak izatu ziren haren pairamenak Pasioneko denboran.

        Azken grazia hunek argi-argia ezarri zion Pasioneko mixterioa. Ikusi zuen orduan zer oinhaze eta laido handiak jasan zituen Nagusi maite harrek. Eta, hari begira, etzitzaio gehiago nigarra gelditzen ahal. Gabaz eta egunaz nigarrez zagon, begitartea noizik-behinka ur hotzez bustiz, ezin jasan zezakenean gehiago nigar hekien erredura samina.

        Orduz geroz, ongi nahi izatu ziteken urrundu behin bethikotz ezagutzen zuten guzien ikusmenetik. Bainan nola gaztegi baitzen oraino bidez-bide ibiltzako, sartu zen san Frantsesen heren-ordrean, eginik ongi bere buruarekin, jasanen zuela behar zen guzia, gosea, egarria, hotza eta beroa, eta behar bazen heriotzea ere bai, baina biziko eta hilen zela Jesus Jauna bezala, pobrezian eta apaltasunan.

        Eta nola sakrifiziozko bide hortan behin hastea baita guzia, erromes bizitzea eta aipatu ditugun penitentzien egitea deusik etzitzaizkon Anselari. Eta maiz zaasan bere gogoarekin: «Nik, zer ez nezake eman eta egin izatea gatik nere odolaren Jesus Jaunarentzat ixurtzeko zoriona!!!

        »Bainan ez, zion gero berriz, ni hain bekhatoros handiari, eztohakit martir hiltzeko ohorerik! Halaere, banitu bederen martiren tormentak eta oinhazeak! Oh! zer zoriona! bai, zer zoriona! lurreko oinhaze eta atsegabe guziak erortzen ahal balaizkit gainerat!».

        Bertze aldi batzuetan erraten zuen, jakin izatu balu ere, etzela harrentzat zerurik, eta kondenatua zela ifernurat, etzela hortakotz penitentzia egitetik geldituko.

        Penitentzia egite horren gatik, eta bere bethiereko othoitzei eta nigarrei deus trabarik ez ezartzeko, gogo onez utzi zituzken jana, loa eta gainerako gorphutzaren artha guziak. Ordean bazakien, eztela nola-nahika haritzen ahal penitentzia egiten. Hortakotz uzten zituen bazterrerat osasuna galarazten ahal zioten penitentzia guziak, eta zuhurki zohan. Nahiz gero eta gehiago emendatuz joan zitzaion Jesusen amodioa.

        Jesusen amodio hori gero eta handiago zohakola, huntarik ageri da: Azkenekotz ethorri zen pontua aski baitzuen gurutze baten aurkhitzea bere bidean, edo Jesusen pairamenen ezagutarazteko egina ziteken tablero zenbeiten ikustea, burutik joana den baten pare bilhakatzeko. Orduan etzagoken Jesus Jaunari erakutsi gabe maite zuela eta urrikaltzen zitzaiola. Eta hori, nor-nahi izan zadiela han gaindi. Hilen ere zuten bere bihotzeko su saindua erakustetik gibelatuko zuten baino lehen.

        Jainkoak ematen ziozkan hainbertze grazia eta hain grazia handiak Ansela dohatsuari, nahi zuelakotz oraino ere hobeki hazkarrarazi eta finkarazi berthutean. Ezen gure arimen etsaia ethorri beharra zuen, lehenago Job sainduaren gainean izatu zuen eskubide guziarekin, eta Job sainduari bezein ongi, behar zion zer-nahi pairarazi bere gorphutzean eta bere ariman.

        Hemen hobe dugu bera nola mintzo den entzutea. Dio beraz:

        «Jainkoaren ganik ditudan argi eta jakitate handiek eztezadaten uste izanaraz naizen baino gehiago banaizela, jaidurarik ahalkegarrienek airean dadukate nere bihotza. Etabertzalde, eztakit zenbat ifernuko izpiritu gaixtoek baduten ni baithan nahi duten bothere guzia.

        »Horra nola jendearen gainerat erortzen ahal diren gaitz guziek hartu nauten beren azpian; eritasunak jaten eta iharrarazten hari nau; ohean nago beraz, etzina eta oheari josia; bainan ohean izana gatik, ezta loik jausten nere begietarat; minez nago gabaz eta egunaz, eta bertzalde baditut hiltzera dohanaren tormentak, higitzen edo lekuz aldarazten nautenean.

