www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sainduen bizitzea
Bazilio Joanategi
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sainduen bizitzea, Bazilio Joannateguy. Lasserre, 1890

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urtharrilaren 20ean

SAN SEBASTIEN SOLDADUA

Martir hila 286an

 

        Sebastien sortu zen Frantzian, Narbonako hirian. Saindu hunen burasoak hiriko lehenetarik ziren. Horren gatik, adinetarat heldu zenean, igorria izatu zen Milaneko eskoletarat; eta berantxago sartu zen soldadu Dioklezien enperadorearen armadetan; ez, berak hala nahiagoz, bainan legeak manatzen ziolakotz.

        Sebastienek bazuen odol bere zainetan, bertzalde ongi egina zen; eta hortakotz, denbora laburrik barnean, enperadoreak ezarri zuen bere goardiako soldaduen aintzindari.

        Handik laster, Dioklezien joan zen bera iruzkirako eskualdetarat, ezagutarazirik Erromako enperadoretzat Makzimien; eta gero bi enperadoreak hasi ziren atxeman zetzazketen giristino guzien hilarazten , giristinoak izatu balire bezala hekien etsai egiazkoak.

        Sebastien ere giristino zen ordukotz. Eta, batere gorde gabe soldadu aintzindari bat zela, bazabilan laguntza beharretan zitezkela jakiten zuen giristinoen ikusten.

        Behin beraz altxatu zituzten preso bi etxeko seme handi, bi anaia, jadanik ezkonduak zirenak; eta etzen egiten etzutenik bi hekiei beren erlisionearen arbuiarazteko.

        Lehen-lehenik joan zitzaizkoten beren adixkideak erratera, balin bazuten zentzurik edo bihotzik, utziko zutela, bederen zenbeit denborarentzat, beren erlisionea, eta etzutela ezarriko beren etxea gainekoz-azpi eta bethiereko nigarretan.

        Bi anaia hekiei joan zitzaizkoten oraino beren burasoak, andreak eta haurrak, eta denek erraten zioten: itzul zitezela gibelerat, utz zezatela beren erlisionea; amak kontatzen zioten zenbat atsegabe eta oinhaze hartu zuen hekientzat, aitak galdetzen zioten: «Ian bada, etzitzaioten urrikalduko, bederen bere adin handiaren gatik, ala nahiago zuten hilarazi eta hobian ezarri»; emaztek: «Zergatik behar zuten hain goizik alhargundu»; haurrak ere nigarrez zauden, eta heien mintzoak erdiratzen zioten bihotza bi aita hekiei.

        Mark eta Marzelien han zagozin beraz jende hekien solhasen eta nigarren gatik jadanik kordokatuak, Sebastien kapitaina ethorri zitzaiotenean.

        Sainduak ikusi zuen laster ahide heien nigarrek eta othoitzek hautsi ziotela bihotza; eta erran zioten:

        «Zuek, Jesu-Kristoren soldadu loriosak, beautzue oraikoan etsaiak etzaitzaten garhait. Ahide batzuen nigarrek eta hasperenek, haur batzuen auhenek eta heiagorek hautsirik ere emakume batzuei bihotza, eztu hortaz nihork deusik erranen.

        »Bainan gizonaren indarrak emaztearenak ez-bezalakoak dire; eta halaber eginbideak.

        »Zuek orai egin behar duzuena, hau da: adiaraztea, ahide eta atze, hemen diren guziei fedeak argitua eta karitateak sustatua den giristinoak baduela aski indar traba guzien gainetik joaiteko, eta bere lege sainduaren atxikitzeko nigar eta othoitz guzien gatik; bai eta, oinhaze eta tormenta guzien gatik ere.

        »Baduzue hauta. Behar zarete berexi zuen ahidetarik edo Jesu-Kristoren ganik. Eta nahiago bazarete berexi Jesu-Kristoren ganik, galduak dituzketzue orai arte egin ditutzuen irabazi guziak.

        »Bainan ez! etzaitzue holakorik gerthatuko! Eta zuen ahiden amodioak eztarozue burregoen tormentek baino kalte gehiago eginen».

        Gero, ematen zelarik han ziren guziei buruz, erran zioten:

        «Zuek, hemen zareten jende onak, emazue kontu zer hari zareten. Ezta ongi zeruko loria galaraz dezazuen Jesusen soldadu batzuei, heiekin zenbeit egunez bizitzeko atseginaren gatik. Eztakizuela ere gaitzi, zeren badohazin mundu huntarik zuek hemen utzirik. Zuei bidearen egitera dohazi; eta horiei esker, zuek ere izanen duzue zeruko loriarat heltzeko grazia.

        »Eztezazuela beraz nigarrik egin, bainan, lehenagorik ere, izan zaitezte bozkario saindu batean».

        Ordu berean Jainko Jaunak eman zioten aditzerat han ziren guziei onesten zituela Sebastien sainduaren solhasak; ezen argidura ader batek hartu zuen hek zauden barnea, eta Jesus maitea agertu zitzaion Sebastieni zazpi aingeruren erdian.