        »Eta oraino, ezpanu pairamenik nere gorphutz ez-deus huntan baizik. Ordean horiek ez-bezalakoak dire, eta egiaz, ezin adiarazizkoak nere ariman ikusten ditudanak.

        »Nere ariman, jazarri behar natzaiote tentazionerik borthitzenei. Han ditut, egundaino bezein bizi eta hazkar, aspaldion bakean uzten ninduten jaidura gaixto guziak. Eta behin bethikotz garhaituak nituela uste nuen jaidura hekiekin batean, piztu eta agertu zaizkit, orai arte ezagutzen ere ez nituenetarik nork-daki zenbat».

        Azkenekotz emakume Jainkotiar hura haizerik nahasienak joa den zuhain edo arbolaren pare zen, edo oraino lanho pean bidea galdu duen jendearen pare. Etzakien norat joan, ez norat begira. Aintzinetik hain maite berthutea, eta orduan etzitzaion iduritzen, ez-eta, ezagutu ere zuela egundaino zer ziteken.

        Denbora berean, harritua zagon nola menturatu ziteken gogoak ematen ziozkan bekhatu batzuen egitera. Eta etzuen bekhatu hetarik, bakhar bat-ere egin, ez-eta egin behar zuelakorik ere gogoan iragan.

        «Gaizkirat ekharria izatea, gaizki harren egiteko heinean edo pontuan izatea, hori nahigabe handia zen Anselarentzat. Bainan bertze tentazione guziek elkharrekin etzuten lotsarazten garbitasun sainduaren kontrako tentazionek bezenbat. Horra zergatik entzuten ziozkaten zenbeit aldiz solhas hauk: Halako tentazione tzarretarik berriz iragan baino lehen, nahiago nituzke jasan, munduaren akhabantzaraino, eritasun mota guziak eta martiren tormenta guziak».

        Horrelako guduka gaitzen erdian egotu ondoan bi urthez, izatu zuen bakea, eta, bakearekin batean, Jainkoak eman ziozkan graziarik baliosenak. Ezen Ansela dohatsu berak erraten darokun bezala, tentazione handi horien lehenbiziko ondorioa da arima garbien garbitzea hobeki, eta aldiz bigarrena arima hekiei gero eta hobeki, ezagutaraztea beren ez-deustasuna, eta hala, arima hekien preparatzea Jainko Jaunak egin nahi diozkaten grazia berrien hartzera.

        Erran ditudan tentazione handien ondotik Jainkoak eman ziozkan grazia bereziak. Eta, grazia hekiei esker, iskribatu ditu gauzarik ederrenak Trinitate sainduaren gainean, Sakramendu sainduaren, Jesusen Pasionearen eta Birjina sainduaren gainean.

        Gero, Jesus Jaunaren bihotzaren berri hain ongi zakiena etzagokelakotz bere lagunei ere ahal zioten ongia egin gabe, bazabilan bertze lagun saindu batzuekin eri-etxetan, edo ospitaletan, eta ematen zioten eriei athez-athe ibiliz bildu zuena; eri hekiei oraino mintzo zitzaioten Jesus Jaunaren pairamenez, eta erraten zioten, behar zutela hek ere maitatu hainbertze maite gaituen Jainkoa.

        Eri hetarat joaitean erraten zioten zenbeit aldiz bere lagunei: «Gohazen erietarat: nork daki, ian ez othe dugun Jesus maitea hekien artean kausituko». Eta ezpazuen ere Jesus Jauna ikusten, bederen eri arthatze horrek ematen ziozkan kontsolazionerik gozoenak.

        Behin, ezkabeak edo leprak hartua zen bati, garbitu ondoan bere esku okhazta edo nakhaizgarriak, edan zuen esku hekien garbikina, hortzen artean astiroki xehatuz, min tzar hetarik erori zen zakhar puska zikhin bat. Eta erran zuen etzuela egundaino edari gozoagorik jastatu.

        Errexki sinetsiko dugu jendearen nahiez edo ez-nahiez hain axola guti zadukanak, behar zuela hainitz grazia Jainkoaren ganik, eta sutan eta garretan zitekela haren bihotza. Bai sutan zen Anselaren bihotza. Eta erraten zioten bere lagunei, hek ere nahi bazuten saindu bilhakatu, behar ziozkatela eginarazi beren gorphutzari ere egintza edo obra sainduak. Huna bi hitzez haren irakaspena:

        «Othoitz egin nahi denean, ezta aski izpirituari othoitz eginaraztea, behar da othoitz egin oraino ahoz eta mihiz; othoitzean garelarik, xutik balin bagare, behar dugu belhaunaz lurra ukhitu zenbeit aldiz, eta burua ere apaldu». Ezartzen ahal litezke oraino, xede berera, besoak gurutze zabal-zabala.

        Ansela dohatsuak ematen zioten oraino irakaspen hau bere lagunei: «Eztuela nihork ongi egiten ahal gogozko othoitza edo meditazionea, ezpada trebatua kanpozko othoitz horietan; egia hori ezagutu aintzinetik, gerthatu zitzaiola askotan gogozko othoitzaren hastea, eta gero bere buruaren nonbeit aurkhitzea, edo zagola deusik egin gabe eta nagikerian, edo oraino loak arthiki nahi zuela. Ordean ezagutuz geroz zertan huts egiten zuen, ematen zela molde hobean eta gorphutzaren molde onak bazaukala barneko bildura handiago batean, edo, airatzen bazitzaion ere izpiritua, gorphutzaren othoitzak bere baitharatzen zuela laster».

        Huna oraino bere lagunei ematen ziozkaten bertze irakaspen batzu: erraten zioten, «Bere ez-deustasunaz ongi hartua etzenaren gogozko othoitzak edo meditazioneak etzuela ondorio onik izaten ahal»; Eta gero oraino erraten zioten: «Jesus Jaunaren pairamenen gainean gogoeta egoteari iratxikiak diren graziez baliatzeko, behar dugula ongi kontu eman nor eta zer den Jesu-Kristo, eta gero berriz, gu nor eta zer garen, zein garen ez-deusak, eta halarik ere zein bekhatoros ahalkegarriak».

        Bere buruaz bezenbatean zion (eta egiazki ustekeria hortan zen), etzela nihor hura bezein ez-deusik, etzela gauzarik ere hura bezein hondarkinik. Eta ongi botz edo kontent izanen zen utzia izatu balitz bazterrerat deusetako on ezten gauza bat bezala.

        Horrelako gogoeta sainduetan eta bethiereko oinhazetan eta erran ditugun lanetan bizi eta saindutu zen hainitz urthez. Zenbeit egun baizik etzuelarik gehiago lur huntan iragaiteko, erraten zuen oraino bizitasun saindu batekin: «O gizonaren ez-deustasun nihork uste duen baino ezdeusagoa! O baginaki ongi gure ez-deustasunaren berri, eta egoten ahal bagine bederen ixilik, Jainkoak ezarri gaituen bide ilhun eta apalean!».

        Bere azken egunaren bezperan joan zitzaizkon bere min eta atsegabe guziak. Izpiritua ere jarri zitzaion laxo-laxoa, eta egundaino izatu etzituen bezalako atseginek hartu zioten bihotza. Iduri zuen jadanik zeruko zorionaz gozatzen hasia zela. Eta hartan egun hura emanik, gauerdi gainean, urtharrilaren laua zelarik, eta mila bortz ehun eta hogoi eta zortzia, joan zen haren arima saindua Jesus Jaunaren ganat.

 

 

Irakaspena

 

        Entzunez saindu hunek zer darokun erraten umilitatearen balioaren eta beharraren gainean, ikusiz zer gauza ez-deusarentzat zadukan bere burua bere bizitze sainduaren gatik-ere, eman dezagun kontu, ian badohakigun guri, behar-bada bekhatuz kargatuak gaitezkelarik zerbeit onik bagarelako ustekeria hortan egotea, eta horrekin aintzina joaitea.

        Egin dezagun hobeki: galde dezagun Jesus Jaunari saindu hunen bitartekotasunaz, lagun gaitzala gure ezdeustasunaren ezagutzen; eta hortakotz, egin dezagun, ahal badugu, meditazione pixka bat egun guziz, edo bederen gogoeta on zenbeit, has ahal gaitezen, gu ere, gure bekhatuen deithoratzen eta bekhatu hekientzat zerbeit penitentziaren egiten.

 

aurrekoa hurrengoa