        Hainbertzenarekin sei urthe hetan mintzoa galdua zuen emakume batek, Zoe presondegi-zainaren andreak galdetu zuen bathaioa.

        Sebastienek, jakin zuenean andre hura mutu zela aspaldi hartan, ihardetsi zion: «Baldin-eta, ni, Jesus Jaunaren zerbitzari bat banaiz, eta egiazkoa bada nik predikatzen dudan erlisionea, Jesus Jaun harrek berak laxa dezautzula mihia, eta eman dezautzula mintzoa».

        Hitz horiek erratearekin batean, egin zion gurutzearen seinalea, ezpainen gainera, eta ordu berean hasi zen mintzatzen ematen ziozkalarik eskerrak eta laudorioak Jesu-Kristo gure Jaunari.

        Haren senharrak, ikusi zuenean bere andrea sendatua, barkhamendu galdetu zioten Marki eta Marzeliani, zeren preso atxiki zituen; erraten ziotelarik itsu egotua zela ordu arteraino; zohazila beraz etxerat edo nahi zuten tokirat, etzitzaiola sobera pairatzea ahal zen guzia, Jesus Jaunaren gatik.

        Orduan oraino, Mark eta Marzelianen burasoak ere ikusi eta ezagutu zuten hekien semek adoratzen zuten Jainkoaz kanpo eztela bertze jaikorik, eta hortakotz galdetu zuten bathaioa. Eta hek bezala egin zuten bi martir saindu hekien andrek, haurrek eta sehi guziek.

        Bertzalde baitziren presondegian hamazazpi gaixtagin, Sebastien saindua mintzatu zitzaioten hekiei ere gure erlisioneko egiez, eta hek ere eman ziren zerurako bidean; eta, berantxago, denek eman zuten bizia Jesus Jaunarentzat.

        Egun hetan ifernuko izpiritu gaixtoek harrarazten zioten su berri bat, eta egiazko errabia ere bai, gobernadore eta juie guziei. Izpiritu gaixto hek egin bide zuten elkharren artean, behar zutela ikusi, ian bada, etzuten galarazten ahal gure Erlisione saindua. Bazen beraz hainitz giristino hiritik kanpo zohanik, burregoen eskuetarat ez erortzea gatik.

        Sebastien aldiz ibili zen ordu arteraino bezala, presondegiz-presondegi, eta giristinoak lagun zetzazkela uste zuen tokietan; bazakielarik arras ongi edo-zein salhatarik ezartzen ahal zuela juiearen eta burregoen eskuetan.

        Erran nahi baita, berantetsia zela noiz ethorriko zitzaion bere bizia Jesus Jaunarentzat emanen zuen oren maitea. Azkenean salhatua izatu zen Diokleziani berari, Erromara ethorri zen aldi batez.

        Enperadoreak jakin zueneko berri hori, deitu zuen bere aintzinera, eta erran zion koleraz sutan zelarik:

        «Horra beraz, Sebastien, nola behar hituen pagatu nere ongi-eginak! Nere ongi-eginez ez hintzen baliatu behar, baizik ere giristino gisa bizitzeko nere etxean berean; eta gero, gure jainkoen koleraren jautsarazteko gure armaden gainerat».

        Sebastien sainduak ihardetsi zion ezti-eztia. «Enperadore Jauna, eztakizula gaitzi bi hitzen entzutea. Ez nagoke, zuri erran gabe, nere egin-ahal guzian, bilhatu dudala bethi zure eta zure meneko diren guzien ona. Eta hori nion galdetzen, egun guziz, gauza guzien Egile eta Nagusi den gure Jainko Jaunari.

        »Ezen banakien gaizki handia dela harri batzuen adoratzea, eta laguntza zerbeiten galdetzea bizi ere eztiren gauza batzuei».

        Sebastienen hitz horiek ezarri zuten enperadorea kolera handiagoan, eta manatu zioten soldaduei hilaraz zezatela.

        Soldaduek estekatu zuten zuhain bati; eta gero, saeta ukhaldika, zilhatu eta funditu zioten gorputz guzia. Azkenekotz odola zarion alde guzietarik. Bazuela beraz aski, hila zela, soldaduak joan ziren etxerat. Eta hiri guzian banatu zen berria, Sebastien kapitaina hila zela.

        Ilhun ondoan emakume saindu bat, Irena deitzen zutena, joan zen bertze lagun batzuekin san Sebastien utzia izatu zen toki hartara, behar zuela ereman handik, eta ehortzi bertze martiren aldean.

        Bainan nolakoa etzen izatu haren atsegina ikusi zuenean Sebastien bizi zela oraino.

        Hilerrirat ereman orde beraz, ereman zuen bere etxerat, eta hain ongi arthatu, non, zenbeit egunen buruko, osoki sendatua baitzen.

        Orduan giristinoek erran zioten behar zela atheratu hiritik, bederen zenbeit egunentzat; bertzela, berriz ere preso hartua izanen zela, agertu bezein laster. Bainan saindu handi harrek etzuen bertzerik nahi baizik ere bere odolaren ixurtzea Jesus Jaunarentzat lehen-bai-lehen.

        Eta hortakotz, hiritik atheratu-orde, joan zen enperadorea iragan behar zela bazakien toki batera. Han iguriki zuen apur bat; eta gero, iduritu zitzaionean aski hurbil zuela, erran zion:

        «Enperadore Jauna, jakin zazu gaizki egiten duzula zure tenploko apezen solhasei behatzea, gutaz mintzo zaitzunean. Gezurrez bethetzen zaituzte, erraten darotzutenean giristinoak direla zure etsaiik handienak.

        »Giristinoak eztire zure etsaiak, aitzitik bai zure zerbitzaririk hoberenak; hekien othoitzei esker zarenaz geroz garhaitiar, zure gerla guzietan».

        Dioklezien harritu zen horrelako solhas batzuen entzuteaz, hila zela uste zuenaren ahotik. Egotu ondoan beraz mintzorik ere gabe, eta ezin jakinez, ian ametsetan zen, ala Sebastien zuen bere aintzinean, erran zion: «Hi haiz Sebastien, ni-neronek ikusi dudana dena odoletan, eroria eta hila? Eta hila bahintzen, zergatik nahi darotak iduriarazi bizi haizela?».

        Sainduak ihardetsi zion: «Jauna, bizi naiz Jesus Jaunak iduki edo atxiki darotalakotz bizia, hemen erran ahal nezan, mundu guziaren aintzinean, gure Erlisione sainduak eztuela irakasten egiarik baizen; eta bertzalde, denek ezagut ahal dezaten zure gaixtakeriak zein diren handiak.

        »Zu, hobenik xumerena ere eztuten jenden hilarazten hari zarena, nonbeit geldi zaite! utzazu lan hori, bederen nahi balin bazare luzez bizi, nahi balin baduzu zure nagusitasunak luzez iraun dezan».

        Ihiztariak kolpatu baizik eztuen hartzak edo tigreak eztu su gehiagorekin jauzi egiten kolpatu duenaren gainerat, nola Dioklezienek egin baitzuen solhas horiek entzutean.

        Manatu zuen beraz jo eta fundi zezatela azote eta makhila ukhaldika; etzitezela geldi, bainan jo zezatela hatsak ziraueno.

        «Eta horra, nola Jesusen soldadu leial harrek utzi zuen azkenean lur hau, joaiteko bere guduka sainduez irabazi zituen sariez gozatzera eternitate guzian».

        Dioklezienek etzuen nahi gehiago ager zakion. Hortakotz atxiki zituen soldaduak gorphutz harren zain; eta gero, ilhundu zuenean, arthikarazi zuen hiriko zikhinkeriak arthikitzen ohi zituzten zilhorat.

        Bainan, Jainkoaren nahia hala zelakotz, gorputz maite hura, zolaraino jautsi orde, gelditu zen dilindan krako batetik. Eta, gau hartan berean, giristinoek ereman zuten eta ehortzi beren hilerrian.

        Seigarren mendean, bazen Erromako hirian izurrite handi bat hainitz jende hilarazten zuena. Hiri guzian egin ziren othoitzak saindu hunen arartekotasunaz, eta ordu berean izurritea gelditu zen.

        Egundaino geroz saindu hau deitua izatu da behar-ordu handietan eta bereziki izurrite denboretan.

 

 

Irakaspena

 

        Saindu hunen bizitzeak irakasten daroku lehen-lehenik, eztugula utzi behar bazterrerat gure salbamenduaren lana edo-zein bizipidetan izanen bagare ere.

        Sebastien soldadu zen, eta ekharria bere aintzindarien manuen arabera egitera, non-eta etzioten manatzen gaizkia. Bainan gaizkia balin bazen, edo, batera dohana, bekhatua manatzen ziotena, orduan etzuen ahanzten zer agindu zion Jainko Jaunari bere bathaioko egunean, eta egiten zuen bere kontzientziako mintzoaren arabera.

        Saindu hunen bizitzeak ematen daroku oraino bertze irakaspen bat.

        San Sebastienek bazuen egiazko fedea edo erlisionea. Bazakien giristinoari etzaiola galdetua bakharrik bere Jainkoaren maitatzea bere baithan eta nihork ezagutu gabe, bainan gure egintzetarik ere behar gaituztela ezagutu Jainkoaren zerbitzariak garela.

        Horra zergatik zabilan etxez-etxe eta presondegiz-presondegi, giristino lagunen sokhorritzen, eta giristino berriei eta paganoei gure Erlisioneko egia sainduen ezagutarazten.

        Eta guk, zer egin dugu orai arte, bekhatorosen konbertiarazteko, jende gazten bekhaturako bidetan sartzerat ez uzteko, eta Jesus Jaunaren ezagutarazteko eta maitarazteko? Gu-geronek zer egin dugu gure jaidura gaixtoen galarazteko, eta Jesusen nahiaren arabera bizitzen hasteko?

        Ondikotz! laster ikusia dugu, gurea ez-bezalakoa zela Sebastien sainduak Jainkoarentzat zuen amodioa.

        Galde dezogun bederen lagun gaitzala Jesus Jaunaren gero eta hobeki ezagutzen eta maitatzen, ezagutarazten eta maitarazten.

 

aurrekoa hurrengoa